Marie-Claude Vaillant-Couturier
Marie-Claude Vaillant-Couturier, jaiotzez Vogel, (Paris, 1912ko azaroaren 3a - Villejuif, 1996ko abenduaren 11) frantziar politikari komunista eta Erresistentziako kide bat izan zen.
Inguru burges eta artista batean jaio zen. Militante komunista egin zen eta L'Humanité egunkarian lan egin zuen argazkilari gisa. Alemanek Frantzia okupatu zutenean, Erresistentzian jardun zuen, baina1943an Auschwitzera deportatu zuten, eta gero, Ravensbrück-eko kontzentrazio-esparrura. Askatu zutenean esparruan gelditu zen zenbait astetan bertatik mugitu ezin zitezkeen eriei laguntzeko. Diputatu komunista izan zen 1945etik 1958ra eta 1962tik 1973ra.
Paul Vaillant-Couturier kazetariarekin egon zen ezkonduta. Haren ezizena hartu zuen abizentzat bizitza osoan. Geroago, Pierre Villon politikari eta Erresistentziako kidearekin ezkondu zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia eta gerra aurreko bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marie-Claude Vogel, "Maïco" ezizenez ezaguna, 1912ko azaroaren 3an jaio zen Parisko 6. barrutian.[1] Marie-Claude hazi zen giroa "burges eta liberala, artista, eta baita bohemio samarra ere" izan zen.[2] Bere aitak, Lucien Vogel editoreak, Gazette du bon ton moda-aldizkaria kaleratu zuen Marie-Claude jaio zen urte berean, eta, ondoren, Vu aldizkaria; bere ama, Cosette de Brunhoff, —Jean de Brunhoff Babar-en sortzailearen[2] eta Michel de Brunhoff prentsa-enpresariaren arreba— Vogue aldizkariaren Frantziako edizioko lehen erredaktore-burua izan zen. Marie-Clauderen aitita Hermann Vogel marrazkilari eta ilustratzailea izan zen.[1] Bere ahizpa, Nadine Vogel, Marc Allégret zine-zuzendariaren emaztea, aktore gisa ezaguna izan zen.[2]
Marie Claudek Sévigné ikastetxean egin zituen bigarren mailako ikasketak. 1930, batxilergoa amaitutakoan, Alemaniara bidali zuten hango hizkuntza ikastera, eta gero, dekorazio-arteari buruzko ikasketak egin zituen urtebetez.[3] Ondoren, lanean hasi zen Vu aldizkarian argazkilari gisa.[2] Argazkilaria ezezik germanista ere bazenez, aldizkariak Alemaniara bidali zuen 1933an, Hitler boterera iritsi eta bi hilabetera, beste lankide batzuekin batera nazionalsozialismoaren gorakadari buruzko erreportaje bat egitera. Bidaian Oranienburg-eko eta Dachauko kontzentrazio esparruetako argazkiak egin zituen klandestinoki, itzulitakoan Frantzian, sinatu gabe, argitaratuko zituztenak.[1] Garai hartan, lanbide horretan gizonak bakarrik aritzen ziren; horregatik, agian, «Rolleiflex-eko dama»[Oh 1] esaten zioten.[4][5]
1933ko abenduan familiaren etxea utzi eta bere maitale Paul Vaillant-Couturier-en etxera joan zen bizitzera.[1] Vaillant-Couturier, Association républicaine des anciens combattans elkartearen sortzailea, diputatu komunista eta L'Humanité aldizkariko erredakzio-burua, 1932an ezagutu zuen. Marie-Claudek, garai hartan, L'Humanité eta Regards aldizkarietan ere lan egiten zuen, eta erreportajeak «Marivo» ezizenaz sinatzen zituen.[1] Association des écrivains et artistes révolutionnaires (AEAR) elkartean sartu zen, eta, 1934an, Jeunesse communiste-n. 1936an, Union des jeunes filles de France elkartearen sorreran parte hartu zuen.[6][7] 1937ko irailaren 29an, Paul Vaillant-Couturierrekin ezkondu zen, baina egun batzuk geroago , urriaren 10ean, hil zen. 1939an Pierre Villon ezagutu zuen, eta, 1949an, harekin ezkondu eta bere semea adoptatu zuen.
Paul Vaillant-Couturier hil ondoren, L'Humanité argazkilaritza-zerbitzuko erreportari bihurtu zen, eta 1938an zerbitzuko zuzendari izendatu zuten. 1938ko udazkenean, SESBera joan zen lehen aldiz.[2] Regards aldizkariarentzat zenbait erreportaje egin zituen, batez ere Nazioarteko Brigadei buruzkoak. Gabriel Péri eta Georges Cogniot-ekin kolaboratu zuen. 1939ko irailean, L'Humanité debekatu zutenean, itun germaniar-sobietarraren alde agertzeagatik, bere jarduna erabat aldatu zen.
Erresistentea eta deportatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziaren okupazioan, Marie-Claude Vaillant-Couturier-ek Erresistentziarekin bat egin zuen eta bertan argitalpen klandestinoetan parte hartu zuen: eskuorriak; Université libre taldearen aldizkaria (Lehen zenbakia 1940ko azaroan plazaratu zuten); Georges Politzerren panfletoa, zeinean filosofo marxistak ezeztatzen zituen Alfred Rosenberg teoriko naziak "Sang et Or" liburuan azaldutako tesiak (1941eko azaroa); l'Humanité egunkari klandestinoaren edizioa, Pierre Villon-ekin batera. Horrez gain, erresistentzia zibilaren (Frantziako Independentziaren Aldeko Borrokarako Fronte Nazionaleko Intelektualen Batzordea) eta militarraren (OS - Organisation spéciale, geroago FTPF) arteko koordinazioan lan egin zuen, eta lehergailuak ere garraiatu zituen.[8]
1942ko otsailaren 9an, Vichyko erregimeneko poliziak atxilotu zuen,[9] Marie-Claudek preso batentzako janaria eramaten zuen emakume baten etxean prestatutako segada batean. Muntarik gabeko kasua zen, Vaillant-Couturier-en ekintza garrantzitsuetatik urrun, baina Inteligentzia Orokorreko inspektore batek ezagutu egin zuen, zelatatzen ari zen erresistente batekin —Madeleine Laffitte, Politzer taldeko kidea— ikusi baitzuen .[2] Identifikatu zuten, baina ez zuen bere helbidea eman.[2]
Otsailaren 15era arte prefekturaren presondegian egon zen. Martxoaren 20an la Santéko espetxera eraman zuten, eta bertan izan zuten inkomunikaturik abuztura arte. Gero Romainvilleko gotorlekura eraman zuten.[9]
«Le convoi des 31.000» deituriko 1943ko urtarrilaren 24ko konboian Auschwitz-Birkenaura deportatu zuten Royallieu iragate-eremutik barrena.[10][11] Konboi hartan zihoazen 230 emakumeak erresistentziako borrokalariak, komunistak, gaullistak edo erresistentziako borrokalarien emazteak ziren. Birkenauko (Auschwitz II) eremuan sartzean Marseillesa ereserkia kantatu zuten. Han, Marie-Claude Vaillant-Couturier-i 31.685 zenbakia tatuatu zioten.[8] Gerra amaitutakoan, 230 emakume haietatik 49 baino ez ziren itzuli.
Alemanez hitz egiten zuenez, otsailean lortu zuen, Danielle Casanovari esker, alemaniar presoen Revier-era (gaixoen gela) bidaltzea idazkari gisa lan egitera. Casanova konboi berean deportatutako presoa zen, eta, dentista zenez, kanpamenduko odontologia kontsultaz arduratzen zen.[2] Vaillant-Couturier-ek Tifusa izan zuen martxoaren hasieran, eta ez zen osatu maiatzera arte; tarte horretan idazkari postua galdu zuen, baina sukaldaritza dietetikoaren sailean garbitzaile lanean hastea lortu zuen.[2] Departamentu horren helburua itxurak egitea baino ez zen, Auschwitz kartzela normala zela sinetsarazteko, baina plaza horri esker hobeto elikatzea lortu zuen.[2]
1944ko abuztuan, Ravensbrück kontzentrazio-eremura eraman zuten. Han lur berdintze lanak egin behar izan zituen; baina gero, berriz ere, idazkari postua lortu zuen.[2] Naziek «Nacht und Nebel» (Gaua eta lainoa) izeneko xedapenak[Oh 2] betez Alemaniara deportatu zituzten presoak Ravensbrücketik Mauthausenera eraman behar zituzten. Marie-Claude Vaillant-Couturier ere haietako bat zen, baina lekualdatzeko presoen zerrenda faltsutu ahal izan zuen, eta horrela, Ravensbrück-en geratu zen revier-eko gaixoekin. 1945eko apirilaren 23an, Gurutze Gorriak eraman zituen bidaiatu zitezkeen esparruko frantziar, belgikar eta luxenburgotar presoak. Gainerakoak apirilaren 27an eraman behar zituzten, baina ezinezkoa izan zen, errepideak itxita baitzeuden. Apirilaren 28an, alemanek alde egin ondoren, beste kontzentrazio-esparruetatik Ravensbrückera ekarritako gizon asko frantsesak zirela ohartuta, Marie-Claude Vaillant-Couturier eta Adélaïde Hautval, 1943ko urtarrilaren 24an konboi berean deportatutako medikua, eremuaren kudeaketaz arduratu ziren.[2] Armada Gorriak 1945eko apirilaren 30ean askatu zuten, baina Vaillant-Couturier eta Hautval bertan gelditu ziren Frantziako gaixo guztiak ebakuatu zituzten arte, medikuei eri guztiak aberriratu baino lehen identifikatzen laguntzeko.[9] Rémy Roure kazetari eta Erresistentziako kideak honako hau adierazi zuen 1945eko ekainaren 16ko Le Monde egunkarian: «Egunero-egunero, frantziar bikain honek pabiloi guztiak kurritzen ditu, bihotz-gogoak sustatzen ditu, itxaropena ematen du, askotan ilusioa baino izan ez arren. Santutasun hitza datorkigu arreba karitatetsu hau egunero hiltzen diren gizon eta emakume hauekin ikusten dugunean.».[12]

Marie-Claude Vaillant-Couturier 1945eko ekainaren 25ean itzuli zen Frantziara.[2] Auschwitz eta Ravensbrück-eko bizipenak izan ondoren betiko bizimodura itzultzea ez zen izan gainerako deportatuentzat bezain zaila: ahaide guztiak aurkitu zituen bizirik, baita bere senarra izango zen Pierre Villon ere, atxilotua izan ondoren ihes egitea lortu baitzuen.[2] Frantziako Barne Erresistentziako komandante izendatu zuten.[2] 1946ko Nuremberg-eko epaiketan, akusazioaren lekuko izan zenean, honako hau adierazi zuen: «Haien ordez hitz egin nuenean, sentitu nuen beren sufrimenduaren berri eman ezin zutenak nire ahotik salatzen ari zirela torturatu eta sarraskitu zituzten borreroak».[13] Hala ere, epaiketa horretatik «hunkituta, kezkatuta» itzuli zen, «prozedurak suminduta, atsekabetuta», eta bereziki deitoratu zuen Krupp, Siemens eta IG Farben enpresetako zuzendariak aulkian egon ez izana, enpresa horiek, neurri handi batean, deportatuen esplotazio ekonomikoan parte hartu zutelako.[1] Baina gabezia horiek gorabehera, aurrerago epaitegi hartan sortu zuten gizateriaren aurkako krimenaren definizioa erabat balioetsi zuen, bere ustez «giza kontzientziarentzat aurrerapauso handia» izan baitzen.[1] Kriminal nazien aurrean bere testigantza ematen ari zela, haiengana joan zen, aretoaren harridurarako, begietara zuzen eta gertu-gertutik begiratzeko.[14]
Konpromiso politiko eta soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Assemblée consultative provisoire (Behin-behineko Aholku Batzordea) batzordean parte hartu ondoren, 1945ean eta 1946an, bi Batzar Konstituziogileetarako hautatu zuten, eta horrela lehen emakume diputatuetako bat bihurtu zen. Antzinako Sena departamenduko PCF alderdiko diputatua izan zen 1946tik 1958ra eta 1963tik 1967ra, eta gero Val-de-Marnekoa 1973ra arte. Bi aldiz izan zen Assembleée nationale-ko presidenteorde; bata, 1956ko urtarrilaren 25etik[1] 1958ko ekainaren 3ra (legegintzaldiaren amaiera), eta bestea, 1967ko apirilaren 4tik[1][15][16] bere kargua 1968ko apirilaren 2an René Lamps alderdikideari pasatu eta bera ohorezko presidenteorde bihurtu zen arte.[17][18]
1946an, Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoko idazkari nagusi hautatu zuten,[19][20][1] eta, 1979an, Frantziako Emakumeen Batasuneko (geroago Emakume Solidarioak bihurtuko zena) presidenteorde[1][21]. Diputatu gisa, lansarietan gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna bermatzeko lege-proiektuak aurkeztu zituen, besteak beste.[22] Bakearen Aldeko Mugimenduan ere jardun zuen.
1951n, PCF alderdiaren inguruko Les Lettres françaises egunkariaren aurkako epaiketa izan zen David Rousset militante troskistaren demandaren ondorioz, egunkariak Rousseti «troskista faltsifikatzaile» deitu ziolako Gulag-a kontzentrazio-esparruen sistemarekin konparatu ondoren. Epaiketan, Marie-Claude Vaillant-Couturier-ek zera adierazi zuen: «Sobietar Batasuneko espetxe-sistema, zalantzarik gabe, mundu osoko desiragarriena dela uste dut»[23], bai eta «Jakin badakit ez dagoela kontzentrazio-esparrurik Sobietar Batasunean» ere.[24]

1945ean sortu zenetik, Marie-Claude Vaillant-Couturier Fédération nationale des déportés et internés résistans eta patriotes elkarteko buruetako bat izan zen; gero, lehendakariorde izendatu zuten, eta, 1978an, lehendakarikide. Auschwitzeko lagunartekoaren lehen animatzaileetako bat ere izan zen. 1964an, Paul Rassinier-ek, errebisionismo historikoaren izen garrantzitsuak eta Nurenberg-eko prozesuaren epaia zalantzan jartzen zuenak, Marie-Claude Vaillant-Couturieri kontzentrazio-esparruko bere kideei lapurtuz bizirik iraun izana leporatu zion. Horren ondorioz, Vaillant-Couturierek demanda zibila aurkeztu eta epaiketa izan zen. Bertan, Geneviève de Gaulle-Anthoniozek testigantza eman zuen: «Erizaindegian ezagutu nuen. Hara eraman genuen, ez ezkutatzeko, baizik eta aleman hiztun ausartak behar genituelako. […] Gure erraziotik hartutako ogi zatia ematen genionean, bagenekien gehien behar zuenari emango ziola, eta inolako bereizketa politikorik gabe... Marie-Claude bezalako emakume ausart gutxi ezagutu ditut. Ematen zuen esparruko kideei laguntzea bere biziaren aurretik jartzen zuela». Epaiketa amaitutakoan, Rivarolen aldizkari errebisionistako kudeatzailea eta Rassinier kondenatuak izan ziren.
Urte bereko abenduan, genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak preskribaezinak bihurtzeko lege-proposamen bat defendatu zuen Asanblea Nazionalean, eta horrela, bidea ireki zion 1964ko abenduaren 26ko legeari, zeinak Frantziako legedian gizateriaren aurkako krimenak preskribaezinak direla jasotzen duen.[25]
1987an, alderdi zibil guztiek Vaillant-Couturier deitu zuten Klaus Barbie gerra-kriminalaren aurkako epaiketan deklaratzera.[26][27] 1990ean, Fondation pour la memoire de la déportation elkartea sortu zenean, aho batez izendatu zuten presidente, eta ondoren ohorezko presidente, 1996ko abenduaren 11n Villejuif-en hil zen arte.[28]
Kondekorazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Chevalière de la Légion d'honneur (1945eko abenduaren 20a)
- Officière de la Légion d'honneur (1981)
- Commandeur de la Légion d'honneur (1995)
- Croix du combattant volontaire de la Résistance
- Croix de guerre 1939-1945 (Txekoslovakia)
Esker onak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2009an, Parisko 4. barrutiko Marie-Claude Vaillant-Couturier plaza inauguratu zen bere omenez.[29]
2016ko urriaren 19an, bere eta, berarekin batera, Marie-Madeleine Dienesch eta Rachel Lempereur-en omenez, plaka bat inauguratu zuten Borbon jauregian, Frantziako Nazio Biltzarraren egoitzan, hirurak Erresistentziako kideak eta lehen emakume diputatuetakoak izan zirelako.[30]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Rolleiflex formatu ertaineko bi lenteko erreflex kamera bat da. Franke & Heideckek Braunschweigen (Alemania) 1929tik aurrera fabrikatua, Rolleiflex formatu ertaineko kamera adierazgarrienetako bat da. 1990eko hamarkadaren amaiera arte fabrikatu zen.
- ↑ "Nacht und Nebel" (Gaua eta lainoa) "Reich-aren edo Okupatutako Lurraldeetako Okupazio Indarren aurkako delituak epaitzeko jarraibideen" kode-izena da. 1941eko abenduaren 7ko dekretu baten aplikazioa dira, Keitel landa-mariskalak sinatua. Hirugarren Reicharen etsai edo aurkari guztiak Alemaniara deportatzea eta pertsona horiek sekretu eta anonimotasun osoz desagertzea agintzen zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Marie-Claude Vaillant-Couturier» artikulutik itzulia izan da, 2025-09-22 data duen 229175864 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2025-09-22 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ a b c d e f g h i j k (Frantsesez) Williams, Yseult. (2018-10-10). La splendeur des Brunhoff. Fayard ISBN 978-2-213-70669-6. (kontsulta data: 2025-10-02).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o Delbo, 1965, or. 281-283
- ↑ (Frantsesez) Burger, Annie. «VAILLANT-COUTURIER Marie-Claude [née VOGEL Marie-Claude, épouse VAILLANT-COUTURIER puis épouse GINSBURGER»] Le Maitron - Dictionnaire biographique (kontsulta data: 2025-10-03).
- ↑ «Marie-claude Vaillant-Couturier. Son objectif au service de l’antifascisme» L'Humanité 2012..
- ↑ «MARIE AUX CENT VISAGES, Marie-Claude Vaillant Couturier - Un pas, encore un pas» d'un livre l'autre de nanne.blogspot 2010..
- ↑ (Frantsesez) Vandel, Catherine. (2013-03-08). «Mémoires de «jeunes filles» pas forcément «bien rangées» - L'Humanité» https://www.humanite.fr (kontsulta data: 2025-10-03).
- ↑ (Frantsesez) Equy, Laure. «Il y a soixante-dix ans... les 33 premières femmes élues députées» Libération (kontsulta data: 2025-10-03).
- ↑ a b (Frantsesez) «Marie-Claude VAILLANT-COUTURIER, née Vogel – 31685 –» Mémoire Vive (kontsulta data: 2025-10-03).
- ↑ a b c (Frantsesez) «28 janvier 1946 Marie Claude Vaillant-Couturier témoigne à Nuremberg» afmd.org - Amis de la Fondation pour la Mémoire de la Déportation (kontsulta data: 2025-10-03).
- ↑ Mémorial des déportés de France au titre de la répression, Fondation pour la Mémoire de la Déportation, 2004.
- ↑ Moorehead, Caroline; Colin Kapen, Cindy. (2016). Un train en hiver. Pocket, 75, 278 or. ISBN 978-2-266-25872-2. (kontsulta data: 2025-10-04).
- ↑ (Frantsesez) Roure, Rémy. (1945-06-16). «RAYENSBRUCK» Le Monde (kontsulta data: 2025-10-04).
- ↑ (Frantsesez) Gronier, J.P.-A.. (1946-02-08). «À Nuremberg, la France accuse...» Regards (BnF - Gallica): 3. or. (kontsulta data: 2025-10-05).
- ↑ (Frantsesez) Guillaud, Jean-Louis; Turenne, Henri de. (2019-11-15). «Les grandes batailles 1939 -1945 : 11/11 Le procès de Nuremberg» Paradigmes.tv: 48:00 - 52:01. (kontsulta data: 2025-10-05).
- ↑ (Frantsesez) «Séance du Mardi 4 Avril 1967» Journal Officiel de la République Française 1967ko apirilaren 5a (kontsulta data: 2025-10-05).
- ↑ (Frantsesez) Ballet, André. (1967-04-06). «L'Assemblée nationale a désigné tous les membres de son bureau» Le Monde (kontsulta data: 2025-10-05).
- ↑ (Frantsesez) «Séance du Mardi 2 Avril 1968» Journal Officiel de la République Française 1968-04-03 (kontsulta data: 2025-10-03).
- ↑ (Frantsesez) LE BUREAU DE L'ASSEMBLÉE NATIONALE. 1973-04-05 (kontsulta data: 2025-10-05).
- ↑ (Frantsesez) Durand, Dominique. Colloque 2015 : de Nuremberg à la constituante, Pierre Villon et Marie-Claude Vaillant-Couturier. Association Nationale des Familles de Fusillés et Massacrés de la Résistance Française et ses Amis - Colloque 2015 (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ (Frantsesez) Universalis, Encyclopædia. «Biographie de MARIE-CLAUDE VAILLANT-COUTURIER (1912-1996)» Encyclopædia Universalis (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ (Frantsesez) VAILLANT-COUTURIER, | Mémoire Vive de la Résistance. 2025-07-21 (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ «Assemblée nationale - Marie-Claude Vaillant-Couturier : Tables nominatives des interventions devant l'Assemblée nationale» www.assemblee-nationale.fr (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ (Frantsesez) Sévillia, Jean. (2017-08-31). Le terrorisme intellectuel - De 1945 à nos jours. Place Des Editeurs, 29 or. ISBN 978-2-262-03873-1. (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ (Frantsesez) Winock, Michel. «David Rousset : l'enquête interdite» www.lhistoire.fr 461-462 uztaila-abuztua (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ «Marie-Claude Vaillant-Couturier Née Vogel - Base de données des députés français depuis 1789 - Assemblée nationale» www2.assemblee-nationale.fr (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ (Ingelesez) Archives, L. A. Times. (1987-06-11). «The World - News from June 11, 1987» Los Angeles Times (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ (Ingelesez) «Photo taken on June 10, 1987 shows former French deputy Marie-Claude...» Getty Images 2025-01-17 (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ Extrait de l'acte de décès de Marie-Claude Vogel. .
- ↑ (Frantsesez) «Inauguration de la place Marie-Claude Vaillant-Couturier à Paris - PCF Paris 15 /// Section de Paris 15e du PARTi COMMUNiSTE FRANÇAiS» PCF Paris 15 /// Section de Paris 15e du PARTi COMMUNiSTE FRANÇAiS (kontsulta data: 2025-10-06).
- ↑ «71ème anniversaire de l’élection des 1ères députées - Événements - Assemblée nationale» www2.assemblee-nationale.fr (kontsulta data: 2025-10-06).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) .
- (Frantsesez) Delbo, Charlotte. (1965). Le convoi du 24 janvier. Éditions de Minuit, 303 or. ISBN 9782707302175..
- Durand, Dominique, «Marie-Claude Vaillant-Couturier : une femme engagée, du PCF au procès de Nuremberg», Paris, Balland, 2012, 442 or. (ISBN 978-2-35315-194-3).
- Lefebvre, Michel. (2007). «Marivo. Marie-Claude Vaillant-Couturier, photographe de Front culturel rouge» Aden. Paul Nizan et les années 30 (Nantes: Groupe interdisciplinaire d'études nizaniennes (GIEN)) (6): 49-65. doi:. ISSN 1638-9867..
- Streiff, Gérard; «Marivo : Marie-Claude Vaillant-Couturier, une vie de résistance», Maisons-Laffitte, Éditions Ampelos, « Résister » bilduma, 2021, 142 or. (ISBN 978-2-35618-192-3).
- Williams, Yseult; «La splendeur des Brunhoff», Paris, Fayard, 2018, 380 or. (ISBN 978-2-213-70482-1).
- Williams, Yseult; «Maico deitzen zioten: Marie-Claude Vaillant-Couturier, la révoltée», Paris, Bernard Grasset, 2021.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1912ko jaiotzak
- 1996ko heriotzak
- Izengoitiak
- Fotokazetariak
- Ravensbrückeko kontzentrazio esparrutik bizirik irtendakoak
- Politikarien ezkontideak
- Frantziako Bosgarren Errepublikako 4. legegintzaldiko Parlamentuko kideak
- Frantziako Bosgarren Errepublikako 3. legegintzaldiko Parlamentuko kideak
- Frantziako Bosgarren Errepublikako 2. legegintzaldiko Parlamentuko kideak
- Wikipedia:Autoritate kontrola duten artikuluak
- Frantziako Erresistentzia
- Emakume politikariak
- Emakume komunistak
- Frantziako komunistak