MV Hondiuseko hantabirus agerraldia2026ko apirilean detektatu zen. Andeetako zepako birusa zen: hantabirusaren zepa guztien artetik, gizakien artean kutsa daitekeen bakarra. Ontzian 149 pertsona zeuden, 23 nazionalitatetakoak. Horietatik 88, bidaiariak; eta 61, tripulatzaileak.[1] Zortzi bidaiari kutsatu zituen birusak, eta horietatik hiru hil egin ziren. [2]
Martxoaren 20an Patagoniatik irten zen gurutzaontzia, Argentina hegoaldetik. Antartikara egin zituen hainbat joan-etorri, eta apirilaren 1ean, berriro atera zen Ushuaiatik (Argentina), Ozeano Atlantikorantz.[3] Handik abiatu eta astebetera, Herbehereetako gizon bat gaizki sentitzen hasi zen. Arnasa hartzea ere zaila egiten hasi zitzaion —arnas aparatuari eragin diezaioke hantabirusak—, eta apirilaren 11n hil zen. Hilotzak bi aste egin zituen itsas ontzian.[4] Apirilaren 24an atera zuten haren gorpua ontzitik, Santa Helena uhartean, eta han lehorreratu zen haren emaztea ere. Bi egun geroago, Johannesburgeko ospitale batean hil zen.[5]
Era berean, ontziko beste bidaiari bat ere ondoezik sentitu, eta Hegoafrikan ospitaleratu zuten, zainketa intentsiboetako unitatean —gero detektatu zioten hantabirusa—. Asteburuan, emakume bat hil zen ontzian, arnasa hartu ezinik. Astelehen 4an zen ontzia Cabo Verden porturatzekoa, baina osasun langileak, hainbat proba egin ostean, ohartu ziren litekeena zela ontzian kutsatu gehiago izatea, eta ez zuten baimenik eman herrialdean porturatzeko.[4]
Osasunaren Mundu Erakundeak eta Espainiako Gobernuak MV Hondius luxuzko gurutzaontzia Kanarietan porturatuko zela hitzartu zuten. 147 bidaiari zeuden transatlantikoan, eta hantabirus gaitzaren agerraldi bat atzeman zuten bertan. Gutxienez zortzi lagun kutsatu zituen birus horrek, eta horietatik hiru hil egin ziren. Kutsatutako bi pertsona Suitzara eta Hegoafrikara ebakuatu zituzten; beste hiru Herbehereetara.[4]
Hantabirusak karraskarietatik eta saguzarretatik gizakietara transmititzen den birus multzo bat da, animalia horien gernuaren, gorotzen eta listuaren bidez hedatzen dena. Birikei eragiten dien aldaerak gripearen antzeko sintomak eragiten ditu: sukarra, buruko mina, hotzikarak, giharretako mina... Batzuetan sabelaldeko mina, goragalea eta beherakoa ere eragin ditzake. Kasurik larrienetan bihotz-biriketako sindromea eragin dezake; kutsatuak arnasa hartzeko zailtasunak sumatuko ditu, eta biriketan odola pilatuz joango zaio. Heriotza eragin dezake.[4]
Argentinako Gobernuaren hipotesi nagusia da gaixotu zen lehenengo bikoteak birusa harrapatu zuela Ushuaia hirian hegaztiak ikusteko txango bat egiten ari zela. Hildakoek aitortu zutenez, ontziratu baino egun batzuk lehenago zabortegi bat bisitatu zuten, eta litekeena da han karraskarien eraginpean egon izana. Argentinako Gobernuak eta Tierra del Fuego probintziako agintariek azpimarratu zutenez, 30 urte lehenago gaixotasunaren berri izaten hasi zirenetik ez zen inoiz hantabirusen kasurik izan uharte horretan. Gainera, kontsultatutako adituek zalantzan jarri dute ea gune horretan
Oligoryzomys longicaudatus espezieko alerik dagoen, hau da, ea gaixotasun hori gizakietara hedatzen duen karraskariaren alerik bizi den.[6]
Maiatzaren 10ean itsasontzia Kanariar uhartetara heldu zen, Fernando Clavijoren oposizioarekin. Clavijo, Kanariar Uharteetakoautonomia erkidegoaren burua, azken unea arte saiatu zen operazioa geldiarazten, arratoiak lehorreratzeko arriskua zegoela eta.[7]Hondius ontziko 94 bidaiariak lehorreratzen hasi ziren Granadillako portuan, bakoitza bere jatorrizko lekura eramateko. Horretarako, segurtasun handiko neurriak hartu ziren. Beren herrialdeetara eramandako bidaiarien artean, kasu positibo gehiago atzeman ziren: AEBk eta Frantziak positibo bana jakinarazi zuten, Hondiusetik lehorreratutako bidaiarien artean.[8]
Itsasontzia, ezinbesteko tripulazioarekin, lehorreratzea amaitu bezain laster, berehala itsasoratu zen, Herbehereetaruntz.