Mamen Rodrigo
| Mamen Rodrigo | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Bilbo, XX. mendea |
| Herrialdea | |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Urko Igartiburu Verdes |
| Seme-alabak | ikusi
|
| Familia | |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | abeslaria eta gitarra-jotzailea |
Mamen Rodrigo (Bilbo, Bizkaia, abenduaren 9a) bizkaitar abeslaria eta gitarra jolea da. Ezaguna egin zen1980ko hamarkadan Espainiako estatu mailan neskez osatutako lehen punk taldeko kidea izan zenean,[1] baita Puro Chile taldeko kidea ere.[2][3]
Musika ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vulpes
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vulpes edo Vulpess 1980. urtean Bilbon sortutako euskal musika taldea izan zen. Neskez osatutako lehen punk taldea izan zen estatu mailan. Taldearen izena latinezko hitz bat da, bere esanahia azeri-emea esan nahi du (emagaldua euskaraz eta zorra gazteleraz). Abesti guztiak gazteleraz egiten zituzten, famatuena "Me gusta ser una zorra" (Emagaldua izatea gustoko dut) izan zen, The Stooges taldearen I wanna be your dog lanaren itzulpen (oso) askea.[3][4] Hogei bat emakume taldetik pasatu ostean, 1982ko udan egonkortasuna lortu zuten 17-21 adin tarteko lau kideak hauexek izan ziren: Mamen Rodrigo "Evelyn Zorrita" (ahotsa); Begoña Astigarraga "Ruth Zorrita" baxu-jotzailea; Loles Vázquez "Anarkoma Zorrita" (gitarra) eta Lupe Vázquez "Pigüy Zorrita" batería.[4][5]
1983an single bat kaleratu zuten bi abestirekin: Me gusta ser una zorra eta Inkisición. Single horren azalean taldearen izena SS 'naziekin' jarri zuten, zirikatzeko helburu hutsarekin, ez eskuin muturrekoak zirelako. Hori dela eta, gehienetan Vulpess izenpean dira ezagunak.[4]
Urte berean —Sexu-askatasunaz eta emakumeen plazeraz publikoki hitz egitea eskandalu nazionala zenean[6]— bideoklip bat grabatu zuten. Carlos Tena TVE1erako "Caja de Ritmos" musika saio berria prestatzen ari zen, eta Vulpes taldeari bideoklipa grabatzea proposatu zion. Me gusta ser una zorra abestia aukeratu zen kamera aurrean interpretatzeko. Grabaketa egiteko bi aukera eman zituen Carlos Tenak, bata kantuaren hitzak leuntzea, eta bestea, kantuan zehar biraoak entzuterakoan zentsura aplikatzea. Taldekideek bigarren aukera hautatu zuten, hala ere bideoklipa bere osotasunean eta zentsura barik emititu zen 1983ko apirilaren 16an. Maiatzaren 1ean ABC egunkariaren editorialean emisio horren berri eman zen, abestiaren hitzak zabaldu ziren eta telebista kateko zuzendaritzari neurriak hartzeko eskatu. Partido Demócrata Popular (PDP) alderdia ere kexatu zen. Gainera, Estatuko fiskal nagusiak Loles Vázquez kidea auzitara eraman zuen, abesti horren hitzen egilea zen eta. Horrengatik gutiarengatik Carlos Tenak dimisioa aurkeztu zuen.[4][7]
Urte bereko udan Espainian zehar bira bat egiteko kontratua sinatu zuten, arazoak baino sortu ez zizkiena. Handik aurrera ez zuten gehiago Euskal Herrian kontzerturik eman, eta gutxira taldea desagertu egin zen.
El Garaje aretoaren aldeko kontzertua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985. urtean El Garaje aretoaren jabeek diru arazoak izan zituzten aretoa zabalik mantentzeko. Hainbat taldek (RIP, Eskorbuto, La UVI, Kortatu, MCD, Cicatriz,...) laguntzeko kontzertuak eman zituzten, eta Vulpes taldea ere laguntzeko eskaini zen, musika talde bezala jarraitzeko inongo asmorik gabe.
Lupe taldekideari omenaldia eta diskoaren grabaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003. urtean Vulpes taldea berriz elkartu zen Lolesen ahizpari, Lupe taldekideari, omenaldi bat egiteko.[5] Lupe 1993an hil zen, eta 10. urteurrenean egin zitzaion omenaldia. Omenaldia kontzertu moduan egin zuten, hainbat talde eta aspaldiko lagunen laguntzarekin. Hasiera batean kontzertua Bilboko Kukutza gaztetxean egitekoa zen eta sarrera guztiak berehala saldu ziren. Omenaldirako jendetza izugarria aurreikusten zenez, kontzertua Errekalde auzoko plaza batera lekualdatu zuten. Omenaldiarekin jarraituz, 2004. urtean estudioko diskoa grabatu zuten, abesti zaharrak berreskuratuta.
Omenaldian parte hartu zuten taldeak hauexek izan ziren: Vulpes, Eskorbuto, MCD, The Kagas, Motorsex, O Jarbanzo Negro, 4 Teen Killers, The Cool Spiders, La Broma de Ssatan, Los Segis, La UVI, Manel (Decibelios) - Alfonso (Yo soy J. Cesar), La Xeta Paxote eta Antikuerpos.
Vulpesen ondoren
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vulpes banda 1983ko abuztuan desagertu zen, Bilboko uholdeekin batera. Yo Soy Julio César taldean sartu zen denbora tarte labur baterako. Barakaldotik Gasteizera (Araba) abiatu zen, eta bertan Cicatriz euskal punk bandarekin zuen adiskidetasuna sakondu zuen eta haiekin kolaboratzen amaitu zuen. 1990ean, Mamenek Anticuerpos taldea sortu zuen Pedro Landatxerekin (Cicatrizeko bateria-jotzaile ezaguna eta 1995eko uztailean zendua) eta La UVI taldeko Guillermorekin batera. Anticuerpos taldeak rock disko nabarmena grabatu zuen. 1997an, La Xeta Paxote taldean sartu zen Mamen. «Neska talde bat ulertzeko modu dibertigarria izan zen» zehaztu zuen Mamenek. 1998an, Elorrrioko Urko Igartiburu bikotearekin hasi zen entseatzen, Puro Chile taldearen lehen pausuak izan ziren. 2002. urte inguruan, Vulpes taldekidea izan zen Lupe bateriari egindako omenaldian parte hartu zuen. 2005ean, Vulpess taldea “Me gusta ser” diskoarekin itzuli zen.[8]
Puro Chile taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2006an, Puro Chile taldea rock hirukote gisa hasi zen grabatzen. 2007an Ane Irisarri sartu zuten koroetan (Eibarko artista eta E.H. Sukarra bezalako taldeen inguruan esperientzia zuena) eta Pedro Fernández baterian (Gasteizen jaioa eta euskal metalaren Piruleta de Hormigón talde aitzindariaren kidea, Rock Dam, Reverendo Parker edo Waltrapaxx).[8]
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Besteak beste, lan hauexetan hartu du parte:[4][5][8]
Vulpes taldearekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Me gusta ser una zorra/ Inkisición (1983, Dos Rombos)
- Me gusta ser (2005, Oihuka)
- Bideoa: Me gusta ser una zorra abestia Caja de Ritmos telebista saiorako grabatua.
Puro Chile taldearekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Color[8]
Bestelakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mamen Rodrigok Finlandian birala bihurtu zen Zoe Igartiburu Rodrigo alabaren Not my fault abestiaren grabazioan koroak egiten parte hartu zuen.[9][10] 2024ko ekainean abesti horren pianorako bertsioa intimo, lasai eta pertsonala Berrizko Lorentzo Records estudioetan grabatu zen, soinu-mahaian Aitor Ariño zela.[11]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urko Igartiburu bikotearekin Elorrion bizi da. Zoe Igartiburu Rodrigo musikagile eta abeslariaren ama da.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Zoe Igartiburu: "Quiero crear mi repertorio y girar, pero no le pongo fecha"» Radio Popular de Bilbao (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Mamen Rodrigo» Discogs (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Lorite, Jaime. (2020-03-08). «Las Vulpes, 37 años después: la autora de 'Me gusta ser una zorra' recuerda cómo una canción hizo temblar al país» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Esteban, Iñaki. (2023-03-26). «Vulpes, mucho más que un escándalo» El Correo (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Las vulpes (Punk): Discografía e historia | Sistema 161. (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Muñoz, Hector. (2020-03-08). «Las Vulpes, 37 años después: la autora de 'Me gusta ser una zorra' recuerda cómo una canción hizo temblar a España» Futuro Chile (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Las Vulpes, el grupo de mujeres al que sacrificaron por cantar "Me gusta ser una zorra"» El Español 2019-04-23 (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ a b c d Http://euskalmusikakatea.blogspot.com. (martes, 31 de diciembre de 2013). «EUSKAL MUSIKA KATEA: ANTICUERPOS» EUSKAL MUSIKA KATEA (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gorriti, Iban. (2024-01-31). «Igartiburu y la canción vasca que se ha hecho viral en Finlandia» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2025-01-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gorriti, Iban. (2024-01-31). «Igartiburu y la canción vasca que se ha hecho viral en Finlandia» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2025-01-15).
- ↑ Mugalari. (2024-06-01). «La elorriarra Zoe Igartiburu estrena 'Not my fault' a piano y con coros de su madre, Mamen Rodrigo» MugaKultura (kontsulta data: 2025-01-14).