Maliko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Maliko historia gaur egungo Maliko Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera historiko nagusien kondaira da.

Maliko inperioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maliko Inperioaren hedadura handiena

K. o. 300. urteaz gero, bolia, gatza (Taghazako meatzetik ateratzen zutena), ostruka-lumak, urrea eta esklaboak garraiatzen zituzten karabanak ibiltzen ziren Saharan barrena, Niger ibaiaren bihurgunea eta Maroko eta Argeliako hegoaldea lotzen zituzten bideetan zehar. Bide horien sorburuan, Niger eta Senegal ibaien artean, hiru inperio handi sortu ziren. Sahelgo erresuma hauen muga geopolitikoak eta nortasun etnikoak ez ziren garbi zehaztuak.

Lehenbizikoa Ghanako Inperioa izan zen, Soninke herriak sortu zuena, eta VIII. mendetik 1078 arte Mendebaldeko Afrikan hedatu zena. Ondoren Maliko Inperioa (XIII. mendetik XVI. mendera) eta Songhai Inperioa (XV. eta XVI. mendeak) etorri ziren. Djenné eta Timbuktu merkataritza, garraio eta islamdar ikaskuntzarako gune garrantzitsuak izan ziren inperio horien garaian. 1591n, Ahmad al-Mansur Marokoko erregearen gudarostea lurraldean sartu zen, eta Timbuktu hiria Marokoren mende egon zen bi mendez. Ondoren, Niger harana tuareg, fulani eta banbara leinuen artean banatu zen.

Garai koloniala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kotoia prozesatzen Nionon, Ségou eskualdean, 1950 aldean.

1854an, Frantziak lurraldearen konkista hasi zuen; 1898an, zazpi urteko gerran Samory Turé buruzagia menderatu zuten. Handik aurrera, Mendebaldeko Afrika Frantsesa osatzen zuten lurraldeetako bat izan zen, Frantziar Sudan izenez. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hango biztanleek autonomia galdatu zuten, eta Modibo Keïtak Sudango Batasuna alderdia sortu zuen 1945ean. 1946an, Sudan Frantziaren itsasoz haraindiko lurralde bilakatu zen, metropoliko biltzarrean ordezkariak izateko eskubidea zuela. 1958an, Sudango Batasuna alderdiak Sudango Errepublika eratu zuen, betiere Frantziako komunitatearen barruan.

Maliko Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1959an, Mali (orduan Sudango Errepublika izena zuena), Senegal, Dahomey eta Volta Garaia batu ziren Maliko Federazioa osatzeko eta 1960ko ekainaren 20an independentzia lortu zuten. Abuztuan, politika ikuspegi desberdinak zituztela eta, desegin zen Federazioa. Irailaren 22an, Sudango Batasuna alderdiaren batzar berezi batek Sudanen baldintzarik gabeko independentzia onartu zuen aho batez; harrezkero Maliko Errepublika izena du. Errepublikak Txinako sozialismo marxista hartu zuen eredu, eta aurreneko presidentea Modibo Keïta izan zen.

Sudango Batasuna alderdiko buruzagi batzuen jokabide politikoa ontzat hartu ez zutenez gero, 1968an Moussa Traoré buru zuen ofizial talde batek estatu-kolpea eman zuen, eta Modibo Keïta atxilotu eta espetxeratu zuten. Nazio Askapenerako Batzorde Militarra sortu zen. Era horretan diktadura ezarri zen Malin, 1991 arte iraun zuena. Erregimenak harremanak sendotu zituen nazio kapitalistekin, Sudango Batasuna alderdia legez kanpo utzi eta konstituzioa indargabetu zuen. Traoré lehendakari izendatu zuten, eta 1969an lehen ministro kargua ere hartu zuen. 1974an, konstituzio berria onartu zen, militarrek osatutako erregimenari jarraipena emateko asmoz, eta 1979az geroztik Maliko Herriaren Batasun Demokratikoa izan zen herrialdeko legezko alderdi politiko bakarra.

Herrialdeak lehorte eta gosete handiak pairatu zituen, 1968tik 1974ra eta 1983tik 1985era. 1980tik aurrera, gobernuaren xede nagusia lehorteak eragindako hondamendiari aurre egitea izan zen. 1983an Maliren eta Aljeriaren arteko muga zehaztu zen. 1985ean Mali gerran sartu zen Burkina Fasorekin, mugaren inguruko lurralde bat eskuratzeko norgehiagoka; auzia 1986an garbitu zen, Hagako justizia tribunalak lurraldea bi zati berdinetan erdibitzea erabaki zuenean. 1980ko hamarkadaren amaieran, alor publikoko langileek eta ikasleek herrialdean demokrazia ezartzea eskatu eta gobernuaren ustelkeria salatu zuten.

Amadou Toumani Touré, ezkerrean, eta Lula da Silva 2010ean.

1991ko martxoan, gobernuaren kontrako protesta eta istilu giroan, Toumani Touré jenerala buru zuen ofizial talde batek Traore eraitsi zuen, 1992an agintea zibilen eskuetan utziko zuelako aginduarekin. 1991ko ekainean, tuaregak matxinatu ziren. Abenduan agintarien eta tuaregen arteko elkarrizketak hasi ziren. Tuaregek su-etena onartu zuten presoen askatasunaren truke. 1992ko apirilean, Alpha Oumar Konarék irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak. Tarte horretan Konare presidenteak politika eta ekonomia erreformak bultzatu zituen eta ustelkeriaren kontra borrokatu ere. Amnistia Internazionalak, baina, oposizioko kideak akusaziorik gabe eta epaiketarik egin gabe kartzelatu izanaz salatu zuen gobernua. Gudarosteak, bestalde, tuareg asko hilarazi zituen. 1997ko maiatzean, presidentetzarako hauteskundeetan, Konarék botoen %95 jaso zituen, eta legebiltzarrerako hauteskundeetan ere gobernuko alderdiak eskuratu zituen aulki gehienak. Baina bai presidentetzarako hauteskundeetan, bai legebiltzarrerakoetan, oposizioak boikota egin zuen eta jende gutxik hartu zuen parte.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an, Amadou Toumani Tourék, 1991ko altxaldiko liderrak, armada utzi egin hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, eta baita irabazi ere, Maliko presidente bihurtuz. 2007an kargua berritu zuen. Beti ere, garai bateko izen ona galduz joan zen, ustelkeriari aurre egiten asmatu ez zuelako[1].

Tuareg matxinoa iparraldeko Malin.

2010eko hamarkadaren hasieran, Mali sozialki zein politikoki Afrikako herrialde egonkorrenetakoa zen. Baina 2012ko urtarrilean, Azawaden Askapen Nazionalerako Mugimendua (MNLA) Maliko gobernuaren aurka matxinatu zen. Apirilaren hasierarako tuareg matxinoek Maliko iparraldeko zati handiena kontrolpean zeukaten, eta Azawaden independentzia adierazi zuten[2]. Gatazka katramilatuz joan zen, martxoaren 22an militar talde batek Amadou Toumani Touré-ren aurkako estatu-kolpea eman zuelako[3] eta, geroago, tuareg eta islamista matxinoen arteko liskarrak piztu zirelako. Azawadeko matxinada indargabetzeko asmoz, 2013ko urtarrilean Frantziak Serval Operazioa abiarazi zuen, eta 4.600 militar bidali zituen Malira[4]. Hilabete bat geroago, maliar eta frantziar tropek iparraldearen zati handiena berreskuratzea erdietsi zuten. Interbentzioaren ondorioz, 600 gerrilari eta 100 soldadu inguru hil ziren[5].

2013ko ekainean tuareg matxinoen eta gobernuaren arteko bake ituna sinatu zen[6], eta uztailean Nazio Batuen Erakundeak kasko urdinak bidali zituen Malira, Minusma operazioaren barnean[7]. Baina urte amaieran tuareg errebelek amaitutzat jo zuten su-etena, eta gudua berpiztu zen[8]. 2014ko abuztuaren 29an, MNLAk, Azawadeko Mugimendu Arabiarrak eta haien gainerako aliatuek elkarren arteko liskarrak amaitu eta fronte komun bat osatzea erabaki zuten, irailean Maliko Gobernuarekin Aljerian hastekoak zituzten bake negoziazioei begira. Burkina Fason egin zuten akordioa[9]. Urriaren 8an, Azawaden ekintza azkarreko indar militar bat hedatzeko eskatu zion NBEren Segurtasun Kontseiluari Maliko atzerri ministro Abdulaye Diopek. Izan ere, 2013ko apiriletik, 30 pertsona hilak ziren Maliko iparraldean NBEren kasko urdinen kontrako erasoetan[10]. Abenduaren 9an, Magreb Islamiarreko Al-Kaidak askatu zuen 2011tik gatibu zuen frantziarra[11]; gobernuaren arabera, Malik presoak libratu zituen gatibua askatzearen truke[12]. 2015eko otsailean, beste su-eten bat sinatu zen Aljerren.

2020ko abuztuaren 18an, militar talde bat gobernuaren aurka altxatu zen. Kolpistek Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa kargutik kendu zituzten, eta Bah N'Daw izendatu zuten trantsizio prozesuko presidente.[13][14] 2021eko maiatzaren 24an, Maliko armadak Bah N'Daw presidentea eta Moctar Ouane lehen ministroa kargugabetu zituen; Assimi Goitak hartu zuen presidente kargua.[15] Irailean, Maliko Gobernuaren eta Wagner talde militar errusiarraren arteko kontratua sinatu zen. Agiriak herrialdean mertzenarioak zabaltzea aurreikusten zuen, Maliko soldaduak prestatzeko eta goi mailako pertsonak babesteko.[16]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zein da zein Mali eta Azawaden arteko gatazkan. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  2. Zergatik ez du onartzen nazioarteak Azawaden independentzia?. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-98).
  3. Matxinoek Gobernua desegin dute eta zenbait ministro atxilotu dituzte. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  4. 4600 soldats français mobilisés. ledauphine.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  5. Frantziako armada Malitik ateratzen hasi da. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  6. Mali and Tuareg rebels sign peace deal. bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  7. Kasko urdinen txanda Malin. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  8. Tuareg separatist group in Mali 'ends ceasefire'. bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  9. «Azawadeko matxino taldeek indarrak bilduko dituzte Malirekin negoziatzeko», Berria, 2014-08-30
  10. «Ekintza azkarreko indarrak eskatu dizkio Malik NBEri», Berria, 2014-10-09
  11. «Aske utzi dute 2011tik Malin atxikia zuten frantziarra», Berria, 2014-12-09
  12. «Malik dio presoak trukatu dituztela bahitu batekin», Berria, 2014-12-13
  13. Alberdi Atxurra, Iosu. Maliko presidentea eta lehen ministroa bahitu dituzte militarrek. Berria, 2020ko abuztuak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
  14. Ba Ndaou, Maliko trantsizioko presidente berria. Berria, 2020ko irailak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
  15. Perez Zala, Ander. Maliko presidentea eta lehen ministroa kargugabetu dituzte. Berria, 2021eko maiatzak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
  16. Desorgues, Pierre. Mali: bientôt des mercenaires russes pour former l'armée nationale?. TV5 Monde, 2021eko irailak 13, information.tv5monde.com (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]