Maria de Maeztu Forum Feminista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

María Maeztu Forum Feminista (aurrerantzean Foruma) 1988an sortutako elkarte bat da. Foruma urte horretako ekainean erregistratu zen elkarte modura, baina kideek bi urte lehenago hazi zuten, Zarautzen, ibilbide feminista.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko hainbat emakume, gehienak independienteak, baina baita zenbait alderditako kideak ere─ kezkatuta zeuden Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen zizkion berdintasunari buruzko eskumenak garatu gabe zeudelako. Hori zela eta, 1986ko maiatzean Monte Albertian bildu ziren, Eusko Legebiltzarreko alderdiei eskatzeko erakunde bat sor zezatela eskumen horiek garatzeko. Bilera ugari egin ostean, testu bat adostu zen denen artean. Bertan, erakunde horrek, bere helburuak lortzeko, bete beharreko oinarrizko baldintzak ezartzen ziren. Alderdi guztiekin bilerak egin ondoren, eskakizun formala egin zitzaien denei. Horren ondoren, Emakunde sortzea erabaki zuen Eusko Legebiltzarrak.

Garaipen horrekin animaturik, Zarautzen bildutako emakume batzuek elkarte feminista bat sortzea proposatu zuten. Gehiengoak onartu egin zuen proposamena, baita elkarteari María Maeztu (1881-1948) izen propioa jartzea ere, Gasteizen jaiotako pedagogo feministaren omenez. Gauzak horrela, María Maeztu Forum Feminista 1988ko ekainean inskribatu zen Eusko Jaurlaritzako erregistroan.

Forumak, bere historian zehar, hiru ildo nagusi jorratu ditu:

  1. Gizartearen kontzientziazioa berdintasunari buruzko gaietan.
  1. Erakundeekiko harremanak.
  1. Sarean lan egitea emakume-elkarteekin, gure herrikoak zein atzerrikoak izan.

Gizartearen kontzientziazioa berdintasunari buruzko gaietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helburu hori lortzeko, zenbait jarduera antolatu ditu Forumak:

Martxoaren 8a. Data hori dela eta, Forumak urtero antolatzen ditu mahai-inguruak eta hitzaldiak. Gaia beti egoten da lotuta pil-pilean dagoen eztabaidaren batekin, eta ekitaldiak irekiak izaten dira herritar guztientzat.

Jardunaldiak, hitzaldiak eta solasaldiak. Era guztietako ekimenak antolatzen ditu Forumak urtean zehar, eta horiek ere irekita egoten dira herritar guztientzat.

Mintegiak. Forumkideentzat propio antolatzen dira, eztabaidaren eta hausnarketaren bitartez, kideen prestakuntza bultzatzeko. Jarduera itxiak diren arren, elkartearen inguruko jendea ere gonbidatu egiten da.

Azaroaren 25a. Forumak, sortu zenetik, parte hartzen du urtero “Genero indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna” dela eta antolatzen diren ekitaldietan.

Beste jarduera batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Salaketak. Forumak sistematikoki salatu izan ditu, hedabideetan zein erakundeen aurrean, emakumeen aurkako diskriminazio mota guztiak.
  • Hedabide eta erakundeekiko elkarlana. Forumak aspaldian prestatu zuen zenbait gaitan (psikologia, soziologia, filosofia, irakaskuntza, kazetaritza, kirola…) adituak diren emakumeen zerrenda, eta hedabideei zein erakunde publikoei pasatu, antolatzen zituzten eztabaida, jardunaldi, hitzaldi edo solasaldietan kontuan har zitzaten. Bestalde, forumkideek parte hartzen dute hedabideetan, berdintasunarekin loturiko gaiak eztabaidatzeko.
  • Feminismoa eta literatura. 2011tik hona Forumak “Erakusleiho feminista” izenekoa antolatzen du Casa del libro liburu-dendarekin batera, pil-pilean dauden gaiak herritarrei ezagutarazteko. Bestalde, 2013tik hona “La hora violeta” izeneko literatura feministaren kluba koordinatzen du, Gasteizko Udalaren proiektu honen barruan: “Emakumeon Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskola”.

Erakundeekiko harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003an, Forumak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen zirriborroa aztertu eta zenbait proposamen egin zizkion Emakunderi. Proposamen horietako batzuk jasota geratu ziren legean. Foruma, bestalde, lankidetzan aritu da beste zenbait erakunderekin (Gasteizko Udala, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Arabako Foru Aldundia…) berdintasun-planak abian jartzeko. Era berean, Emakunderen Aholku Batzordeko eta BEGIRAko kidea izan da. Horretaz aparte, forumkideek parte hartzen dute berdintasunarekin zerikusia duten mintegi, jardunaldi, kongresu eta bileretan. Hona hemen horietako batzuk: Euskadiko III. eta IV. Jardunaldi Feministak, Eusko Ikaskuntzaren mintegiak, udalek antolatutako hitzaldiak eta Emakundek antolaturiko bilkurak. Aldi berean, Forumak parte hartzen du Gasteizko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak abian jarritako “Berdintasunerako eta emakumeen ahalduntzerako eskolan”.

Sarean lan egitea emakume-elkarteekin, gure herrikoak zein atzerrikoak izan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Forumaren estatutuetan propio jasotzen da elkartea lanean arituko dela emakume-elkarteekin zein beste batzuekin, baldin eta helburuetan ados badaude. Hori dela eta, Forumak, bere historian zehar, parte hartu du zenbait elkarteren kanpainatan, hala nola, Nazioarteko Aministiarenak, UNICEFenak edo Berdintasunaren aldeko gizonenak. Bestalde, Elkarte Feministen Estatuko Koordinakundearen zenbait ekimen bultzatu ditu. Gainera, PPIINA izeneko plataformaren barruan dago. Plataforma horrek baimen berdinak eskatzen ditu aitentzat eta amentzat, seme-alabak jaio edo adoptatzerakoan.

Forumak, bestalde, urteak daramatza Forum de Politica Feminista delakoarekin elkarlanean, eta 2010etik aurrera bertako partaide da, Zuzendaritza Batzordeko kide gisa. Atzerriko lankidetzari dagokienez, Hegoamerikako hainbat elkarterekin eta garapena bultzatzen duten beste zenbaitekin ere egiten du lan, eta 2001etik aurrera zenbait proiektu garatu ditu Afganistanen emakumeen eskubideen alde lanean ari den elkarte batekin. Gaur egun, “Ropa limpia” izeneko kanpaina batean sartuta dago, munduan zehar arropa egiten duten emakume guztiek soldata duina izan dezaten.

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko abenduaren 9an, Berdintasunerako Emakunde Saria eman zioten[1].

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]