Marijane Minaberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marie Jeanne Minaberri» orritik birbideratua)
Marijane Minaberri

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMarie Jeanne Minaberry
JaiotzaBanka1926ko irailaren 7a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
HeriotzaBlaye2017ko otsailaren 23a (90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta haur literatura idazlea
Jasotako sariak

Literaturaren Zubitegia: 362

Marijane Minaberri (Banka, Nafarroa Beherea, 1926ko irailaren 7a - 2017ko otsailaren 23a),[1] «Andereño», «Atalki» ezizenez ere ezaguna, euskal idazlea izan zen. Batxilergoko titulua eskuratzeko saiakerak egin ondoren, irakaskuntzan eta idazkari lanetan ibili zen, baita aldizkari batzuetan kolaboratzaile ere, eta lankidetza horien bitartez bere sorkuntza propioak argitaratzen hasi zen.[2][3][4]

1997an Marijane kanta zan! disko-liburua argitaratu zuen Oskorri folk musika taldeak. Disko-liburu hauek egin zuten Minaberri ezagunago.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitatik, Banka bertako eskola batean ikasi zuen, eta 12 urterekin, Donapaleuko eskolara joan zen ikasten jarraitzera. Geroago, Angelura joan zen batxiler titulua lortu nahian, baina ama gaixotu, eta bertan behera utzi zituen ikasketa horiek.

1948an, Bankako udaletxean idazkari lanetan hasi zen, eta lanbide horretan jardun zuen hamar urtez.[2] 1954an, familia guztia Uztaritzera bizitzera joan zen eta Baionako Saint Louis de Gonzague elizako ikastetxean sartu zen irakasle. Irakaskuntzan aritu ondoren, Basque Eclair egunkarian ibili zen idazkari lanetan, eta zenbait kolaborazio ere egin zituen denboraldi batez. Lanean, bere ondoan izan zituen Gilen Epherre zuberotar kalonjea, Joseph Camino Pan-pin haur-aldizkariaren sortzailea, Gexan Lantziri eta gero, Sud Ouest egunkarira joan behar izan zuen Janbattitt Dirassar besteak beste, denak euskal idazle izanik.[3] 1975ean, Sud Quest-ek erosi zuen aldizkaria, eta egunkari horretarako lanean ibili zen, 1990ean erretiroa hartu zuen arte.[2]

Euskarazko beste komunikabide batzuetan ere kolaboratu izan du, Herria, Gure Herria, Almanaka eta Pan-pin aldizkarietan. Horietan argitaratu ditu bere idazlan edo sorkuntza gehienak.

Irratian ere aritu da lanean, eta ez hori bakarrik, euskal irratigintzan dugun aintzindarietako bat kontsideratzen da. 1960an Parisko Irrati Nazionalak martxan jarri zuen Radio Côte Basque irratian ibili zen, euskarari tokitxo bat uzten zion irratian, Pantxo Etxezaharreta, Piarres Lartzabal eta beste batzuekin batera. Bertan, bertsolari saila hartu zuen bere gain, baita haurren txokoa eta entzuleen disko-eskaintza ere. Geroztik, Gure irratian eta Lapurdi irratian entzun ahal izan da Marijane Minaberriren ahotsa.[2][3]

Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskatzaindiak 1964ko urriaren 30ean, eta ohorezko, 1998ko apirilaren 24an. Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko kidea ere bazen.[5]

Literatura ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle ibilbidea hainbat aldizkaritako kolaborazioen bidez hasi zuen poemak eta ipuinak plazaratuz. 1960 urtean Gure Herrian kaleratu zituen bi poema: Amañokantua eta Esku miresgarria. Urtebetera Mari-gorri lana argitaratu zuen eta 1963an Itchulingo anderea... (Goiztiri) ipuin liburua plazaratzen da Baionan eta 1965ean Xoria kantari poesia liburua. Xabier Etxaniz Erle Haur eta Gazte Literatura adituaren iritziz, bi lan horiek Euskal Haur eta Gazte Literaturaren mugarritzat har daitezke, hau da, Euskal Haur Literaturaren abiapuntutzat.[2]

Hasieran olerki batzuk eman zituen argitara, baina, batez ere, haurrentzako antzerki lanak zein ipuinak idatzi ditu. Horietako batzuen izenburuak dira: Mokhor bat eta mokhor bi (1965), Begietakoa, Joanes Zirtzil, Manexen nahigabeak, Auzitegian, Marikitaren otoitza, Eri haundia, Abereen eguberri eta Eñaut eta sagutxo. 1983an, antzerki lan batzuk bildu, eta argitara eman zituen Haur antzerkia bilduman.[6] Haurrak eta antzerkigintza izan ditu langai eta, ildo horri eutsiz, Antzerkia ikastetxean lana argitaratu zuen 1993an.

Irratirako ere lan egin du, eta disko batzuk ere atera ditu. 1999. urtean Marijane Minaberriren hainbat kantu eta olerki belaunaldi gazteenenengana ere heldu ziren Oskorri taldeak argitaratutako Marijan kanta zan diskoari esker. Diskoaz gain, horretan oinarritutako ikuskizuna eraman zuten herriz herri Oskorrik eta Kukubiltxo taldeak.

Honez gain, idazleak beste esparru batzuk ere ukitu ditu, eta honela, Manuel Michelena eta Piarre Lafitteten laguntzaz bi hiztegi eraman ditu argitara: Grammaire basque pour tous eta Dictionnaire basque pour tous.[2][3]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Marijane Minaberriren lanak»

Oso luzea eta oparoa da Mari Jane Minaberri idazlearen liburuen zerrenda. Haur eta Gazte Literatura, poesia, antzerkia, itzulpenak, hiztegia... denetarik idatzi du. Hauek dira Haur eta Gazte Literaturan argitaratutakoak:

  • Marijane kontari (2005, Ikas) CDa eta liburuxka, 5 ipuin, Petit théâtre de Pain antzerki taldeko Manex eta Ximun Fuchs anaiek irakurriak, Jean-Christian Irigoienen musikaz lagundurik
  • Puxka (2002, Gatuzain)
  • Marijane Konta Zan! (1998, Elkar)
  • Ipuin azau bat (1998, Elkar) 21 ipuinez osatua
  • Antzerkia ikasetxean (1993, Gero-Mensajero)
  • Haur antzerki (1983, Euskaltzaindia) (Toribio Altzaga Saria)
  • Xoria kantari (1971, Ikas) olerki bilduma, Laulhék ilustrazioak eta G. Lertxundiren musika partiturak
  • Xoria kantari (1965, Ikas) olerki bilduma, Gregorio Eppherrek zubereraz moldatuak eta Henri Laulhéren ilustrazioak
  • Xoria kantari (1965, Ikas) olerki bilduma, H. Laulhéren ilustrazioak
  • Mitxiñ'en biurrikeriak : Miñiñi'ren gaixtakeriak (1964, Haize Garbia) Euskaraz zein lapurteraz aurki daiteke. Gregorio Eppherreren eskutik frantsesera itzulia.
  • Ahatto bihotz beratcha (1963, Gure Herria)
  • Itchulingo anderea (1963, Goiztiri). 6 ipuin batzen ditu: Itchulingo anderea, Martxoko elurra, Oreinaren emaitza, Eñaut eta sagutxo, Altxalilien erregea eta Erregina gaztea.
  • Sagutxo ausarta : Sagü txipi atrebitia (1962, Haize Garbia) Euskaraz zein lapurteraz aurki daiteke. Gregorio Eppherreren eskutik frantsesera itzulia.
  • Sagutxo jakintsua : Sagü txipi jakintsia (1962, Haize Garbia) Euskaraz zein lapurteraz aurki daiteke.
  • Mari Gorri (1961, Gure Herria)
  • Porroxkak
  • Haurrak ikas zazue
  • Marijan Minaberriren meategitik (2019), Euskalatzaleen Biltzarra

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Berria.eus. «Marijane Minaberri idazlea hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-02-23).
  2. a b c d e f «Auñamendi entziklopedia» euskomedia.org/aunamendi.
  3. a b c d «Bidegileak» euskara.euskadi.net.
  4. Ibargarai, Joana. (2019-05-22). «Aitortza aitzindariari» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-05-24).
  5. Marie Jeanne Minaberry ohorezko euskaltzaina hil da, 90 urte zituela. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).
  6. «Haur Antzerki, Marijane Minaberri» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-08).
  7. Marijane Minaberri euskal idazle aintzindaria gogoan. kanaldude.tv (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).[Betiko hautsitako esteka]
  8. «Marijane Minaberri: lekukoak oroitzen» Argia (Kanaldude.tv, argia.eus) (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).
  9. 34. Sarako Idazleen Biltzarra: MJ Minaberry, Piarres Charitton eta Asier Etxeberria. kanaldude.tv (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]