Malvinetako itsaslasterra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Malvinetako itsaslasterra[1] edo Falklandetako itsaslasterra[1] Antartikaren inguruetako ur hotza garraiatzen duen itsaslaster bat da. Hegoaldetik iparralderantz higitzen da, eta Malvina uharteak inguratzen ditu. Horregatik du izen hori.

Malvinetako itsaslasterraren batez besteko abiadura, gutxi gorabehera, 2 km/h da. Nolanahi ere, kontinente-plataformaren gainean doanean, abiadura txikiagoa izaten du, sakonera ere txikiagoa baita. Zenbat eta handiagoa sakonera, hainbat txikiagoak dira hala gazitasuna nola tenperatura; kostara hurbiltzean, dena den, itsaslasterraren tenperatura igo egiten da, eta gazitasuna, berriz, murriztu, ibaien ur-ekarpenagatik.

Malvinetako itsaslasterra Drake pasaian sortzen da, gutxi gorabehera 55° S latitudean, han bereizten baita Itsaslaster Zirkunpolar Antartikotik, eta, kontinente-ezpondan barrena, Antartikako ura garraiatzen du iparralderantz, 39° S eta 36° S bitarteko latituderaino. Itsaslasterraren ur-masa nagusia 150 m eta 600 m arteko sakoneran dago; 4° C eta 5 °C arteko tenperatura du, eta ‰ 34,1 eta ‰ 34,2 bitarteko gazitasuna.

Malvinetako itsaslasterraren kontrako noranzkoan higitzen da Brasilgo itsaslasterra; ‰ 35,0 baino gehiagoko gazitasuneko eta 16 °C-tik gorako tenperaturako ur subtropikalak garraiatzen ditu hegoalderantz. 36° S eta 38° S bitarteko latitudera iristean, Malvinetako itsaslasterrarekin bat egiten du, Rio de la Plata estuariotik gertu. Orduan, bi itsaslasterrak, bat eginik, aldendu egiten dira kontinente-ertzetik, eta hego-ekialderantz egiten dute, Hego Atlantikoko zirkulazio-zikloa osatzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]