Lynda Barry
| Lynda Barry | |
|---|---|
(2016) | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Richland Center, 1956ko urtarrilaren 2a (70 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Evergreen State College (en) Roosevelt High School (en) Franklin High School (en) |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | umorista grafikoa, unibertsitateko irakaslea, komikigilea eta ilustratzailea |
| Lantokia(k) | Seattle Chicago eta Madison |
| Enplegatzailea(k) | Wisconsingo Unibertsitatea Madisonen (2012 - |
| Jasotako sariak | ikusi
|
Lynda Barry, Linda Jean Barry jaiotzean, (Richland Center, Wisconsin (AEB), 1956ko urtarrilaren 2a[1]) komikigile estatubatuarra da.
Lynda Barryk ospe handia lortu zuen, batez ere, bi hamarkadatan zehar Ipar Amerika osoan aldizkari alternatiboetan banatu zen Ernie Pook's Comeek asteroko komiki tiragatik.[2] 1988an argitaratu zuen The Good Times are Kill Me[3] eleberri ilustratuak ere arrakasta handia izan zuen. Liburuak neska biren —bata zuria eta bestea beltza— arteko adiskidetasuna kontatzen du. Kontakizuna antzerkira egokitu zen.[4] Bere bigarren eleberri ilustratua, Cruddy, 1999an agertu zen lehen aldiz.[5] Hiru urte geroago One! Hundred! Demons![6] argitaratu zuen, nobela grafiko «autobiografikoa», haren hitzetan.[4] What It Is (2008)[7] beste nobela grafiko bat da. Egitura berezia du, memoria-, collage- eta ariketa-liburutzat hartu baitaiteke, eta Barryk irakurleen esku uzten du beren sormena zabaltzeko. Albumak komikiaren industriaren 2009ko Eisner saria irabazi zuen, teknologian oinarritutako lanen kategorian.[4]
ComicsAlliance webguneak, ibilbide oso bat aitortzea merezi izan duten hamabi emakume komikigileen zerrenda osatu zuenean, Barry ere haien artean sartu zuen komikigintzari eginiko bere ekarpenagatik.[8] 2013an, Wisconsingo Visual Art Lifetime Achievement Award (Ikusizko arteei eskainitako bizitza oso baten saria) saria jaso zuen.[9] 2016ko uztailean, Eisner Hall of Fame sari berezia lortu zutenetako bat izan zen.[10] Barryk MacArthur Fellowship beka jaso zuen 2019an.[11] Gaur egun, Wisconsin–Madisongo Unibertsitateko Diziplinarteko sormeneko irakasle elkartua da.[12]
2020an, Barryren lana ikusgai jarri zuten New York hiriko Society of Illustrators elkartearen Women in Comics: Looking Forward, Looking Back erakusketan.[13]
Lehen urteak eta ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Linda Jean Barry Richland konderriko Richland Center herrian (Wisconsin) jaio zen. 12 urterekin izena aldatu eta handik aurrera "Lynda" deituko zen.[14][15]
Aitak irlandar eta norvegiar jatorria zuen eta harakina zen, eta ama,, irlandar eta filipinar jatorrikoa, erietxeko giltzaina zen.[15] Barry Seattlen hazi zen, Washingtonen, arraza-aniztasun handiko langile-auzo batean[16], eta haurtzaroa zaila eta deserosoa izan zuela gogoratzen du.[14][17] Gurasoak dibortziatu egin ziren 12 urte zituenean.[14] 16 urterekin, artean bigarren mailako eskolan ikasten ari zela, Seattleko ospitale batean lan egiten zuen gaueko atezain gisa. Ikastetxean, Charles Burns komikigilea izan zuen ikaskide.[17] Barryren gurasoak ez ziren bere graduazio-ospakizunera joan.[14] Amak Lyndaren liburuekiko zaletasuna eta unibertsitatera joateko gogoa erabat gaitzesten zituen, bere ustez denbora alferrik galtzea zelako, eta Lyndak lan bat lortzeko garaia zela esan zuen.[18]
Barryk Olympiako (Washington) Evergreen State College ikastetxean bere lankide Matt Groening komikigilea ezagutu zuen.[19] Bere ibilbide profesionala 1977an hasi zen; urte horretan, Groeningek eta John Keister The Daily of the University of Washington-eko editoreak Barryren lana argitaratu zuten, bakoitzak bere ikasle-egunkarian eta Barryk ezer jakin gabe, Ernie Pook's Commek izenburuarekin.[16][19]
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Komiki-bandak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barryk, txiki-txikitatik, marrazketarako joera zuen. Lehen hezkuntzako bere ikaskideentzat bera zen ikasgelako komikigilea.[16] Geroago, Evergreen State College ikastetxean arte ederrak ikasten ari zela, mutil-lagunak utzi eta beste neska batekin joan zenean, komiki-bandak marrazten hasi zen konpultsiboki: «Horren ondoren, ezin nuen lorik egin, eta gizon-emakumeei buruzko komiki-bandak egiten hasi nintzen. Gizonak kaktusak ziren eta emakumeak, berriz, emakumeak, eta kaktusak saiatzen ziren emakumeak konbentzitzen haiekin ohera zitezen, eta emakumeak etengabe ari ziren horretaz pentsatzen, baina azkenean erabakitzen zuten ez zela ideia ona izango».[16] 1977an plazaratu ziren bere lehenengo komiki-bandak, Groeningek eta Keisterrek Evergreen State College-ko egunkarian Ernie Pooken Comeek izenburuarekin argitaratu zituzten komikiak.[16] Barryk, bestalde, komikiak egiten hasteko Marilyn Frasca Evergreen State College-ko irakaslearen eragin handia izan zuela aitortu zuen: « oraindik ere, egunero erabiltzen ditut 19 eta 20 urte nituenean harengandik ikasitakoak, eta ezin izan ditut inoiz ahaztu».[20]
Evergreenen graduatu ondoren, Barry Seattlera itzuli zen. 23 urte zituela, Chicago Reader egunkariak bere komiki-banda argitaratzen hasi zen, eta, horri esker, bizimodua atera ahal izan zuen.[oh 1] Handik gutxira, Chicagora (Illinois) joan zen bizitzera.[17] Honela deskribatu zuen bere ibilbidearen hasiera:
Bob Rothek [editoreak] Chicago Reader-etik deitu zidan Mattek [Groening-ek] Mendebaldeko Kostaldeko modako artistei buruz idatzi zuen artikulu baten ondorioz —badakizu, ni aipatu ninduen lagunak ginelako— eta gero Bob Rothek... deitu eta nire komiki-bandak ikusi nahi zituela, eta nik bat ere marrazki originalik ez nuen! Nik ez nekien ezer originalei buruz, ez eta ez zaizkiela egunkariei eman behar, galdu egiten dituztelako. Beraz, sorta oso bat marraztu behar izan nuen gau hartan, eta FedEx-ez bidali. Beraz, marrazkiak egin, eta bera argitaratzen hasi eta astean 80 dolar ordaintzen zizkidan, eta ni horrekin bizi nintekeen! Eta bera egunkari-elkarte horretan zegoenez, beste egunkariak ere hasi ziren argitaratzen. Beraz, zortea izan zen. Zorte hutsa. [Matt] Los Angeles Reader-en [astekarian] sartu zen. Denbora luze batean, Los Angeles Readerrek ez zidan ezer argitaratu, ez eta Chicago Readerrek ere Matt-en lanik inprimatu, nahiz eta argitalpen kideak izan. Beraz, biok saiatu ginen editoreak konbentzitzen gure lanak egunkari bietan argitara zitzaten. Pagotxa aparta izan zen: bata bestearenean argitaratzea lortu genuenean, gure lan kontuak primeran joan ziren biontzat.[16]

Gaur egun, Barryren komiki-zerrenda 50 argitalpenetan baino gehiagotan agertzen da astero, gehienak hiri handietako egunkari alternatiboetan.[16] Bere lanaren bildumen artean, ondokoak aipa daitezke: Girls & Boys (1981), Big Ideas (1983), Everything in the World (1986), The Fun House (1987), Down the Street (1989), eta The Greatest of Marlys (2000).[16] 1984an, Naked Ladies! Naked Ladies! Naked Ladies! koloreztatzeko albuma kaleratu zuen, testu labur batekin.[16] Horrez gain, 1983tik aurrera, orrialde osoko kolorezko komiki-zerrenda bat idatzi eta marraztu zuen, Esquire aldizkarian, giza-harremanetan gertatzen den eguneroko patologia aztertuz. Lehenengo zerrendak "The Story of Men and Women" izenburua zuen.[21]
Barryren sorkuntza-prozesuan ez dago aldez aurretiko planifikaziorik, lanean ari den bitartean garatzen du istorioa. Michael Deanek The Comics Journal egunkarian What It Is liburuari buruz egin zion elkarrizketa batean, Barryk hau adierazi zuen:[22]
«Aurkikuntza txiki eta handiak izan ziren. Handiena Cruddy albuma idazten ari nintzela izan nuen, orduantxe konturatu bainintzen nire barne-adimenaz fida nintekeela istorioaren ordena naturala sortzeko. Ez dut horretan saiatu beharrik, edo aldez aurretik gehiegi pentsatu. Egunero-egunero proiektu jakin batean arreta jarrita badut, badirudi istorioa berez osatzen hasten dela, nire eskuen mugimendu soilez, aldarte jakin bati eusten diodan bitartean».
2007an, paperezko astekariek jasan zuten bezeroen galera zela eta, Barry bere komiki-bandak batez ere online argitaratzen hasi zen.[23][24][25]
Albumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1981ean hasi ziren agertzen Barryk komertzialki argitaratutako lehen komiki bildumak.[26] 1979an plazaratu zen, fotokopiaturiko autoedizio mugatuan, Evette eta Rita ahizpei buruzko Two Sisters komikia. Barryk bi eleberri ilustratu idatzi ditu, The Good Times are Killing Me (1988)[3] eta Cruddy (1999)[5], Cruddy: An Illustrated Novel izenburuaz ere ezaguna. Barryk The Good Times are Killing Me komikia 'Off-Broadway' antzoki batean[oh 2] taularatzeko egokitu zuen.[27] (ikus beherago).
Cruddy
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Roberta Rohbeson-ek, Cruddy (nardagarria, likitsa, lohia, euskaraz) liburuaren protagonista eta narratzaileak, bere etxea deskribatzean «the cruddy top bedroom of a cruddy rental house on a very cruddy mud road» dela esaten du (lokaztutako bide zaborrez betean zegoen alokairuzko etxe ziztrin bateko goiko gela nazkagarria). Liburuan zehar, Robertak, bere aitarekin batera, hainbat abentura bortitz izango ditu. Hillary Chute irakasle eta komikigintzan adituak The Believer aldizkarirako egin zion elkarrizketan, Barryk indarkeriaz duen harremanaz hitz egin zuen:[28]
«Cruddy-n hilketa piloa dago. Zera bat da, badakizu, hilketa-festa bat, aizto eta asasinatze askorekin.... Orduan, horrek esan nahi du erailketaz pentsatzen duen pertsona naizela? Beno, bai, izan ere, hilketaz pentsatzen dut etengabe. Askotan, jasan ezin dudan pertsona batekin hitz egiten dudanean, imajinatzen dut aizkora bat duela bekokian sartuta hitz egiten didan bitartean. Bai, badakit, hori da nik hilketarekin, labanekin, odolarekin... dudan harreman berezia; baina ez du esan nahi hori egitera hel nintekeenik».

Kritikariek begi onez hartu zuten liburua. Alanna Nash idazleak The New York Times-en idatzi zuenez, «autoreak etsipenaren desolazio saihetsezina islatzeko duen gaitasunak, eta elkarrizketa sinesgarriak sortzeko fineziak, ikaragarrizko edertasunez blaitzen dute lehenbiziko eleberri hau».[29] The Austin Chronicle egunkarian, Stephen MacMillan Moser-ek Barry-ri idatzitako gutun baten itxurako erreseina batean honela zioen: "Harri eta zur utzi nauzu. Batzuetan ez nengoen ziur irakurtzen ari nintzena barregarria zen ala ez, baina nik lehertu beharrean egiten nuen barre. Baina autobus batek harrapatu banindu bezala sentitu naiz".[30] 2013an, Ellen E. Berry ingeleseko irakasleak liburuari buruzko «Becoming‐Girl/Becoming‐Fly/Becoming‐Imperceptible: Gothic Posthumanism in Lynda Barry's Cruddy: An Illustrated Novel» artikulua argitaratu zuen.[31] Berryk artikuluaren laburpenean azaldu zuenez, liburua «nik 'posthumanismo gotikoa' deitzen dudanaren adibide garbia da, bertan azaltzen diren gai eta topiko gotikoek antropo- (eta bestelako) zentrismoak, sistema menderatzaile guztiak, humanismo liberalaren balioak eta kultura konformista sakon eta zabal kritikatzeko balio baitute». Artikuluan, Berryk Rosi Braidotti filosofo feministak artikulatutako etika poshumanistaren teoria erabili zuen Cruddy aztertzeko, eta horrela, «Robertak [protagonistak] bizirauteko zerabiltzan estrategiak eta animaliekin zuen identifikazio erabat posthumanista deskribatu zituen, analisiaren ardatzat hartuz beren zaurgarritasun partekatua, eta, beraz, beren helburu partekatua: desagertzea eta bizirautea».[31]
One! Hundred! Demons!
[aldatu | aldatu iturburu kodea]One! Hundred! Demons! komikia, liburu gisa argitaratu baino lehen, Salon.com albiste eta iritzi webgune progresistan agertu zen.[32] Liburua, sarreran azaltzen denez, Zen pinturaren 'One hundred demons' izeneko ariketa zahar baten emulazio gisa sortu zen. Ariketa horretan, margolaria deabruak noiz iritsiko zain egoten da, eta bere gogoan agertu ahala margotu egiten ditu. Honako hauek dira Barryk liburuan borrokatzen dituen deabruak: damua, tratu txarrak, segurtasun eza, gorrotoa sentitzeko debekua, eta egileak berak Estatu Batuetako 2000ko hauteskunde presidentzialetako emaitzei emandako erantzuna. Liburuko atal batean, Barryk, zenbait jarraibide emanez, irakurleak pintzela hartzera eta bere eredua jarraitzera animatzen ditu.Time aldizkariaren arabera, liburuak «umore zorrotzez esploratzen du hazteak dakarkigun mina».[33]
Barryk idazte eta marraztearen sormen prozesuei buruzko lau liburu ere argitaratu zituen: Making Comics[34], What It Is[35], Picture This[36], eta Syllabus: Notes From an Accidental Professor[37]. Lau liburu horiek sormen pertsonalari bideak irekitzea dute helburu. Publishers Weekly astekariak aipamen berezia eman zion Syllabus liburuari, eta «edozein idazketa- edo marrazketa-estilotan trabatuta gelditu diren eta bertatik ihes egin nahi dutenentzako gida bikaina» dela esan zuen, «beren gogoa sormen berri bati irekitzeko aukera ematen baitie».[38] The AV Club libertimendu webguneak 2014ko komikirik onenetakoen artean sartu zuen Syllabus.[39]
Beste adierazpide batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barryk The Good Times are Killing Me komikia 'Off-Broadway' antzoki batean[oh 2] taularatzeko egokitu zuen. Lana 106 aldiz antzeztu zuten 1991ko martxoaren 26tik ekainaren 23ra, Broadway hiribideko 2162 zenbakiko McGinn-Cazale antzokian, eta 136 aldiz, 1991ko uztailaren 30etik azaroaren 24ra, Minetta Lane antzokian. Mark Brokaw-ek zuzendu zuen. Lehen antzokiko emanaldiak Second Stage Theatre konpainiak ekoitzi zituen, eta Minetta Lane-koak Concert Productions International-ek. Angela Goethals aktoreak 1990–91ko Obie Saria irabazi zuen bere Edna Arkins pertsonaiaren paperagatik, eta Chandra Wilson-ek Theatre Word Award sari bat Bonna Willisen paperagatik. 1992an, Outer Critics Circle elkarteak Barry izendatu zuen John Gassner Sarirako.[40][41]
Mother Jones aldizkariak, 1991ko martxotik apirilera bitarteko alean, Barryren Golkoko gerraren kontrako "War" artikulua argitaratu zuen: «Gerra gure DNAn sartuta dago... Nola ausart liteke inor gure bizitzetan txertatzen, beste aukerak egonik?»[42] Aldizkarian argitaratu baino lehen, Barryk irratian irakurri zuen artikulua Ira Glass eta Gary Covinorekin batera aurkezten zuen Chicago Public Radio-ko The Wild Room irratsaioan.[43]
Klaseak eta tailerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Barryk "Writing the Unthinkable" izeneko idazketa tailerrak ematen ditu Rhinebeck-eko (New York) Omega Institute eta Austin-eko (Texas) The Crossings zentroetan. Haietan, egileak bere sortze lanaren prozesua azaltzen du. Urtero 15 bat tailer ematen ditu herrialde osoan.[14] Tailerretan Marilyn Frasca bere Evergreen State College-ko irakaslearean eragina aitortzen du, eta hari ikasiriko sormen- eta idazketa-teknikak erabiltzen ditu. Teknika horietako asko What It Is liburuan agertzen dira. New York Times-en bere idazketa tailerrei buruz argitaratutako artikulu batean honela laburbiltzen zen bere teknika: «Barry ez dago bereziki interesatuta idazlearen ofizioan. Arreta handiagoa jartzen du ideien sorburuan, eta, batez ere, saiatzen da jendeari laguntzen bere ustez denok dugun jaiotzetiko sormena balia dezan».[14]
2012ko udaberriko seihilekoan, Barry Wisconsin–Madison Unibertsitateko Arte Institutuan eta Arte Sailean egon zen lanean artista egoiliar gisa.[44] Bertan, What It Is: Manually Shifting the Image (Zer da: Irudiaren eskuzko desplazamendua) izenburuko ikastaroa eman zuen.[45]
2012ko irailaren 24tik 28ra bitartean, Barry artista egoiliarra izan zen Ipar Vancouver barrutiko (Columbia Britainiarra) Capilano Unibertsitatean.[46] 2013an, Wisconsin–Madison Unibertsitateko fakultatean lanean hasi zen arte saileko irakasle laguntzaile gisa, Wisconsin Institute for Discovery diziplinarteko institutuan integraturik.[47]
2013tik aurrera, Kelly Hogan abeslari eta laguna Barryren laguntzailea izan zen[48] haren irakaskuntza programa antolatzen laguntzeko.[49] Barryren Ernie Pook's Comeek komikiaren atal batean, umeak Chicagoko Hideout gau klubeko leiho batean begira daude, Hoganen The Wooden Leg jazz-banda entzuten.
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tarte batez, Barryk harremanak izan zituen Ira Glass irrati publikoko kazetari eta aurkezle ospetsuarekin.[50] Washington, D.C.-n bizi izan zen berarekin denbora tarte labur batez, baina hilabete batzuk geroago, 1989ko udan, Chicagora joan zen bizitzera, beste karikaturagile batzuen ondoan egoteko.[16] Glass atzetik joan zitzaion.[50] Barryk, harremana baloratzeko eskatuta hauxe esan zuen: «Berarekin irten nintzen. Bizitza osoan egin dudan okerrena izan da. Utzi genuenean erloju bat eman zidan, eta esan zidan aspergarria eta txepel hutsa nintzela, eta... ez nintzela nahikoa momentu hartan berarentzat. Eta, akabo gurea».[50] Geroago, bere harremanean oinarritutako komiki bat marraztu zuen, Head Lice and My Worst Boyfriend (Buruko zorriak eta inoiz izan dudan mutil-lagunik txarrena), geroago One! Hundred! Demons!... liburuan sartu zuena. [51] Glassek ez zuen Barryk esandakoa ukatu, eta Chicago Readerri esan zion: "Ni ergel hutsa nintzen. Oker nengoen... berari buruzko hainbat gauzatan. Berak nitaz esaten dituen gauza txar guztiak berrets ditzaket".[50]
Barry Kevin Kawularekin ezkonduta dago, belazeen leheneratzean aditua.[52] Elkar ezagutu zutenean, Barry Ragdale Fundazioan artista egoiliar zegoen eta Kawula Lake Forest Open Lands proiektuko lurren administratzailea zen Illinoiseko Lake Foresten.[53] 2002an, Footvilletik (Wisconsin) gertu dagoen esne-etxalde batera joan ziren bizitzera.[54]
Barry oso kritikoa da turbina eolikoekin, eta kanpainia bat lideratu du Wisconsineko gobernuak haize-sorgailuak eraiki ahal izateko zonifikazio-erregulazio argia ezarri dezan. Energia eolikoak kutsadura akustikoan eta giza osasunean duen eragin negatiboaz eta energia sortzeko eraginkortasun eztabaidagarriaz ere mintzatu da.[55][56]
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1988 Inkpot Award[57]
- 2004 Friends of Lulu elkarteak antolaturiko Women Cartoonists Hall of Fame (Emakume komikigileen ospearen aretoa) saria[58]
- 2009 Eisner Award: errealitatean oinarritutako lanik onena: What It Is[59]
- 2013 Wisconsingo Visual Art Lifetime Achievement Award (Ikusizko arteei eskainitako bizitza oso baten saria) saria.[9]
- 2016 Eisner Hall of Fame sari berezia.[10][60]
- 2019 MacArthur Fellow saria[61]
Argitaratutako lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Girls and Boys (Real Comet Press 1981) ISBN 0-941104-00-1
- Big Ideas (Real Comet Press 1983) ISBN 0-941104-07-9
- Naked Ladies, Naked Ladies, Naked Ladies: Coloring Book (Real Comet Press 1984) ISBN 978-0941104135
- Everything in the World (HarperCollins 1986) ISBN 978-0060961077
- Down the Street (HarperCollins 1988) ISBN 978-0060963040
- The Fun House (HarperCollins 1988) ISBN 0-06-096228-3
- The Good Times Are Killing Me (Perennial/HarperCollins, 1988) ISBN 0-941104-22-2[3]
- Come Over, Come Over (HarperCollins 1990) ISBN 0-06-096504-5[62]
- My Perfect Life (Perennial/HarperCollins 1992) ISBN 978-0060965051[63]
- The Lynda Barry Experience (CD 1993) ISBN 1-882543-17-3
- It's So Magic (Perennial/HarperCollins 1994) ISBN 978-0060950460[64]
- The Freddie Stories (Sasquatch Books 1999) ISBN 978-1570611063[65]
- Cruddy (Simon & Schuster hardcover 1999) ISBN 978-0684865300 (paperback 2000) ISBN 978-0684838465[5]
- The Greatest of Marlys (Sasquatch Books 2000) ISBN 1-57061-260-9[66]
- One! Hundred! Demons! (Sasquatch Books 2002) ISBN 9781570613371[6]
- What It Is (Drawn & Quarterly 2008) ISBN 978-1897299357[7]
- Picture This: The Near-Sighted Monkey Book (Drawn & Quarterly 2010) ISBN 1-897299-64-8[36]
- Blabber Blabber Blabber: Volume 1 of Everything (Drawn & Quarterly 2011) ISBN 978-1770460522[67]
- Syllabus: Notes from an Accidental Professor (Drawn & Quarterly 2014) ISBN 978-1770461611[37]
- The Greatest of Marlys (Drawn & Quarterly hardcover 2016) ISBN 978-1770462649
- Making Comics (Drawn & Quarterly 2019) ISBN 978-1770463691[68]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Robert Rothek, The Chicago Reader taldekoak, Seattlera deitu eta nire tira komikoa hartu zuenean... Reader-ak astean 80 dolar ordaintzen zituen. Nire alokairua hilean 99 dolarrekoa zen. Jauna! Aberatsa nintzen. 23 urte nituela izan zen hori, 1979 inguruan». (13) Garden, Joe. (1999ko abenduaren 8a). «Interview: Lynda Barry» The A.V. Club
- 1 2 Off-Broadway antzerkia ("Broadway-tik kanpo" euskaraz) New Yorken (Estatu Batuak) antzezten diren —baina aurrekontu handiak izaten dituen Broadwayko zirkuitu entzutetsutik kanpo dauden— lanak, musikalak edo errebistak izendatzeko erabiltzen den terminoa da. Off-Broadwayko lokalak 100 eta 500 pertsona arteko edukiera duten antzokiak izaten dira, eta kostu txikiko ekoizpenak egiten dituzte, zirkuitu nagusian egindako ekoizpenekin alderatu ezin direnak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Lynda Barry» artikulutik itzulia izan da, 2024-10-03 data duen 1249099187 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2024-10-03 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ Kirtley, 2012, or. 15
- ↑ (Ingelesez) «The New York Public Library chooses Ernie Pook’s Comeek as their June read!» Drawn & Quarterly - drawnandquarterly.com 2022-05-05 (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 3 «The Good Times Are Killing Me – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- 1 2 3 (Ingelesez) «Lynda Barry | Comics, Art, & Biography | Britannica» www.britannica.com (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 3 «Cruddy – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- 1 2 «One! Hundred! Demons! – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- 1 2 «Lynda Barry – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) CA Staff. (2016-01-29). «A Life’s Work: 12 Women Who Deserve Lifetime Achievement Recognition» Comicsalliance.com (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 (Ingelesez) Schumacher, Mary Louise. (2013-05-14). «Wisconsin 'hall of fame' artists announced for 2013» www.jsonline.com (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 (Ingelesez) Cavna, Michael. «Comic-Con: 'Overjoyed' Rep. John Lewis wins 'the Oscar of comics' for his civil rights memoir (+ winners' list)» The Washington Post (kontsulta data: 2024-10-30).
- ↑ (Ingelesez) «Lynda Barry» www.macfound.org (kontsulta data: 2024-10-30).
- ↑ (Ingelesez) «Barry, Lynda» Division of the Arts 2017-06-26 (kontsulta data: 2024-10-30).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) «Women in Comics: Looking... | Exhibitions | MutualArt» societyillustrators.org (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 3 4 5 6 7 (Ingelesez) Kois, Dan. (2011ko urriaren 27a). «Lynda Barry Will Make You Believe In Yourself» The New York Times (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 (Ingelesez) Lynda Barry: About. University of Wisconsin-Madison Arts Institute 2012ko udaberria (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 (Ingelesez) Powers, Thom. (1989-01-02). «The Lynda Barry Interview» The Comics Journal (132) (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 3 (Ingelesez) Garden, Joe. (1999ko abenduaren 8a). «Interview: Lynda Barry» The A.V. Club (kontsulta data: 2024-10-30).
- ↑ (Ingelesez) Barry, Lynda (Elkarrizketatua); Wachtel, Eleanor. (2017-08-27). Cartoonist Lynda Barry on reclaiming the art of child's play. CBC - Writers and Company (kontsulta data: 2024-10-30).
- 1 2 (Ingelesez) Grossman, Pamela. (1999-05-18). «Barefoot on the shag» Salon (kontsulta data: 2024-10-23).
- ↑ (Ingelesez) Mirk, Sarah. «Why Do We Stop Drawing?» Portland Mercury (kontsulta data: 2024-10-30).
- ↑ (Ingelesez) Barry, Lynda. (1983-10-01). «The Story of Men and Women» Esquire Classic (Hearst Communications) (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ «The Lynda Barry Interview « The Comics Journal» classic.tcj.com.
- ↑ (Ingelesez) Garrity, Shaenon K.. (2007ko abenduaren 6a). «All the Comics #4: Lynda Barry» All the Comics in the world (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Tim. (Follos). Mixing Up Her Media: Lynda Barry. ReadExpress.com (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ Borrelli, Christoper. (March 8, 2009). «Being Lynda Barry» Chicago Tribune.
- ↑ Kirtley, 2010
- ↑ «Lynda Barry | Morningside Academy for Design» mad.mit.edu (kontsulta data: 2024-10-25).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) Chute, Hillary. (2008-12-01). «An Interview with Lynda Barry» Believer Magazine (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Nash, Alanna. (1999-09-05). «Cruddy» archive.nytimes.com (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Moser, Stephen MacMillan. (September 3, 1999). «Cruddy: An Illustrated Novel» www.austinchronicle.com.
- 1 2 (Ingelesez) Berry, Ellen E.. (2013-11-25). Crow, Charles L. ed. «Becoming‐Girl/Becoming‐Fly/Becoming‐Imperceptible: Gothic Posthumanism in Lynda Barry's Cruddy: An Illustrated Novel» A Companion to American Gothic (Wiley): 405–417. doi:. ISBN 978-0-470-67187-0. (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) «Lynda Barry's Articles at Salon.com» www.salon.com (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Arnold, Andrew D.. (2002-10-18). «Making It Up as You Go Along» TIME (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ «Making Comics – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «What It Is (Hardcover) – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- 1 2 «Picture This – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- 1 2 «Syllabus – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) «Syllabus by Lynda Barry» www.publishersweekly.com 2014-01-09 (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Sava, Oliver; O'Neil, Tegan. (2014-12-10). «The best comics of 2014: Ongoing and special series» AV Club (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) The Good Times Are Killing Me. Lortel Archives/The Off-Broadway Database (Lucille Lortel Foundation) (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ «The Good Times Are Killing Me - 1991 Off-Broadway : Tickets & Info | Broadway World» www.broadwayworld.com (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Barry, Lynda. «War» Mother Jones Magazine 1991 Martxoa-Apirila (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Coburn, Marcia Froelke. (1995-03-01). «A Touch of Glass» Chicago Magazine (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) «Cartoonist and author Lynda Barry is spring artist in residence» news.wisc.edu (University of Wisconsin-Madison) 2012-01-18 (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Barry, Lynda (Elkarrizketatua); Wing, Dawn. (2013-03-22). «APA Author Interview — Lynda Barry, Madison, Wisconsin» APALA - Asian/Pacific american librarians association (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) «Barry as artist-in-residence at Capilano University» Capilano university 2013-05-04 (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) English, Marianne. (2013-09-24). «Cartoonist Lynda Barry Joins Art Department and WID Faculty» University of Wisconsin-Madison (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Hogan, Kelly. (2013-01-18). «From The Desk Of Kelly Hogan: Lynda Barry» Magnet Magazine - Real Music Alternatives (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Kaufman, Al. (2012-06-04). «Q & A with Kelly Hogan; Playing With Neko Case @ Atlanta Botanical Garden, July 20th» www.atlantamusicguide.com (kontsulta data: 2024-10-31).
- 1 2 3 4 (Ingelesez) Miner, Michael. (1998-11-19). «What Becomes of the Brokenhearted?» Chicago Reader (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Cronin, Brian. (2010eko urtarrilaren 7a). «Comic Book Legends Revealed #242 | CBR» Comic Book Legens Revealed (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Kino, Carol. (2008-05-11). «How to Think Like a Surreal Cartoonist» The New York Times (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Kawula, Kevin. (1997ko uda). «Where There’s Oak ... There’s Fire» Grass Roots (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) Warner, Brigitte. (2009-04-21). «What It Is: Cartoonist Lynda Barry Speaks at Johns Hopkins» radarredux.com (kontsulta data: 2024-10-31).
- ↑ (Ingelesez) McCombie, Brian. (2009-09-10). «The war over wind» Isthmus | Madison, Wisconsin (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) Miner, Michael. (2009-05-13). «Not in my back 40» Chicago Reader (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) «Inkpot Awards» Comic-Con international (San Diego Comic-Con) (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) «Friends of Lulu 2004 Lulu Awards» www.hahnlibrary.net (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) Gladstone, Neil GladstoneNeil. (2009-07-25). «The 2009 Eisner Award Winners Announced at Comic-Con» ComicsAlliance (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) «Hall Of Fame» Comic-Con International (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ (Ingelesez) «Lynda Barry. Graphic Novelist, Cartoonist, and Educator» www.macfound.org 2019-09-25 (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «Come Over Come Over – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «My Perfect Life – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «It’s So Magic – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «The Freddie Stories – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «The Greatest of Marlys – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «Blabber Blabber Blabber – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
- ↑ «Making Comics – Drawn & Quarterly» drawnandquarterly.com (kontsulta data: 2024-11-01).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Kirtley, Susan E.. (2012). Lynda Barry: Girlhood through the Looking Glass. University Press of Mississippi ISBN 978-1-61-703234-9..
- (Ingelesez) Chute, Hillary. (2008ko azaroa-abendua). «Somehow People Started Somehow to Actually Start to Like It, ...» The Believer 6 (9): 47–58..
- (Ingelesez) Tensuan, Theresa M.. (2006ko negua). «Comic Visions and Revisions in the work of Lynda Barry and Marjane Satrapi» Modern Fiction Studies 52 (4): 947–964. doi:..
- (Ingelesez) Chute, Hillary L.. (2010). Graphic Women: Life Narrative and Contemporary Comics. Columbia University Press ISBN 978-0-231-15062-0..
- (Ingelesez) Dean, Michael. (2009ko martxoaren 2a). «Lynda Barry Interview» The Comics Journal (296).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lynda Barry profile, Lambiek Comiclopedia
- Salon.com: Lynda Barry archive, salon.com; accessed March 5, 2016.
- (Ingelesez) Lynda Barry. Drawn & Quarterly (kontsulta data: 2024-10-30).
- Billy Ireland Cartoon Library & Museum Art Database
- (Gaztelaniaz) Villalba, Aniko. (2015-03-28). ««What it is», por Lynda Barry» ESCRIBIR.me - escribir hace bien.
- (Ingelesez) Blazenhoff, Rusty. (2018-08-16). «Lynda Barry's 'Writing the Unthinkable' lesson» boing boing (kontsulta data: 2024-10-30).