Edukira joan

Malkar-sorbeltz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Malkar-sorbeltz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaApodiformes
FamiliaApodidae
GeneroaTachymarptis
Espeziea Tachymarptis melba
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa6,05 g
96 g
Kumaldiaren tamaina2
Eguneko zikloaeguneko

Malkar-sorbeltza[1] (Tachymarptis melba lehenago Apus melba), apodidae familiako hegazti espeziea da. Hegoaldeko Europatik Himalaiarainoko mendietan bizi da, tartean Euskal Herrian ere.[2]

Gorputz fusiformea. hego luzeak, estuak, puntazorrotzak eta arkudunak ditu sorbeltz guztiak bezala. Hanka oso motzak, lumadun tartsoak, ibiltzeko txarrak, baina azazkal txiki, kurbatu eta zorrotzekin, arroketako pitzadurei eta arraildurei heltzeko oso erabilgarriak.

Mokoa laburra da, baina ahoa izugarria, ertzak begien mailaraino jarraitzen baitu. Irekitzean, inbutu itxura du, oso egokia hegaldi erdian intsektuak harrapatzeko.

Kolore arre-grisaxka uniformea du, gorputzaren beheko aldea izan ezik, zuria dena, eta bularraren goiko aldea zeharkatzen duen zerrenda batek banatua, lepoko bat bezala, gainontzeko lumajearen arre kolore berekoa.

Sorbeltz arrunta baino askoz handiagoa, 22 cm inguruko tamaina du, eta hegoak zabalduta metro erdia gainditzen du, bere hego zabalera 52 eta 56 cm bitartekoa baita, ia belatz batena.[3]

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Airean bizi da, hegan egiteko egina dago, ia ez da geratzen habiara doanean izan ezik. Istripuz ez bada, ez da inoiz lurrera jaisten eta, nahi gabe lurreratzen bada, ozta-ozta lortzen du hegaldia hartzea harkaitz edo desnibel txiki bat igota. Jan, edan, habiarako materialak bildu, estali eta lo airean egiteko gai da.

Aireko planktonarekin bizi den espezie batean ezin zitekeen bestela izan. Malkar sorbeltza migratzailea da, gure latitudeetara apirilaren erdialdera iristen da eta irailaren amaiera eta urriaren erdialdera bitartean uzten gaitu negua Afrikako lurretan edo zehatzago, zeruetan igarotzeko.

Hegaldian harrapatzen dituen intsektu eta armiarma mota guztiak jaten ditu. Goian eboluzionatzen du, keinu eta bira bizkorrak eginez, edo lurra urratzen abiadura bizian mendialdeko belardi eta sastrakadiak orraztuz, leku hauetan ehizatzea asko gustatzen zaio. Matxinsaltoek, tetigoniek eta tximeletek zerga handia ordaintzen dute. Normalean ilunabarrera arte luzatzen du bere jarduera, gaueko intsektuen hegaldia aprobetxatzeko.

Hazteko, kolonia txikietan biltzen dira eta labar bateko pitzadurak eta zuloak banatzen dituzte, Gure mendietako kareharrizko geruzetan habia egiteko leku egokirik ez du falta. Habia, lumatxarekin eta hegaldian harrapatu eta papoan gordetzen dituzten haizeak eramandako beste material arin batzuekin eraikitzen dute. Ondoren listuz ondo bustita, harkaitzean itsatsi egiten dituzte arrautzak jartzeko ontzi bat osatu arte.

Errunaldia maiatza inguruan egiten du; bizpahiru arrautza zuri, arra eta emeak txandaka inkubatzen dituzte. Txitak 20 egun ingurura jaiotzen dira eta garapen prozesu luzea dute, 55-60 egun geroago arte ez baitute habiatik irteten, nahiz eta egiten dutenean ia heldu baten abiadura eta trebeziaz hegan egiten duten.

Banaketa, habitata eta egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima epeleko espeziea da. Mundu Zaharreko eremu mediterraneo eta tropikaletan ugaltzen da. Europan Mediterraneoko eremuan zehar hedatzen da, iparraldean pixka bat barneratuz, Alpeetan zehar, Suitza eta Alemaniako hegoaldera. Iberiar mendilerroen zati handi bat okupatzen du.

Bere Euskal Herriko banaketak, Europan espeziearen izaera mediterraneoa berrezten duela dirudi. Kantauri isurialdean ez dago, mendi zein kostaldeko arrokak ugari izan arren. Kolonia gutxi batzuk, dozena erdi eskas, Arabako mendebaldeko labarretan, Salvada-Guijibo mendilerroen artean iparraldean eta Arcena hegoaldean. Beste bizpahiru kolonia Kantabrian eta Orbiso-n

Bere habitata gure mendietako labarretan eta harkaitz-hormetan dago. Badirudi arroilen nolabaiteko zaletasuna duela, Subijanan Bayas bezala.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Malkar-sorbeltz» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
  2. Tomek, Teresa & Bocheński, Zygmunt (2005): Weichselian and Holocene bird remains from Komarowa Cave, Central Poland. Acta zoologica cracoviensia 48A(1-2): 43-65. PDF
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 205 or. ISBN 84-7542-639-5..


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.