Edukira joan

Marceau etorbidea, 11

Koordenatuak: 48°51′58″N 2°17′57″E / 48.866122°N 2.2993°E / 48.866122; 2.2993
Wikipedia, Entziklopedia askea
Marceau etorbidea, 11
Kokapena
Estatu burujabeFrance
Udalerrien arteko lankidetzarako erakunde publikoaParis Handiko metropolia
Territorial collectivity of France with special statusParis
Udalerri barrutiaParisko 16. barrutia
Koordenatuak48°51′58″N 2°17′57″E / 48.866122°N 2.2993°E / 48.866122; 2.2993
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1883
Ondarea

Marceau etorbideko 11.eko etxea, hôtel particulier bat da[1] Parisen kokatua, Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zena 1937 eta 1940 urteen artean, eta gero berriro 1945 eta 1951 artean.[2] 21. mendeko lehen laurdenean Cervantes Institutuaren Octavio Paz liburutegiaren egoitza izan da, Espainiako gobernuaren jabetzapean.

Euzko Alderdi Jeltzaleak etxearen jabetza erreibindikatu izan du 21. mendean, alderdiak 1937an erosi zuelakoan;[3] eta hala dokumentatu dute zenbait historialarik. Baina beste historialari batzuek erosketa lehen Eusko Jaurlaritzarentzat egin zela argitaratu izan dute,[4] edo behintzat diru-bilketa Jaurlaritzarentzat egin zela.[5] Espainiako Gobernuak, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioaren bitartez, ontzat eman zuen EAJren jabetzaren erreibindikazioa 2024ko irailean [6] [7] eta Espainiako Kongresuak jabetza aldaketa onartu zuen 2025eko otsailean.

III. Errepublikako Hausmann estiloan egindako hôtel bat da, Paul Déchard arkitektoak diseinatua 1883an Narcisse Fillot aberatsaren etxe izateko (Au Bon Marché saltoki handien jabeetako bat zen Fillot).

Hiru gorputz ditu eraikinak U forman, barneko patio baten inguruan. Gorputz nagusiak Marceau etorbidera ematen du eta lau solairu ditu. Bigarren solairuan dago etxearen ezaugarri bikainetako bat, dantzarako saloia, ispiluen gela ere deitua parerak ispiluekin baititu. Beste saloi batean Jean-Alfred Mariotonen fresko batek apaintzen du sabaia.[8]

19. mendean Narcise Fillotena izan bazen etxean, 20.ean jabetza aldaketa izan zen, eta 1936. urtean, etxea Hélène Brown estatubatuarra zen jabez.[9]

Erosketa abertzaleen ekarpenekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937. urtearen hasieran Euzko Aldedi Jeltzaleko diputatu eta lehen Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Rafael Pikabeak alokatu zuen, Jaurlaritzaren Frantziako ordezkaritza bertan ezartzeko. Ordezkaritza horrek Euzko Deya izeneko buletin bat kaleratzen zuen, eta buletinaren 29. aleak, 1937ko martxoaren 7koak, Marceau etorbideko helbide hau darama.[9]

Hilabete batzuen buruan erbesteratutako hainbat abertzaleen ekimenari esker Euzko Aldedi Jeltzaleak erosi zuen etxea. Ekarpen pertsonalekin egin zen diru bilketa, Marino Ganboa itsasontzi-enpresari euskal-estatubatuarraren bitartez, 1.460.000 libera frantziar batu arte, gehienbat Ameriketan bizi ziren abertzaleek emanak.

1937ko urriaren 8 eta 9ko data daramaten notaritza bateko dokumentuek jabetza Ganboaren izenean ofizialdu zuten, jeltzaleen testaferro edo izen-mailegatzaile zela, eta EAJk utzi zion Jaurlaritzari han egoten jarraian.[9] Diru bidalketa Patxo Belaustegigoitiak egin zuen Mexikotik, Telesforo Monzonek eskatuta, Anton Iralak 1984an kontatu zuenez.[9] Jesús Ruiz de Gordejuela Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzailearen arabera, Belaustegigoitiak Eusko Jaurlaritzarentzako egin zuen diru bilketa.[5] Baina historialari batzuk dokumentatu dutenez, diru bidalketa urtebete lehenago izan zen, 1936kko irailean, Belaustegigoitiak Eliodoro de la Torreri egin zion, eta data horretan ez zegoen Eusko Jaurlaritzarik (urrian eratu zen, hilabete geroago).[7]

Jabetza Euzko Alderdi Jeltzalearena dela dioten historialarien artean daude Eduardo Jauregi, Sabino Arana Fundazioko artxibozaina;[10] Koldo San Sebastian, eta Óscar Álvarez Gila eta Xabier Hualde Amunarriz EHUko irakasleak. Espainiako Gobernuaren memoria demokratikoaren idazkariaren 2024ko txostenak onartzen du Jaurlaritzaren eta jeltzaleen arteko finantzei buruzko ñabardurak, 1937. urtearen kontestuan, zailak direla bereizten, eta izen-mailegatzaileen erabilpena logikoa ere badela, baina jeltzaleen aldeko frogatzat jotzen du Marino Ganboaren diru-kontuetan bazaudela batzuk Jaurlaritzaren izenean jarduteko, eta beste batzuk jeltzaleen izenean; eta Parisko etxearen erosketako funtsak bigarren kontu horietatik sortu zirela. [7]

Espainiako Gerra Zibila alde errepublikarrak galtzear zuelarik 1939 hasieran, eta Jaurlaritzak jada urte eta erdiz erbestean funtzionatzen zuelarik (lehenbizi Bartzelonan), Parisko jeltzaleek pentsatu zuten bertako jabetzen iraupenak beste berme bat behar zutela, eta Finances et Enterprises izeneko sozietate bat osatu zuten, zeinak etxe hau erosi zuen eratu eta berehala, 1939ko otsailean, jabego transferentzia bat ofizialdu zen notaritza batean: 1.600.000 liberaren truke, jabetza Ganboarengandik Finances et Enterprisesera igaro zen, 1.350.000 libera izan ziren eraikinagatik, eta gainerako bertako altzari eta ondasunengandik. Sozietate berberak este bi eraikin erosi zituen Noyonen eta Compansen euskal errefuxiatuei ostatu emateko.

LIABen kartel bat.

Zortzi akziodun zituen Finances et Enterprises-ek, zeinetan nagusia David P. Barnett estatubatuarrak kapitalaren %83,33 zuen, baina 1939ko urrian Barnettek bere akzioak utzi egin zizkion Jon Bilbao gazteari, orduan Boisen (Idaho) EAJk zuen ordezkariari.[11]

Finances et Enterprises enpresak 1939ko abenduan Ligue Internationale des Amis des Basques (Euskal herritarren Adiskideen Nazioarteko Liga, LIAB) erakundeari alokatu zion etxea, eta LIABek, berriz, utzi zion erbesteko Jaurlaritzari, ordezkaritzarekin jarraitzeko bertan.[9] LIABen egoitza ere etxe honetan egon zen.[12]

Lehen desjabetzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II. Mundu Gerraren kontestuan, Frantzia eta Alemaniaren arteko gerra egoera 1939ko irailean hasi zen, baina muga eta mendebaldeko frontean ez zen gudurik izan lehen hilabeteetan, tentsio egoera batean. 1940ko maiatzaren 10ean, berriz, Alemaniak mendebalderanzko (Herbehereak eta Belgika inbadituz) eta Frantziaranzko erasoa egin zuen. Egoerak Jose Antonio Agirre lehendakaria Belgikan (La Panne herrixkan) harrapatu zuen, eta praktikan aginpiderik edo komunikazio bide zuzenik gabe geratu zen Parisko ordezkaritzarako. Agirrek urtebete baino gehiagoko ezkutualdia hasi zuen Bruselan lehenbizi eta Alemanian gero, Ameriketako Estatu Batuetara joan aurretik.

Maiatzean eta ekainean Alemania naziak aurrera egin zuten Frantziaren kapitulazioa erdietsi arte. Naziak 1940 ekainaren 14an sartu ziren Parisen, baina ordurako doi-doi Jaurlaritzaren ordezkaritza joana zen Marceau etorbidetik.

Polizia espainolak eta Gestapoko laguntzaileak sartu ziren egoitzara, eta arpilatu egin zuten. Inkautazioan Espainiako enbaxadako funtzionari batzuek parte hartu zuten, horien artean Pedro Urraca, Francisco Serrano eta Pedro Macías eta dokumentazio asko aurkitu zuten. Iñaki Egaña historialariaren aburuz, inkautazio horretako informazioak errepresioa eta are exekuzioak (Luis Alabarena) eragin zituen abertzale eta errepublikarren artean, eta horrek agerian uzten du Marceau etorbidea hustu zutenean bertakoek ez zutela behar zen zuhurtziarekin jokatu eta suntsitu beharreko dokumentazio asko bertan utzi zutela.[11]

Espainiako frankisten esku zegoelarik etxea, Hogar Español (Espainiar etxea) izena jarri zioten, eta zenbait azpi-talde edo erakunde ezarri ziren bertan: Falange alderdiaren egoitza, espioitza zerbitzuak, Comisión de Recuperación (Berreskuratze Batzordea) delako bat errepublikarrei ondasunak desjabetzeko, eta Instituto Cultural Español izeneko bat ere bai.[9]

Okupatzaile frankistek etxearen jabetza legala Espainiako Estatuaren izenean ezarri nahi izan zuten, eta prozesu baten ondoren, 1944ko urtarrilaren 14an okupatzaileen kontrolpeko justizia frantziarrak jabetza Espainiari eman zion. [9]

Jeltzaleen eta Eusko Jaurlaritzaren itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1944an. Liberazioarekin, Ardatzeko potentziek Jaurlaritza Marceau etorbidera itzultzea ahalbideratu zuen.[2] 1944ko abuztuan sartu ziren Leclerc jeneralarekin aliatuak Parisen, eta haren tropan ziren eusko gudari batzuek Marceau etorbideko etxera jo zuten (zeina frankistek azkar eta presaka utzi zuten egun gutxi batzuk lehenago). Laster ezarri ziren bertan LIABeko Xabier Landaburu jeltzalea, eta Jaurlaritzaren izenean, Agustin Alberro.[9]

Ezkerrean zenbait pertsona Marceau etorbideko egoitzan, eta eskuman Jose Antonio Agirre eta bere ordezko izango zena, Jesus Maria Leizaola, gela batean. Ezkerrean zenbait pertsona Marceau etorbideko egoitzan, eta eskuman Jose Antonio Agirre eta bere ordezko izango zena, Jesus Maria Leizaola, gela batean.
Ezkerrean zenbait pertsona Marceau etorbideko egoitzan, eta eskuman Jose Antonio Agirre eta bere ordezko izango zena, Jesus Maria Leizaola, gela batean.


Jose Antonio Agirre 1946an itzuli zen eraikinera, erbesteko ordezkaritza urte batzuez New York hirian izan ondoren, Bostgarren etorbideko 30.ean.[11] Europako alderdi eta eginte demokratikoekin aliantzak egiten saiatu zen Agirre bertatik, eta 1946an, Europako Mugimenduaren Kontseilu Federala eratu zen, otsailaren 7an eta 8an, Marceau etorbideko etxean.[13] Urtebete beranduago Nouvelles Équipes Internationales izeneko alderdien elkarte politikoaren estatutuak erredaktatu ziren etxean, zeina urte batzuen buruan Europako demokrazia kristauaren aliantzaren oinarrietako bat bilakatu zen.[9]

Bigarren desjabetzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Jaurlaritza Marceau etorbidera itzuli arren, okupazio garaiko prozesu judizialak eta sententziak indarrean zeuden oraindik. Frantziako administrazioaren begietan, Espainiako Estatua zen oraindik jabea, eta helegiteak izan ziren arren, jabetza Espainia frankistari berretsi zitzaion 1951an. Ondorioz, ekainaren 28anm Frantziako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren egoitza zegoen jauregia husteko agindua eman zuten[14]. Agindu hori sinatu zuena François Mitterrand izan zen, orduan Barneko ministroa.[15] Kanporatze aginduan oharra utzi zuen Jose Antonio Agirrek etxea husteko egunean, Frantziaren erabakia gogor gaitzetsiz.[9] [16]

«
Eraikin honetatik bagoaz indar publikoak bota gaituelako, epai bat betez, Euzko Jaurlaritza lapurtzat jotzen duen epaia hain zuzen, alemanen okupazioaren garaian idatzia etsaiaren babespean. Bortxa honen kontra protesta egiten dut nik, eta aldarrikatzen dut gure jokabide zintzoak eta gure tradizioak oso bestelako tratua merezi zutela. Gure kausa zeuon kausara lotua egon da, gure odola zuenarekin batera isuri da etsai amankomunaren aurka; eta orain zer, egozten gaituzte etxe honetatik, nori emateko, gerra horretan Ardatzeko gure arerioen lagun izan direnei.
Gure Herriaren izenean protesta egiten dut, erbestean ezagutu dugun minik handiena erabaki honexek eman baitigu, batez ere ikusita nork eman digun min hori: gure lagunek, askatasunaren eta Demokraziaren kausan, zintzoki geurea dugun kausan, oinaze eta sakrifizioak elkarrekin bizi ondoren.
»

—Jose Antonio Agirre, lehendakaria.


Trantsizioaren ondoren Espainiako Gobernuak jarraitu zuen jabetzarekin, eta 1991n Cervantes Institutuaren Parisko egoitza bat han ipini zuten bertan, Octavio Pazen izena daukan liburutegi baterako zehazki.[2] Beste egoitza bat ere badu Parisen Cervantes Institutuak.

1996. urtean, José María Aznar Espainiako PPko buruak bere lehen legegintzaldian EAJren babesak behar zituenean, etxe honen jabetzaren itzulketa egon zen itunetan, baina idatzita ez agertzeko baldintzarik, Iñaki Anasagasti burukide jeltzalearen arabera.[17]

EAJk auzitegietan kalteordainak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari zenbait eraikin desjabetu eta okupatzeagatik. 2003ko epai batean, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen Marceau etorbideko etxeagatiko 10.5 milioi euroko kalteordaina onartu (EAJk eskatzen zuena), baina bai 8.8 milioikoa beste jabetza batzuengatik.[18] Gorenaren argudioa izan zen ez zela izan Espainiako Gobernuak egindako desjabetzea, Frantziako auzitegi eta erakundeen erabakia baizik.[17]

Itzulketa EAJri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024ko irailean, Espainiako Gobernuak, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioko Fernando Martínez López memoria demokratikoko estatu idazkariaren agiri baten bidez, ontzat eman zuen EAJren jabetzaren erreibindikazioa.[6] [7]

2024ko abenduan lege proposamena argitaratu zen Espainiako BOE buletinean, Gobernuak jabetza EAJri emateko. Zenbait neurri desberdin bateratu zituen bozketara joan zen neurria Espainiako Kongresuan, baina lehen bozketa batean atzera bota zuten (Vox, PP eta Junts taldeen ezezkoekin). 2025eko otsailaren 12an, berriro ere neurri desberdinekin bateratuta (baina baten bat gutxiago), onartu egin zen, PPk eta Juntsek baiezkora aldatu zutelarik euren botoa.

Onartutakoaren arabera, 2025eko urtarriletik Cervantes Institutuak merkatuaren araberako alokairu bat ordaindu beharko dio EAJri etxea erabiltzeko, 2030eko abenduaren 31 arte, non etxea hustu beharko duten EAJk har ditzan giltzak.[19]

Jaurlaritzaren jabetzaren aukera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAJk jabetza berreskuraturik, etxea Eusko Jaurlaritzari eman behar lioketela uste dutenak badaude, esate baterako Javier de Andrés PPkoa, Arabako ahaldun nagusi izandakoa.[20] Iñigo Urkulluk berak, 2016ko uztailean Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela Parisera egindako bidaian batean, oharra utzi zuen Marceau etorbideko etxearen postontziaren zirrikituan, inplizutiki bederen hari buruzko erreibindikazioa Jaurlaritzarentzat egiten.[21]

«
Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrenean, Ordezkaritzaren egoitza zena eta izan behar zen honetan, Lehendakariak, sailburuak eta euskal ordezkariak oroituz, aldarrikapena egiten dut.
»

—Iñigo Urkullu - 2016-07-05.


Hiru hilabete geroago Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea igaro zen toki beretik, oraingoan modu esplizituan erreibindikazioa EAJrentzat egiteko.[22]

Jaurlaritzaren iturri zehaztugabeak aipatu izan dituzten prentsa-informazio batzuek argitaratu dute Jaurlaritzak ezingo lukeela, arrazoi etiko eta estetikoak medio, alderdi politiko baten dohaintza bat onartu.[23]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Immeuble, ancien hôtel particulier, actuelle bibliothèque de l'Institut Cervantès» pop.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2025-02-01).
  2. a b c Lehendakaritza, Eusko Jaurlaritza. (2012-05-30). «Egoitzak» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-30).
  3. «LA HISTORIA DE LA SEDE DEL PNV EN LA AV. MARCEAU PISOTEADA POR FELIPE VI» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2025-02-01).
  4. (Gaztelaniaz) Sanz Goikoetxea, Eneko; Alvarez Gila, Oscar. (2011-01-28). «El exilio institucional: El Gobierno autonómico vasco y sus delegaciones en el exterior (1937-1965) (II/III) - Euskonews» www.euskonews.eus 564 (Noiz kontsultatua: 2025-02-01).
  5. a b «BELAUSTEGUIGOITIA LANDALUCE, Francisco - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-01).
  6. a b (Gaztelaniaz) Vázquez, Míriam. (2025-01-18). «El Estado acredita que Francia arrebató la sede de París al PNV a instancias de Franco» Deia (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  7. a b c d (Gaztelaniaz) Martínez López, Fernando. (2024-09-07). Recibido escrito de la Dirección General de Patrimonio del Ministerio de Hacienda y Función Pública, relativo a la solicitud del Partido Nacionalista Vasco-Euzko Alderdi Jeltzalea (en adelante, PNV) sobre la restitución de inmueble de la Avda. Marceau 11 de Paris.. Ministerio de Política Territorial y Memoria Democrática - Secretario de Estado de Memoria Democrática (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  8. (Gaztelaniaz) Instituto Cervantes. (2023). «11, avenida Marceau, París» Instituto Cervantes (Noiz kontsultatua: 2025-02-01).
  9. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) Jauregi, Eduardo. (2010-05-29). «11, Avenue Marceau» Deia: 22-23. (Noiz kontsultatua: 2025-01-30).
  10. (Gaztelaniaz) Infobae, Por Newsroom. (2025-01-24). «La Fundación Sabino Arana asegura que el palacete de París pertenece al PNV y no al Gobierno Vasco» infobae (Noiz kontsultatua: 2025-02-02).
  11. a b c (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki. (2025-01-05). «La sede vasca en París; el cierre de un ciclo histórico» naiz: (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  12. (Frantsesez) Larronde Aguerre, Jean-Claude. (1998). «Exil et solidarité. La Ligue Internationale des Amis des Basques» Revista Internacional de los Estudios Vascos - RIEV (Donostia: Eusko Ikaskuntza- Sociedad de Estudios Vascos) 43-1: 151-167. (Noiz kontsultatua: 2025-02-01).
  13. (Frantsesez) Sabino Arana Fundazioa. (2021-02-08). «El nacimiento del Consejo Federal del Movimiento Europeo» Sabino Arana Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2025-02-03).
  14. Pérez Pérez, José Antonio. (2013). «Historia (y memoria) del antifranquismo en el País Vasco» Cuadernos de historia contemporánea (35): 41–62. ISSN 1988-2734. (Noiz kontsultatua: 2025-01-30).
  15. (Gaztelaniaz) Anasagasti, Iñaki. (2005-06-17). «Nos faltó José Antonio» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2025-02-06).
  16. Jasotako erreferentzian, Eduardo Jauregi historialariak gazteleraz transkribatu du oharra, originala zein hizkuntzatan izan zen idatzi gabe. Hemen euskarara ekarri dugu.
  17. a b (Gaztelaniaz) Rioja Andueza, Iker. (2025-01-18). «Testaferros y 65.000 dólares llegados de México: así compró en 1936 el PNV el palacio de París que ahora ha recuperado» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2025-02-10).
  18. (Gaztelaniaz) Rioja Andueza, Iker. (2021-11-06). «Euskadi tendrá nueva sede en París... pero no el histórico palacio de Marceau» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2025-02-10).
  19. (Ingelesez) Presse, AFP-Agence France. (2025-02-12). «El Congreso Español Aprueba La Cesión A Los Nacionalistas Vascos De Un Palacete De París Confiscado Por Los Nazis» barrons (Noiz kontsultatua: 2025-02-13).
  20. (Gaztelaniaz) Sola, Ramon. (2025-01-25). «Sede de París: para el PP es de España; para el PP vasco, de Lakua; y para el PNV, suya» naiz: (Noiz kontsultatua: 2025-02-04).
  21. (Gaztelaniaz) Urkullu, Iñigo. (2016-07-06). «Nos hemos acercado a la sede que el Gobierno Vasco tuvo en París» Facebook (Noiz kontsultatua: 2025-02-06).
  22. (Gaztelaniaz) «Ortuzar reclama en París la sede del Cervantes antes de la negociación presupuestaria con Sánchez» ELMUNDO 2018-10-16 (Noiz kontsultatua: 2025-02-06).
  23. (Gaztelaniaz) Vázquez, Míriam. (2022-06-30). «Urkullu ultima el contrato de una sede en París que no será la incautada por Franco» Onda Vasca / NTM (Noiz kontsultatua: 2025-02-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]