Maria Jesus Esteban

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Maria Jesus Esteban
Maria Jesus Esteban.jpg
Bizitza
Izen osoa Maria Jesus Esteban Galartza
Jaiotza Alonsotegi1956ko apirilaren 6a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Heziketa Euskal Herriko Unibertsitatea
Pierre eta Marie Curie Unibertsitatea
Lanbidea
Lanbidea matematikaria
Lantokia(k) Paris
Enplegatzailea(k) Paris-Dauphineko Unibertsitatea

Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1956ko apirilaren 6a) euskal herritar zientzialari eta matematikaria da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHUko Zientzia Fakultatean 1978an matematikazko lizentziatura lortu ondoren Parisen egin zuen doktorego-tesia Pierre-Louis Lions zuzendaritzapean, deribatu partzialetako ekuazioei buruzko hainbat problemaren inguruan, eta Pierre eta Marie Curie Unibertsitatean defendatu zuen 1981ean. Bukatutakoan Europako Matematikaren Elkarteak (European Mathematics Society, EMS) eta Europar Zientzia Fundazioak (European Science Foundation) sustatu zuten A Forward Look on Mathematics proiektuaren koordinatzailea izan zen. 1991 arte CNRSko ikertzaile modura lan egin zuen. Urte horretan, Directrice de Recherche izendatu zuten, eta Paris-Dauphine Unibertsitatean aritu da lanean orduz geroztik gaurdaino.

Ikertzaile gisa, aztergai izan ditu deribatu partzialetako ekuazio ez-linealak eta fisika matematikoa, eta nazioartearen aitorpena jaso du alor horietan. Gainera, lan handia egin du fisikako, mekanika kuantikoko eta kimikako problemen eredu matematikoetan. Hizlari gonbidatu izan da ehundik gora nazioarteko batzarretan eta mundu osoko unibertsitate eta ikerguneetan.[1]

Maria Jesus Esteban matematika sustatzeko hainbat erakundetan eragilea izan da. 2009tik 2012ra Frantziako Matematika Aplikatuen eta Industrialen Elkartearen lehendakaria izan zen; Europako Matematikaren Elkarteko Matematika Aplikatuaren Batzordeko burua izan zen 2012 eta 2013. urteetan; EU-MATHS-IN elkartearen sortzailea eta Abel Prize sariaren batzordeko kidea ere, 2014. eta 2015. urteetan.

Gaur egun, CNRSen ikertzailea (directrice de recherche delakoa) eta Paris-Dauphine Unibertsitateko Ceremade zentroko kidea da eta 2015.etik Matematika Industrial eta Aplikatuen Nazioarteko Kontseiluaren lehendakaria (International Council for Industrial and Applied Mathematics, ICIAM).[2] 2012an, Frantziako Errepublikako Presidenteak Chevalière de l´Ordre National du Mérite izendatu zuen, eta Jakiundeko kide da 2015az geroztik.

2015ean Euskal Herriko Unibertsitateak Doctor Honoris Causa izendatu zuen.[3][4]

Ikerketa gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Jesus Esteban matematikariaren ikergaien artean hauek dira garrantzitsuenak:

  • Deribatu partzial ez-linealezko ekuazioak,
  • Ekuazio eliptiko ez-lineal eta metodo bariazionalak,
  • Metodo matematiko eta numerikoak fisika matematikoan,
  • Metodo matematiko eta numerikoak mekanika kuantiko erlatibistan eta kimika kuantikoan,
  • Fluido eta egituren arteko elkarrekintzak.

Euskarazko produkzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matematika era sakonean euskaraz landu zituen lehenengo zientzialarietako bat izan zen. Esate baterako, 1977an hitzaldi hau eman zuen: Espresio aljebraikoen arteko eragiketa oinarrizkoak. EHUn euskaraz eginiko lehen matematikazko tesina Maria Jesus Estebanena izan zen. UEUrekin argitaratu zituen Espazio topologikoak eta Neurria eta Integrazioa liburuak mugarriak izan ziren unibertsitate mailako euskarazko matematikan. 1978an argitaratu zuen Espazio topologikoak liburua beste bost emakume matematikarirekin batera (Edurne Biritxinaga Gaztelurrutia, Begoña Carrascal Platas, Mari Carmen Castillo Aranburu, Arantza Laborda Otadui, eta Mari Jose Zarate Azkuna). Neurria eta Integrazioa liburua, berriz, Xabier Duoandikoetxea Zuazorekin idatzi zuen 1981. urtean. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 10 lan baino gehiago jaso dira.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]