Makilakixki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Makilakixki ipuinaren ilustrazio bat, inteligentzia artifizial bidez sortua.
Makilakixki ipuinaren ilustrazio bat, inteligentzia artifizial bidez sortua.

Makilakixki euskal mitologiako kondairetan agertzen den makila sorgindua da.

Kondairak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe batean aita eta bere hiru semeak bizi omen ziren. Seme zaharrenak morroi gisa lan egitera oso urrutira zegoen beste etxe batera behar izan zuen.[1]

Behin etxe hartan urte bat zerbitzupean lanean iragan ondoren, ordain gisa asto bat eman zioten. Baina asto hau, nonbait asto berezia zen. Nahikoa zen hau esatea: "Emaidak urrea!", eta astoak berehala urrea eskaintzen zuen.

Gaur batez, jaiotetxerako itzultze bidean, mutilak oso bakartia zen etxe batean ostatu hartu zuen. Bere logelara joan aurretik, mutilak ostalariari honako honetaz ohartu zuen:

- Ez iezaiozue astoari "Emaidak urrea" esan.

Baina mutila bere logelan sartu bezain laster, ostalaria astoaren sekretuaz nagusitu asmoz berarengana hurbildu zen. "Emaidak urrea", esan zion irrikaz, eta astoak urre ugari eman zion. Berehala, ostalari diruzaleak astoa ezkutatu eta bere lekuan antzeko beste bat jarri zuen.

Biharamunean, mutila logelatik atera eta astoa ikustean ez zen aldaketaz ohartu. Honela bada, alai eta pozik, bere jaiotetxerako bideari berrekin zion.

Etxera ailegatu bezain azkar, bere aita eta anaiei bere astoan zuen urre mehatza agertuarazteko denbora falta izan zitzaion. Berehala, lurrean oihal zabal bat ezarri eta froga egiteko prestatu zen, astoa urrea emateko jarreran oihalaren erdi-erdian ipini zuen.

"Emaidak urrea", esan zion mutilak astoari. Astoak ez zuen inongo urrerik eman. Mutilak esaldi berbera erabiliz berriz ekin zion. Baina, honatx, astoak berak nahi zuen urrea beharrean gorotza eskaini zion.

Handik denbora batera, etxe hartako bigarren semea morroi gisa lanera atera zen. Urte bat bete ondoren, lan egin zuen etxeko nagusiak bere zerbitzuak eskertu nahian mahai bat eman zion. Mahai honek ere zer edo zer misteriotsua eta berezia bazuen.

"Presta ezaidak jana" esan ezkero, mahaiak men egin, eta bat-batean jana erabat prestatua zuen zerbitzu oso bat eskaini zion.

Bere jaiotetxerako itzultze bidaian, mutilak aurretik bere anai zaharrenak ostatu hartu zuen etxe berdinean gaua iragan zuen. Oheratu aurretik ostalariari honako hau ohartarazi zion:

- Ez diezaiozue mahaiari "Prestatu iezadak jana" esan.

Baina, mutila lotara joan bezain azkar, ostalaria tentu handiz mahaira hurbildu eta esaldi magikoa ahoskatu zuen: "Prestatu iezadak jana", eta mahaiak, une hartan bertantxe, jan goxoa eskaini zion. Ostalariak, aurreko aldian bezalaxe, mahai hura ezkutatu eta antzeko beste bat ipini zuen.

Biharamunean, mutilak bere altzari berriaren jabetzaren ondorioz ezin ezkutatu ahal zuen alaitasunez etxera ailegatu eta bere sendiari mahai haren ezkutuko ahalmenen froga egin nahi izan zien. Honela bada, mahaiari honela zuzendu zitzaion: "Prestatu iezadak jana", baina mahaiak ez zuen ezertxo ere egin eta inongo janik prestatu gabe hutsik zegoen.

Suposatu litekeen bezala, mutil gizajoa bere porrotaren ondorioz atsekabetu eta lotsaturik gelditu zen.

Azkenik, hiru anaien artean gazteenak ere morroi gisa lanera irtetea erabaki zuen.

Urte bat iragan ondoren, etxeko nagusiak makila bat eman zion. Baina makila honek ahalmen harrigarriak zituen. Nahikoa zen "Makilakixki" hitza aipatzea eta makilak inguruan zegoen edonor eta edozeren aurka makilakadak astintzen hasiko zen. Kolperik jo gabe errespetatzen zuen bakarra bere jabe gaztea zen.

Beharbada zortea edota patuaren ondorioz, anai gazteena ere bere jaiotetxerako itzulera bidean bere gainontzeko anaiei lapurreta egin zieten ostatu berdinean gaua igarotzen gelditu zen. Aldi honetan ere, oheratu aurretik, mutilak ostalariari bere oharpen berezia aipatu zion:

- Ez zaitezte makilari "Makilakixki" izenez zuzendu.

- Lasai, ez zaitez kezkatu - lasaitu nahi zain zuen ostalariak.

Baina, berriz ere ostalariak mutilari traizioa egin eta makilari hurbilduz honela oihu egin zuen: "Makilakixki!".

Bat-batean, deitzen zion oihuaren esana betez, bere inguruan zeuden gauza eta pertsona guztiei makilakada galantak astintzen hasi zen, hasi ostalaritik eta morroietan jarraituz. Makila sorgindu harrek jarri zituen istilu eta zalapartak azaltzeko ez dago nahiko astirik.

Ostalariak ahal zuen gisan jabe gaztearengana makila gelditu zezan lasterka joan zen. Eta une hartan izan zen, mutilak ostalariaren izu-ikaraz baliatuaz, bere anaien astoa eta mahaia itzultzeko agindu zion, bestela makilak zigorra banatzen jarraituko ziolako mehatxatu zuelarik.

Eta honela ostalari azeriak aurretik lapurtutako astoa eta mahaia anai gazteenari itzuli zizkion.

Mutil gaztea bere makila, asto eta mahaiarekin poz-pozik jaiotetxera itzuli zen. Eta, ordutik aurrera, etxe hartan zoriona sartu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Makilakixki. Antología de Fábulas, Cuentos y Leyendas del País Vasco. José Miguel de Barandiaran. Txertoa argitaletxea. 1984.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]