Magdalena damuduna (Greco)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Magdalena damuduna
El Greco - The Penitent Magdalene - Google Art Project.jpg
Egilea Greco
Mugimendua Manierismo
Sorrera 1576 - 1578
Kokalekua Budapesteko Arte Ederren Museoa  Hungaria
Materiala olioa oihal gainean
Neurriak 164 × 121 cm

Magdalena damuduna (gaztelaniaz, Magdalena penitente) Greco margolariak egindako margoa da. 1576 eta 1578 artean egina, margolariaren Toledoko lehen aldiko lana da. Budapesteko Arte Ederren Museoan erakusten da. Espezialisten iritziz margolan honen estiloa Tiziano margolariaren joeratik gertu dago. Magdalena damudunak Grecoren garapenean une garrantzitsua markatzen du.[1]

Gaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toledora heldu zenean Grecok berehala erlijio-irudien margolari bezala ospe handia lortu zuen. Garai hartan Eliza Katolikoaren Kontrarreforma martxan zegoen eta beste motatako irudiak behar zituen. Zentzu horretan Maria Magdalenaren irudia oso egokia zen: bekatari bat bere bekatuez damututa eta bide onera itzulita. Elizak eliztarren artean ideia horiek zabaldu nahi zituen: errudun sentimendua eta penitentziaren beharra, alegia. Ondorioz, Magdalenaren irudia modan jarri zen eta haren errepresentazioak asko zabaldu ziren.

Azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santuaren irudia arroka baten gainean marrazten da. Mantu urdin batez bilduta dago baina besaburuak biluzik daude, nolabait sexualitatea adieraziz. Atzean ikusten den zerua urdinagoa da eta, nolabait, santuaren mantuarekin lotu behar dugu. Ezkerreko eskuak burezur bat ikutzen du, heriotzaren sinboloa. Hanken gainean liburu ireki bat ikusten dugu, Itun Berria. Margolanaren eskuinean ontzi bat ikus daiteke; barruan, Magdalenak Jesukristori oliatzeko erabili zuen olioa dago.

Magdalenaren aurpegiak Tizianoren lanak ekartzen dizkigu burura. Dena dela, emakumearen ezaugarri batzuetan Grecoren estiloan garrantzitsuak izango ziren ezaugarriak ikus daitezke: behatz luzeak eta hezurtsuak, irudiaren estilizazioa... Nahiz eta, orokorrean, margolanaren estiloa veneziarra izan, Grecoren ezaugarriak azalarazten ari ziren lan honetan.

Tizianoren Magdalena damuduna.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Michael Scholz-Hansel: El Greco, Kolonia, Taschen, 2003. 26.or. ISBN 978-3-8228-3173-1

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]