Manex Pagola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manex Pagola

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJean Pagola
JaiotzaLandibarre1941eko ekainaren 28a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
BizilekuaUrketa
HeriotzaBaiona2018ko ekainaren 7a (76 urte)
Hezkuntza
HeziketaBordeleko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, abeslaria, politikaria, antropologoa eta kantugilea
Enplegatzailea(k)Euskal Museoa (Baiona)
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Eusko Ikaskuntza
Seaska
Gure Irratia
Enbata
Musika instrumentuaahotsa
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alkartasuna
Enbata

Inguma: manex-pagola Literaturaren Zubitegia: 116 Musicbrainz: f2a7c495-8c09-435f-b34a-019ab44ff996 Edit the value on Wikidata

Manex Pagola (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1941eko ekainaren 28a - Baiona, 2018ko ekainaren 7a) idazle, abeslari eta politikaria izan zen. Bordele III Unibertsitatean antropologian doktoratu zen 1996an, eta ohorezko euskaltzaina zen. Besteak beste, Azken dantza eta Urtxintxak abestiak bereak ziren, Pantxoa eta Peio kantariek bereziki ezagun egin zituztenak; baina, guztira, 100 baino gehiago dira berak sortutako kantuak.[1] Baionako Euskal Museoko zuzendariorde izan zen. Seaskan, Gure Irratian, Elkarren eta Euskal Herriko Artistak elkartean parte hartu zuen. Politikan hasieran Enbata mugimenduan, eta, ondotik, luzaz Eusko Alkartasuna alderdiko Ipar Euskal Herriko arduradun izan zen.[2][3]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako musika zaletasuna.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizan ernaldu zen Manex Pagolaren musika-zaletasuna, txikitan. "Nire musika-kontserbatorioa izan da eliza". Ondoren, Etxahun-Iruri eta Etxahun Barkoxeren kantuek Euskal Herririk bazela erakutsi zioten, eta, azkenik, Mixel Labegerieren diskoetan euskarazko sorkuntza modernoa eta garaikidea deskubritu zuen. Euskal kulturari ekarpena egin nahian, bertsoak idazten hasi zen, eta geroago, kantuak.

Hasierako musika taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957an Alegera taldean sartu zen, mendi irteerak egiteko eta antzerkia eta kantua herriz herriz eramateko. Hamar-hamabi laguneko talde hartan ziren, besteak beste, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Gexan Alfaro eta Patxika Erramuzpe. 1965ean Gudalatz hirukoa osatu zuen, Beñat Sarasola eta Joanes Bordarekin. Geroago Guk taldea sortu zuten bi horiek. "Bokaleko lantegi batean aritzen ginen hirurok zaku garraiolari, elkarrekin bizi ginen Baionako pisu batean, eta herriz herri ibiltzen ginen. Gure asmoa zen tabernetan kantatzea, kantu herrikoiak eta gero gureak, abertzaleak... Gabonetan, 1968an, lantegiko nagusiari esan genion ez genuela lanik egingo kontzertu handi bat genuelako emateko Itsasondon, eta joan ginen. Handik bi egunera gutuna jaso genuen, lantegitik kanpo ginelako esanez". Garai hartan sortu zituen Pagolak bere kantu ezagunenetako batzuk; Urtxintxak, haurrek udalekuetan abestu zezaten idatzitakoa, eta Azken dantza, soldadutzara zihoala egindakoa, esaterako.

Diskoak grabatuta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pagolak ez du sekula gustuko izan grabazio-estudioko lana, eta, hortaz, disko gutxi grabatu ditu. Bi disko txiki baino ez zituen kaleratu bakarka, Elkar diskoetxearekin bata, 1972an, eta bestea Burgosko prozesuan auzipetuei elkartasuna adierazteko, Goiztiri diskoetxearekin. Hala ere, horren aurretik, Graciane Hastoyk Pagolaren lau kantu grabatu zituen Jeik'adi Euzkadi disko txikirako (Goiztiri, 1969): Agur munduari, Gurea da, Ttakulin eta Jeik'adi Euzkadi.

« Landibarreko "erresiñoleta"...Hitz laburretan agertu beharko banu haren jenioa, erran nezake Manexek bazuela (gutik bezala) etxeko eguneroko hizkuntza arruntari indar poetikoa emateko gaitasun eta dohain berezia. Hortik dator, nire ustez, Manexen kantuen arrakasta. Manexen kantuek dute xinpletasun eta soiltasunaren freskotasuna eta aberastasuna. Hortan datza arrakasta. »

—Peio Ospital[4]


Ikuskizun-antolatzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez Dok Amairu taldeak Baga Biga Higa ikuskizunarekin izandako arrakasta ikusita, Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait sortzea otu zitzaion Manex Pagolari 70eko hamarkadaren hastapenetan. "Guk ere ez ote dugu horrelako zerbait abiatzen ahal, sortzen ahal? Ikusteko gure entzuleak hobeki zerbitzatzen ditugula, eta gu kantariok poxi bat gehiago trebatzen, kantu edertiak aitzinatzen. Batzuk besten ondotik kantuz aritzea ez da segur bazter utzi behar...", idatzi zuen Pagolak beste hainbat kantariri bidalitako gutun batean, 1971n. Horrela abiatu zen Zazpiribai ikuskizuna sortzeko bidea. Pagolarekin batera, Pantxoa Karrere eta Peio Ospital, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Patxika Erramuzpe, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo bildu ziren egitasmo hartan. Bederatzi aldiz eman zuten, Donibane Garazin, Baionan, Hazparnen, Maulen, Hendaian eta Donibane Lohizunen. Arrakasta handia lortu zuten, eta zenbait lekutan birritan eman behar izan zuten ikuskizuna. "Guk bagenekien euskal kulturaren altxorra ederra dela. Euskal edertasun hori kantagintzarekin zerbitzatu nahi genion herriari. Lehengoa eta gaurkoa ez genituen aurka ematen", esana du Pagolak.[5]

Zazpiribai kantu-ikuskizunerako afixa (1972)
Hainbat abeslari Zazpiribai kantu-ikuskizunerako bildu ziren 1972an, Ez Dok Amairu desegitean. Manex Pagola eskuinekoa da bera eta gitarra zutik daudela, besteak ezkerretik eskuinera: Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea (txistularia eta txirularia), Xabier Lete, Lourdes Iriondo lurrean jarrita, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Karrere eta Benito Lertxundi.[6][7]

Zazpiribairekin hasitako bideak jarraipena izan zuen Ortziken ikusgarriarekin. Orduan, kantariak (Eneko Labegerie, Pantxoa eta Peio, Iker Robles-Arangiz, Maribel Etxezaharreta, Maite Idirin, Patxika Erramuzpe, Pagola bera...), bertsolariak (Xalbador, Xanpun, Mattin, Igarzabal) eta txalapartariak (Iñaki Urtizberea, J.C. Larzabal...) bildu ziren, eta disko bat ere grabatu zuten, 1976an. Ortzikenen emanaldiek polemika piztu zuten, zenbait kanturen hitzak zirela medio ("Parisen eta Madrilen" Mixel Labegeriek idatzitako kantukoak kasu...). "Zazpiribai baino politikoagoa zen. Egun batean Durangon eman genuen Ortziken. 200.000 pezeta kobratzen genituen, eta antolatzaileek eman zizkiguten beste 200.000 pezeta, eta ez genuen hartu, esan genuen presoei eta behar zutenei emateko. Kriston jende pila etorri zen. Gero problema batzuk sortu ziren gure artean, kantari batzuk alde egin zuten, amaitzea eskatu zuten".

1978an Kanta-bi ikuskizuna eratu zuen Martxelin, Joku eta Panpinekin. Entzuleekin kantuan une goxo bat pasatzea zen helburua. Horretarako, publikoa gonbidatzen zuten taulan abestera. Ordurako, kantagintza hartzen ari zen bideak kezkatzen zuen Pagola: "Batzuek eszena hartzen dute, eta herriarendako arrisku handia dira. Horrela jokatu nahi dutenek espektakulo hobea, beti eta hobeagoaren aitzakiaz, musika hobearen aitzakiaz, publiko 'ikasiagoaren' aitzakiaz, kopiatu besterik ez dute egiten; gure kultura zapaltzen dute, beste kultura zapaltzailearen kriterioak hartzen dituzte eta hortik heldu da gure herrian vedettak (beti artista ez direnak) sortzen ari direla".[8]

Abesti-sortzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere kantuek besteek emanda harrera ona zutela ikusita, kantatzeari uztea erabaki zuen Pagolak, baina abestiak sortzen jarraitu zuen. Pantxoa eta Peio bikoteak abestu du Pagolaren kantu gehien, eta horietako batzuk oso famatu bihurtu ditu: "Urtxintxak", "Azken dantza", "Eñaut Bidegorri", "Ttakolin" eta beste hainbat. Anje Duhaldek, Erramun Martikorenak, Mattin Lerissak, Maite Idirinek, Jean-Noel Bessonartek eta Martxel Bravek ere abestu dituzte baxenabartarraren kantuak. Pagolak bere kantutegiaren zati handi bat Biziaren altzotik liburuan bildu zuen (Baionako Euskal Erakustokiaren Adiskideak, 1988),[9] eta gero 2016an Elkarrekin argitaratu zuen geroago bertsio osatuago bat.[2]

Politikaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikatik kanpo, herrigintzan eta politikan ere engaiatu da Pagola. 1968tik 1972ra bitartean Enbata mugimenduko kidea izan zen, Seaska elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Iparraldeko Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia izan zen.

Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat 1972an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria S.L. (ELKAR S.A.R.L.) 1972an sortu zen Baionan. Helburu zehatz batekin sortu zuten: garaiko euskal kultur egoeraren norabidea aldatzea. Euskarazko sorkuntza txikia zen orduan, argitaratzeko zailtasunak handiak eta behar kulturala ere handia. Hutsune hori betetzeko sortu zuten argitaletxea.[10]

Sortzaileak Ipar Euskal Herriko 20 gazte izan ziren, 9 emakumezkoak eta 11 gizonezkoak, Manex Pagola izan zen ideiaren bultzatzaile nagusia Gexan Alfaroren laguntzarekin. Bazkide bakoitzak orduko 1.000 franko jarri zituen, garai hartako hilabete bateko soldata. Elkar argitaletxearen sortzaileak, 1972an, hauek izan ziren:[11]

Euskaltzain urgazle eta ohorezkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 1996ko martxoaren 29an eta ohorezko euskaltzain 2018ko apirilaren 27an.[12]

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

100 baino gehiago dira berak sortutako kantuak.[1] Besteak beste hauek:

Haur eta gazte literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entsaio akademikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Culture basque et urbanisation à Hasparren (1996). Bere doktorego-tesia izan zena "Euskal kultura eta urbanizazioa Hazparnen".

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Graciane Hastoyk Pagolaren lau kantu grabatu zituen Jeik'adi Euzkadi disko txikirako (Goiztiri, 1969): Agur munduari, Gurea da, Ttakulin eta Jeik'adi Euzkadi.
  • Burgos (Goiztiri). Burgosko prozesuan auzipetuei elkartasuna adierazteko
  • Manex Pagola (1972, Elkar)
  • Manex Pagola: Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015) (2016, Elkar)

Kolaborazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2019: Urketan Ekainaren 1ean Beskoitzeko ikastolak antolaturik 32 artisten partaidetzarekin omenaldia egin zitzaion. Besteak beste artista hauek parte hartu zuten: Aire Ahizpak, Amaia Riouspeyrous, Brave eta Bessonart, Eñaut Etxamendi, Erramun Martikorena, Gaston Jocou, Graxiane Hastoy, J-Christian Irigoyen eta JM Etchart, Joanes Borda eta Beñat Sarasola, Jean Louis "Laka", Maialen Errotabehere, Mattin Lerissa, Michel Etcheverry, Mixel Ducau, Pantxoa Carrere, Peio Ospital, Otxalde eta Xendarineko Ahizpak.[19]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Pagola, Manex. (2016). Pagola, Manex (1941-) 100 kantu. Elkar ISBN 9788490275658. PMC 971784016..
  2. a b Pagola, Manex. (2016). Manex Pagola: Bere kantugintza eta argibide zonbait (1958-2015) : lekukotasun bizia. Elkar ISBN 9788490275559. PMC 971776108..
  3. Arbelbide Lete, Nora. (2018). «Azken dantzaren azken notak» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  4. Ospital kantaria, Peio. (2018-06-08). «Ez adiorik, Manex!» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-09).
  5. «Peio eta Pantxoa, hogeita bi urtez elkarrekin kantari»,[Betiko hautsitako esteka] HABE aldizkaria, 209. zenbakia, 1991ko abendua.
  6. «Zazpiribai», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  7. Jon Eskisabel: «Manex Pagola», www.badok.info webgunetik 2010-06-29an hartua.
  8. «Kanta Bi» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  9. Manex Pagola musikaria. Ikasbil, HABE (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  10. Ugarte Irizar, Itziar. (2022-10-23). «ELEFANTE BAT MALETAN» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  11. Kamio, Ariane. (2022-12-02). «Elkar taldea: Iraganak bezainbat etorkizun» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  12. «Manex Pagola» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  13. «Euskal Poesiaren ataria - JO BEZATE EZKILEK - Manex Pagola» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  14. Gabi de la Maza. (2018-06-08). Azken dantza (Manex Pagola). (Noiz kontsultatua: 2018-06-09).
  15. «Euskal Poesiaren ataria - AZKEN DANTZA - Manex Pagola» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  16. «Euskal Poesiaren ataria - URTXINTXAK - Manex Pagola» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  17. «Euskal Poesiaren ataria - BIDEAK LOHI - Manex Pagola» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-08).
  18. Txatxangorria-Euskal Karaokeak. (2014-10-04). Ardiak lerro lerro (MANEX Pagola). (Noiz kontsultatua: 2018-06-09).
  19. elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA. (2019-05-27). «Manex Pagola omenduko dute Urketan» Kazeta.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-02).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]