Mara Natseva

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mara Natseva
Mara Naceva.jpg
Bizitza
JaiotzaKumanovo (en) Itzuli1920ko irailaren 28a
Herrialdea Ipar Mazedonia
HeriotzaKumanovo (en) Itzuli2013ko uztailaren 1a (92 urte)
Jarduerak
Jarduerakkomisario politikoa eta politikaria
Jasotako sariak

Mara Natseva (mazedonieraz: Мара Нацева ; Kumanovo, Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuma (egun, Ipar Mazedoniako Errepublika), 1920ko irailaren 28a - Kumanovo, Ipar Mazedoniako Errepublika, 2013ko uztailaren 1a) mazedoniar politikari komunista bat izan zen, Bigarren Mundu Gudan jugoslaviar partisanoen kide izandakoa. Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua jaso zuen.

Gaztetatik militantzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mara Natseva Kumanovo hirian jaio zen. Klase apalekoa izanik, lehen hezkuntza bukatuta eskola utzi behar izan zuen. Natseva 15 urterekin hasi zen lanean oihalgintza fabrika batean. 16 urterekin, 1936an, greba bat antolatu zuen bere lantokian, eta hori zela lanetik bota zuten (greba arrakastatsua izan bazen ere). Segituan, Jugoslaviako Gazteria Komunistaren Batasunean sartu zen. Hiru urte barru, 1939an, Niš hirira (Serbia) joan zen, han oihalgintzan lana topatuta. Nišen Jugoslaviako Alderdi Komunistako eta Abrašević Elkarte Kulturaleko kide egin zen[1]. Laster ardura postuak izan zituen, 1940an Niš hiriko Tokiko- eta Probintzi-Komiteko idazkari izan zen. Garai hartan bitan atxilotua eta torturatua izan zen, baina ez zuen ezer ere kontatu, eta aske utzi behar izan zuten. Urte horretan, Zagreben (Kroazia) burutu zen Jugoslaviako Alderdi Komunistaren Bosgarren Biltzar Nagusian parte hartu zuen.

II Mundu Guda: Mazedoniara itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mazedoniako Alderdi Komunistaren barne-eztabaidetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II Mundu Guda hasita, Mazedonia jugoslaviarraren (egun Ipar Mazedoniako Errepublika osatzen duenaren) gehiena Bulgariaren pe geratu zen. Gainera, mazedoniar komunistek okupazio honen inguruan zatiketa pairatu zuten, izan ere, parte batek (tartean Alderdi Komunistaren Mazedoniako Probintzi-Komitearen buru Metodi Xatorovek) bulgariar okupazioaren aurkako erresistentzia armatuaren aurrean mesfidantza zuten. Xatorovek eta bulgariarzaleek populazio gehiena bulgariarren aldekoa zela argudiatzen zuten –kontuan izan behar dugu askorentzat mazedoniar eta bulgariarren hizkuntza oso gertuko edo are berdina zela, eta herri bezala ere askok berdin kontsideratzen zituzten[2][3][4][5][6]-, eta beraz, bulgariar erregimena politikoki eraso ahal bazen ere, nazionalki bulgariarrek Mazedonian egindakoa ez zela “okupazioa” –“okupaziotzat” aurreko Jugosaviaren baitako egoera jotzen zuten bulgariarzale hauek-[7][8]. Ildo bulgariarzale honen arabera, erresistentzia armatua hastea ere negatiboa zen[9][10][11].

Egoera hau oso kezkagarria izan zitzaion Titori eta Jugoslaviako Alderdi Komunistaren zuzendaritzari, are gehiago Xatorovek Mazedoniako Probintzi-Komitea Bulgariako Alderdi Komunistaren diziplinaren pe ezarri zuenean, Jugoslaviako Alderdi Komunistarekiko hautsiz[12][13][14]. Tito eta jugoslaviar komunistentzat Mazedoniako komunisten artean zuzendaritza- zein ildo-aldaketa ematea ezinbestekoa eta premiazkoa zen. Horretarako koadro komunista leialagoak Mazedoniara bidaltzea beharrezkoa zitzaion. Mara Natseva, ildo jugoslaviarzalekoa izanik, Mazedoniako Probintzi-Komitera bidali zuen Alderdiak ildo berria ezartzera[13][14]. Natsevak Lazar Kolixevski izan zuen lan horretan bidaide. Natsevak oso oposizio gogorra izan zuen Xatoroven jarraitzaileen aldetik[14][15]. Desadostasun hauek, Jugoslaviako Alderdi Komunistak Xatorov alderditik kanporatzea ekarri zuten[16][17]. Jugoslaviako eta Bulgariako Alderdi Komunisten-azken honek, Xatoroven maniobren ostean Mazedoniako komunisten kontrola zuen- artean Internazional Komunistak artekari lana egin behar izan zuen 1941ko irailean eta Mazedoniako zelula komunistak jugoslaviar alderdira itzultzeko erabakia hartu zuen[14][18][19]. Titoren zuzendaritzaren erabakia Mazedonian Jugoslaviako beste eskualdeetan moduan, borroka armatua berriz hastea izan zen, orduko mazedoniar probintzi-komiteko kideen gehiengo bulgariarzalearen iritziaren kontra. Natseva izan zen ildo hori babestu zuen apurrenetakoa[14], eta 1942ko abuztuan, Mazedoniako Probintzi-Komitean jugoslaviarzaleek indarreko posizioa hartu zutenean, Dobrivoje Radosavljevićen zuzendaritzapean komite kide aukeratu zuten[14]. Izan ere, ildo bulgariarzaleak zuen indarrak erresistentzia armatua Mazedonian, 1943 urtea arte, alderdi barruan jugoslaviarzaleak guztiz nagusitu arte, hedatu ez zedin ekarri zuen[20][21][22][23].

Atxiloketak eta ordezkaritza karguak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942an, Bulgariar poliziak atxilotu eta torturatu egin zuen eta Asenovgrad hirian izan zen emakumeentzako kontzentrazio-eremuan sartu zuten. Lehen aldiz ihes egitea lortu zuen, baina Skopjeko beste kontzentrazio-eremu batean sartu zuten. 1943ko ekainean, oraindik kartzelan zela, Mazedoniako Alderdi Komunista sortu zenean –Jugoslaviar Alderdi Komunistaren baitan, lehengo Mazedoniako Probintzi-Komitea ordeztuz[24]-, Mara Natseva honen Komite Zentraleko kide aukeratua izan zen, berak biltzar horretan parte hartzerik izan ez zuen arren. Abuztuan, Jugoslaviako Nazio-Askapenerako Kontseilu Antifaxistako (AVNOJ; partisanoen organu politiko-administratiboa, lurralde askatuetako enbrioi-Estatu partisanoaren organu gorena) kide ere aukeratu zuten -bi emakumeetatik bat, bestea Kata Pejnović Kroaziako serbiarra izan zen-. Ostean, ihes egitea eta Kumanovora bueltatzea lortu zuen.

1944ko udaberrian Mazedoniako Hirugarren Talka-Brigada Partisanoaren kide egin zen, 1944ko ofentsiban parte hartuz. 1944ko abuztuaren 6an, Mazedoniaren Askapen Nazionalerako Asanblada Antifaxista (ASNOM) –Mazedoniako partisanoen organu politiko-administratiboa, AVNOJen Mazedoniarako besoa- sortzeko asanblada burutu zen. Natsevak asanblada horretan hartu zuen parte[25]. Asanblada horretan “Mazedoniako Estatu federala” aldarrikatu zuten Jugoslaviaren baitan, Mazedoniako Herri Errepublika zenaren sornamuina osatuz. Asanblada horretan, Natseva, ordezkari aukeratu zuten berriz[26], baita ere AVNOJeko honen lehendakaritza-kontseiluaren parte[27].

1944ko abenduaren 30ean, ASNOMen bigarren asanbladan, ASNOMen lehendakaritza-kontseiluko kide aukeratu zuten[28]. Postu hori berretsi zuen ASNOMen hirugarren asanbladan, 1945eko apirilean[29].

Guda ostean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guda ostean, Mara Natseva politikari ezaguna izan zen. Bai Mazedoniako Errepublika Sozialistako zein Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federaleko parlamentuetako kide izan zen, eta bai Mazedoniako Alderdi Komunistaren zein Jugoslaviako Alderdi Komunistaren Komite Zentraleko kide izan zen. Jugoslaviako Parlamentuan hainbat kargu izan zituen, hori dela eta Belgradera joan zen bizitzera (nahiz eta hil aurretik Kumanovora bueltatu).

Emakume Antifaxisten Frontearen lehendakariorde izan zen, eta baita ere 1953an erakunde honen ordez sortu zen Emakumeen Elkarteen Batasuneko lehendakariorde[30]. Gainera, partisano ohien elkarteko (SUBNOR, Herri-Askapen Gudako Borrokalari Ohien Batasuna) lehendakariorde ere izan zen[31].1957an Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoaren Biltzar Nagusian Jugoslaviako ordezkaritzaren parte izan zen[30].

1953ko azaroaren 29an Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatua izan zen[32]. 2013an, 92 urte zituela hil zen Kumanovon, bere sorterrian. Hiltzeko unean, bizirik geratzen zen azken Jugoslaviako Herriaren Heroi mazedoniarra zen[33].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kosta Abrašević Serbiako sozialismoaren hasierako belaunaldiko kide eta poeta izan zen.
  2. MARINOV, Tchavdar: “In defense of the native tongue: The standardization of the Macedonian language and the Bulgarian-Macedonian controversies” in DASKALOV, Roumen eta MARINOV, Tchavdar: Entangled histories of the Balkans. Volume One: National Ideologies and Language Policies (419-487. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2013.
  3. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1984). : The National Question in Yugoslavia. New York: Cornell University Press, 308-309 or..
  4. MARINOV, Txavdar: “Famous Macedonia, the Land of Alexander: Macedonian identity at the crossroads of Greek, Bulgarian and Serbian nationalism” in DASKALOV, Roumen eta MARINOV, Tchavdar: Entangled histories of the Balkans. Volume One: National Ideologies and Language Policies (279-330. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2013.
  5. (Ingelesez) LUNT, Horace. (1959). «“The creation of Standard Macedonian: Some Facts and Attitudes"» Anthropological Linguistics 5.
  6. (Ingelesez) BRUNNBAUER, Ulf. (2005). «““Pro-Serbians” vs. “Pro-Bulgarians”: Revisionism in Post-Socialist Macedonian Historiography”» History Compass, 3 (1-17. orr.).
  7. (Ingelesez) TOMASEVICH, Jozo. (2001). War and Revolution in Yugoslavia, 1941-1945. Occupation and Collaboration. Stanford: Stanford University Press, 165-166 or..
  8. Txavdar Marinov eta Alexander Vezenkoven arabera, bai adinak zein tradizio militanteak banatzen zituen bi ildoak: jugoslaviarzaleak oro har gazteagoak ziren (1920 bueltan jaiotakoak) eta bulgariarzaleak zaharragoak. Bestetik jugoslaviarzaleek, arruntki, Alderdi Komunista beste militantziarik ez zuten ezagutzen, bulgariarzale asko ordea Alderdi Komunistara mazedono-bulgariar mugimendu nazionalistaren bidez heldu ziren. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 542-544. orr.
  9. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 531. eta 533-534. orr.
  10. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press, 83 or..
  11. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 194 or..
  12. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 83. eta 191-192 or..
  13. a b MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 531. or.
  14. a b c d e f (Bulgarieraz) MITXEV, Dobrin. (2006). Партизанското движение във Вардарска Македония, 1941-1944 (Mugimendu partisanoa Vardar Mazedonian, 1941-1944). .
  15. Xatoroven zaleek Jugoslaviako Alderdi Komunistak bidalitako koadroak eta aholkulariak ez zituzten onartu, euren alderdia Bulgariako Alderdi Komunistaren parte zela argudiatuz. Kolixevski Mazedoniako probintzia-komiteak alderditik egotzia ere izan zen. SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 82. or.
  16. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press, 82 or..
  17. Zenbait iturriren arabera, Jugoslaviako Alderdi Komunistak Xatorov hiltzeko agindua eman zuen, Bulgariako Alderdi Komunistak babestu behar izan zuen (batez ere 1941ko irailean Mazedoniako komunistak jugoslaviar alderdira itzuli zirenean), Mazedoniaz kanpo, Sofian, bulgariar partisanoak zuzentzeko enkargua emanaz. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 531-532 orr.
  18. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 532 or.
  19. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 5 eta 192 or..
  20. (Ingelesez) SHOUP, Paul. (1968). Communism and the Yugoslav National Question. New York/Londres: Columbia University Press, 83-84 or..
  21. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1988). With Stalin against Tito. Cominformist Splits in Yugoslav Communism. Londres: Cornell University Press, 192 or..
  22. (Ingelesez) TOMASEVICH, Jozo. (2001). War and Revolution in Yugoslavia, 1941-1945. Occupation and Collaboration. Stanford: Stanford University Press, 166 or..
  23. Txavdar Marinov eta Alexander Vezenkoven arabera, 1943 urtea arte, soilik “eskualde serbiartuetan edo serbiarzaleenetan” zegoen erresistentzia hori. Beraz, nolabait, erresistentzia armatua eta jugoslaviarzaletasuna lotuta ageri ziren Mazedonian. Horrek azalduko luke zergatik 1943an bulgariarzaleak Alderdi barruan baztertuta geratzeak ekarri zuen erresistentzia hedatzea. MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 534-535. orr. Dobrin Mitxev bezalako egile bulgariarzale batek ere hori onartzen du (kontrako ikuspuntutik, hau da, Jugoslaviar Alderdi Komunista erasotzetik). MITXEV, Dobrin: Партизанското движение във Вардарска Македония, 1941-1944 (Mugimendu partisanoa Vardar Mazedonian, 1941-1944). http://macedonia-history.blogspot.com/2006/10/1941-1944.html
  24. Zenbait egileren arabera, mugimendu hau Jugoslaviako Alderdi Komunistak egin zuen, behin bulgariarzaleak aldenduta eta bere aldekoak Mazedoniako mugimendu komunistan nagusituta, berez jugoslaviarzaleak ez ziren masak erakartzeko. Ikus: MARINOV, Tchavdar eta VEZENKOV, Alexander: “Communism and Nationalism in the Balkans: Marriage of convenience or mutual attraction?” in DASKALOV, Roumen eta MISHKOVA, Diana: Entangled histories of the Balkans. Volume Two: Transfers of Political Ideologies and Institutions (469-555. orr.). Brill. Leiden/Boston, 2014, 537-538. orr.; SHOUP, Paul: Communism and the Yugoslav National Question. Columbia University Press. New York/Londres, 1968, 85. or.; eta MITXEV, Dobrin: Партизанското движение във Вардарска Македония, 1941-1944 (Mugimendu partisanoa Vardar Mazedonian, 1941-1944). http://macedonia-history.blogspot.com/2006/10/1941-1944.html
  25. (Mazedonieraz) «“АКТИ ЗА ИЗБОРИ И ИМЕНУВАЊА-СПИСОК НА НАРОДНИТЕ ПРЕТСТАВИТЕЛИ ОД МАКЕДОНИЈА ИЗБРАНИ ЗА ПРВОТО ЗАСЕДАНИЕ НА АСНОМ” (HAUTAKETA ETA IZENDAPENEN AKTAK-ASNOMEN LEHENDAKARITZA-ASNOMEN LEHEN ASANBLADARAKO MAZEDONIAK HAUTATUTAKO ORDEZKARIAK)» Службен весник на федералната единица Македонија во Демократска и Федеративна Југославија (Jugoslavia Demokratiko eta Federalaren baitako Mazedoniako Unitate Federalaren Kazeta Ofiziala) 1.
  26. (Mazedonieraz) «“АКТИ ЗА ИЗБОРИ И ИМЕНУВАЊА-ПРАТЕНИЦИ ЗА АВНОЈ ИЗБРАНИ НА ПРВОТО ЗАСЕДАНИЕ НА АСНОМ” (HAUTAKETA ETA IZENDAPENEN AKTAK-AVNOJRAKO ORDEZKARIAK, ASNOMEN LEHEN BILTZARREANH HAUTATUAK)» Службен весник на федералната единица Македонија во Демократска и Федеративна Југославија (Jugoslavia Demokratiko eta Federalaren baitako Mazedoniako Unitate Federalaren Kazeta Ofiziala) 1.
  27. (Mazedonieraz) «“АКТИ ЗА ИЗБОРИ И ИМЕНУВАЊА-НАРОДНИ ПРАТЕНИЦИ ПРЕДЛОЖЕНИ ОД ПРВОТО ЗАСЕДАНИЕ НА АСНОМ ЗА ЧЛЕНОВИ НА ПРЕЗИДИУМОТ НА АВНОЈ” (HAUTAKETA ETA IZENDAPENEN AKTAK-AVNOJREN LEHENDAKARITZA-KONTSEILURAKO HAUTATUTAKO KIDEAK, ASNOMEN LEHEN BILTZARREAN HAUTATUAK)» Службен весник на федералната единица Македонија во Демократска и Федеративна Југославија (Jugoslavia Demokratiko eta Federalaren baitako Mazedoniako Unitate Federalaren Kazeta Ofiziala) 1.
  28. (Mazedonieraz) «“АКТИ ЗА ИЗБОРИ И ИМЕНУВАЊА-ПРЕЗИДИУМ НА АСНОМ. ИЗБРАН НА ВТОРОТО ЗАСЕДАНИЕ НА АСНОМ,” (HAUTAKETA ETA IZENDAPENEN AKTAK-ASNOMEN LEHENDAKARITZA-KONTSEILUA. ASNOMEN BIGARREN SAIOAN AUKERATUTAKOA)» Службен весник на федералната единица Македонија во Демократска и Федеративна Југославија (Jugoslavia Demokratiko eta Federalaren baitako Mazedoniako Unitate Federalaren Kazeta Ofiziala) 1.
  29. (Mazedonieraz) «“АКТИ ЗА ИЗБОРИ И ИМЕНУВАЊА-ПРЕЗИДИУМ НА АСНОМ. ИЗБРАН НА ТРЕТОТО ЗАСЕДАНИЕ НА АСНОМ,” (HAUTAKETA ETA IZENDAPENEN AKTAK-ASNOMEN LEHENDAKARITZA-KONTSEILUA. ASNOMEN HIRUGARREN SAIOAN AUKERATUTAKOA)» Службен весник на федералната единица Македонија во Демократска и Федеративна Југославија (Jugoslavia Demokratiko eta Federalaren baitako Mazedoniako Unitate Federalaren Kazeta Ofiziala) 1.
  30. a b (Ingelesez) DE HAAN, Francisca; ALLEN, Margaret; PURVIS, June; DASKALOVA, Krassimira. (2013). «BONFIGLIOLI, Chiara: "Cold War internationalisms, nationalisms and the Yugoslav-Soviet split: the Union of Italian Women and the Antifascist Women's Front off Yugoslavia" (59-74. or.).» Women's Activism: Global Perspectives from the 1890s to the Present. Londres eta New York: Routledge, 67 or..
  31. Anekdota bezala aipatuko dugu Natsevaren senar Savo Drljević ere Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatu zutela urte berean. Natseva eta Drljević senar-emazte biak Herriaren Heroi ziren bikote apurretako bat ziren (10 izan ziren guztira).
  32. (Mazedonieraz) Народни херои од Македонија (Mazedoniako Herriaren Heroiak). Skopje: Наша книга (Gure liburua) argitaletxea, 287 or..
  33. (Mazedonieraz) «“Почина народниот херој Мара Нацева” (Mara Natseva herriaren heroia hil da)» Kumanovo News.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]