Edukira joan

Mai-Mai

Wikipedia, Entziklopedia askea
FARDC indar armatuekin lerrotutako soldatu Wazalendo batzuk, Ipar Kivun, 2023an

Mai-Mai (batzuetan Maï-Maï, eta Mayi-Mayi) izenaren pean biltzen dira herri milizia kongoarrak, Kongoko Errepublika Demokratikoan (hemendik aurrera, KED) Kongoko Lehen Gerraren (1996-1997) garaitik borrokan ari direnak. Izena swahili hizkuntzako "maji" hitzatik dator, "ura" esan nahi duena; ur magiko batek babesten dielakoan, balen kontra.

2023an Félix Tshisekedi presidenteak egin zuen deiari erantzunez, mobilizazio berri bat egon zen, eta geroztik  VPD (frantsesez, Volontaires pour la défense de la patrie) eta Wazalendo gisa ere izendatzen zaie.

Deskripzio orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdea

Mai-Mai lehen talde armatuak Kongoko Lehen Gerran Ruanda eta Ugandaren laguntza zuen ADFL (Alliance des forces démocratiques pour la libération du Congo-Zaïre) koalizioko indar armatuei aurre egiteko sortu ziren. Oso milizia heterogeneoak izaki, ez zuten parte hartu Kongoko Bigarren Gerra (1008-2003) itxi nahi zuen 1999ko Lusakako bake akordioan. Bai ordea Pretoriakoan, 2002ko abenduan. Eta trantsizio aldirako 2 ministerio (25etik), Parlamentuan 10 diputatu (500etik) eta 3 senatari (120etik) egokitu zitzaien, baina 2006ko hauteskundeetan Patriotes Resistants Maï-Maï alderdiak 4 aulki baino ez zituen lortu.

Bitartean, Kivuko gatazkak jarraitu izan du, etenik gabe, geroztik, eta Mai-Mai hainbat milizia joan dira agertzen, eta batzuk desegiten, KEDeko ekialdeko Ipar Kivu eta Hego Kivu probintzietan, eta baita Ituri, Maniema, Kasai edo Katanga probintzietan ere, tokian tokiko testuinguruetan.

2017an Kivu aldean [1] ari ziren 120 bat talde armatuen artean [2] dozenaka sartzen dira Mai-Mai milizien multzoan: izenez "Mai-Mai" gisa izendatzen zirenez gain, PARECO (Patriotes résistants congolais) koaliziokoak, Nyatura fakzioak, edo haien aurkari bihurtutako Raia Mutomboki deiturako edo FPP-AP (Forces populaires de paix-Armée du peuple) koalizioko fakzioak ere.

NBEen aditu talde batek 2024ko maiatzaren 31ko txosten batean salatu zuenez [3], KEDeko ekialdean aktibo diren beste talde armatuak bezala, Mai-Mai edo Wazalendo miliziak ere nahastuta daude gerra krimenetan, baliabide naturalen legez kanpoko ustiaketan, eta populazioen kontrako abusu eta indarkerian.

Aurrekari historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Force Publique

Kongo belgikarraren aro kolonial luzean (1885-1960) egon ziren, tokian toki, kolonoen aurkako matxinadak. Leopoldo II. erregearen Kongoko Estatu Librearen garaian, besteak beste, Mulume Niama, sanga etniako buruzagiarena, Katangan (1890), Nzansu matxinoarena, Leopoldvilleren aldeko Kongo ibaian (1893), edo Kandolo, Force Publique indar polizial kolonialeko gendarmeak piztua, garaiko Luluabourgen, gaur egungo Kananga, Kasai probintzian (1895). Zonalde berean, Yamba-yamba eta Kimpuki, tetela etniako soldaduena ere, "Batetela matxinada" deitua (1895-1898)[4].

Eta 1908tik aurrera, Belgikako gobernuaren kolonia, jada, esaterako, pende matxinada, Kikwit hiri aldean, 1931an[5].

Bestelako izaera eta dimentsioaz, baina elementu komun batzuekin, egon ziren bertako mugimendu erlijiosoei lotuak, partez kristauak, partez animistak. Hala nola Simon Kimbangu liderrak 1921ean sortutako eta Nkamba hiria erdigunea duen kimbangismoa, milaka jarraitzaile dituena gaur egun ere. Edo haren jarraitzaile batzuek sortutako ngunzismoa (1934) eta mpadismoa (1939, Simon-Pierre Mpadi), erradikalagoak, garaiko kolonialismoaren kontra.

Independentzia gauzatu zen prozesuan, Force Publiqueko soldaduak berak mutinatu ziren ofizial belgikarren kontra, 1960ko uztailean. Eta jarraian, 1965 artean Kongoko krisialdia deitu den aro gatazkatsua piztu zen Kongoko Errepublika berrian, alderdi eta indar nazionalistak, federalistak eta sezesionistak –Kasai eta Katanga probintzietan– lehian. Eta esku hartze neokolonialisten eta haien mertzenarioen aurka ere bai.

Testuinguru historiko hurbila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuinguru nahasi hartan piztutako Simba matxinada seinalatu izan da Mai-Mai milizien aurrekari zuzen gisa. 1961hasieran Patrice Lumumba eraila izan eta gero, haren gobernuko Hezkuntza Ministroa izandako Pierre Mulele buru, mendebaldeko Kwilu hirian matxinatu ziren, Balubakat mugimenduko buru Janson Sendwe, Katangan, eta Kivu aldean Laurent-Désiré Kabila eta Gastón Soumailot.

Haiek laguntzera joan zen Ernesto Che Guevara, soldadu kubatarren talde batekin, 1965ean, eta bere egunkarian jaso zituen bertako miliziarrekin bizi izandakoak, sei hilabetez[6], azkenean etsi egin eta Mobutu nagusitu zen arte. Halere, Kabilaren miliziak (Forces armées populaires, FAP) jarraitu zuen urtetan, Fizi aldeko goi lautadetan, eta 1987tik aurrera Tanganyika lakuko Tanzaniako ertzetik ere.

1990ko hamarkada hasieran berpiztu egin ziren banyamulenge komunitatearen inguruko gatazka etnikoak. Eta 1994ko Ruandako gerra zibila eta genozidioaren ondorio larri eta denetarikoak hedatu ziren garaiko Zaire osoan zehar.

Ondorio politiko eta militar nagusietako bat izan zen ordurako Mendebaldearen babesa galdua zuen Mobutu presidentearen kontrako ADFL aliantzaren sorrera, Ruanda eta Ugandako armaden laguntzaz.      

Mai-Mai milizien sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laurent Désiré Kabila

Kongoko Lehen Gerran armada kongoarrak (garai hartan, FAZ, Forces Armées Zaïroises) ADFLri kontra egin ezinik, mobilizatu ziren lehen Mai-Mai miliziak, Kivu aldean, tokian tokiko buruzagi eta politikarien ekimenez. Miliziano beterano batzuen agindupean eta dawa edabearen babespean ere, talde txikiak, eta gaizki armatu eta antolatuak.

Bestalde, ADFLko partaide eta bozeramailea zen Laurent-Désiré Kabilak milizia batzuei konbentzitu zien koalizioa ez zela Ruandaren aldekoa, eta haiekin bat egiten. ADFL oso hilabete gutxitan iritsi zen Kinshasa hiribururaino [7].

Mobutu boteretik kendu, eta Kabila presidente izendatu eta gutxira, honek erabat aldatu zuen bere aliantzen taula. Besteak beste, ADFL desegin eta bere aliatuak izandako indar sozial eta militar ruandarrak aurkari bihurtuz. Hauek RCD (Rassemblement congolais pour la démocratie) koalizioa sortu eta ofentsiba zabal bati ekin zioten, banyamulenge komunitate tutsiak erasopean zeudelakoan.

Kongoko Bigarren Gerra lehertu eta bertako eta Afrikako hainbat herrialdetako indar militar nahastu ziren borroketan. Haien artean, Mai-Mai herri milizia kongoarrak, berriz ere altxatuak, modu masiboagoan, "ruandar inbasioaren" kontra. Forces d’autodéfense populaire (FAP) izen kolektiboaren pean bildu ziren. Kinshasako gobernuaren sostenguaz, eta armadaren (Forces Armées Congolaises, FAC) ondoan, oraingoan [7].

Egoera areago nahastu zen 2000. urtean ruandarrek eta ugandarrek elkarren aurka egin eta RCD koalizioa bitan banatu eta gero. Eta areago 2001ean Kabila bere guardiako batek eraila izan, Joseph Kabila semea presidente bihurtu eta Ruandarekin bake akordio bat negoziatzean. Orduan Mai-Mai miliziak eta KEDeko armada (2003tik aurrera, Forces Armées de la République Démocratique du Congo, FARDC) aurrez aurre egon ziren.

Eta elkarren ondoan borrokatzera pasa dira 2019tik aurrera, Félix Tshisekedi presidente berri izendatu eta VPD boluntarioak edo Wazalendo miliziak mobilizatzera deitu eta gero.  

Hitz gutxitan bilduta, hiru faktore nabarmendu izan  dira [8], herrialde mugakideen eta nazioarteko interesen jokoaz gain, Mai-Mai milizien gaur arteko iraupenean. Alde batetik, politikaren militarizazioa, eta armen zirkulazio masiboa. Bestetik, bake negoziazioetan adostu izan diren milizien desmobilizazioaren porrotak; miliziano ohiek ez dute beste bizimodurik, eta armadan edo polizian integratzeko prozesuek ere huts egin dute. Eta, batez ere, lider politiko-militar eta elite sozio-ekonomiko ezberdinek argudio etnikoaz egiten duten erabilera.

Mai-Mai miliziak, eskualdez eskualde

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Milizia nagusien kokapena 2025ko otsailean

Bertan du pisu handiena ruandar jatorriko banyamulenge komunitate tutsiak. Bertatik abiatu ziren 1996an, Kongoko Lehen Gerran, ADFL koalizioko indar armatuak, Kinshasa jomuga, L.D. Kabila bozeramaile. Eta bertako bembe komunitateko kide hurbilen bidez lortu zuen honek Mai-Mai milizia batzuei konbentzitzen, haien aldera pasatzeko.

Ez ordea denei. Che Guevara han ibili zen garaian aritutako simba ohi batzuk berriz mobilizatu ziren Kongoko Bigarren gerran. Haien artean, Dunia Lwendama koronela, Forces d'autodéfense populaires (FAP) Mai-Mai milizien koalizio buru bihurtu zena, 1999an. Dozena bat komunitate etnikoetako hamar bat talde batu ziren, SOE (Secteur Opérationel Est) aliantzan.

Dena den, aski modu laxoan ulertu behar da beti "aliantza" hitza, Mai-Mai milizien kasuan.

Hego Kivu probintziak Burundi du mugakide, non Ruandan bezala, hamarkadetan luzatu diren hutu eta tutsi etnien arteko gatazkak. Mai-Mai miliziak errebelde hutu burundiarrekin (Forces pour la défense de la démocratie, FDD) borrokatu zuten, eta FDLR (Forces démocratiques pour la liberation de Ruanda) errebelde hutu ruandarrekin ere bai, banyamulenge tutsien kontra.

2002ko Pretoriako bake akordioak eta gero, Dunia jenerala eta beste ofizial Mai-Mai batzuk ez ziren konforme gelditu FARDC armadan emandako posizioaz. Bitartean, banyamulenge tutsiak ere matxinatu ziren, lortutakoarekin ez ados, nahiz eta 2005ean hiritartasun kongoarra hitzartu zitzaien.

Raia Mutomboki milizia, berriz, FDLRko milizia hutuaren kontra mobilizatu zen, 2005ean, eta 2011tik aurrera hainbeste fakzio izan ditu, tokian toki, eta buruzagiz buruzagi. Shabunda eskualdean: R.M. Donat/Nagandu, R.M. Mabala, R.M. Wemba, R.M. Kimba... 2017an haietako asko Forces populaires de paix (FPP) aliantzan bildu ziren. Kalehe eskualdean, tembo komunitateko R.M. Tembo, R.M. Hamakombo, R.M. Shukiro...   Walikale eskualdean, rega komunitateko R.M. Elenge, R.M. Mirage...

Mai-Mai Yakutumba

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
NBEen MONUSCO misioko eta CNPSC koalizioko ordezkariak, 2019ko martxoaren 23an

2007an sortu zuen Mai-Mai Takutumba, banyamulengeen aurka, Mai-Mai Reformé izenpean, William Amuri Yakutumba kapitainak, Duniaren agindupean egondakoa, 1996tik, Tanganyika laku ertzeko Fizi hiriaren aldean, eskualdeko urre meategiak barne.

Bembe etniakoak, oro har, hegoaldeko Hego Kivuko Mai-Mai milizia nagusia bihurtu zen. Horrekin bat egin zuten beste zenbait miliziek, PARC-FAAL (Parti pour l'action et la reconstruction du Congo-Forces armées alleluia) koalizioan.

2010 urte inguruan halako krisialdi bat egon zen Hego Kivuko Mai-Mai milizietan, bai ahalmen militarrean, bai populazioaren sostenguan. Hori nabaritu zen 2011ko hauteskundeetan, eta ekarri zuen jendarte zibilaren kontrako jardun kriminalak areagotzea –finanziatzeko, besteak beste–, eta barne tentsioak agertzea.  Aldi berean, Mai-Mai Yakutumba aliatu zen Fortes nationales de libération (FNL) errebelde hutu burundiarrekin.

2012ko martxoan izan zen Kivuko gatazka itxi nahi izan zuen bake akordioa, gero Ruandak sostengatutako M23 talde tutsiaren sorrera ekarriko zuena, eta haren ofentsiba gogorra. Aldi berean, Burundiko bake prozesuak FNL erretiratzera eraman zuten, Mai-Mai Yukutumba asko ahulduz.

2013an CNPSC (Coalition Nationale pour la Souverainité du Congo) eratu zen, eta prestaketa lan luze baten ondoren ofentsiba bati ekin zion 2017an, FARDC armadako tropen aurka[9]. Honen kontraerasoarekin gatazka eta populazioaren egoera larritu egin ziren, milaka desplazaturekin.   

Koalizioko beste milizia batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Herrixka bat Hego Kivuko mendietan

Mai-Mai Aoci: bembe komunitatekoa, Yakutumba taldetik banandua, eta Itombweko goi lautadetan kokatua.

Mai-Mai Malaika: Sheh Assani izeneko gazte batek sortua, Maniema probintziako mugan, Namoyako urre meategietako jardunaren kontura.

Mai-Mai Mulumba: izen bereko matxino beteranoak sortua, nyndu komunitatekoa, Itombweko goi lautadetan.

Mai-Mai Napata:  hegoaldeago kokatua, bembe, eta Mulumba taldetik banandua, barne tentsio etnikoengatik.

Mai-Mai Biloze Bishambuke: talde fuliro batzuk batzen ditu, Itombweko hegoaldean.

Mai-Mai Ebu Ela: izen bereko agintariak sortua, Yakutumba taldetik banandua, Tanganyika laku ertzeko Mboko aldean. 2019ko urtarrilean 300 bat miliziar ziren errendizioa adostu zuenean, Tshisekedi presidente berriarekin.

Mai-Mai René, Mai-Mai Ngalyabatu, Mai-Mai Réunion, Mai-Mai Eshilo, Mai-Mai Wilondja...

Milizia nagusien kokapena Ipar Kivun, 2020ko urrian

Ipar Kivu probintziak Ruanda eta Ugandarekin ditu mugak. Beraz, ondorio zuzena izan zuen 1999an, Kongoko Bigarren Gerra betean, bi herrialde hauek, ordura arte aliatuak, eta KEDeko erdia hartua zutenak, elkarren aurka hasi zirenean. Eta RCD koalizioa bitan banantzean, RCD-G (Goma) ruandarrak agindu zuen Ipar Kivun.

Fakzio horretatik CNDP (Congrès national pour la défense du peuple) aliantza sortu zen 2006an, eta hortik M23 milizia, 2012an, 2023an eratutako AFC (Alliance Fleuve Congo) aliantzako indar nagusia. Haien guztien aurka –eta batzuk alde; NDC-R, adibidez– aritu izan dira Mai-Mai miliziak, mende laurden honetan. Noiz FARDC armadaren aldean, noiz aurkakoan, uneko egoeraren arabera.

APCLS (Alliance des Patriotes pour un Congo Libre et Souverain): hunde komunitatekoa da, PARECO (Patriotes Resistants Congolais) taldearen parte izandakoa 2006tik, 2008an bereizi zen, Goma hiriko bake akordioa eta gero. Janvier Karaïri "jeneral" beteranoa du buru[10], Mai-mai talde nagusietako bat, 500-1000 miliziar omen ziren 2013an[11].

FPP-AP (Force Patriotique pour la Paix-Armée du peuple): hau ere talde handienetako bat da[12], Luberoko hegoaldean hedatua, eta Ituri probintzian ere,30 bat meategi "artesanal" edo eskala txikiko kontrolpean, tasak ezarriz, finanziatzeko [13]. 2025eko martxoan, horren partaide den Kabido jeneralaren Mai-Mai Kabido fakzioak, iragarri zuen M23 taldearen aldera pasa zela, zatiketa gehiago eraginez[14].

Kifuafua: beste milizia handi bat, Delphin Mbaendak 2002an sortua, 1993tik mobilizatutako tembo etniako talde armatuen oinordekoa. Gerora bereizi dira fakzio batzuk: Mbaenda, Maachano, Shalio, edo Baeni-Limenzi.

NDC (Nduma défense du Congo): 2009an Ntabo Ntaberi Sheka mineralen merkatariak eratua. 2017an errenditu eta gero nazioarteko epaitegiek bizi arteko kartzelara kondenatu zuten Sheka, gerra krimenengatik: hilketak, sexu esklabotza, haur soldadutza... [15].

NDC-R (Nduma défense du Congo-Rénové): NDC taldetik banandua, 2014an, eta hauen eta FDLR milizia hutuaren kontra aritua, eta FPP-APren kontra ere, meatokien kontrolagatik[16].

EPLC (La Force de l’Eveil Patriotique pour la Liberation du Congo), probintziako hegoaldean, Kivu lakuaren ertzean, 2023an sortua, M23 taldearen kontran aritu ez ezik, FARDC armada kongoarra ere kontran izan zuen [17] [18].

Nyatura Jean Marie taldeko milizianoak UNICEF erakundeko ordezkariekin, haur soldaduen kontura, Ipar Kivu, 2020

Nyatura taldeak: "Nyatura" hitzak "gogor jotzen dutenak" esan nahi du Kinyaruanda hizkuntzan, eta komunitate hutu kongoarraren defentsan, eta FDLRren ondoan, 2011tik mobilizatzen joan ziren hainbat taldek hartu dute: Nyatura FPC-Domi, Ny. John Love, Ny. Kigingi, Ny. FDP-Niyonzimana...  15 bat ziren 2017an, batzuk CMC (Coalition des mouvements pour le changement) bezalako koalizioetan bilduak.

UPLC (Union des patriotes pour la libération du Congo): Butembo hiri inguruan sortua, 2016an, Katembo Kilalo and Mambari Bini Pélé (alias Saperita) buru. Ituri probintzian ere ari da, nande komunitatearen defentsan, ADF milizia musulman ugandarraren kontra.

MONUSCOko kasko urdinak, CODECO miliziaren eraso baten ondoren, Ituriko Djugun, 2022an

Ituri probintziak Ugandarekin egiten du muga, eta armada ugandarra bertan ibili zen Kongoko Lehen eta Bigarren Gerran, eta gero RCD aliantza bitan banatzean, RCD-K (ML) nagusitu zen. Haien kontra aritu ziren Mai-Mai miliziak, eta Ugandako gobernuaren kontrako milizia batzuei aurre eginez ere bai, hala nola Joseph Konyren LRA (Lord's Resistance Army) famatua, edo ADF (Alliance of Democratic Forces) islamista. Izan ere, Hego Sudanen ez ezik, Iturin ere haien baseak dituzte.

Hori guztia, eta lendu eta hema talde etnikoen arteko liskar historikoak (hutu eta tutsien artekoen parekoak) kontutan hartuta, Ituriko gatazka deitu izan da, Kivuko gatazkatik bereizten, ezaugarri eta milizi komunak gorabehera.

FRPI (Force de résistance patriotique de l'Ituri) milizia lendu 2002an sortu zen, eta 9.000 bat soldadu ziren. 2006ko bake akordioak eta gero miliziako 15.000 soldadu desmobilizatuak izan ziren, eta 2007an Justin Banaloki "Cobra Matata" auzipetua izan zen[19] gizateriaren kontrako krimenengatik, hema komunitatekoak jasan izandakoak. Geroko bake akordioak arren aktibo jarraitu izan du [20] eta 2025ko ekaineko bake akordioa ere sinatu zuen [21].

CODECO (Coopérative pour le développement du Congo) lendu koalizioak ere sinatu zuen. 1970ko hamarkadan sortu zen nekazari kooperatiba gisa, 2003an talde armatu bihurtu zen.

UPC-FPLC (Union des Patriotes congolais-Forces Patriotiques pour la libération du Congo) lendu talde politiko-militarra 2001an eratu zen, eta 15.000 bat soldadu ziren, haietako asko haurrak [22], beste milizietan bezala, NBEen Segurtasun Kontseiluaren 2020ko txosten batean salatu zenez [23]. Haren liderrak izandako Tomas Lubanga [24], eta Bosco Ntaganda auzipetuak izan ziren Nazioarteko Justizia Auzitegian, gerra krimenengatik.

Zaïre-FPAC (Front populaire d’autodéfense en Ituri) hema etniako milizien koalizio bat da, 2020an eratua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Armed group maps. 2015-06-09 (kontsulta data: 2025-08-18).
  2. (Ingelesez) Armed group biographies. 2016-05-17 (kontsulta data: 2025-08-18).
  3. Letter dated 31 May 2024 from the Group of Experts on the Democratic Republic of the Congo addressed to the President of the Security Council. UN 4 (kontsulta data: 2025-08-18).
  4. Hochschild, Adam. (2007). El fantasma del rey Leopoldo. Península, 194-199 or. ISBN 978-84-8307-799-3..
  5. (Ingelesez) godfred_eap1@. (2025-03-21). «MBUNDU a GAMONI» Encyclopaedia Africana (kontsulta data: 2025-08-18).
  6. Paco Ignacio Taibo II, Froilán Escobar, Félix Guerra. (1995). El año que estuvimos en ninguna parte. Txalaparta ISBN 978-84-81360-19-6..
  7. a b van Reybrouck, David. (2019). Congo. Una historia épica. Penguin Random House, 486-491 or. ISBN ISBN 978-84-306-1943-6..
  8. (Ingelesez) «Mai-Mai Yakutumba: Resistance and Racketeering in Fizi, South Kivu» Refworld (kontsulta data: 2025-08-18).
  9. (Ingelesez) Stearns, Jason. (2019-02-26). «The CNPSC rebellion: Social marginalization and state complicity in South Kivu» Congo Research Group | Groupe d'étude sur le Congo - (kontsulta data: 2025-08-18).
  10. (Frantsesez) «Portrait de Janvier Karairi, 60 ans, chef d'une milice d'auto-défense près de Goma» Voice of America 2022-12-13 (kontsulta data: 2025-08-18).
  11. (Frantsesez) «RDC: L'APCLS, l'un des plus structurés des groupes armés du Nord-Kivu» RFI 2013-03-03 (kontsulta data: 2025-08-18).
  12. (Ingelesez) «Photos: ‘Living in fear’ amid relentless battle for eastern DR Congo» Al Jazeera (kontsulta data: 2025-08-18).
  13. (Ingelesez) «Delve | Analysis of the interactive map of artisanal mining areas in…» Delve (kontsulta data: 2025-08-18).
  14. (Frantsesez) Nord-Kivu : la « double face » du FPP/AP pour des intérêts miniers (FARDC) - MediaCongo Press. 2025-03-11 (kontsulta data: 2025-08-18).
  15. (Gaztelaniaz) «Llevar a un criminal de guerra ante la justicia | Noticias ONU» news.un.org 2023-07-29 (kontsulta data: 2025-08-18).
  16. (Frantsesez) «RDC: la milice NDC-R se livre à une guerre intestine mortelle au Nord-Kivu» RFI 2020-07-17 (kontsulta data: 2025-08-18).
  17. (Frantsesez) «Nord-Kivu : 59 miliciens “Wazalendo” arrêtés par des FARDC après avoir échangé des tirs avec les M23 à Kibumba» Dépêche.cd 2023-04-12 (kontsulta data: 2025-08-18).
  18. (Frantsesez) BuniaA. (2023-06-22). «Nord-Kivu : le mouvement EPLC exige la libération de ses combattants» Bunia Actualité (kontsulta data: 2025-08-18).
  19. (Ingelesez) Congo warlord flown to The Hague. 2007-10-18 (kontsulta data: 2025-08-18).
  20. (Ingelesez) AFP, Staff Writer With. (2020-10-02). «DR Congo Militia Fighting Kills 11 in Ituri Province Despite Peace Deal» The Defense Post (kontsulta data: 2025-08-18).
  21. (Frantsesez) «RDC: six groupes armés signent un accord de paix en Ituri» RFI 2025-06-29 (kontsulta data: 2025-08-18).
  22. (Ingelesez) DR Congo 'awash' with child soldiers. 2003-02-17 (kontsulta data: 2025-08-18).
  23. «Document Viewer» docs.un.org (kontsulta data: 2025-08-18).
  24. «Thomas Lubanga Dyilo | Coalition for the International Criminal Court» www.coalitionfortheicc.org (kontsulta data: 2025-08-18).