Mantenugai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Mantenugaia, elikagaia edo nutrientea zelulek euren funtzioak bete eta organismoek bizitzeko behar duten edozein elementu kimiko eta osagai organiko edo inorganikoa da, bizidunen metabolismoan parte hartzen duena.[1] Mantenugaiak janarietatik eta edarietatik eskuratzen dira. Organismoak eta zelulek mantenugaiak asimilatzeko prozesua eta funtzioa nutrizioa da.

Izaki bizidunek bizi funtzioak betetzeko behar dituzte mantenugaiak: bizirauteko, hazteko eta ugaltzeko. Animaliek, landareek, onddoek zein protistek behar dute mantenugaiak asimilatu. Mantenugaiak zeluletan barnera daitezke prozesu metabolikoak gauzatzeko, edo zeluletatik kanpora daitezke beste egitura batzuk (ilea, lumak, kanpo eskeletoak...) eratzeko. Zenbait mantenugai, esaterako karbohidratoak, lipidoak edo proteinak, molekula txikiagotan zati daitezke energia askatzeko. Prozesu horretan zehar ura eta karbono dioxidoa ekoizten da. Organismo guztiek behar dute ura mantenugai gisa. Horrez gain, animalientzat funtsezkoak dira proteinak osatzen dituzten aminoazido zenbait, gantz azidoen multzo bat, bitaminak eta zenbait mineral. Landareek, berriz, mineral multzo handiagoa behar dute, sustraien bidez asimilatuta, gehi hostoetatik xurgatzen duten karbono dioxidoa eta oxigenoa. Onddoek materia organiko hil zein biziaren gainean bizi behar dute, eta mantenugaiak beren ostalaritik jasotzen dituzte.

Organismo mota bakoitzak funtsezko mantenugai desberdinak behar ditu. Adibidez, azido askorbikoa (C bitamina) ezinbestekoa da gizakientzat eta beste animalia espezie batzuentzat, baina ez da beharrezkoa animalia guztientzat eta landareek ez dute behar, hura sintetizatzeko ahalmena baitute. Mantenugaiak oorganikoak zein inorganikoak izan daitezke: organikoek karbonoa dute osagai gisa, eta inorganikoek ez. Organikoek energia ematen dute, bai eta bitaminak ere. Inorganikoen artean daude, esaterako, burdina, selenioa edo zinka.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.