Edukira joan

Maria Zozaia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Zozaia

Bizitza
JaiotzaOieregi, 1530
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaLogroño, 1610eko abuztuaren 30a (79/80 urte)
Jarduerak

Maria Zozaia Arramendi (Oieregi, Nafarroa, 1530 Logroño,1610eko abuztuaren 30a) Sorgina zelakoan atxilotu eta Logroñoko presondegian hil zen bertan sorturiko izurrite baten ondorioz. Sorgintzat salatutako beste batzuekin batera sutan hiltzera kondenatu zuen Inkisizioaren epaiak eta ordurako hilik zegoenez, bere panpin-irudia erre zuten ordainetan.

Maria Zozaia Arramendi 1530 inguruan jaioa zen, Oieregin, Doneztebetik gertu dagoen herri batean, Nafarroan. Hamalau urte zituela, gurasoek Elizondora eraman zuten lanera eta 1550ean, hogei urterekin, Errenteriara aldatu zuen bizilekua, bertan hainbat etxetan neskame lanetan aritu zelarik.

Errenteriako alde zaharrean bizi izan zen. 30 urte zituela etxetxo bat heredatu zuen neskame gisa lan egin zuen etxekoandrea hil eta gero eta oraindik bertan bizi zen 1609an atxilotu zutenean.

Azken hamarkadetan egindako bizimoduaren berri handirik ez dago. Itxura guztien arabera, Maria Zozaiak sorgin ospea lortu zuen jazarpena hasi baino urte batzuk lehenago. 1609. urtean, 79 urte zituela, Errenteriako agintariek atxilotu, torturatu eta sorgina zelako Inkisizioaren esku utzi zuten.1609ko abenduan, Maria Zozaia Logroñora eraman zuten. Han aurkituko zituen Zugarramurdiko beste akusatuak ere, garai bereko sorgin ehizako parte izan bai ziren. Mariari ere akusazio harrigarrienak leporatu zitzaizkion inongo gupidarik gabe. Gustav Henningsen idatzitako “El abogado de las brujas” liburuan luze eta zabal azaltzen dira Mariari atxikitzen zitzaizkion sorgin jokaerak.[1]

Tortura basatia jasanda, salaketa onartu zuen.[2] 80 urte bazituen orduan eta ziurrenik biziki erasana aurkituko zen. Hala ere ez zen izan salaketa onartu zuen bakarra, taldeko beste 19 izan bai ziren Maria ez bezala, salaketa onartuta libratu zirenak. Maria izan zen salbuespen bakarra Logroñoko Epaitegian, erru guztiak aitortu arren, erretzera kondenatu zutena. Pertsona asko galbidean jartzea leporatzen zioten eta emakume dogmatitzailea izatea.

Logroñoko Oroitzapen Basoa

Lizarrako kale batek Maria de Zozaya izena darama.[3][4]

Logroñoko Oroitzapen Basoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean Oroitzapen Basoa inauguratu zen Logroñon. Bertan 11 zumar landatu ziren, erre zituzten 11 pertsonak gogoratzeko. Borobilean landatuta daude, erdian monolito eta plaka batekin, errekaren beste aldean dagoen “Erretakoen Zelaia”n erretakoak gogoratzeko, tartean Maria Zozaia gogoratzeko.[5]

Xabier Susperregi idazleak (Errenteria, 1971) 2024ean Maria Zozaiari buruzko liburua idatzi zuen, Maria de Zozaya izenburuaz. Errenterian egin zuen aurkezpena 2024eko martxoaren 13an.[6]

Mari Zozaia pasealekua Errenterian

Errenteriako udalaren aitortza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 25 Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira aitortza eta erreparazioa eskaini zaio Maria Zozaiari Errenteriako herrian 2025eko abenduaren 12an.                  

Berdintasun Kontseiluaren ekimenez Errenteriako Udalak abiatutako «Errenteriako emakumeen aurkako indarkerien memoria historikoa osatzen» dinamikaren barruan «Mari Zozaia pasealekua» izena jartzea erabaki zuten Altzate auzo berrian.[7]

“Leku hau izan dadin historia ulertzeko, ez ahazteko eta berriro gertatzea saihesteko toki bat. Iraganaren eta orainaren arteko zubia, Errenteriako emakumeen aurkako indarkerien memoria kolektibo bat eraikitzeko eta, hartara, indarkeria matxistarik gabeko herri bat lortzeko”.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Henningsen, Gustav. (1981). El abogado de las brujas. Madril: Alianza Editorial, 217-225 or. ISBN 978-84-206-8374-4..
  2. Maria Zozaia. 2024-05-07 (kontsulta data: 2024-05-08).
  3. «TIERRA DE ESTRELLAS : GUÍA HISTÓRICA DE LAS MUJERES DE TIERRA ESTELLA | Katakrak - Librería, Cafetería, Editorial, cooperativa» katakrak.net (kontsulta data: 2024-05-08).
  4. «Calle Maria De Zozaya, Estella-Lizarra» www.foro-ciudad.com (kontsulta data: 2024-05-08).
  5. Asunción, Julio. «Arte, Historia y curiosidades: EL BOSQUE DE LA MEMORIA - Logroño» Arte, Historia y curiosidades (kontsulta data: 2024-05-08).
  6. (Gaztelaniaz) «Una dedicatoria especial a María de Zozaya» El Diario Vasco 2024-03-14 (kontsulta data: 2024-05-07).
  7. Ikerne, Zarate(e)ko. (2025-12-05). «Clara Rangel plazaren ondotik, Mari Zozaia pasealekua» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2026-02-02).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]