Mandaloriarra (pertsonaia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mandaloriarra (pertsonaia)
Star Warsen unibertsoa
Argitalpena
SortzaileaJon Favreau
Ageri den obrak
Datu biografikoak
Sexuagizonezkoa
Jarduerasari-ehiztaria
Ordainsari bilatzaile (Star Wars)a
Familia
Senideak

Mandaloriarra Din Djarin fikziozko pertsonaiaren ezizena da, Star Wars-en unibertsoan kokatua eta Disney+-ek ekoizten duen The Mandalorian telesaileko protagonista dena. Askotan “Mando” ere deitzen diote. Umezurtz geratu zenean, mandaloriarrek salbatu eta haietako bat bilakatu zuten; ondoren, Sari-Ehiztarien Gremioan sartu zen. Lehendabiziko aldiz telesailaren lehen kapituluan agertzen den “Haurra”ren (aurrerago izena Grogu duela azaltzen da) adopziozko aita ere bada.

Pertsonaiaren sorkuntza   [aldatu | aldatu iturburu kodea]

Din Djarin pertsonaia Jon Favreau-k sortu zuen, telesailaren zuzendari eta gidoilaria denak. Favreau Star Wars-en jarraitzaile handia da aspalditik, eta mandaloriarrak unibertso horretako bere talde gustukoenetako bat dira;  2010ean The Clone Wars telesailean haietako bati (Pre Vizsla) ahotsa jarri zion. Mandaloriarra-ri buruz galdetu ziotenean, Favreauk honakoa esan zuen: “Ez naiz saiatzen ari soilik trilogia originalaren estetika berpizten, lehen filmarena baizik. Ez lehen filma soilik, baizik eta lehen filmeko lehen eszena. Nolakoa zen bizitza Tatooinen? Zer gertatzen ari zen kantina horretan? Horrek txikitatik liluratu izan nau, eta benetan atsegin dut Star Warsen alde ilun eta bitxienaren ideia, Star Warsen Mad Max alderdia”. Hainbat artistek hartu zuten parte pertsonaiaren diseinuan, horien artean Christan Alzmann, Doug Chiang, Ryan Church, Nick Gindraux, Jama Jurabaev eta John Park-ek.

Pedro[Betiko hautsitako esteka] Pascal

Pertsonaia sortzerakoan inspirazio bezala Clint Eastwood hartu zen, eta honek Dolarraren Trilogian antzezturiko Izenik Gabeko Gizona. Horrez gain, Akira Kurosawa-ren samuraiei buruzko filmek eta Star Wars sagako protagonistetako bat den Han Solok ere eragin handia izan zuten pertsonaia eraikitzeko garaian.

Mandaloriarra pertsonaia lehenengo aldiz 2018ko urriaren 3an deskribatu zen, Jon Favreauk bere Instagrameko kontuan publikatu zuen telesailaren sinopsi laburrean. Horrela deskribatzen zen: “pistolari bakarti bat galaxiaren muturretan Errepublika Berriaren agintaritzatik urrun”. Ondoren Favreauk adierazi zuen inoiz ezagutu gabeko pertsonaia bat zela, inoiz ikusi gabeko garai batean kokatzen zena. Mandaloriarraren lehen irudia urte bereko urriaren 4an erakutsi zen modu publikoan. Telesailaren produktore exekutiboak, Dave Filonik,  pertsonaia bizimodu bat irabazten eta egunetik egunerako bidea aurkitzen saiatzen den norbait zela azaldu zuen, eta horrek Star Wars sagako beste protagonistengandik ezberdintzen zuela, bereziki Jediengandik.

2018ko abenduaren 18an mandaloriarra Pedro Pascal-ek interpretatuko zuela adierazi zen. Hala ere, Pascalek ezin duenean, Brendan Wayne eta Lateef Crowder aktoreek hartzen dute protagonistaren papera.                                           

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Din Djarin Aq Vetina giza asentamenduan bizi izan zen umetan. Errepubikaren Erorialdiko garaian asentamendua borrokako droide Separatistek eraso eta bertako biztanleak hiltzen hasi ziren. Sarraskiaren tartean Din ezkutatu zuten bere gurasoek, eta jarraian haiek ere bizia galdu zuten leherketa baten ondorioz. Droide batek aurkitu eta tiro egin behar zionean, gerlari mandaloriar batek makina hiltzailea suntsitu zuen, umea salbatuz. Gertaera hauen ondorioz, Din Djarinek droideekiko trauma bat garatu zuen.

Mandaloriarrek haiekin eraman eta umezurtz moduan adoptatu zuten haien kulturan, nahiz eta ez etorri Mandalore planetatik. Aurrerago, “Tribua” deituriko mandaloriarren talde batean sartu zen, Nevarron kokatzen zena. Djarinek ez bazekien ere, Tribukoak Mandalore-en Bidea jarraitzen zuten sekta bateko kideak ziren. Horregatik, behin kaskoa jarritakoan ezin izan zuen besteen aurrean inoiz gehiago kendu, bestela sektako tradizioaren arabera ezingo baitzen benetazko mandaloriar kontsideratu.

Nagusitu zenean, Djarin sari-ehiztari bilakatu zen etaSari-Ehiztarien Gremioan sartu. Ordainsari bilatzaile garesti baina bikainaren ospea lortu zuen, “Mandaloriarra” edo “Mando” izenaz ezaguna. Razor Crest deituriko Aro Inperialeko espazio-ontzia bere ibilgailu pertsonala izatera igaro zen. Telesaila trilogia originalaren amaierako gertakizunetatik bost urtera kokatzen da, Inperio Galaktikoaren Erorialdiaren ondoren.

Agerrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. denboraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesailaren hasieran, Mandaloriarrak Sari-Ehiztarien Gremioko Nevarroko liderra den Greef Karga-k (Carl Weathers) eskaintzen dion lan bat onartzen du, 50 urteko “aktibo” bat harrapatu eta bezero inperial ohi misteriotsu bati (Werner Herzog) entregatzea. Mandaloriarra Arvala-7 planetara joaten da, eta bertan Ugnaught arrazako Kuiil-en (Nick Nolte) laguntzaz aktiboa aurkitzen du, Yoda-ren arrazako haur bat. IG-11 droide sari-ehiztaria (Taika Waititi) umea hiltzeko prest dagoenean, Mandaloriarrak makinari tiro egiten dio, Haurra salbatuz. 2. kapituluan, “Haurra” deiturikoa, mudhorn batek ia-ia mandaloriarra akabatzen du, baina haurrak salbatu egiten du Indarra erabiliz.                                                   

Hurrengo kapituluan, Mandok Bezeroari umea ematen dio eta bere ordainsaria hartzen du, “beskar” deituriko metal mandaloriar baliotsu bat, eta horrekin armadura berri bat egiten dio Tribuko Armagileak. Planeta uzteko zorian dagoela, iritziz aldatu eta Haurra salbatzera joaten da. Umearekin batera Razor Crest ontzirako bidean dagoela Greef Kargak eta sari-ehiztari mordo batek erasotzen dute, baina beste mandaloriar batzuen laguntzaz Mandok Nevarro planetatik ihes egitea lortzen du, Haurra berarekin eramanez. Ondorengo kapituluetan Mandok hainbat misio burutzen ditu, dirua irabazteko asmotan, Haurra eta bera harrapatzera bidalitako sari-ehiztariengandik ezkutatzen den bitartean.

7. kapituluan Mandok Greefen transmisio bat jasotzen du, non Haurra eskuratu nahi duten tropa inperialek bere herria inbaditu dutela esaten dion, eta Bezeroa hiltzen badu bere buruagatiko saria kenduko duela hitz ematen. Horrela, Kuiil, Kuiilek berreraiki eta berprogramatutako IG-11 droidea eta Cara Dune Errepublikako soldadu ohiarekin (Gina Carano) elkartu eta Nevarrora abiatzen da Mando. Bezeroa hiltzera doazenean, ordea, Moff Gideonen (Giancarlo Esposito) soldaduek erasotzen dituzte, bere aginduetara dauden Bezeroa eta tropa inperialak akabatuz. Gideonek haietako bakoitzaren bizitzaren inguruko datuak dakizkiela erakusten du, horien artean Mandoren benetako izena “Din Djarin” dela, modu horretan argi geratzen delarik Gideon iraganeko mandaloriarren aurkako erasoa (Mandaloreko Purga) gidatu zuenetako bat izan zela. Kapituluaren amaieran, Kuiil hil egiten dute.

Denboraldiaren amaieran Mandaloriarra larriki zauritzen dute. IG-11 droidearekin bakarrik geratzean honek kaskoa kentzen dio, telesailean lehenengo aldiz aurpegia erakutsiz, eta sendatu egiten du. Jarraian estoldetatik barrena ihesi joaten da, taldeko besteak bezala. Tribuaren basera joaten dira laguntza eske, baina Armagilea besterik ez dute aurkitzen, beste mandaloriarrak hilik edo planetatik joanak direla esaten diena. Gainera, Djarini azaltzen dio Haurra bere arrazakoekin bildu behar duela eta hori lortu ala nagusitzen den bitartean umearen aita bezala dela. IG-11k bere burua sakrifikatzen du besteak salbatzeko, eta Mandok Gideon garaitzen du, nahiz eta ondoren ez dela hiltzen ikusten den. Mandaloriarra, Haurrarekin batera, Nevarrotik joaten da.

2. denboraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesailaren bigarren denboraldian Din Djarin beste mandaloriarren bila dabil, haiek Haurraz arduratuko diren Jediak non dauden esateko asmotan. 9. kapituluan Mando Gor Keresh-ekin (John Leguizamo) elkartzen da, eta honek traizionatu egiten badu ere, ondoren garaitua izaten da eta Tatooinen mandaloriar bat dagoela aitortzen du. Planeta horretan Djarinek Cobb Vanth (Timothy Olyphant) ezagutzen du, Jawa-ei erosi zien armadura mandaloriarraren bidez Mos Pelgo asentamendua babesten duena, eta tratu bat egiten dute: Mandaloriarrak Mos Pelgo erasotzen duen krayt dragoia hiltzen laguntzen dio, eta Vanthek ordainetan bere armadura ematen dio hari, Djarinek jarraitzen duen kredoaren arabera mandaloriarra ez den inork ez bailuke eduki behar horrelako armadurarik.

Hurrengo kapituluan, Mandok Igel Anderea Tatooinetik Trast-era eramatea onartzen du, honek planeta horretan beste mandaloriarrak aurkituko dituela esaten baitio. Bidean bi X-Wing-en pilotuek geldiarazten dituzte eta Mandok mundu izoztu batera ihes egiten du, bera atxilotzeko agindua baitute. Lurreratzerakoan Razor Crest-a oso egoera txarrean geratzen da eta armiarma moduko izakiek erasotzen dituzte bertan, baina azkenean pilotu errepublikano horiek salbatzen dituzte. 11. kapituluan Trastera iristen dira eta Igel Anderearen senarrak taberna batera gidatzen du Mando. Quarren talde batek mandaloriarrengana eramatea eskaintzen dio, baina ondoren traizionatu egiten du, beskarra ostu nahian Mando eta Haurra hiltzen saiatuz. Orduan, Bo-Katan Kryze-ek (Katee Sackhoff) gidaturiko hiru mandaloriar agertzen dira eta quarrenak akabatzen dituzte, Din Djarin eta umea salbatuz. Bo-Katanek azaltzen du Djarin “Guardia” sektako kide dela eta mandaloriar gehienek kaskoa kendu dezaketela besteen aurrean. Horrek Mandori deskonfiantza eragiten dion arren, haiei espazio-ontzi inperial bat erasotzen laguntzen die, eta ordainetan Bo-Katanek esaten dio Corvus planetan Ahsoka Tano deituriko Jedi-a aurkitu ahal izango duela.

12. kapituluan, Razor Cresta oso egoera txarrean dagoela eta, Nevarrora itzultzen dira Mando eta Haurra. Bertan Greef Karga eta Cara Duneekin berrelkartzen dira, eta Djarinek base inperial bat suntsitzen laguntzen die. Basean Moff Gideoni  zuzendutako mezu bat ikusten dute, Haurraren odol gehiago behar dutela esaten duena. Tropa inperialak garaitzen dituzte eta Mando Nevarrotik joaten da umearekin Razor Crest konponduan, baina ez da konturatzen dispositipo jarraitzaile bat ipini duela espazio-ontzian konpontzaileetako batek, Moff Gideonen esanetara.

“Jedia” deitzen den hurrengo kapituluan Corvus planetara joaten da Mando Haurrarekin, eta bertan Morgan Elsbeth-ek (Diana Lee Inosanto), Calidan hiriko gobernatzaileak, Ahsoka Tano hiltzeko eskatu eta non aurkitzen den esaten dio. Mandaloriarra eta Jedia elkartu egiten dira, eta azken hau Haurrarekin konektatzen da Indarraren bidez. Umearen benetako izena Grogu dela, “Jedien Purga”-n Coruscantetik salbatu zuten Jedi ikasle bat zela eta bizirauteko Indarraren erabilera ezkutatu behar izan zuela azaltzen du Ahsokak. Ondoren, Grogu ez duela entrenatuko esaten du, bestela Mandaloriarrarekiko duen loturagatik Indarraren alde ilunera igaro litekeelako. Bere iritzia aldatzeko asmotan, Din Djarinek Morgan Elsbeth garaitzen laguntzen dio Jediari, eta modu horretan Calidan hiria Inperioarengandik libratzen. Ahsokak, hala ere, ez dela Haurraren kargu egingo dio, baina Tython planetako Jedi Tenpluan Grogu Indarraren bidez beste Jediren batekin komunikatu daitekeela adierazten du, eta umeak bere patua aukeratu dezakeela horrela.

14. kapituluan Tythonera iristen dira, eta Mandok Jedi Tenpluko harri berezi baten gainean eserita uzten du Grogu, meditatzen. Planeta horretan daudela Boba Fett agertzen da, Cobb Vanthek emandako armadura berea dela eta hura errekuperatzearen ordainetan Mando zein Grogu babestuko dituela hitz emanez. Boba Fetten laguntzaile berria ere, lehenengo denboraldiko 5. kapituluan hildakotzat eman zen Fennec Shand, Mandaloriarrarekin berrelkartzen da. Jarraian tropa inperialak iristen dira, eta hiruren artean garaitu egiten dituzten arren, Moff Gideonek gidaturiko gerraontzi espazialak Razor Cresta suntsitzen du. Ondoren, Grogu bahitzen dute Gideonen droide batzuek, eta honen ontzira eraman. Haurra salbatzeko asmotan, Mandaloriarra Cara Duneekin elkartzen da, 6. kapituluan atxilotua izan zen Mayfeld Errepublika Berriko kartzela batetik askatzeko planak hari azalduz.

3. denboraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mandaloriarra pertsonaia telesailaren hirugarren denboraldian itzuliko da, une honetan preprodukzioan dagoena.

Harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mandaloriarrak eta Pedro Pascalen pertsonaiaren interpretazioak orokorrean kritika positiboak jaso ditu. CinemaBlend orriko idazle den Sarah El-Mahmoud-ek adierazi zuen berarentzat Mandaloriarra pertsonaia zela telesailaren alderdirik interesgarriena, eta “berezko bikaintasuna” zuen zerbait zegoela pertsonaiaren inguruan. Kritiko eta ikusle askok, bestalde, pertsonaiaren ezaugarririk onena Haurrarekiko hartzen duen aitatasuna dela diote, horrek Mandaloriarraren izaera aldatzea eragiten baitu.

Hala ere, pertsonaiari buruzko kritika guztiak ez ziren positiboak izan. Batez ere Mandaloriarra denbora guztian kaskoarekin egotea kritikatu zen, batetik modu horretan atzean zegoen aktorearen lanari garrantzia kentzen baitzitzaion eta, bestetik, harekin eta haren sentimenduekin identifikatzea zailagoa gertatzen zelako horrela.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]