Edukira joan

Mariemma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mariemma

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGuillermina Teodosia Martínez Cabrejas
JaiotzaÍscar, 1917ko urtarrilaren 10a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril, 2008ko ekainaren 10a (91 urte)
Hobiratze lekuaLa Almudenako hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: garuneko odoljarioa
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakdantzaria eta koreografoa
Jasotako sariak
Izengoitia(k)Mariemma
IMDB: nm1757814 Edit the value on Wikidata

Guillermina Teodosia Martínez Cabrejas,[1] ezagunagoa Mariemma izenez (Íscar, Valladolid, 1917ko urtarrilaren 10aMadril, 2008ko ekainaren 10a) dantzaria, koreografoa eta irakaslea izan zen.

Flamenkoa ikasi zuen Amalio Cuenca gitarra-jotzailearekin eta gero El Estampíorekin. Txikitan Parisen bizi izan zen, Châtelet-eko Antzokian hasi zen, bertako eskolan bederatzi urterekin sartu zen, eta hiru urte eman zituen bertan. Gero, bere ahizpa Maria Asunciónekin bikotea osatu zuen, nazioarteko birak eginda eta Francisco Miralles Arnaurengandik ikasitako dantza espainiarrak interpretatuta. Neskatotxoa zela, Antonia Mercé (La Argentina), dantzan ikusi eta ezagutu ere egin zuen. Inpresio horrek eragina izan zuen bere dantzatzeko moduan.

Amak erakutsi zizkion jota eta sevillanen interpretazioa izan zen dantzarako gaitasunari erreparatu zitzaion lehen gauza. Beraz, bere gurasoek, Parisen bizi zirenek, Châtelet Antzokiko Dantza Eskolan inskribatu zuten. Bederatzi urte zituen eta ez zuen denbora askorik behar izan eszenatokira igotzeko.

Mariemmak koreografiak ere egin zituen Espainiako Ballet Nazionalerako.

Bere familia Íscar-etik (Valladolid, Mariemmaren jaioterria) zetorren, eta Martínez familiaren baitan arnasten zen giroak, espainolismo markatu eta gogotsukoak, eragina izan zuen Espainiako dantzarekiko interesean. Bi urte baino ez zituela, Parisera joan zen familiarekin. Bederatzi urterekin hasi zen, dantza gustuko zuen eta Teatro del Châtelet-eko ballet eskolan hasi zen ikasten, non Amalio Cuenca eta Francisco Miralles Arnau izan zituen maisu. Francisco Miralles Arnau maisu valentziarraren eskutik, Bolera Eskolako irakaskuntza osoa jaso zuen.[2] Denbora laburrean, ballet horretako lehen haur figura izatera heldu zen, eta nazioartean egin zuen debuta, Maria Asunción ahizparekin batera, Frantzian eta Suitzan egindako bira batean. Une goiztiar horietan Emma izenez ezagutzen hasi zen. 1936an bere lehen koreografia konposatu zuen, Manuel de Fallaren El amor brujo lanerako.

Espainiara itzultzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940an familia Espainiara itzuli zen eta Mariemma dantza folklorikoak sorreran bertan aztertzen hasi zen. Martxoan, Madrilgo Teatro Españolen egin zuen debuta Mariemmak. Kritikariek sutsuki idatzi zuten dantzari heldu berriari buruz, eta urte batzuk lehenago hil zen "La Argentina"rekin alderatu zuten. Espainiako Gerra Zibilaren ostean, flamenkoaren pertsonaia ospetsu gehienak Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan ziren. Gerraosteko sasoi latz hartan, Mariemma izan zen nagusi Espainiako eszenan.

Bigarren Mundu Gerraren ostean ere, biran joan zen. 1947tik 1950era Europan, Latinoamerikan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan ibili zen. 1948an El amor brujo lanaren koreografia birsortu zuen Parisko Opera Komikoan. 1950ean Dantza Sari Nazionala eman zioten, eta 1951n Madrilgo Arte Ederren Zirkuluaren Urrezko Domina.

1952an Manuel de Fallaren El sombrero de tres picos lanean errotariaren emaztearen emakumezkoen papera dantzatu zuen. Milango La Scala-ko ekoizpena Rosario eta Antonio eta Léonide Massine-ren arteko proiektu bateratua izan zen hasieran. Antonio, ordea, bere bikotekide Rosariorekin liskar bat izan zuen, hortaz, Mariemma Antonioren lehen dantzari eta bikotekide hasi zen. Emanaldiak arrakasta handia izan zuen publikoaren artean. Massine-k ekoizpena zabaldu zuen Rimsky-Korsakow-en Caprice Espagnol lanaren koreografiarekin.

1953an programa bera dantzatu zuen Massineren koreografiarekin, Santanderreko Lehen Nazioarteko Jaialdian eta Erromako Operaren Antzokian, eta Massinerekin bikotea osatu zuen. 1954an hasi zen dantza espainiarra irakasten Teatro alla Scala antzokian. Antzokiak gonbidatuta, koreografia batzuk ere sortu zituen ballet konpainiarako. Koreografiako Sari Nazionala eman zioten, 1955ean, Espainiako Jaialdietan parte hartu ostean.

Espainiako Mariemma-balleta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1955ean bere ballet konpainia sortu zuen: Espainiako Mariemma-Ballet, eta berarekin nazioarteko hainbat bira eman zituen, Europako eta Ipar eta Hego Amerikako herrialde nagusietara bidaiatu zuen.

1958an Marqués de Cuevas Balleteko izar gonbidatua izan zen. Bere dantza eskola propioa sortu zuen 1960an, eta 1961ean Espainiako dantza molde guztiak aurkeztu zituen telebistan.

Hala ere, Mariemmaren alderdirik aipagarriena eta gogoratuena dantza irakasle lana da. 1960an eman zituen lehen ikasgaiak. Bere ikasleetako bat Margarita Guerra Peinado kastaineta irakasle eta kontzertista da.

1963an Antzerkiaren Kontseilu Goreneko ohorezko kide egin zuten, eta 1964an Sevillan egin zen Espainiako Dantzaren I. Lehiaketako lehen sari absolutua jaso zuen.

1969an, Madrilgo Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Errege Eskolako Dantza Espainiarraren irakaskuntza zuzentzen hasi zen. Han ekarpen pedagogikoa egin zuen, dantza espainiarraren irakaskuntza sistema lau kategoriatan arautzeko: Bolo-eskola, folklorea, flamenkoa eta dantza estilizatua.

1970ean TVEko Encuentros con la música programa batean parte hartu zuen, Espainiako dantzari buruzko bere teoria horiek azalduta; nazioarteko hitzaldi asko izanda.

1980ko hamarkadan bere dantza akademia sortu zuen Madrilen zein Valladoliden. Bere irakaskuntza-jarduera errezitaldi eta birekin tartekatu zuen, eta 1981ean zuzendari egin zuten. Urte horretan bertan, Espainiako orduko errege Juan Carlos I.a Borboikoaren eskutik Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen. 1981ean Washingtongo Kennedy Zentroan jardun zuen bere balletarekin. 1985ean bere izeneko koreografia zentro bat sortu zuen.

1997an Madrilen argitaratutako Espainiako dantza tratatu batean bildu zituen bere ezagutza guztiak: Mariemma, mis caminos a través de la danza, Lilian Leesen ilustrazioekin.

2008ko ekainaren 10ean hil zen, 91 urte zituela, Madrilgo egoitza geriatriko batean, garuneko isuri baten ondorioz hiru urtez koman egon eta gero. Hurrengo egunean, 2008ko ekainaren 11n, Almudenako hilerrian lurperatu zuten.

Koreografia lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koreografia lanei dagokienez, Espainiako Ballet Nazionalerako egin zituen muntaia batzuk aipa daitezke:

  • 1979: Diez melodías vascas,
  • 1979: Fandango,
  • 1984: Danza y tronío.

Mariemmari buruzko obra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean Daniel G. Cabrerok Mariemmaren bizitza emankorrari buruzko Mis caminos a través de la danza dokumental biografikoarekin egin zuen debuta film luzeak zuzentzen.[3] Mariemmak eta bere konpainiak munduan zehar egindako bidaietan egindako koreografien filmazio argitaragabeak biltdu zituen lanhorrek. Bertan, Mariemmarekin batera, Enrique Morente, Aída Gómez, Elio Berhanyer, Lola Greco, Antonio Canales, Elvira Andrés, Goyo Montero, Mari Carmen Luzuriaga, Roger Salas, Tomasa Benito, Cristina Marinero eta Carlota Mercé artistek parte hartu zuten. Irudiekin batera, Espainiako konpositore klasikoen soinu-banda izan zuen: Manuel de Falla, Enrique Granados, Joaquín Turina, Enrique Luzuriaga eta Quinito Valverde. Dokumental hau Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean estreinatu zen, 2010eko urriaren 30ean.

Mariemmaren ondare historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dantzari eta koreografoak 2002ko azaroaren 13an eman zion bere ondare artistikoa jaoterriari, Íscar hiribilduari, dantza espainiarrari, nazionalari eta nazioarteari eskainitako lehen museoa sortzeko. Mariemma Museoa 2007an inauguratu zen, eta kultura, pedagogia eta ikerketa bokazio argiarekin sortu zen, Iscarreko Udalak artistarekin hartutako konpromisoaren ondorioz. Besteak beste, berak erabilitako 150 jantzien bilduma, kartelak, figurinak, objektu pertsonalak, kriskitinak eta sariak daude museoan.

2017an, artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, museoak erakusketa bat antolatu zuen, non dantzariak egindako ibilbide artistikoa bere jantzien bidez erakutsi zuen. Erakusgai egon ziren Los panaderos obrako soinekoa, bolera eskolarako erabilitako aspaldiko jantzia; La Montañesa obrarako erabilitako jantzia, La Soleá-rako batista isats zuriko mantala eta Danzas Cervantinas laneko soinekoa. Horrez gain, erakusketako soinekoak erakusten dituen argazkiak ere erakutsi ziren.[4]

Espainiako eta atzerriko sari eta goraipamen ugari jaso zituen, baita omenaldiak ere. Hauen artean, Mariemmak gehien estimatzen zituenak Íscar (kale bati bere izena eman zion) eta Valladolid izan ziren (1967tik Vicente Escudero kalearen paraleloa den Mariemma Kalea).[5] Conseil International de la Danse taldeko ohorezko kidea eta Espainiako Batzordeko presidentea izan zen. Eta kondekorazioen artean, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina, S.M. Espainiako erregea.

Sariak eta aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1950: Dantza Sari Nazionala. Espainia
  • 1951: Madrilgo Arte Ederren Zirkuluaren Urrezko Domina. Espainia
  • 1955: Koreografia Sari Nazionala. Espainia
  • 1963: Antzerkiko Kontseilu Goreneko ohorezko kidea. Espainia
  • 1964: Espainiako Dantzaren I. Lehiaketako saria. Espainia
  • 1981: Arte Ederretako merezimenduaren urrezko domina. Espainia[6]
  • 1996: L’Ordre des Arts et des Lettres-en Chevalier titulua, Frantziako Kultura Ministerioak emana

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Antonia Mercé "La Argentina". Homenaje en su centenario (1890-1990): 9788487731006 - IberLibro» www.iberlibro.com (kontsulta data: 2025-03-01).
  2. Rodríguez Miguélez, Clara. (7 de enero de 2020). «Personajes de Valladolid: Mariemma» El Norte de Castilla.
  3. Copia archivada. .
  4. «Mariemma. Exposición Centenario» Teatro Fernan Gómez 2017.
  5. Vela, Víctor. (11 de noviembre de 2018). «Un paseo por las (pocas) calles vallisoletanas dedicadas a mujeres» El Norte de Castilla.
  6. Jiménez, Roberto. (9 de enero de 2017). «Mariemma, 100 años de un genio de la danza española» La Vanguardia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]