Margarita Angulemakoa
- Artikulu hau Henrike II.aren emazteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Margarita Nafarroakoa».
Margarita Angulemakoa (Angulema, 1492ko apirilaren 11 – Odos, 1549ko abenduaren 21), Margarita Nafarroakoa eta Margarita Orleansekoa ere deitua, 1509-1525 bitartean Alençongo dukesa eta 1527-1549 bitartean Nafarroako erregina ezkontidea izan zen. Eragin handiko emakumea izan zen, batez ere Frantzisko, bere neba, 1515ean Frantziako errege bihurtu zenetik aurrera. Kultura arloan ere aritu zen: poesiak idatzi eta argitaratu zituen eta Erreforma Protestantea bultzatu zuen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karlos Orleansekoa, Angulemako kondearen eta Luisa Savoiakoaren alaba eta Frantzisko I.a Frantziakoaren arreba zen. Ama izan zuen irakasle, eta latina, greziera, hebreera, gaztelera eta italiera ikasi zituen gaztetan. Hamar urte zituela, Henrike Galesko printzearekin ezkontzekotan izan zen, baina ezkontza ez zen egin. Gero, Gaston II.a Narbonakoarekin ere ezkontzekotan egon zen, baina senargaia aurretik hil zen.
Karlos IV.a Alençongoa, Frantziako kondestablearekin ezkondu zen 1509an eta alargun geratu zen 1525ean. Henrike II.a Nafarroako erregearekin ezkondu zen bigarrenez eta Nafarroako Erresumako lurretan bizi izan zen ordudanik. 1549ko abenduaren 21an hil zen Odoseko gazteluan.
Kultura handiko pertsona zen eta, Guillaume Briçonnet apezpiku eta irakasleaz edo François Rabelais edo Lefèvre d’Étaples intelektual ebanjelistez gain, Erreforma protestantearen aitzindariak erakarri zituen Nafarroako gortera, Joan Kalbin bera tarteko. 1525ean eta 1527an Erasmo Rotterdamgoak ere idatzi zion, baina erreginak ez zion erantzunik eman eta, gaur egun arte, ez da argitu Holandako pentsalaria Nafarroatik pasa zenentz[1]. Margarita bera ez zen protestantea baina erlijiozko elkarrizketa kritikoak sustatu zituen Parisen bezala Néracen zein Pauen, ideia protestanteek beren bidea egin zezaten. Erromarekin erabat eten gabe burutu nahi izan zuen erreforma, batez ere Elizaren jerarkiaren ustelkeri eta gehiegikeriekin amaitu asmoz[1], eta horretarako Gérard Roussel Oloroeko gotzain izendatu zuen Nafarroako erresuman erreforma sartuz joan zedin[2]. Politikan, ahaleginak egin zituen Nafarroako Erresuma berriro batzeko, baina aurka izan zituen Karlos Habsburgokoa enperadorea, Nafarroari kendutakoa ez itzultzearren protestantismoaren aurkako borroka aitzakia gisa etengabe erabili zuena, eta erreformaren alderako harrera zabal hura inoiz onetsi ez zuten Nafarroako gizarte sektore batzuk.

Obra ugari idatzi zuen. Poesiak, kantak, otoitzak, antzerkiak eta ipuinak paratu zituen, frantsesez betiere. Heptameron izeneko ipuin eta istorio bilduma (1558-1559 urteetan argitara emana) da ezagunena. Humanismo europarreko obra nagusietako bat da, Boccaccioren Dekamerona-ren gisara baina gordinkeria nabarmenik gabea eta giro platoniko batean taxutua. Obra horretan, alde batetik, Margaritaren espiritualismo neoplatonikoa agerian geratzen da ideal ebanjelikoak eta maitasun aratz perfektuak lantzean; bestetik, gizartearen eta bereziki Elizaren jokabideari kritika egiten zaio. Honekin hertsiki loturik, Margaritak feminismoari egindako ekarpena goraipatzeaz gain, Simone de Beauvoir filosofoak Bigarren sexua saiakeran bere originaltasun filosofikoa ere, zeinak alderdi materiala eta espirituala elkartuko dituen, adieraziko du. Bizia eta traszendentzia bateratzeko ahalegintze horretan, kartesianismoa arbuiatu eta estoikoen edo XVI. mendeko neoplatonikoen naturalismoaren gisako dotrinetara hurbildu zuelako emakumea[3].
Beste obra batzuk: Le Dialogue (1525, Elkar-hizketa), Le miroir d’une âme pécheresse (1531, Arima bekatari baten miraila. Poema horiek heretikotzat jo zituen Sorbonako unibertsitateak) eta Contes et Nouvelles (1698an argitaratua, Ipuinak eta Noelak). 1641-1642 urteetan argitaratu ziren bere gutunak (Lettres de Marguerite d’Angoulème) eta 1896an argitaratu ziren kanta eta poema ezezagun asko (Les dernières poésies de Margarite de Navarre). Erasmok Margaritaren bertute eta dohain intelektual eta literario apartak goretsi zituen. Letra eta arteen mezenas bezala ere nabarmendu zenez "Medici frantsesa" deitzen zioten[4].
Ezkontzak eta seme-alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1509ko abenduaren 3an, Karlos IV.a Alençongo dukearekin ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik izan. 1525ean alargundu ostean, 1527ko urtarrilaren 24an Henrike II.a Albretekoarekin ezkondu zen. Bi seme-alaba izan zituzten:
- Joana III.a Albretekoa (1528-1572).
- Joanes Nafarroakoa (1530-?), umetxo zela hila.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburu hauek idatzi zituen (argitaratzailea Pierre Boaistuau izan zen):
- Le Dialogue en forme de vision nocturne (1524).
- Le Miroir de l’âme pécheresse (1531), poema, ebanjelismo aldekoa.
- Les Marguerites de la Marguerite des princesses (1531), testuen bilduma.
- Les Chansons spirituelles (1547)
- La Comédie de la nativité de notre seigneur Jésus-Christ
- La Comédie de l’adoration des trois rois
- La Comédie des innocents
- La Comédie du désert
- Le Triomphe de l'agneau
- La Complainte pour un détenu prisonnier
- La Fable du Faux Cuyder
- Le Malade (1535-1536)
- L'Inquisiteur (1536)
- Trop, Prou, Peu, Moins (1547)
- La Coche (1541)
- Comédie des Quatre Femmes (1542ko otsaila)
- La Navire (1547)
- La Comédie sur le trépas du roi (1547)
- Les Prisons
- La Comédie de Mont-de-Marsan (1548)
- L'Heptaméron (1559). Ezin izan zuen bukatu baina bere lan nagusia izan zen.
Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Obra literarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bere nobelen lehen editorea Pierre Boaistuau izan zen.
- Un diálogo místico gaueko irudipen gisa (1525).[1]
- Poema bat: Espejo del alma pecadora (1531), Sorbonak erasotu zuen 1533an berrargitaratu ondoren eta Frantzisko I.aren esku-hartzea behar izan zuen.[1] Liburua ideia ebanjelikoz josita dago, fedea eta karitatea osasunaren printzipio bihurtuz. Lan horren ondoren, kantu espiritualetan oinarritutako poema ugari idatzi zituen. Margaritak kantu profanoen egitura poetikoa erabiltzen zuen eta testu erlijiosoekin ordeztu.
- Cuatro Misterios o Autos sacramentales.
- Dos Farsas.
- Las Margaritas de la Margarita de las princesas (1547),[1] hil ostean Silvio de La Hayak, haren ganbera-laguntzaileetako batek, bildu eta argitaratutako poesiak. Poesiak Parisen inprimatu ziren, 1554an. Frantziako errege liburutegiko eskuizkribuen artean, Margarita de Valoisen Cartas folioan hiru liburuki gordetzen dira, eta horietako zati bat Genin jaunak argitaratu zuen, Frantziako Historiaren Elkartearen bilduman.[5]
Heptamerón edo Nafarroako erreginaren ipuinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere bizitzako azken txanpan idatzi zituen bere bi sorkuntza handiak: Las prisiones de la Reina de Navarra, bere kezka filosofiko, teologiko, mistiko eta artistikoak kondentsatzen zituen lana, eta Heptamerona (1542). Azken hori bere lan gorentzat hartzen da, 1414tik jada ezaguna zen Boccaccioren Dekameronaren ereduari jarraituz egindakoa. Baina ezin izan zuen amaitu, amaitu baino lehen hil baitzen. Zazpi egunez garatzen diren 72 kontakizun biltzen ditu Heptameronak. Boccaccioren obran bezalaxe, istorio itxi batean kokatzen dira kontakizunak. Margaritaren idatzian, bost gizonek eta bost emakumek istorio bana kontatuko dute egunero, hamar egunez, ehun kontakizun osatu arte, euri-jasa bortitz baten ondorioz zubi bat erori ondoren harrapatuta geratu direlako. Baina Nafarroako erreginak zazpi egun baino ezin izan zituen idatzi, eta hortik datorkio Heptamerona. Jon Oria historialariak, erreginaren biografia baten egileak, honako hau azpimarratzen du obratik: «Margaritak feminismo intelektuala egiten du; izan ere, Decameronen Bocacciok gizonak emakumeen kontura barre eginarazten baditu, Heptameronean Margaritak emakumeak gizonen kontura barre eginarazten ditu».[6]
Badirudi Heptameronaren azken edizioa Bernan egindakoa dela, 1780 argitaratutakoa eta Chodowieckiren lamina ederrak dituena.[5]
"Fikzio literario atsegin baten forman, Heptamerona liburuak XVI. eta XVII. mendeetan jarraituko duen eztabaidari hasiera ematen dio: zenbat balio dute emakumeek eta gizonek, eta zein dira haien gaitasunak eta bertuteak? Heptameronaren jolasa galdera eta erantzunekin argudiatzea da. Nafarroako Margaritak sexua jartzen du ezbaian. Emakumeen auziaren etorkizunerako erreferentzia izaten jarraitzen du bere liburuak" dio Severine Auffretek La gran historia del feminismo saiakeran".[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/05/07 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Oria Osés, Jon. (1989). «Influencia de la conquista en el pensamiento, la cultura y la literatura» Cuadernos de sección. Historia-Geografía.
Jornadas celebradas en Iruñea-Pamoplona el 14, 15, 16 y 17 de dic. de 1987 en el Aula Magna de la Escuela de Empresariales (Donostia: Eusko Ikaskuntza) 11: 59-78. ISBN 84-86240-89-1.. Aipuaren errorea: Invalid
<ref>tag; name ":0" defined multiple times with different content - ↑ Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 77 or.
- ↑ Beauvoir, Simone. (2019). Bigarren sexua. Donostia: Elkar ISBN 978-84-90279-45-8..
- ↑ Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 76 or.
- ↑ a b (Ingelesez) Canseco, Vicente Díez. (2011-07). Diccionario Biográfico Universal de Mujeres Célebres. BiblioBazaar ISBN 978-1-173-61319-8. (kontsulta data: 2025-12-01).
- ↑ Guerra, Pello. (27 de abril de 2016). Margarita de Navarra, la primera mujer moderna. .
- ↑ (Ingelesez) «La gran historia del feminismo : de la Antigüedad hasta nuestros días | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-12-01).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Leioa/Andoain, EHU/Jakin. ISBN 978-84-949759-0-5
- Jimenez, Jon (2024): “Euskal Herriko pentsamenduaren historiaz” in Haritz Azurmendi, Alba Garmendia eta Jon Mentxakatorre (argtz.): Euskal pentsamenduaren garabideak, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-906-4
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) The Heptameron by Marguerite de Navarre (Margarita Angulemakoari eta bere lanei buruzko web orri bat)
- «Heptamerona – 1. eguna» Booktegi
- «Heptamerona – 2. eguna» Booktegi
- @Heptamerona Twitter kontua
- Europako mende-hegoaldeko mapa Margaritak 8 urte zituenean (1500) Euratlas