Edukira joan

Maria Polydouri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Polydouri

Bizitza
JaiotzaKalamata1902ko apirilaren 1a
Herrialdea Grezia
HeriotzaAtenas1930eko apirilaren 29a (28 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Hezkuntza
HeziketaNational and Kapodistrian University of Athens (en) Itzuli
(1921 - : zuzenbide (jakintza)
Hizkuntzakgreziera modernoa
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta idazlea

Musicbrainz: 263cb1ba-c580-45be-8249-63837d3f5bc5 Edit the value on Wikidata

Maria Polydouri (grezieraz: Μαρία Πολυδούρη, Kalamata, 1902ko apirilaren 1a – Atenas, 1930eko apirilaren 29a) greziar itzultzaile eta poeta neorromantikoa izan zen.

1920ko belaunaldikoa da, pozik ezaren sentsazioa eta poeta madarikatu frantsesen antzeko dekadentismo kutsua landu zituena. Maitasuna eta heriotza dira bere poesiaren ardatz nagusiak. Lirika horrek tristura eta oinaze sakon batean apurtzen du, maitasunak bere bizitzan dituen eragin nabarmenekin.

Maria Polydouri Kalamata hiri txikian jaio zen, Peloponesoko hego-mendebaldean, 1902ko apirilaren 1ean.

Maria Polydouri 1918an

Senar-emazte dirudun batzuen hirugarren alaba izan zen. Aita, Eugenios Polydouri, filologoa eta bigarren hezkuntzako institutu bateko zuzendaria zen[1]; ama, Kyriaki Markatou, emakume aurrerakoia. Bi ahizpa zaharragoez gain (Pepi eta Virginia), bi anaia gazteago ere izan zituen (Konstantinos eta Evangelos). Nerabezaroan, literaturarekiko interesa piztu zitzaion. 1916an, 14 urte zituela, bere lehen konposaketa egin zen, Οικογενειακός Αστήρ aldizkarian argitaratutakoa. Prosa poetikoko testu bat zen, Ama baten mina [Ο πόνος της μάνας] izenekoa; gazte baten gorpua herriko hondartzan agertu izana deskribatzen zuen, amaren zartadak eraginda. Garai berekoa da bere poema-liburua (gaur egun galdua) Margaritas [Μαργαρίτες], argitaratzera iritsi ez zena[2]. Bigarren Hezkuntzan graduatu ondoren, 1919an, bere aitaren aholkuari jarraiki, Meseniako prefekturan funtzionario izateko oposizioak egin zituen[3].

Bizitza Atenasen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Maria Polydouri 1920an

1920an aita eta ama galdu zituen bi hilabetetan[4]. Atenaseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean matrikulatu zen eta lekualdatzea eskatu zuen Meseniako prefekturatik, bertan lan egiten baitzuen, Atikako prefekturara[5]. Hurrengo urtean Atenasera joan zen bizitzera Exarkia auzora (Methenis kalea, 7), non ikasleak eta poetak biltzen ziren. Polydouri, bere adineko neska gehienak ez bezala, ezkongabea zen eta ez zuen betebehar sozialik bere familia-eremuan, eta horrek bizitza libre batez gozatzea ahalbidetu zion, nahiz eta bizitza hori bakartia izan[5].

Aldi horretan Polydourik lan eta ikasi egin zuen, poesia idatzi eta itzultzeaz gain. Baina dibertitzeko, ligatzeko eta gaupasa egiteko denbora ere aurkitzen zuen; ez zuen garaiko emakume estereotipoa betetzen, baizik eta norbanakoaren askatasunean eta sexuen arteko berdintasunean sinesten zuen[5]. Garaiko Atenasen, hiri txiki samar batean, «moral lasaia» izatea leporatzen zitzaion, besteak beste, erretzen zuelako[5].

20 urterekin, Zuzenbide Fakultatean ezagutu zuen Kostas Karyotakis poeta, orduan 26 urte zituena eta, gainera, Atenasko prefekturako lurralde agintaritzako sail berean lan egiten zuena[6]. Ia berehala sortu zen haien artean maitasun sutsu bat, Polydouriren bizitza zein obra markatu zituena[6]. Urte erdi eskas iraun zuen haien arteko harremanak, 1922ko udara arte, orduan Karyotakisek sifilisa zuela jakin baitzuen, garai hartan sendaezina eta sozialki estigmatizatua zegoen gaixotasuna[6][7]. Mariari esan zion eta harremana amaitzeko eskatu zion. Neskak seme-alabarik gabe ezkontzeko proposatu zion, eta mutilak, harro, uko egin zion neskaren sakrifizio hori onartzeari. Orduan Mariak zalantzan jarri zuen haren zintzotasuna, eta pentsatu zuen gaixotasuna aitzakia bat besterik ez zela harreman hura bertan behera uzteko[6]. Banandu ondoren, Maria Polydourik Kostas Karyotakisekin maiteminduta jarraitu zuen[1].

Maria Polydouri Greziako Antzerki Nazionaleko Eskolako taldearekin 1925ean
Maria Polydouri (erdian) Kostas Karyotakisekin (ezkerrean) 1925ko ekainaren 21ean

Hala ere, 1924an Aristotelis Georgiou abokatua ezagutu zuen, eta 1925.aren hasieran ezkon-hitza eman zioten elkarri[6]. Senargaiaren dedikazioa gorabehera, Mariak ezin zuen buru-belarri jardun ezein jardueratan: administrazio publikoan zuen lana galdu zuen, arrazoirik gabe alde egin zuelako, eta Zuzenbide Fakultzatea utzi zuen[6]. Gero, norabidea aldatu zuen. Antzerki Nazionalaren Arte Dramatikoko Eskolan hasi zen ikasten, eta Fotos Politis eta Marika Kotopouli izan zituen irakasle. Dario Niccomediren antzezlan batean protagonista izatera ere iritsi zen 1926[6]. Badirudi ahots ona zuela eta harrigarriki ongi dantzatzen zuela[5].

24 urte zituenean, 1926an, tuberkulosiarekin gaixotu zen. Hori dela eta, hilabete batzuk eman zituen Pteri herrian, Peloponesoko iparraldean. Gaixoak asko joaten ziren hara sendatzera. Han, batez ere, idazteari ekiten dio. Urte bereko abenduan, Maria Parisera joan zen bizitzera. Bi adiskiderekin mantentzen duen gutun trukaketagatik dakigu hori egin aurretik nobela amaitu berri bat bidali ziola editore bati, eta nobela hori argitaratzea larritasunez itxaroten duela denbora luzez.

Bizitza Parisen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1926ko udan, bat-batean, Aristotelis Georgiou-rekin zuen ezkon-hitza hautsi zuen eta Parisera joan zen, non zailtasun ekonomikoak izan zituen[1]. Goi-mailako joskintza-eskola batean sartu zen, baina ez zen lan egitera iritsi, berriz ere tuberkulosia diagnostikatu ziotelako[4]. 1928an Parisko La Charité ospitalean ingresatu zuten eta handik gutxira Atenasera itzuli behar zian zen[1]. Juan Manuel Macíasek Tras en la voz de otros poemarioan[8] María Polydou ha decidido abandonar París izenburuko testu bat argitaratu zuen, poetaren Parisko azken ordu horien berregite poetiko eta omenaldia[9].

Atenasera itzulera eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenasko «Sotiria» (grezieraz salbazioa) erietxean pasa zituen lehen momentuetan bere bizitza normalarekin jarraitzen saiatu zen: ospitaletik atera, edan, erre eta gaupasa egiten zuen[5]. Baina batez ere etenik gabe idazten zuen. Erietxean Yannis Ritsos gaztea ere ingresaturik zegoen, XX. mendeko poeta greziar ospetsuenetako bat izatera iritsiko zena. Ritsosekin literaturarekiko zaletasuna partekatzen zuen eta lagun egin ziren. Honek zera esaten zuen berataz: «Distira eta edertasun ikaragarriko emakume gaztea zen». Mariak Sacrifizio poema eskaini zion. Urte horretan bertan argitaratu zen bere lehen poesia-bilduma: Iraungitzen diren trinoak [Οι τρίλλιες που σβήνουν][6]. Gaixo terminalentzat erreserbatutako gela txiki batean jarri zuten. Karyotakisek bere buruaz beste egin zuen Prevezan (1928ko uztailaren 21ean), eta, horren ondorioz, Polydouri hiltzeko zorian egon zen, eta bere bizitza osoan okerrera egin zuen handik aurrera[1][6].

Gela txikia Byron edo Baudelaire bezalako poeten irudiekin apaindua zuen, eta Karyotakisen argazki bat zeukan ohe ondoan. Gela txikia poeta eta jakintsuen gela bihurtu zen: bertan mundu intelektual eta artistikoko pertsonaiek bisitatu zuten, hala nola, Fotos Politis, Marika Kotopouli, Angelos Sikelianos, Myrtiotissa (Theoni Drakopoulouren pseudonimo literarioa) edo Kostas Ouranis.

Hala ere, bere gaixotasunaren aurkako sendagai garestiak erosteko dirurik gabe eta gaixotasunaz behar bezala arduratu zitekeen familiartekorik gabe (bere anai-arrebak baino ez zituen, haiek ere oso gazteak), bere osasuna ahulduz joan zen[5]. Bere bigarren eta azken poesia bilduma, Oihartzuna kaosean [Ηχώ στο χάος], 1929an argitaratu zen[6].

Maria Polydouri ospitaleko ohean Fokion Dimitriadisek marraztua. Eleftheron Viman argitaratu zen 1930eko urtarrilaren 26an.

Garai hartako prentsak bere egoeraren berri eman zuen[4], irakurleen arreta erakartzen baitzuen bere bizitza «kualitatiboki eszentriko» eta «poetikoagatik»[5]. Komunikabide tradizionalenek emakume gazte batek jarraitu behar ez zuen bizitza motaren adibide gisa jarri zuten: tazkenean ordaintzen den bizitza ez oso bertutetsua[1][5]. Bere azken egunak Christomanou klinikan pasa zituen, bertara bere senargai izandako Geomanousek eraman zuen[5]. Han hil zen tuberkulosiagatik 1930eko apirilaren 29an, 28 urte bete eta gutxira[1].

Bere kondairaren zati handi batek poeta suizida bezala erakusten digu, morfina-gaindosi baten ondorioz hilko zena[10]. Hala ere, bere heriotzaren zirkunstantzia zehatzak ez dira orain arte ezagutu eta, ziur egon gaitezke poeta handia izan zela, bere garaian argitaratu ziren kritikengatik eta Greziako beste poeta handi batzuen iruzkinengatik, hala nola Angelos Sikelianos edo Yannis Ritsos.

Ez dago poetaren hilobi fisikorik, lurperatu eta gutxira atera baitzituzten haren gorpuzkiak, eta hobi komun batean utzi, haren familiak ezin baitzuen bere gain hartu Atenasko hilerriko hilobiaren mantenu ekonomikoa.

Maria Polydouriren poesiaren zatirik handiena Kostas Karyotakisekin izan zuen harreman gorabeheratsuak inspiratu zuen. Karyotakis indartsu eta bizirik egon zen bere buruan, bai bere hausturaren ondoren, bai poetaren suizidioaren ondoren[1]. Maitasuna eta heriotza dira bere poesiak biratzen dituen bi ardatzak; bere existentziaren dramaren adierazpena dira, unean uneko alaitasunaren eta hurrengo heriotzaren ideiaren artean igaroa. Horrek ezinbestean bizipenen, ihes egiten duten esperientzia guztien oroitzapenetik sortzen den malenkoniara darama. Oinarrizko lirismoa, atsekabe eta, batzuetan, estutasun bihurtzen dena, Kostas Karyotakis-en eragin nabariekin eta Mani penintsulako herri-kexuekin konbinatzen du.

Bere egunerokoa bere balio literarioagatik argitaratu da, baita prosazko beste sorkuntza bat ere: bere garaiko kontserbadurismoari eta hipokrisiari gupidarik gabe iseka egiten dion eleberri txiki bat[6]. Gainera, Maria Polydourik Jean Moréas, Leconte de Lisle eta Henry Batailleren poemak itzuli zituen greko modernora.

  • Iraungitzen diren trinoak [Οι τρίλλιες που σβήνουν] (1928)
  • Oihartzuna kaosean [Ηχώ στο χάος] (1929)
  • Erromantze eta beste idatzi batzuk [Ρομάντσο και άλλα πεζά] (ed.: Χριστίνα Ντουνιά), Εστία, 2014.

Maria Polydouri, poesian erabat murgildu aurretik, prosaz arduratu zen, eta eleberri bat idaztera iritsi zen, hil ostean Ρομάντσο (Erromantze) izenburuarekin argitaratua. Ez dakigu zein izen eman nahi izan zion idazleak eleberri honi. 1926ko udan idatzi zuen eta Chysostomo Ganiarisi eman zion argitaratzeko, 1927ko abenduan Parisera joan aurretik. Greziar eleberri modernoaren adibide goiztiarra da, bai narrazio-teknikagatik, bai bere orrialdeetan agertzen diren ideia modernoengatik.

Eleberriaren edizio berrienak (Christina Douniarena)[11] bere egunerokoaren orrialdeetan dagoen prosa guztia biltzen du, autobiografia bat, bi kontakizun liriko txiki, postako literatur testuak, baita Paristik bidalitako gutunak ere, bere egonaldiaren baldintzei eta bere eleberriaren patuari buruzko informazio garrantzitsua ematen dutenak. Liburuki honetako testuek Polydourik emakume eta sortzaile gisa duen gaitasun narratiboa, sentsibilitate sozial handiagoa eta autokontzientzia dokumentatzen dituzte. Eleberriko bi protagonistak dira Danai, joera feministak dituen gazte independente eta intelektuala, eta Afroula oldarkorra, erakargarria eta maitasun bizitza liberala duena. Bi figurek egilearengandik berarengandik hartzen dituzte beren ezaugarriak, eta jokabide subertsiboak dituzte 20ko hamarkadako gizarte greziarraren ikuspegitik.

Idazlan osoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Polydouriren Idazlan osoak [Ἅπαντα] 1961ean argitaratu ziren lehen aldiz Estia argitaletxean, Lili Zografouren oharrekin[12]. Idazlearen bizitzan argitaratutako bi poemategiez gain, Poema argitaragabeak [Ανέκδοτα ποιήματα] eta prosazko beste testu batzuk biltzen ziren. Geroztik, hainbat argitaletxek argitaratu dituzte berriro. María Polydouriren Idazlan osoak liburuaren bigarren edizioa 1981ean argitaratu zen, Takis Mendrakosen ardurapean zegoena[13]. Baina Idazlan osoak liburuaren lehen edizioak ez zuen jasotzen idazleak idatzitako nobela, eta bigarren ediziora arte itxaron behar izan zen idazlearen ekoizpenaren barruan agertzeko. Gaur bai esan daiteke Maria Polydouriren lan guztiak bi liburukitan daudela, batak bere poesia biltzen du[14] eta besteak prosa jasotzen duena, Christina Douniaren ardurapean dago[15]. Hala ere, bere idazkietako asko galduta daude oraindik: Maria Polydourik etenik gabe idazten zuen eta bere testuak oparitzen zizkien bere lagun eta ezkongaiei. Gainera, bere idatzi asko hil ondoren suntsitu ziren, tuberkulosia izandako baten paperak zirelako[5].

Bere obraren esanahia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Polydouriren lana, bereziki bere olerkiak, greziar literatura modernoaren mito bilakatu dira. Denbora baino lehen galdutako edertasunaren sinboloa da, maitasun fatalarena, galdutako gaztetasunarena eta benetako prestasun poetikoarena. Bere poemak (edo zati bat behintzat) alemanera, bulgarierara, gaztelerara, katalanera, frantsesera, italierara, mazedonierara, nederlandera, errumaniera eta suedierara itzuli dira.

Maria Polydouriren lehen poema liburuak kritika positiboak jaso zituen gehienbat autore eta kritikari gazteengandik eta aldizkari feministen aldetik. Kritika ofizialak, ordea, bere obraren ikuspegi negatiboa eman zuen, gerora literaturako eskuliburuetan nagusituko zena. Hala ere, bere bigarren poema liburuak kritika are positiboagoak eta ahobatezkoak lortu zituen. Kritikariak ez ezik, izen handiko autoreak ere hasi ziren hura bisitatzen eta sarritan elkartzen.

Alde handia dago literatur kritikaren eta kritika feministaren artean Kritika feministak bere lanaren dimentsio filosofikoa nabarmentzen du unibertsitateko ikasle izatea bezainbeste, emakume greziar gehienak analfabetoak ziren garaian. Ez da ahaztu behar bere obraren sustatzaile handienetako bat bere lagun Athina Gaïtanu-Yaniu izan zela, Emakume Sozialisten Elkarteko kidea eta Greziar [Ελληνίς] aldizkariaren zuzendaria. Halaber, Emakumearen borroka [Ο αγώνας της γυναίκας] aldizkariak Polydouriren azken poema liburuaren kritika positiboak argitaratu zituen.

Ohiko kritikak nabarmendu zuen haren poesia hain ona zela, ezen ez baitzirudien emakume batek idatzia zela; alegia, gizonen mundu batean, genero horretako irakurle batzuentzat, ez zegoela ezer hoberik. Hala ere, Yanis Chondroyanis edo Kostas Uranis bezalako poeta eta kritikariek bere poesia zein idazten zuen emakumea defendatu zituzten.

Baina, azkenean, nagusitu zen ideia izan zen poeta txiki, axolagabe, sentibera baina hutsal batena, zaharkitutzat jotzen zena. Eta horixe izan zen greziar literatura modernoaren eskuliburuetara eraman zen irudia, non etengabe agertzen baitira sentiberatasun femeninoa eta samurtasuna terminoak, Karyotakisekin izandako harremana korronte negazionista batetik aipatzeaz gain, zeinak defendatzen baitu bi poeten arteko harremana adiskidetasun labur bat baino ez zela izan.

Bere garaian lortutako kritikak oro har positiboak izan ziren arren, hil ondoren kritika literarioa gehienbat negatiboa da eta beti oso laburra. Badira hil ondorengo kritiketan errepikatzen diren hitz gako batzuk: zaharkitua, arduragabea, sentsibilitate femeninoa. Christina Douniaren arabera, literaturaren kritikan joera-aldaketa horren funtsezko arrazoia 1920ko belaunaldiaren eta ondorengo belaunaldiaren arteko kontrajartzean bilatu behar da, hots, 1930eko belaunaldia eta poesia berriaren ordezkaria deiturikoan. Egia esan, bi belaunaldiak garaikideak dira, ez baitira jaiotze-datengatik edo beren lanen argitaratze-datengatik bereizten, sentsibilitate poetiko desberdina dutelako baizik.

Polydouriren estiloari dagokionez, eragin neorromantikoak eta dekadentistak nabarmendu behar dira, bai eta Dionisos Solomos poeta nazional greziarraren poesian aurki daitezkeen oihartzunak ere. Ikuspegi formaletik Polydourik eskema bat mantendu ohi du, nahiz eta bertso askea erabili zuen, eta bere sentiberatasun poetikoan eta gaien garapenean gertuago dago 1930eko belaunaldiko poetengandik bere belaunaldiko kideengandik baino. Ironiaren erabilera ere ezaugarri garrantzitsua da bere poesian, eta horrek, batzuetan, tonu malenkoniatsua arintzen du. Bere poesia gogoangarria da bere egiazkotasun eta musikaltasunagatik: ia eguneroko hizkuntza erabiltzen du, erritmo familiarra eta sofistikaziorik bilatzen ez duen errima. Idazkera fresko, zintzo eta sentitua da, perfekzio estilistikoaz arduratzen ez dena. Eta kritikari batzuek oharkabean ikusi zuten ezaugarri hori da, beste batzuen aburuz, haien bertute nagusia.

Bere obraren iraupena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetan, 1989az geroztik, Maria Polydouriren lanak hamabost aldiz berrargitaratu dituzte Greziako hainbat argitaletxek[3]. Biblionet argitalpenen datu-basea kontsulta daiteke, merkatu greziarrean argitaratutako lan gehienak biltzen dituena[16].

Egungo greziar literaturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar literaturari dagokionez, Kostis Gimosoulis idazle eta poetak Maria Polydouriren biografia nobelatu bat idatzi du, Argia ari du [Βρέχει φως] izenburupean[17]. Baina, gainera, Maria Polydourik inspiratu ditu bere horretan agertzen ez diren obretako pertsonaiak, hala nola Ana tuberkulosiadun gaztearena Galatea Kazantzakisen (Nikos Kazantzakisen lehen emaztea, ezkongaietan Galatea Alexiou) Emakumeak [Γυναίκες] nobelan,1930ean argitaratua[18]. Bestalde, Kosmas Politisek 1933an argitaratutako Hekate [Εκάτη] eleberriak ere arreta merezi du. Bertan Maria Polydouriren presentzia etengabea dago: emakumezko protagonista, Ersi, idazle honen bizitzan inspiratua dago; baina, horrez gain, bere poemen bertsoak erabiltzen dira narrazioan eta maitasunari buruzko orakulu gisa erabiltzen dira gizonezko protagonista «Sotiria» erietxean (ez kasualitatez) bizi den pitonisa ijito bati kontsulta egitera doanean[18].

Azken urteetan, idazlearen bizitza bi ikuspegi desberdinetatik eraman da eszenatokietara. 2014an, Roula Georgakopoulou idazle eta kazetariaren Polydouri kalea [Οδός Πολυδούρη] bakarrizketa estreinatu zen, Ioanna Papa aktorea protagonista zuena. Bertan, munduko emakume guztiek desfilatzen dute, Maria Polydouriren azken egunetako atzealdearekin, tuberkulosiaz gaixotua, bakarrizketa batean, barnerakoia eta aldi berean kanporakoia, non aktoreak dantzatu eta kantatu egiten duen mitoa fabrikatu duten gazteen haserreak eramanda, askotan bere baimenik gabe. Ikuslegoak idazlearekin eta Karyotakisekin izan zuen maitasun istorioarekin bat egin dezake, Parisko bizitzaren eromena ikusiz, tuberkulosiak jota heriotzara eraman zuena. Baina bere ideia feministak ere aipatzen dira, heriotzaranzko bere bultzadarekin kontrajarrita. Horrela, idazlearen bizitzako alderdi guztiak islatuta geratzen dira obran.

2015ean estreinatu zen Kelly Piliouraren PoKa [ΠόΚα] lana, Polydouri eta Karyotakisen arteko harreman sutsua gai nagusitzat hartzen duena, poesiaren eta bizitzea egokitu zitzaien garaiaren ikuspuntutik. PoKa hitzak, lanaren izenburuak, bi idazleen abizenen inizialak ditu, baina bien arteko konfrontazio jolasa ere dakar. Maitasunak ez ezik, denborak ere jokatzen du, edozein gizakik bizi duen "nahi dut eta ezin dut". Aurkezten diren arazoak ahalguztidunak dira, maitasun beharra ere den bezala. Denbora, bete gabeko maitasuna, bizitzan sartzen duen oinazea, oroitzapena eta ahanztura dira lanaren argudio nagusiak, alde batera utzi gabe poesia oroitzapenetik bizi dela, gure memorian blokeatuta dirauen denboran. Kelly Piliourak, pertsonaien nortasunak liluratuta, urte askotako ikerketaren ondoren, bi poeta handiei buruzko obra bat idatzi eta zuzentzea erabaki zuen. Baina hau ez da biografia errealista bat, baizik eta balizko topaketa bat, non bi maitaleen iragana garatzen den. Testua, lirikoa, samurra eta mamitsua esanahian, poemak idatzi ziren testuingurutik abiatuta idatzi da. Antzezlanaren lehen emanaldian aktoreak Elena Stamatiou, Maria Polydouriren paperean, eta Vasilis Xatzidimitrakis, Kostas Karyotakisen paperean, izan ziren.

Maria Polydouriren poemak askotan musikatu dira 1960ko hamarkadatik aurrera, sarritan Kostas Karyotakisen poemak ere dituzten bildumetan[19]. Interneten bere 43 poema aurki ditzakegu, artista ezberdinek musikatuak, melodikoenetatik hasi eta rock progresiboko taldeetaraino[20]. Honela, Maite nauzulako [Γιατί μ’ αγάπησες] poemak bertsio ezberdinak ditu: Giannis Spanosena (Popi Asteriadik interpretatua, 1969an), Dimitris Papadimitriourena (Eleftheria Arvanitakik interpretatua, 1996an), Vasilis Dimitriourena (Magda Pensouk interpretatua 2009an, Karyotakis telebista-serierako), Mijalis Andronikourena (Sissy Kassandrak interpretatua, 2010ean) eta Giannis Zotosena ( Maria Simoglouk interpretatua, 2013an).

Maria Polydouri eta Kostas Karyotakisen arteko maitasuna da 2009an Ellinikí Radiofonía Tileórasi (ERT) kate greziarrak emititutako Καρυωτάκης [Karyotakis] telebista-seriearen trama nagusia. Maria Kitsou aktoreak interpretatzen du Maria Polydouri telesail honetan. Seriearen izenburua gorabehera, 20 kapituluek bi poeten bizitzaren hainbat alderdi erakusten dituzte 1916 eta 1930 artean, eta protagonismo bera ematen diete María Polydouri eta Kostas Karyotakisi. Nortasun indartsuko eta aktiboki feminista den emakume baten irudia azaltzen du, baina aldi berean humanoa eta orekatua, eta ez da mitoa islatzen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h Merry Bruce, Encyclopedia of Modern Greek Literature, Westport-Connecticut-London: Greenwood Press. 341-342 or. ISBN 0-313-30813-6.
  2. (Grezieraz) Kouzeli, Lamprini. (2014-02-27). «Μαρία Πολυδούρη: Αγαπημένη και παραγνωρισμένη» ΤΟ ΒΗΜΑ (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
  3. a b Íñiguez Rodríguez, Enrique. (2016). ««Los trinos que no se extinguen: reivindicación de María Polyduri y su papel para la literatura griega»» in Mª Gloria Ríos Guardiola, Mª Belén Hernández González & Encarna Esteban Bernabé, ed. Mujeres de letras: pioneras en el Arte, el Ensayismo y la Educación. (Consejería de Educación y Universidades): 697. ISBN ISBN 978-84-945433-7-1.. (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
  4. a b c (Ingelesez) Kousoulis, Antonis A. (2014-11-01). «Maria Polydouri (1902–1930): The Greek poète maudit who died of tuberculosis» Journal of Medical Biography 22 (4): 220–223.  doi:10.1177/0967772013506815. ISSN 0967-7720. (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
  5. a b c d e f g h i j k (Grezieraz) «Αφιέρωμα στη Μαρία Πολυδούρη | LiFO» www.lifo.gr 2014-03-08 (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
  6. a b c d e f g h i j k (Grezieraz) «Σαν σήμερα (01-04-1902) γεννήθηκε η Μαρία Πολυδούρη» ΤΟ ΒΗΜΑ 2011-04-01 (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
  7. (Ingelesez) Kousoulis, Antonis A. (2014-11-01). «Maria Polydouri (1902–1930): The Greek poète maudit who died of tuberculosis» Journal of Medical Biography 22 (4): 220–223.  doi:10.1177/0967772013506815. ISSN 0967-7720. (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
  8. Macías, Juan Manuel (2015). Sucede en la voz de otros. Sevilla: La Isla de Siltolá. ISBN 978-84-16210-40-4.
  9. Macías, Juan Manuel. (miércoles, 28 de septiembre de 2016). «Maria Polydouri ha decidido abandonar París» Las diosas y las nubes. Bitácora de Juan Manuel Macías (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
  10. Σακελλαριάδης, Χαρίλαος (1969). Η πραγματική Πολυδούρη και η έκδοση των Απάντων της (en griego). Αθήνα: s.e. 7 or.
  11. Polydouri Maria, 2014, ΤΑ ΠΟΙΗΜΑΤΑ [LES POÈMES], Dounia Christina (ed.), Βιβλιοπωλείον της « Εστίας » [Librairie d’Estia], Athènes.
  12. Πολυδούρη, Μαρία (1961). Λιλή Ζωγράφου, ed. Ἅπαντα (grekeraz). Αθήνα: Εστία.
  13. Πολυδούρη, Μαρία (1981). Τάκης Μενδράκος, ed. Ἅπαντα (en griego). Αθήνα: Αστέρι. ISBN 978-960-263-132-4.
  14. Πολυδούρη, Μαρία (2014). Χριστίνα Ντουνιά, ed. Τα ποιήματα [Poemak] (grekeraz). Αθήνα: Βιβλιοπωλείον της Εστίας. ISBN 978-960-05-1585-5.
  15. Πολυδούρη, Μαρία (2014). Χριστίνα Ντουνιά, ed. Ρομάντσο και άλλα πεζά [Erromantze eta beste idazki batzuk] (grekeraz). Αθήνα: Βιβλιοπωλείον της Εστίας. ISBN 978-960-05-1625-8.
  16. «Μαρία Πολυδούρη | ΒΙΒΛΙΟΝΕΤ» www.biblionet.gr (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
  17. Gimosulis, Kostis (2003). Βρέχει φως [Argia ari du]. Atenas: Kedros. ISBN 960-04-2106-4.
  18. a b Πολυδούρη, Μαρία (2014). «Μαρία Πολυδούρη ή ‘τα ρόδα του αίματος’ / Στοιχεία βιογραφίας». En Χριστίνα Ντουνιά, ed. Τα ποιήματα (grekeraz). Βιβλιοπωλείον της Εστίας. ISBN 978-960-05-1585-5.
  19. Liolis, Alexis. (2009). «Πρόσωπα: Η Μαρία Πολυδούρη των συνθετών» musiccorner.gr (στην κιβωτό του ελληνικού τραγουδιού) (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
  20. «Μαρία Πολυδούρη (Στιχουργός)» stixoi.info (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratia eta podcast

[aldatu | aldatu iturburu kodea]