Madalena baseliza (Azpeitia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Madalena baseliza
Kultura ondasuna
RI-51-0001477. Casa de la Magdalena..jpg
Madalena baselizaren irudia.
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Azpeitia
Koordenatuak 43° 11′ 16″ N, 2° 15′ 47″ W / 43.1878452092°N,2.26304487326°W / 43.1878452092; -2.26304487326Koordenatuak: 43° 11′ 16″ N, 2° 15′ 47″ W / 43.1878452092°N,2.26304487326°W / 43.1878452092; -2.26304487326
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Arkitektura
Estiloa Arkitektura barrokoa
Ondarea
BIC RI-51-0001477
57

Madalena Azpeitian dagoen baseliza da, Madalena auzoan kokatua. Bertako erietxea bizi izan zen San Inazio 1535ean eta bertan irakasten zien herritarrei kristau ikasbidea[1].

2006ko otsailaren 28an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermita oinplano laukizuzeneko eraikina da, bi isuriko estalkikoa; goihabea, berriz, fatxada nagusiarekiko paraleloa eta agerian dagoen bakarra da. Gaur egun, lau solairuko bi eraikuntza hutsen mehelinen artean dago; ziur aski bizitegiak eta XIX. mendearen amaierakoak edo zaharragoak.

Ermita habearte batean antolatzen da, neurri txikiko solairu angeluzuzen batean. Habearte horren gainean, "ele" itxurako goiko solairu bat iraultzen da, habeartearen inguruan, ataripe gaineko goi-koru gisa. Habeartea osatzen duten hiru tarteak, gainera, egokitasuna dute ermitaren antolaerarekin: lehenengo tartea aldareari dagokio –buru laukoa da, eta mehelin-lana egiten du–; tarte horren alde batetik, sakristiara sartzen da; erdiko tarteak, berriz, ermitarako sarrera ematen du (sarrera hori albokoa eta bakarra da, hau da, ermitara alde batetik sartu behar da, eta hori da sartzeko modua), eta azken tartea koruaren alde laburrari dagokio, habeartearen gainean irauliriko bitarteko mailari; tarte horrek, gainera, bi maila horiek komunikatzen dituen eskailerak dauzka.

Lehenengo bi tarteak ganga aski lautuez estaltzen dira, dekorazio-itxurako nerbioak (moldurak eta) dituztenak. Hirugarren tartea, estuagoa izaki, ilargi-erdiko ganga batez estaltzen da. Ganben arku formeroek ez diote jarraitzen norabide argi beti; tarte zuzenak dauzkate, kurbez mihiztaturik, eta arkuen abioek ere dekoratuak irudi dute. Barnealdean, ermita erabat luziturik eta pintaturik dago.

Argiztapena alboko bi hormetako leihoen bidez egiten da. Mendira eramaten duen horman, proportzio bertikaleko lau leiho zabaltzen dira, egitura-ordenarekiko lotura handirik gabeak; haietako hiru eszenekin dekoraturik daude beirateetan. Koruan, fatxada nagusiaren alde luzean, proportzio bertikalagoko hiru bao irekitzen dira, haietako bakoitza baoaren erdialdean, ataripeko arku bakoitzaren gainean. Baoak adreiluzko arku beheratuekin ebazten dira, eta kanpoaldera burdina-hesi aberatsekin ageri dira.

Ataripearen gaineko adreiluzko fabrikan, bao horiek mudejar-estilotik ateratako marrazkiez landuriko zerrenda horizontal bat eteten dute; adreiluzko gainerako fabrika, berriz, luzekako aparailuz ebazten da. Izkinetan harlandua ageri da, ermitak aldameneko mehelinetara jarraitzen baitu; horregatik da agerikoa.

Erdiko baoaren gainean, teilazko estalkia kanpai-hormaz errematatzen da.

Beheko solairuko ataripe sakon batek, fatxadaren luzera guztian, ermitaren sarrerako ataria aurkezten eta babesten du. Ataripeak puntu-erdiko hiru arku dauzka fatxada-planoan, eta ertz-ganga batez estalita geratzen da hiru tarteetan. Gangen abioak mentsula ahul gisa dekoraturik ageri dira, bai arku-planoan, bai barneko horman, harlanduxkoz aparailuturik. Banku luze bat dauka ataripearen barneko perimetroan; ermitaren barnealdera sartzeko portaleak baino ez du eteten banku hori. Portalearen ateburua pieza batez ebazten da. Barneko horman, azulejoz egindako bi eszena handik San Inazioren predikua oroitarazten dute.

Ermitaren aurrealdean, inbutuko lorategi txiki bat dago, sarrerako atetik ermitaren eraikineraino, inguratzen duen burdina-sare batekin. Lorategiaren indargarriek fatxada nagusikoa bezalako adreiluzko tratamendua daramate.

Formazko analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin txiki honek kanpoko osaera simetrikoa du, leihoen hiru goi-baoen gainezarpenaren bidez burutua (bao horiek ataripeko dagozkien baoen gainean ezarrita daude), ardatza kanpai-horma garaiarekin eta lorategiaren itxura triangeluarrarekin eta angeluetako batetiko sarrerarekin nabarmenduz.

Kanpoaldearen eta barnealdearen arteko egokitasun formala ez da azaltzen modu zurrun batean, koruaren "ele" itxurako antolaera bitxi eta freskoarekin, eta itxura orokorraren xalotasun bilatu baten bidez ebazten da: goi-gorputzaren prisma soila arku lirainen gainean, eta goiko fatxada mugarritzen duten harlanduzko kantoiak, adreiluaren gorriak eta aparailu aberats baina ez oso nabarmenak kontrastatua. Aparailu horrek, hain zuzen, Azpeitiko Antxieta etxearen fatxada, mudejar-itxura argikoak, inguruko Loiolako etxean (Azpeitia) eta Floreaga jauregian (Azkoitia) ere ageri direnak, gogorarazten digu.

Madalena ermita espainiar eragineko Pizkunde berantiarraren eremuan sar liteke, eta osagai barroko batzuk ere baditu. Ermita hau ia oharkabean pasatzen da bere apaltasunean, baina azterketa patxadatsu batek bere itxura soil eta delikatuen jakituria erakusten digu.

Eraikuntza-analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adreiluzko goi-fatxada nabarmentzen da, marrazkiak osatzen dituen aparailukoa, baina hormak harlanduzkoak dira, eta harlandua kantoietan eta pilare estalietan baino ez da ageri.

Elizpea ertz-ganga batez estaltzen da, fatxadako arkuen, arku formeroen eta sarrerako luzera-hormaren gainean. Kaperaren estalketa ateburu-sistemari egokitzen bide zaio, gutxienez zati batean, hegi batzuk sustengatzen dituzten habeak ikusirik; tarteetako bietako gurutze-gangak, sobera lautuak, dekorazio-osagaiak izan litezke. Hirugarren tartea, estuagoa denez, ilargi-erdiko gangez estaltzen da, haiek ere oso beheratuak. Alderdi hori sakonago aztertu beharko litzateke.

Barnealdean, ermita erabat luziturik ageri da.

Bestelako osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurezkoak dira, eta interesgarriak, koruko eskailera eta karela edo baranda, laua eta balaustreak edo imitatuz.

Gertakariak eta kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zainketa-egoera, oro har, ona da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Monumentu ikusgarrienak Azpeitiko Udalaren webgunean

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]