Marie Meurdrac

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Marie Meurdrac
Bizitza
Jaiotza Mandres-les-Rosesc. 1610
Herrialdea  Frantzia
Heriotza 1680
Familia
Aita Vincent Meurdrac
Ama Q23774403
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
Jarduerak
Jarduerak kimikaria eta alkimista
Lan nabarmenak Q18241129 Itzuli

Marie Meurdrac (Mandres-les-Roses, c.1610-1680) kimikari eta alkimista frantsesa izan zen, La chymie charitable et facile, en faveur des dames (Emakumeentzako karitatezko eta erraza den kimika) obrarengatik ezaguna egin zena. 1666an idatzi zuen bere figura ezagutaraztera eman zuen obra, kimika eta farmaziaren inguruan emakume batek eta emakumeentzat idatzitako lehenengoa izanik.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grosbois gaztelua.

Mandres-les-Roses-eko familia dirudun bateko kide zen Marie Meurdrac, Vincent Meurdrac notarioaren eta Elisabeth Dovet-en alaba zaharrena, hain zuzen. Bere ahizpa bakarra, Catherine Meurdrac (1613-1676), Mémoires (1681) lana idazteagatik izan zen ezaguna. Honen bidez, Marie-ren bizitzaren inguruan dagoen informazio gutxia eskuratu daiteke.

Jakin badakigu, haren formazioa autodidakta izan zela hein handi batean. Hala ere, Parisen Jean Beguin (1550-1620) kimikariaren eskutik farmazia zein kimikako tailer batzuetara joan zen, ziurrenik, bertan parte hartzen zuen emakume bakarra zelarik.

1625ean Henri de Vibrac, Charles de Valois Angulemako dukearen guardiako kapitainarekin ezkondu zen eta Grobois gazteluan bizi izan ziren elkarrekin. Gazteluan Guicheko kondesa ezagutu eta harreman estua sortu zen bien artean. Lagun ona izateaz gain, Meurdrac-en edizioak sortutako gastuen kargu egin zen kondesa, beraz haren obra famatua berari eskeiniko dio aipamen berezi honen bidez: "Nire gauetako bakarrizketek emandako fruitua aurkezteko hautua egin dut: zure osasuna mantentzeko hainbat sendagai sortzeko bitartekoa izango da".

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La chymie charitable et facile, en faveur des dames obrak XVII. mendean kimikaren inguruan zegoen ezagutza jasotzen du, baita Marie-k zenbait kosmetiko, sendagai, droga zein ukenduren prestaketarako eginiko esperimentazio lan batzuen emaitzak ere. Bestalde, jende behartsuaren artean musutruk banatu zituen sortutako produktuak, haien beharrak asetzeko asmoz. Ekintza horietatik datorkio obrari karitate izaera. Hala ere, jende behartsua haren produktuen efektu eta erreakzioak aztertzeko bitarteko gisa ere erabili izan zuen.

La chymie charitable et facile, en faveur des dames, 1687.urteko edizioa.

Lanak sei atal ditu:

  1. Alkimiaren oinarrien inguruan.
  2. Gaixotasun ezberdinei aurre egiteko sendagai eta ukendu ezberdinen inguruan.
  3. Animalien inguruan.
  4. Metalen inguruan, bereziki, merkurio eta antimonioaren inguruan.
  5. Produktu kimikoak prestatzeko sinbolo, tresna eta metodoen inguruan.
  6. Edertasuna areagotzeko aholku eta metodoak.

Lehenengo bost atalek garai hartako kimikako testu liburuen logika bera jarraitzen dute, helburu nagusia sendagaiak prestatzea delarik. Idazleak kimikako eragiketa errazak azaldu eta sendagaiak landare, animali zein mineral ezberdinetatik sortzeko prozedura ezberdinak mahaigainertzen ditu. Seigarren atalean aldiz, ilerako tinte eta makilajeen prestaketa lanak azaltzeaz gain, ordura arte hauek sortzeko normalean erabiltzen ziren sustantzia ezberdinen arriskuen inguruko argibideak azaltzen ditu.

Marie Meurdrac Paracelso-ren (1493-1541) hiru sustantzien teoriaren jarraitzailea zen. Hala, bere ustez, gorputz guztiak gatz, merkurio eta azufre sustantziez osatuta daude. Beraz, sendagaiak produzitzeko sustantzia guztiak animali, landare eta mineraletatik atera behar dira.

Marie lan ezberdinetan oinarritu zen bere obra garatzeko, besteak beste, Jean de Roquetaillade (1310-1366/1370), Ramon Llull (1232-1315), Joseph du Chesne (1544-1609) eta Nicolas Lémery (1645-1715) bezalako zientzialarien lanetan. Hala ere, ezagutza farmazeutiko handia zuen bere gain.

Esperimentu eta prestaketa ezberdinak edonolako tresna xumeekin garatzeko aukera eskeintzen zuen haren lanean. Hala ere, bere irakurleei haren laborategian ematen zituen kurtso praktikoetara bertaratzeko aukera zabalik uzten zien, ikasiz ahaldundu zitezen. Bestetik, garai hartako testuingurua kontuan hartuta, diskurtso oso ausarta plazaratu zuen liburuan. Meurdac-ek, garunak sexurik ez zuela aldarrikau zuen, emakumeek gizonen bitarteko zein aukera berdinatsuna izango balute, jakintzan bi generoen arteko parekidetasuna emango litzakeela zioen. Honako ideiengatik oso kritikatua izan zen, bereziki Molière antzerkigile famatuarengandik, ideia honekiko kontrakotasuna adierazi zuelarik Emakume jakitunak obran.

Liburuak sekulako inpaktua izan zuen garaian eta izugarri zabaldu zen. Hala, edizio ezberdinak egin behar izan ziren frantsesez, azkena XX.mende inguruan egin zelarik. Bestalde, alemaniera zein italierara itzuli behar izan zen obra. Gaur egun oraindik haren metodo batzuk erabiltzen dira sendagai zein ukendu ezberdinak egiterakoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]