Edukira joan

Marforio

Koordenatuak: 41°53′37″N 12°29′00″E / 41.893548°N 12.4832277°E / 41.893548; 12.4832277
Wikipedia, Entziklopedia askea
Marforio
Jatorria
Ezaugarriak
Materiala(k)Carrarako haitzurdina
Genero artistikoaErromako estatua hiztunak
Deskribapena
Kokapena
LekuaPalazzo Nuovo (Rome) - Courtyard (en) Itzuli
Koordenatuak41°53′37″N 12°29′00″E / 41.893548°N 12.4832277°E / 41.893548; 12.4832277
Map

Marforio (italieraz: Marforio; Erdi Aroko latinez: Marphurius edo Marforius) Erromako estatua klasiko bat da.

Jatorriz I. mendeko marmolezko eskultura handi bat da, Ozeano edo ibaietako jainko bizardun etzan batena, iraganean Jupiter, Neptuno edo Tiber ibaiaren irudikapen gisa deskribatu izan dena. Andrea Fulvio humanista eta antikuarioa izan zen lehen aldiz ibaien jainko gisa identifikatu zuena, 1527an.

Bere izenaren jatorria eztabaidatua da. Foroan zegoenean inskripzioa zuen granitozko oinarri baten gainean zegoen, eta han Mare in foro jartzen omen zuen. Beste hipotesi batzuk kokapenetik datozkio: Martis Forum delakoan zegoela, edo Mamertinoko Espetxetik gertu, edo Marioli (edo Marfuoli) familiaren lurretan.

Marforio mugarri ezaguna izan zen Erroman XII. mendearen amaieratik aurrera. Poggio Bracciolinik Antzinarotik bizirik zirauten eskulturetako bat zela idatzi zuen 15. mende hasieran, eta XVI. mendearen hasieran oraindik Septimio Severoren arkutik gertu zegoen, Erromako Foroan.

Sixto V.a aita santuak estatua San Marko plazara eraman zuen (Erroman bertan) 1588an, eta gero Kapitolinoko plazara, 1592an, non Giacomo della Portak diseinatutako iturri bat apaintzen duen harrezkero. Aurpegiaren zati bat, eskuineko oina, eta oskol bati eusten zion ezkerreko eskua zaharberritu zizkioten 1594an.

Marforio delakoa eta beste lau estatua XVI eta XVII. mendeetan erabili izan ziren paskinak ondoan idazteko: bost estatua hiztunak ziren eta horietako beste bat Pasquino delakoa zen. Ustez estatuek esanak jasotzen ziren paskin lotsagabe horietan figura publikoei adarra jotzen zitzaien, kritika soziala ziren.[1]

1644ean, inguruko eraikinen zabalkundean orduan eraiki zen Palazzo Nuovo delakoaren oste batean geratu zen estatua erraldoia. Eraikin hura Museo Kapitolino bihurtzean 177ean, ikuspegi arkitektonikoa berrikusi zuen Filippo Bargionik, eta estatua zaharberritu zuen Carlo Antonio Napolionik. 21. mendean, Museo Kapitolinoen espazioaren barruan jarraitzen du, Palazzo dei Conservatori eraikineko erakustaretoen artean, non 2012-2013 urteetako zaharberritze batean iturri funtzio berrezarri dioten.[2]

21. mendeko kokapena Museo Kapitolinoetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Statua colossale restaurata come Oceano: Marforio | Musei Capitolini» www.museicapitolini.org (kontsulta data: 2025-09-01).
  2. Roma Capitale, Informazio panela. (2025). Marforio izeneko iturri-estatuari buruzko info panela. (kontsulta data: 2025-09-01).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]