Edukira joan

Maixux Zugarramurdi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maixux Zugarramurdi

Maixux Zugarramurdi Zestau (2025)
Bizitza
JaiotzaGoizueta
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
BizilekuaArano
Heriotza1955
Jarduerak
Jarduerakabeslaria

Maixux Zugarramurdi Zestau (Goizueta, Nafarroa Garaia, 1955) abeslaria da. Pello Reparazekin batera Zetak taldearen Hileta kantu nafarra (2024. urtea) abestearekin famatu da, nahiz eta aurretik ibilbide luzea zuen. Bere belaunaldiko emakume askoren kasuan bezala, ibilbide horrek ordu arte ez zuen oihartzun handirik izan gizartean.[1][2]

Goizuetako (Nafarroa Garaia) Danbolin bordan[3] 1955. urtean jaioa eta herri bereko Artantxu baserrian hazia, umetatik entzun zituen etxean leitzar aitona-amonen istorioak, amaren kantak eta oiartzuar aitaren bertsoak. Hamar anai-arrebetan zaharrena izanik, berak ere sarritan abestu zuen txikienentzat.[1]

Artantxuriketan ikuskizuna, Maixux Zugarramurdik (erdian, ile zuriarekin) eta haren alabek egina.
Alabekin. Ezkerretik eskuinera: Ainhoa Ansa, Maixux Zugarramurdi, Arantxa Ansa eta Maider Ansa.

Hogei urte zituela,[4][3] Aranora (Nafarroa Garaia) joan zen bizi izatera, Beltsoko bordara,[3] hango Jose Antonio Ansarekin ezkondu baitzen.[1] Hiru alaba izan zituen: Arantxa, Ainhoa eta Maider.[5][3] Amak musikarekiko zuen maitasunak kutsatuta, alabek ere musika ikasketak egin zituzten, eta hainbat urtez abestu dute elkarrekin.[1]

Etxean eta etxekoekin ez ezik, Maixuxek abesbatzetan eta tokiko ekimenetan ere abestu zuen, harik eta 2017an agertokira atera zen arte.[1] Hiru alabek bultzatuta[6] eta haiekin batera, Artantxuriketa ikuskizuna egitera atera zen agertokietara. Nafarroa Garaiko iparraldean artoa erruz landatzen zuten, garai batean. Auzotarrak artoa zuritzeko biltzen ziren, jai giroan. Ohitura hori oroitarazteko saioa zen Artantxuriketan, kontu kontari eta kantuan.[7] Ikuskizun berezia izan zen Maixuxentzat: bere haurtzaroko istorio, kantu eta bertsoetan oinarritutako kontzertu antzeztua. Hasiera batean, Oiartzunen eskaini beharreko ikuskizuna zen; baina Euskal Herriko bazterretan barrena eraman zituen. Hainbat emanaldi egin zituzten, harik eta 2020an COVID-19 pandemiaren ondorioz utzi behar izan zuten arte. Garai hartan, Joxe Antonio senarrari gaixotasun bat diagnostikatu zioten, eta hiru urtez familiak kantatzeko gogoa galdu zuen. Joxe Antonio 2023ko abuztuan hil zen, eta ordutik Maixuxek kantua utzita zuen.[1]

Maixux Zugarramurdi 2024an itzuli zen kantatzera. Oraindik doluaren aldian zegoela eta, hasieran ezetz esan zion Pello Reparazen proposamenari.[1] Pellok, ordea, bere garaian plazetan merezitako lekurik izan ez zuten emakumeei omenaldia egin nahi zien,[4] eta Maixux nahi zuen abestikide. Halaxe, Pellok, arian-arian, Maixux konbentzitu zuen berekin batera Zetak taldearen Hileta kantu nafarra kantua abestera berriz plazaratu zedin. Hileta kantu horretan, senarra izan zuena pentsamenduan zuen Zugarramurdik.[8][1] Zugarramurdi grabazio estudio batean sartu zen, lehen aldiz, abesti hori grabatzeko.[8]

2024ko abenduan adierazi zuenez, adinak eragindako ajeak direla eta, Zugarramurdik ez du uste musikaren bideari jarraituko dionik.[4] Hala ere, 2025ean, Hileta kantu nafarra abesten parte hartu zuen Mitoaroa I eta Mitoaroa II ikuskizunetan. Bigarren horretan, koruak besterik ez zuen abestu,[9] eta gehienbat antzezle gisa parte hartu zuen, lamina baten rolean.[10] Mitoaroa I ikuskizunak 30.000 ikus-entzule izan zituen; Mitoaroa II ikuskizunak, 40.000.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) «Maixux Zugarramurdi se descubre en el nuevo single de ZETAK ‘Hileta Kantu Nafarra’» Diario de Noticias de Navarra 2024-12-13 (kontsulta data: 2025-10-30).
  2. «Maixux Zugarramurdi, Hileta Kantu Nafarra» ZETAK taldearen Facebook orria (kontsulta data: 2025-10-30).
  3. a b c d «Maixux Zugarramurdi Zestau: "Familia giroan zaila da lehen kantatzeak zuen garrantzia mantentzea"» Erran.eus 2025-02-15 (kontsulta data: 2025-10-30).
  4. a b c «Maixux Zugarramurdi: "Abesti hau opari bat izan da niretzat"» euskalerriairratia.eus 2024-12-16 (kontsulta data: 2025-10-30).
  5. «‘Artantxuriketa’ kantu eta kontu bidezko transmisioa» Goiberri 2020-01-24 (kontsulta data: 2025-10-30).
  6. «Maider eta Ainhoa Ansa: "Euskarazko kanta erotikoena 'Maritxu Nora zoaz' da"» EITB (kontsulta data: 2025-10-30).
  7. Urkizu, Urtzi. (2019-05-04). «Artoa: lan bukaeran, jai giro bizia» Berria (kontsulta data: 2025-11-05).
  8. a b «Maixux Zugarramurdi: "Balio dezala emakume gehiago plazara ateratzeko"» Euskadi Irratia 2024 (kontsulta data: 2025-10-30).
  9. ZETAK. (2025-09-12). «ZETAK - HILETA KANTU NAFARRA (MITOAROA II)» YouTube (kontsulta data: 2025-10-30).
  10. Gurrutxaga, Iker. (2025-09-06). «Trilogia izango bada, zer izango da ‘Mitoaroa’-ren hurrengoa?» musika.naiz.eus (kontsulta data: 2025-10-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muxika Karrion, Iratxe. (2024-12-13). «Maria Jesus Zugarramurdi: “Ahots horiek itzaletik ateratzeko modu bat da kantua”» Berria (kontsulta data: 2025-11-05).