Edukira joan

Maritxu Sorabilla

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maritxu Sorabilla
Bizitza
JaiotzaIruñea, 1927 (97/98 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakmendigoizalea

Maritxu Sorabilla (Iruñea, Nafarroa Garaia,1927) mendizale aitzindaria izan zen.[1][2]

Maritxu Sorabilla Euskal Herriko Mendi Federazioa (Federacion Vasco Navarra de Alpinismo izenarekin Elgetan sortua) baino hiru urte geroago jaio zen, baina haren begien aurrean iragan da ehun urteotako historia, Euskal Herrikoa, emakumeena eta mendizaletasunarena.[1]

Maritxu gaztetatik da mendizalea. 1948tik Club Deportivo Navarra-Nafarroa Kirol elkarteko kidea (CDNNKE). Mendizale nekaezina, amatasunak baino ez zion eten mendi-jarduera, baina laster berrekin zion. Hasieran, 18 bat urte zituenean, eskualdeko mendietara joaten zen lagunekin, goizeko irteerak izaten ziren San Kristobal, Antxorizko haitzak, Etxauri. 21 urterekin, CDN-NKErekin harremanetan jarri zen eta taldearekin ateratzen hasi zen. Klubak aukera berriak zabaltzen zituen mendietara joateko, neskentzat irekitasun garrantzitsua zen. Klubarekin egindako lehen urtean, lehenengo zeharkaldian (Sallent –Piedrafita) Balaitusera igo ziren, hurrengo urtean Ordesa, Aneto, Maladeta, Posets, Vignemale, Facha Handia, Cambales, Argualas...dozena erdi hiru mila.[3]

Senarra ere mendizalea izan zuen eta ezkon-bidaian mendira joan ziren. Kasu horretan Peña Vieja eta Cares bisitatu zituzten: menditik iritsi ziren Posada de Valdeonera Careseko bidea egin zuten, Arenas de Cabraleseraino joan ziren. Hori guztia autorik gabe. Bere bizitzan zehar, Santanderko mendietan barrena ibili da, baita Asturias, Galizia, Caceres, Aran, Maestrazgo, eta Sierra Nevadan ere. Gogoan ditu Mulhacén-era egindako igoera, Gredos mendilerrora eta Navacerradara.[3]

1920ko hamarkadara arte, mendi taldeak sortu arte, familia aberatsetako emakumeak baino ez ziren joaten mendira.

Errepublika garaian, berriz, han eta hemen mendi taldeak sortzen hasi zirenean, emakume langile asko sartu zen haietan, erdi ezkutuan. Frankismoaren hasierako garai haietan, emakumeak gonak jantzita sartzen ziren autobusean, eta azpitik eramaten zituzten prakak. Horrelako trikimailuak baliatu behar zituzten. Garai hartan, askatasunerako ihesbidea zen mendia. Gizonekin bat eginda askatasunaren bila joaten ziren emakumeak gailurretara. Ana Diaz de Ure (historialaria)

2011an 84 urte zituela "XX. Mendizale Beteranoen Martxa"n parte hartu zuen Beintza-Labaienen.[4]

Aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2024ko urtarrilean Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria zabaldu zuten Iruñeko Planetarioan 1924tik bidea urratu duten Euskal Herriko emakume alpinista eta eskalatzaile aitzindariei buruzkoa. Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurreneko lehen ekitaldia izan zen. Maritxu Sorabilla (97 urte), erakusketaren karteleko protagonistetakoa inagurazio ekitaldian izan zen bere senideekin. Erakusketaren azaleko argazkia berezia eta esanindar handikoa izan zen. Irudian, bi emakume Gran Facha mendiaren lepoan, 1950ean: Maria Angeles Ziganda eta Maritxu Sorabilla.[1]
  • 2024ko martxoan Leioako kultur etxean egon zen ikusgai Gailurretan izan gaitun erakusketa.[5] Ugaon (martxoaren 11tik apirilaren 1era), Donostian (apirilaren 4tik maiatzaren 10era), Elgetan (maiatzaren 13tik 31ra).[1][6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d «Gaitun, baita mendian ere» Berria 2024-01-15 (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
  2. Pérez, Fernando J.. (2024-02-19). «Pioneras del montañismo vasco» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-12-01).
  3. a b Maritxu Sorabilla. Gure Mendiak, 2010. .
  4. PAMPLONA, J. J. I.. (2011-09-29). «La Marcha de Veteranos reunió a 192 participantes» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-27).
  5. Hernández, Marta. (2024-02-21). «Exposición sobre montañeras, escaladoras y alpinistas pioneras en Leioa» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-11-29).
  6. «Bizi-baratzea - ‘Gailurretan izan gaitun’ erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua» Bizi-baratzea (Noiz kontsultatua: 2024-12-01).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]