Mallako Natura Erreserba Hertsia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Mallako Natura Erreserba Hertsia

Mallan luonnonpuisto.JPG

MallakoNaturaErreserbaHertsiamapan.png
Kokalekua Eanodat / Enontekiö, Lappi
 Finlandia /  Laponia
Azalera 31 km²[1]
Sorrera 1916an (erreserba hertsia: 1938)[1]
Arduraduna Metsähallitus[1]

Mallako Natura Erreserba Hertsia (finlandieraz, Mallan luonnonpuisto; ipar samieraz, Mallá luonddumeahcci) Finlandiako ipar-mendebaldeko muturrean dagoen natura erreserba hertsia da. Malla mendiek osatzen duten ingurunean dago, Enontekiöko Kilpisjärvi herriaren aldamenean, eta Norvegia, Suedia eta Finlandia herrialdeek bat egiten duten eremuan. Guztira, 31 km²-ko azalera dauka eta herrialdeko babestutako eremu zaharrenetakoa da; izan ere, 1938. urtera arte natura erreserba bihurtu ez zen arren, 1916. urterako gutxiengo babesa bazuen inguruneak. Kilpisjärviko Natura Zentroa da babestutako eremuaren informazio gunea.

Landaretza ugaria eta landare espezie aniztasuna dira, batik bat, Mallako Natura Erreserba Hertsiaren ezaugarriak. Izan ere, altitudeak, mendien altuera desberdintasunak, eta Ozeano Artikoaren hurbiltasunak ekartzen duen hezetasunak Finlandiako gainontzeko eskualdeen nolakotasunetatik bereizi egiten dute Malla. Bestalde, karedun arrokaz osatutako ohantzea ere oso berezia da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mallako Natura Erreserba Hertsia Finlandiako ipar-mendebaldeko muturrean dago, Eskandinaviako mendiak herrialdean sartzen diren pasabide naturalean. Zehazki, Malla mendiek (738 metroko Pikku-Malla eta 942ko Iso-Malla) osatzen duten ingurune zabala hartzen du babestutako eremuak, Kilpisjärvi aintziraren iparraldean dagoena. Bertan, Eskandinaviako hiru herrialdeek bat egiten dute, Enontekiöko Kilpisjärvi herriaren alboan. Guztira, 31 km²-ko azalera du eta Lappi osoko azalera txikiena duen natura erreserba hertsia da.

Babestutako inguruneak hartzen duen eremua anitza da. Alde batetik, Kilpisjärvi eta Malla inguruko mendi larre soilak daude; bestetik, mendien hegaletan zabaltzen den urkidi zabala; eta azkenik, aintzira eta errekastoek sortzen duten ur ingurunea. Landaretza ugaria eta landare espezie aniztasuna dira, batik bat, Mallako Natura Erreserba Hertsiaren ezaugarriak. Izan ere, altitudeak, mendien altuera desberdintasunak, eta Ozeano Artikoaren hurbiltasunak ekartzen duen hezetasunak Finlandiako gainontzeko eskualdeen nolakotasunetatik bereizi egiten dute Malla. Bestalde, karedun arrokaz osatutako ohantzea ere berezitasun nabaria da.

Mallako Natura Erreserba Hertsiko mapa
MallakoNaturaErreserbaHertsikoMapa.png
Siilasjärvi
Šilisjávri
Guohkkemašjávri
Kuohkimajärvi
Golddajávri
Koltajärvi
Mallajärvi
Mallájávri
Mallako Natura Erreserba Hertsia
Silisguoika
Siilaskoski

Ondorengoak dira Mallako Natura Erreserba Hertsiko geografia ezaugarri aipagarrienak:

  • Eskandinaviako muga hirukoitza: Finlandia, Norvegia eta Suedia herrialdeek muga egiten duten puntua da (69° 03′ 30″ N, 20° 33′ 0″ E / 69.05833°N,20.55000°E / 69.05833; 20.55000Koordenatuak: 69° 03′ 30″ N, 20° 33′ 0″ E / 69.05833°N,20.55000°E / 69.05833; 20.55000). Koltajärvi izeneko aintziran dago muga hirukoitza, Mallako Natura Erreserba Hertsiaren mutur batean, eta bertan, Eskandinavia osatzen duten herrialdeek betoizko kono-enbor itxurako oroitarri hori bat ipini zuten 1926. urtean. Muga izateaz gain, Finlandian mendebaldeen dagoen puntua da eta Suedian, aldiz, iparren dagoena. Bertara iristeko modu ezagunenak Kilpisjärvi herritik abiatzen den txalupa eta Malla zeharkatzen duen 11 km-ko ibilbidea dira[2].
  • Gihccegorži edo Kitsiputous: Iso-Malla eta Pikku-Malla mendien artean dagoen ur-jauzia da, Finlandiako ur-jauzi altuenetakoa. Zehazki, Mallako ibilbidearen erdigunean dago, sarreraren eta Eskandinaviako muga hirukoitzaren artean. Guztira 22 metroko altuera duen arren, Kitsijoki ibaiko ura ez da zuzenean jausten, eta, ondorioz, herrialdeko erorketa altuena duen ur-jauzia Pihtsusköngäs da, Enontekiö iparraldeko muturrean dagoena. Neguan, ur erorketa izoztu egiten da eta Kitsiputous izotz-jauzi bihurtzen da[3].
  • Gilbbesjávri edo Kilpisjärvi: Finlandia eta Suedia artean dagoen 37,33 km²-ko aintzira da. Mallako Natura Erreserba Hertsiaren hegoaldeko muga markatzen du eta, gutxi gorabehera, urtean 223 egunez egoten da izoztua. Inguruneak eta Gilbbesjávri edo Kilpisjärvi herriak izena zor diote[4].
  • Mallá čohkka edo Pikku-Malla: natura erreserban dagoen 738 metroko tontorra da. Malla mendiaren bi gailurren artean baxuena da, horregatik jasotzen du finlandieraz Pikku-Malla izena (euskaraz, Malla txikia); iparralderago dagoen tontorrak, Iso-Mallak (Malla zabala edo handia), aldiz, 942 m-ko altuera du. Pikku-Mallatik igarotzen dira eremu babestuko ibilbide ezagun gehienak, izan ere, mendiaren gainetik Kilpisjärvi aintzira, Saana eta suediar aldeko Eskandinaviako mendiak ere ikus daitezke[3].
  • Silisguoika edo Siilaskoski: Siilasjärvi aintziratik Kilpisjärvira doan ur-bidea da, Mallako Natura Erreserba Hertsiaren sarbidea. Hain zuzen, errekasto honen gaineko zubitxoa da natura parkea zeharkatzen duten bide guztien atea; beraz, naturazaleen nahitaezko pasabidea da. Siilaskoski abiadura bizian doazen ur-lasterrek osatzen dute, bertatik Könkämäeno ibairako bidea hartzen dutenak, Botniako golkoan itsasoratzen diren arte. Hala, hegoalderanzko bidea hartzen duten iparren dauden Enontekiöko urak dira Siilaskoskikoak. Bertatik iparraldera, hau da, Jehkatstunturi menditik iparraldera, urak Ozeano Artikoan itsasoratzen dira[3].

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natura erreserba zirkulu polar artikoaren gainean dago, 430 bat km iparrera; horrenbestez, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna Mallako zeruaren jabe izaten da maiatzaren 22tik uztailaren 22ra; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, azaroaren 25etik urtarrilaren 17ra izaten da[5].

2013ko klima datuak[6]
Gilbbesjávri / Kilpisjärvi
Klima polarra Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa °C 2,6 2,8 0 6,5 26,1 23,5 24,2 21,9 17,9 10,3 1 5 11,8
Batez besteko maximoa °C -4,6 -6,9 -7,3 1 10,2 15,2 16,2 15,2 11 2,2 -2,5 -5,5 3,7
Batez bestekoa °C -10 -11,9 -12,9 -3,6 5,4 10,5 11,6 11,3 7,9 -0,6 -5,9 -9,8 -0,6
Batez besteko minimoa °C -16,6 -17,5 -19,8 -9,7 0 6,1 7,6 7,3 5,1 -3,4 -9,8 -15 -5,4
Minimoa °C -33,5 -33,6 -30,4 -25,8 -9,7 0,3 3,5 1,4 -0,3 -13,6 -17,5 -37,7 -16,4
Prezipitazio-egunak 30 27 30 26 16 25 24 21 24 30 29 28 310

Altueraren arabera, Mallan bi klima bereizten dira: azpiartikoa, 550-600 metro beheko inguruan, eta polarra, hortik goitiko eremuan. Orokorrean, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain izozgarriak, Ozeano Artikora iristen den ur-korronte beroak neguak leuntzen dituelako. Elurrak, aldiz, natura eremuko lurzorua estaltzen du urri amaieratik maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[7].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspalditik botanikoen eta landare zaleen paradisua izan da Kilpisjärvi aintziraren iparraldeko eremua. Käsivarsi inguruneko aurreneko esploratzaileen artean daude, besteak beste, Giuseppe Acerbi italiarra eta Edward Clarke naturalista ingelesa, XVIII. mendean. Mallako mendiak aipatzen dituen lehenbiziko dokumentua ere mende horretakoa da, zehazki, 1746. urtekoa. Karesuvantoko bikario izan zen Lars Levi Laestadius botanistak ere ikerketa ugari burutu zituen 1826. urtetik aurrera. Dena den, Mallako mendien ingurunea babesteko kezka lehenbizikoz Justus Montell muonioar basozain ospetsuak izan zuen, 1900eko hamarkadan. Montell natura zale porrokatua zen; guztira, 30.000 landare bildu eta 72 argitalpen idatzi zituen lanean jardun zuen hogeita hamar urtetan. Azkenean, gutxiengo babesa lortu zuen eremuarentzat 1916. urtean[8].

Saana muinoaren gailurretik natura erreserbari izena ematen dioten bi tontorrak: Pikku-Malla (aurrean) eta Iso-Malla (atzean). Alde banatan, aldiz, Kilpisjärvi (ezkerrean) eta Siilasjärvi (eskuinean, harri mukuruaren atzean) aintzirak.

Natura erreserba beranduago iritsi zen, 1930eko hamarkadan. Hain zuzen, independentzia eskuratu berri zuen Finlandiak bere natura ondasun oparoa babesteko kontserbazio legea onartu zuen 1923. urtean, eta ordutik aurrera lehen parke nazionalak eta natura erreserba hertsiak sortzen hasi ziren. Babestutako eremu hauen lehenengo belaunaldia 1938. urtekoa da. Mallarekin batera izendatu ziren, besteak beste, Pisavaarako Natura Erreserba Hertsia, eta Pallas-Ounastunturi eta Pyhätunturi parke nazionalak, hurrenez hurren, egungo Pallas-Yllästunturi eta Pyhä-Luosto parke nazionalen aitzindariak direnak. Ikerketa zientifiko sistematikoa, aldiz, ez zen 1964. urtera arte iritsiko Mallara, Helsinkiko Unibertsitateak Kilpisjärviko Biologia Estazioa ireki zuen arte, hain zuzen ere[8][9].

Azkenik, aipatzekoa da mendeetan zehar eremu honek izan duen garrantzi kulturala. Izan ere, merkatarien eta abeltzainen nahitaezko igarobidea izan da, Torne eta Muonio ibaiak Norvegiarekin eta Ozeano Artikoarekin lotu dituen pasabidea. Kilpisjärvira iritsi zen lehenengo errepidea 1941. urtekoa da, Jarraipenaren Gerran eraiki zena[10].

Ibilbideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira, Mallako Natura Erreserba Hertsia zeharkatzen duten markatutako hiru ibilbide daude: Mallako bidea, Koltalahti-Hiru Nazioen Mugako bidea, eta Pikku-Mallako bidea[11].

Ezagunena natura erreserbaren izena daraman bidea da, hau da, Mallako bidea. Hamaika kilometro luzeko ibilbidea Kilpisjärvi herriko iparraldeko mugan hasten da, eta Siilaskoski ur-lasterren gainean dagoen zubitxoaren bidez sartzen da babestutako eremura. Urkidi sakonen artetik egiten du aurrera bideak, bi kilometro ostean, mendiko larrera ateratzen den arte. Orduan, 2,5. kilometroan, Pikku-Malla mendia igotzeko aukera ematen duen bidegurutzea dago. Mallako bidea jarraituz gero, gutxinaka, aldapa gora hasten da Iso-Malla mendiaren magalean, Kitsiputous ur-jauziraino iristen den arte. Ur-jauzi arrokatsua atzean utzi ondoren, beheranzko bideari hasiera ematen zaio, aspaldian elur-orein zainek segitu ohi zuten bide beretik. Kuohkimajärvi aintziraren eta bertan dagoen etxalde edo borda ondotik igarotakoan, Mallako bidea bukaeraraino iristen da, Eskandinaviako muga hirukoitzera. Ibilbide hau Artikoko bidearen parte da.

Bestetik, hiru kilometroko luzera duen Koltalahti-Hiru Nazioen Mugako bidea dago. Ibilbide hau Kuohkimajärvi aintziraren suediar ertzetik abiatzen da, Koltalahti izeneko golkoan, eta hiru nazioen mugaraino doa. Abiapuntura Kilpisjärvi herritik ateratzen den txalupa bidez baino ezin daiteke iritsi.

Eskandinaviako muga hirukoitza udazkenean.

Azkenik, natura erreserbako mendi ospetsuenera igotzeko bidea dago, Pikku-Mallako bidea. Mallako bidearen modu berean, ibilbidea Kilpisjärvi herrian hasten da. Pare bat km urkidien artetik ibili ondoren, 2,5. kilometroan bi bideak bereizi eta Pikku-Malla igotzeko aldapa gora leuna hasten da. Hala, bidearen helmuga 738 metrotako tontorra da; guztira, zazpi kilometro.

Izaki bizidunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natura erreserbak hartzen duen eremua anitza da. Alde batetik, mendien hegaletan zabaltzen den urkidi zabala dago, besteak beste, papourdinaren bizilekua dena. Hegazti espezie hau Lappiko ikur nagusia da eta, hain zuzen ere, Kilpisjärvi aintzira ondoko basoan biltzen da udaro papourdinen mundu osoko multzo handiena. Hauekin batera, negu-txonta abeslariak eta buztangorri argiak bizi dira, eskualdeko basoetan nagusi den hegazti espeziea. Bestetik, Kilpisjärvi eta Malla inguruko mendi larre soilak daude. Bertan ikus daitezkeen hegazti espezieen artean daude elur-hontza, eper zuria, ipar-belatza, ipar-berdantza, marikoi isatsluzea, txirri lepokoduna, urre-txirri arrunta, zapelatz galtzaduna eta zozo paparzuria. Azkenik, Kilpisjärvi aintzira eta ur-eremuetan, izotz-ahateak, ahatebeltz hegazuriak eta ehizara jeisten diren ur-zozoak izaten dira[12].

Klima hotz dela-eta, Mallako Natura Erreserba Hertsian aurki daitezkeen hegazti espezie gehienak migratzaileak dira. Guztira, 97 espeziek jartzen dute habia Käsivarsi inguruan. Dena den, badira Yliperäko negua bertan igarotzen dutenak ere; besteak beste, erroiak, eskandinaviar lagopodoak, ipar-kaskabeltzak, laponiako kaskabeltzak, eta lehen aipatutako eper zuri eta ipar-belatzak.

Elur-oreinak Käsivarsin.

Malla eta Kilpisjärvi inguruan bizi diren ugaztun nagusiak ugaztun txikiak dira, batik bat, elur-erbiak eta karraskari txikiak. Hain zuzen, lursagu eta leming arruntek bost urtero izaten duten kopuru gorabeherak eragin zuzena izaten du natura erreserbako hegazti harraparien eta ugaztun handiagoen kopuru eta sasoian. Hala, karraskari hauek ugaritzen diren garaian, harraparien kopurua ere izugarri igotzen da, eta hauek falta direnetan, berriz, asko gosez hil ohi dira. Ugaztun harrapari hauen artean, aipatzekoak dira erbinudeak, erbinude zuriak eta azeri arruntak, baita zenbaitetan aurrera egitea lortzen duten azeri artikoak ere. Karraskari hauetaz elikatzen diren hegaztiak dira, besteak beste, elur-hontzak, marikoi isatsluzeak, zapelatz galtzadunak eta zingira-hontzak.

Bestalde, babestutako eremuan urte osoan bizi diren zenbait ugaztun haragijale ere badaude; esate baterako, jatuna eta ipar-katamotza.

Eremu menditsuko lur karedunean hazten diren landare bereziei esker, hainbat tximeleta espeziek bizirauten du Mallan; hala nola, driada zuri eta artikoko zurikatxa landareez elikatzen den artikoko mitxirrika. Guztira, 340 bat espezie zenbatu dira natura erreserban, eta guzti hauetatik hamaseik Malla eta Kilpisjärvi dituzte finlandiar lurraldeko bizileku bakarrak.

Mallako bidearen hastapenak urkidi artean.

Tximeleta espezie hauek udako hilabete epeletan baino ez dira ikusten, ugalketa burutzeko baliatzen duten sasoia. Hain zuzen, gauerdiko eguzkiari esker, tximeletek argi ordu gehiago izaten dute euren helburua betetzeko. Iluntasunezko momentu apurretan, aldiz, sitsek hartzen dute bizilagunen lekua. Oro har, intsektuak ilunak eta iletsuak izaten dira, ezaugarri hauek eguzkiarengandik hartzen duten epeltasun apurra gorputzean ahal bezainbeste mantentzeko lagungarriak baitira.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landaretza ugaria eta landare espezie aniztasuna dira Mallako Natura Erreserba Hertsiaren ezaugarriak. Izan ere, altitudeak, mendien altuera desberdintasunak, eta Ozeano Artikoaren hurbiltasunak ekartzen duen hezetasunak Finlandiako gainontzeko eskualdeen nolakotasunetatik bereizi egiten dute Malla. Gainera, karedun arrokaz osatutako ohantzea ere berezitasun nabaria da. Karedun arroka hauek mendien magaletatik jauzi egindako eskistoek osatzen dute, aspaldian itsas hondoan pilatutako sedimentuen ondorengoak direnak. Gaur egun, eskito hauetako mantenugaiekin elikatzen dira natura erreserbako landareak. Guztira, 434 landare baskular espezie daude Kilpisjärvi inguruan, eta horietatik 28 Finlandian agertzen diren leku bakarra da Malla[13].

Mendi magaletako urkidiak itsaso gaineko 600-650 metroko altuerara iristen dira Kilpisjärvin. Urki zuria da, hain zuzen ere, natura eremuko zuhaitz espezie nagusia, pinua ez baita latitude honetaraino iristen. Urkidi hauek Saana eta Mallako tontorren karedun magaletan daude, eta alturako zuhain oparoari esker, larre eremu elikagarriak dira. Beste zenbait tokitan, aldiz, mendi gaineko urkidiak antzuagoak izaten dira, eta lurzorua zuhaixka nanoek osatzen dute.

Zuhandor nanoa Kilpisjärvin.

Eremu altuagoetan, urkidien eta 950 metroko altueraren arteko ingurunean, larre alpetarra eta azpialpetarra txandakatzen dira. Hauen ezaugarri nagusiak belardiak eta urte osoko elur geruzak dira. Landareak egoera latzean bizi dira bertan. Tenperaturak oso baxuak izaten dira, baita udan ere, eta handitze sasoia motza da. Neguko elur geruzak izotzaldien eta haizearen aurkako babes eremua ematen du; horrek, lehortze efektutik babesten du lurzorua. Dena den, luzaroan mantentzen bada, elur geruzak landareen hazkuntza sasoia nabarmen laburtu dezake. Bertan, ez du ia zuhaitzik bizirauten, ezta zuhaixkek ere, zenbait ipar-ipuruk, sahats nanok eta ahabiak baino ez. Urteroko landarerik ez dago, uda motzek hazien umotze eta ernetzea zalantzan jartzen dutelako askotan. Landare nagusiak zuhaixka nano eta landare trinko batzuk baino ez dira, lur azpiko atala ongi garatua duten landare espezieak. Hauen artean daude, besteak beste, alpetar azalea, Diapensia lapponica eta nagusi den artikoko zurikatxa.

Elur geruza berandu urtzen den eremuetan, errekastoen inguruan edota arroka hormetan, aldiz, belardiak izaten dira. Larre hauetan Trollius europaeus eta zaingorria moduko espezieak aurki daitezke; altuago ere, ezpata-belarra, Festuca ovina edo ihiak ikus daitezke. Sahats nano erretikulatua landare txikia da, zuhaixka-fromakoa eta landare apaingarri moduan erabiltzen dena, eta elikagai ugariko lurretan baino ez da hazten, Mallako Natura Erreserba Hertsia moduko eremuetan. Harri hormetan hazten diren landareen artean, bestetik, arroketako beronika, xardin-belar berdea eta Woodsia alpina daude.

Mendien gailurretan, 900 metro edo goitiko eremuetan, ez du ia zuhaixkarik bizirauten. Salbuespena, lehen aipatutako artikoko zurikatxa da. Elur artean moldatzen diren beste landare batzuk ere ikus daitezke; besteak beste, elur-urrebotoia eta zenbait harrautsi espezie. Mendietako landareentzat ezinbestekoa da elurra urtu bezain laster loratzea, ahalik eta probetxu handiena ateratzeko eguzkipean dauden tarte motzari. Hala, uda motzean prestatzen dira kimuak hurrengo udarako.

Mallako Natura Erreserba Hertsian aurki daitezkeen beste landare bitxi batzuen artean, Oxytropis lapponica dago, arraroa dena bai Finlandian, bai Eskandinavian. Babestutako eremu honetan baino ez dela hazten baieztatu da. Beste espezie batzuk aipatzeko, laponiar errododendroa, ipar-urrebotoia, elur-errosta, zuhandor nanoa, Erigeron uniflorus, Thalictrum alpinum eta Arnica angustifolia.

Mallako mendien (ezkerrean) eta Saanaren (eskuinean) neguko ikuspegia Kilpisjärvi aintzira izoztuaren gainean.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Mallá luonddumeahcci - "Viidodat 31 km², vuođđuduvvon 1938" (lundui.fi) 2014.06.10
  2. Treriksröset 2011.07.20
  3. a b c Sights in Malla Strict Nature Reserve (outdoors.fi) 2014.06.11
  4. Suomen vesistöjen jääolot.pdf Kilpisjärvi. 2014.06.19
  5. University of Helsinki Kilpisjärven biologinen asema. 2014.06.27
  6. Kilpisjärven ilmasto 2014.06.27
  7. Revontulten 2010.12.17
  8. a b Mallan historia (luontoon.fi) 2014.06.23
  9. Helsingin yliopisto Kilpisjärven biologinen asema. 2014.06.24
  10. Liikennevirasto Valtatie 21. 2014.06.24
  11. Malla Strict Nature Reserve Trails (outdoors.fi) 2014.06.23
  12. Animals in Malla Strict Nature Reserve (outdoors.fi) 2014.06.11
  13. Vegetation in Malla Strict Nature Reserve (outdoors.fi) 2014.06.24

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mallako Natura Erreserba Hertsia