Maroko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Marokoko Erresuma
المملكة المغربية
Al Mamlakah al Maghribīyah
ⵜⴰⴳⵍⴷⵉⵜ ⵏ ⵎⵓⵔⴰⴽⵓⵛ  
Tageldit-n-Murakuč
Bandera Armarria
Goiburua: الله، الوطن، الملك
(Jainkoa, Aberria, Erregea)
Ereserkia: Hymne Chérifien
HiriburuaRabat
Hiri handiena Casablanca
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera, Amazigera
Herritarra marokoar[1]
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Erregea Mohammed VI.a
 -  Lehen ministroa Abdelilah Benkirane
Independentzia
Geografia
 -  Guztira 446,5502 km2 (56.)
 -  Ura (%) 0,056
Biztanleria
 -  2014 zenbatespena 33.250.000 (39.)
 -  Dentsitatea 73,1 bizt./km2 (122.)
Dirua Dirham (MAD)
Ordu-eremua UTC (UTC+0)
Aurrezenbakia 212
Internet domeinua ma
1 Marokoko arabiera da hitz egiteko erabiltzen den dialektoa; amazigera, frantsesa eta, neurri txikiagoan, gaztelania ere mintzatzen dira.
2 Kopuru horretan Mendebaldeko Sahara ez dago sartuta, nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik ez baita Marokoko lurraldea. Hala ere, Marokoko estatuak du Mendebaldeko Sahararen gaineko kontrola (Hegoaldeko Probintziak deitzen dio); horregatik, mapan berdez marratuta ageri da, berde trinkoz adierazitako Marokoren berezko lurren ondoan.

Maroko[1] (arabieraz: المغرب‎ al-Maġrib, amazigeraz: ⵍⵎⴰⵖⵔⵉⴱ[2] Lmaġrib, frantsesez: Maroc), ofizialki Marokoko Erresuma, Afrika ipar-mendebaldeko estatu monarkikoa da. Ozeano Atlantikoan kosta luzea du, Gibraltarko itsasartera iritsi eta Mediterraneoan jarraitzen duena.

Hiriburua Rabat da (1.200.000 biztanle), baina hiri nagusia Casablanca da (3.344.300 biztanle).

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Marokoko geografia»
Maroko satelite irudian

Marokok ekialde eta hego-ekialdean Aljeriarekin du muga (1.559 km); hegoaldean, Mendebaldeko Sahararekin; mendebaldean, Ozeano Atlantikoarekin; eta iparraldean Mediterraneoarekin eta Espainiaren Zeuta (6 km) eta Melilla (10 km) autonomiadun hiriekin.

Rif mendiek Mediterraneo ertzeko eskualdean daude, ipar-mendebaletik ipar-ekialdera. Atlas mendiak estatuaren bizkarrezurra dira, eta hego-mendebaldetik ipar-ekialdera zeharkatzen dute. Mendi garaiena Jebel Toubkal da (4.167 m). Herrialdearen hego-mendebaldearen gehiena Sahara basamortuak hartzen du eta, horregatik, eskualdea ez da emankorra ezta oso populatua ere. Biztanle gehienak Atlas mendien iparraldean bizi dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Marokoko historia»

K. a. 2000. urte inguruan berbereak sartu ziren Marokon, K.a. XII. mendean feniziarrek merkataritzaguneak ezarri zituzten Mediterraneoko itsasaldean, eta K.a. V. mendean kartagotarrak Atlantiko aldean kokatu ziren. Kartago desegin ondoren, berberiarrak erromatarren aliatu bilakatu ziren. K.o. 42. urtean Kaligulak Marokoko lurraldea Erromako inperioaren Mauritaniako probintziaren barnean ezarri zuen.

Erromatarren ondoren, bandaloak Iberiar Penintsulan barrena sartu ziren Marokon, eta erreinu bat sortu zuten han, gero 534. urtean bizantziarrek suntsitu zutena. VII. mendean arabiarrak ekialdetik sartu ziren eta Islama ezarri zuten; berberiarrek aurre egin zieten arabiarrei eta erreinu independenteak sortu zituzten. XI. mendean, Mauritaniako berbereek, almorabiderek, Marokoko lurralde osoa konkistatu zuten eta Espainiaraino hedatu zuten aginpidea. Handik mende batera, almohadeek beste inperio bat sortu zuten, XIII. mendean benimeriniarrek beretu zutena.

1415ean portugaldarrek merkataritza-gune bat sortu zuten Ceutan (1580az gero Espainiaren mende geratu zena). 1497an Espainiako Errege-erregina Katolikoek Melilla konkistatu zuten. XVII. mendean alaui dinastiak, bere burua Mahomaren ondorengotzat zuenak, hartu zuen aginpidea; dinastia horren ondorengoak dira gaur egungo agintariak. Alauiek aurre egin behar izan zieten Frantziako eta Espainiako gudarosteei. 1830ean Frantziak Aljeria hartu zuen; Marokoko sultanak Aljeriaren alde egin zuen, baina 1844an frantsesek garaitu egin zuten. 1859an, Ceutako mugak zirela eta, Maroko gerran sartu zen Espainiarekin; marokoarrak galtzaile atera ziren, eta alaui sultanerriak diru sari handia ordaindu behar izan zion Espainiari.

1906an, Algecirasko Nazioarteko Konferentzian, Maroko Frantziaren eta Espainiaren babespean uztea onartu zen. 1912an Frantziaren eta Espainiaren babespeko guneak zehaztu ziren; Espainiari Rif eta Ifni egokitu zitzaizkion, eta gainerako guztia Frantziari. 1921ean, Abd el Krim emirrak matxinada antolatu zuen Rifen, eta Frantziaren eremura ere hedatu ziren istiluak; Frantziaren eta Espainiaren gudarosteek, elkar harturik, 1926an menderatu zuten matxinada. 1927an abertzaleek Istiqlal alderdia sortu zuten.

Espainiako Gerra Zibilean (1936-39) Marokoko gudaroste batzuk Francisco Franco espainiar militarraren alde borrokatu ziren penintsulan. Bigarren Mundu Gerraz gero abertzaletasunak gora egin zuen, eta 1956ko martxoaren 2an Frantziako gobernuak Marokoren independentzia onartu zuen; Mohammed ibn Yusuf izendatu zuten errege, Mohammed V.a Marokokoa izenarekin. Urte berean, apirilean, Espainiak uko egin zien iparraldeko babes-guneei, eta 1958an Saharako iparraldeari. Mohammed V.a 1961ean hil zenean, haren semea, Moulay Hassan, izendatu zuten errege (Hasan II.a).

1975ean Hassan II.a Marokokoa erregeak 350.000 marokoar bidali zituen Espainiaren mende zegoen Saharara, lurralde hura Marokori zegokiolakoan, eta Espainia lurraldea uztera behartu zuen; hala, 1975eko Madrilgo hitzarmenean Mendebaldeko Sahara Marokoren eta Mauritaniaren mende geratzea onartu zen. 1976az geroztik, Sahararen independentzia aldarrikatzen duen eta Aljeria eta Libiaren laguntza duen Saharako Fronte Polisarioaren kontrako gerran ari da Maroko. 1979an Marokok Mauritaniaren mendeko Saharako zatia hartu zuen. Harrezkero, Saharako gerra eta Estatu Batuetatik jasotzen duen laguntza dela eta, Marokoren eta Afrikako iparraldeko herrialdeen arteko harremanak nahasiak dira.

Saharako autodeterminazioari buruzko erreferenduma 1992an egitea onartu zuen Marokok 1991n, baina erroldari buruzko eztabaida zela eta, erreferenduma atzeratzea erabaki zuen. 1988ko maiatzean, 12 urte tirabiraka ibili ondoren, Maroko eta Aljeria harremanetan hasi ziren berriro, Saudi Arabia eta Tunisiaren bitartekotzari esker. Harremanak eten izanaren arrazoia Saharako gerra izan zen. Izan ere, Aljeriak nazionalista sahararren alde egin zuen hasieratik. Harremanak berriro hasi ondoren, bi herrialdeak ados jarri ziren gasoduktu bat egiteko Gibraltarko itsasartean zehar Europaraino. Bi herrialdeak partaide dituen enpresa batek du gasoduktutik 10-15 mila milioi metro kubiko gas garraiatzeko ardura.

XX. mendearen azkeneko urteetan langabezia handia izan da Marokon. Urtero ehunka mila pertsonek alde egiten dute herrietatik hirietara, eta horrek izugarrizko arazoak sortzen ditu, etxebizitzak direla, ura eta zerbitzuak direla, eta abar. Beste asko eta asko Europara sartzen ahalegintzen dira, horretarako bizia arriskuan jarri behar badute ere, itsasoa igarotzean. 1992ko urrian, adibidez, 800 lagun atxilotu zituzten Tarifan (Espainiako hegoaldean), Espainian baimenik gabe sartzeko ahaleginean. Bestalde, droga trafikoaz arduratzen den Nazio Batuetako sailak salatu duenez, Marokoko nekazari asko opio eta koka lantzen hasiak dira, heroina eta kokaina egiteko gero.

Azkeneko urteetan, Maroko eta Aljeriaren harremanak onbideratu direnez gero, Saharako auzia negoziazio bidez konpontzeko ahalegina egin da. Erreferenduma egitea proposatzen da, Nazio Batuen ardurapean, Saharako biztanleek erabaki dezaten herrialde independentea izan edo Marokori loturik egon. Nolanahi dela ere, Marokoko gobernua behin eta berriz atzeratzen ari da erreferenduma, Fronte Polisarioa behin betiko gaindituko duelako esperantzan. 1992ko abuztuan Hassan II.a erregeak kargutik kendu zuen Azedine Laraki Lehen Ministroa, eta 1971-1983 bitartean kargu hori bera eduki zuen Mohamed Karim Lamraniren eskuetan utzi zuen. Gobernu berriak erreferenduma deitu zuen, Legebiltzarrari ahalmen handiagoa emango zion konstituzio berri bat onartzeko. Dena dela, erregeak Lehen Ministroa izendatzeko ahalmena gorde zuen.

Erreforma haren ondorengo Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeetan, 1993ko ekainean, oposizioa izan zen garaile, 222 aulkietatik 99 eskuratuta. Alderdi ofizialak, berriz, 74 aulki baizik ez zituen eskuratu. Handik bi hilabetera Hassan II.ak munduko meskita handienetako bat inauguratu zuen, Casablancan. Konstituzioaren erreformak gorabehera, nazioaren politika erregearen eskuetan dago oraindik ere neurri handi batean.

1994ko maiatzean, erregeak bere ahaide bat izendatu zuen Lehen Ministro, Abd al-Latif Filali. Abuztuan, askoren harridurarako, erregeak berberiar hizkuntza eta kultura nazioaren bizitzan integratzeko deia egin zuen. 1995ean, euririk ez zela eta, uzta aurreko urtekoa baino sei aldiz txikiagoa izan zen, eta egoera ekonomikoak okerrera egin zuen nabarmen. 1996an legegintzarako aginpidea bi ganberatan banatzean onartu zen erreferendum bidez, baina erregeak ganberak desegiteko ahalmena gorde zuen. Bien bitartean, gobernuak pribatizazio politikarekin segitu zuen, eta zenbait konpainia saldu zituen.

1997ko irailean, Marokok eta Fronte Polisarioak hitzarmen bat egin zuten Saharako auzia konpontzeko, eta lurraldearen estatutua (independentzia edo integrazioa) erabakitzeko erreferenduma egingo zela iragarri zen. 1997ko legegintzarako hauteskundeetan, oposizioko lau alderdi politikoren koalizioak Legebiltzarreko 325 aulkietatik 102 eskuratu zituen; gobernuaren aldeko koalizio eskuindarrak, berriz, 100 aulki eskuratu zituen, eta hauen aliatu zentristek, 97. 1998ko otsailean, erregeak Abderrahman Youssoufi izendatu zuen Lehen Ministro.

Erregea 1999an hil zen, eta haren semeak –Mohammed VI.ak– hartu zuen kargua. Mohammed VI .a Marokokoak hainbat erreforma sustatzen ari da, ekonomian nahiz politikan, baina oraindik oso mugatuta daude askatasun zibilak eta giza eskubideak urratzeagatik salaketa asko egin ohi dizkiote nazioarteko erakundeek, bereziki 2003an Casablancan juduen kontra izandako atentatuaz geroztik (20 lagun hil ziren atentatu hartan).

2014ko abuztuaren 14ean, hil egin zen Mustafa Meziani, 31 urteko preso marokoarra, 72 egun gose greban igaro ostean. Fezeko Unibertsitatean ikasle islamisten eta ezkertiarren artean izandako istiluen harira atxilotu zuten, apirilaren amaieran, eta behin-behineko espetxealdian egon da ordutik; Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak preso politikotzat jotzen zuen[3].

Abenduaren 16an, Interneten emakumeak erreklutatzen zituen sare jihadista desegin zuten. Bost Espainian eta beste bi Marokon atxilotu zituzten[4].

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Marokoren banaketa administratiboa»

Maroko 12 eskualdeetan banatuta dago. Aldi berean, 13 prefektu eta 62 probintziatan banatzen dira. Prefektura bakoitza, udalerrietan banatzen dira eta metropoli eremuen kasuan, auzoetan.

Eskualdea Hiriburua
1 Tanger-Tetuan-Alhucemas Tanger
2 Oriental Ujda
3 Fez-Meknes Fez
4 Rabat-Sale-Kenitra Rabat
5 Beni Melal-Jenifra Beni Melal
6 Casablanca-Settat Casablanca
7 Marrakex-Safí Marrakex
8 Draa-Tafilalet Er-Rachidia
9 Sus-Masa Agadir
10 Guelmim-Oued Noun Guelmim
11 Aaiun-Sakia el-Hamra Aaiun
12 Dajla-Oued Eddahab Dajla

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berberiarrak dira Marokoko jatorrizko biztanleak, eta gaur egungo biztanleen hiru laurdenak berberiar jatorrikoak dira. Bigarren gizatalde nagusia arabiarrena da. Bestalde, 100.000 inguru europar bizi dira (frantsesak, gehienak), eta 12.000 inguru judu, orain aspaldi hara bizitzera joandakoen ondorengoak.

Biztanleen erdia, gutxi gorabehera, hirietan bizi da. Rabatez gainera, Casablanca (2.940.000 biztanle), Marrakex (1.517.000 biztanle) eta Fez (510.000 biztanle) dira Marokoko hiri nagusiak. XX. mendea arte berberiar hizkuntzak izan dira nagusi Marokon, baina mendean zehar arabiera bultzatu eta nagusitu da, eta mendearen bukaeran biztanleen laurden batek baizik ez zuen erabiltzen berberiera hizkuntza nagusi bezala. Biztanle gehien dituen hirugarren herrialde arabiarra da.

Marokoko herri populatuenak
Twin Center, Boulevard Mohamed Zerktouni, Casablanca.JPG

Casablanca

Ville Nouvelle Fès Maroc.JPG

Fez

IBN BATTOUTTA AIRPORT TANGER MOROCCO APRIL 2013 (8695760132).jpg

Tanger

Herria Eskualdea Poblazioa Herria Eskualdea Poblazioa Maroc Marrakech Jemaa-el-Fna Luc Viatour.JPG

Marrakex

Pont Hassan-II.JPG

Sale

Rabat Parlament.JPG

Rabat

1 Casablanca Gran Casablanca 3 359 818 11 Safí Doukkala-Abda 415 323
2 Fez Fez-Bulmán 1 112 072 12 Uchda La Oriental 398 131
3 Tánger Tánger-Tetuán 947 952 13 Inezgane Souss-Massa-Draa 385 612
4 Marrakex Marrakex-Tensift-El Haouz 928 850 14 Agadir Souss-Massa-Draa 384 987
5 Salé Rabat-Sale-Zemmour-Zaer 890 403 15 Nador La Oriental 369 102
6 Mequinez Mequinez-Tafilalet 632 079 16 Khouribga Chaouia-Ouardigha 326 674
7 Rabat Rabat-Sale-Zemmour-Zaer 577 827 17 Settat Chaouia-Ouardigha 323 821
8 Kenitra Gharb-Chrarda-Beni Hssen 572 700 18 Temara Rabat-Sale-Zemmour-Zaer 302 872
9 Tetuán Tánger-Tetuán 463 968 19 Ait Melloul Souss-Massa-Draa 198 879
10 Beni Mellal Tadla-Azilal 447 330 20 El-Yadida Doukkala-Abda 298 673

Armada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da Marokoko erresumaren armada:

  • Operator "BCIJ" stands guard in the headquarters in the city Sale.jpg
    Errege Armada: 1956an Mohammed V sortu zuen independentzia lortu zuenean. Errege Marokoko Armadaren adarra lurretako operazio militarrak da. Ejertzitoak 195.000 soldadu aktibo eta 150.000 erreserba ditu.
  • Errege Aire Armada: Marokoko Aire Armada dira. 1956 maiatzaren 14an sortu zen, , 13 000 pertsona eta 282 baino hegazkin gehiago dauzka.
  • Errege Itsas Armada: Marokoko Itsas Indar Armatuen armada da itsasontzien eragiketak egiteko ardura duena.
  • Errege Jendarmeria: zibilak babesteko ardura eta herrialdeko landa eta hiri eremuetan ordena publikoa bermatzeko, halaber mugak babestu eta herrialdean bizi herritarren bizitza babesteko arduratzen dira.
  • Errege Guardia: erregea, bere familiari eta herrialdeko monarkiaren aretoak nagusi guztiak babesteko ardura dauka.
  • Indar Osagarriak: indar armatuen gorputz paramilitar autonomoak dira, eta horren funtzioak betetzen dituzte (polizia, armada, itasokoa, errege guardia). Gainera espioitzaz aduratzen dira herrialdearen barne eta kanpoaldean.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marokoko ekonomian izugarrizko pisua du nekazaritzak, nahiz eta lurren % 20 baizik ez den lantzen. Laboreak (garagarra eta garia), patatak, meloiak, olibak, eltzekariak, datilak, azukre kanabera eta azukre erremolatxa lantzen dira batez ere. Mea baliabide nagusia fosfatoak dira, baina ikatza, burdina, manganesoa, beruna eta zinka ere ustiatzen dira.

Industria gehienak industria txikiak dira: eraikuntzarako materialak, kimika gaiak, ehunak, oinetakoak, elikagaiak, ardoa, petrolio findua eta abar. Garrantzi handikoa da eskulangintza: ehunak, larrua, zeramika, alfonbrak eta zurezko irudiak… Turismoa, bestalde, gero eta pisu handiagoa hartzen ari da herrialdearen ekonomian, baita zerbitzuen sektorea eta industria ere. 1990eko hamarralditik aurrera, gobernuak hainbat erreforma eta pribatizazio sustatu ditu, eta azken urteetan ekonomia hazkunde nabarmena izan du Marokok. Era berean, atzerriko merkataritza harremanak sendotzen ari da eta hainbat hitzarmen sinatu ditu.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marokoko erregea Mohammed VI.a Marokokoa

Maroko monarkia konstituzionala da, nahiz ete erregeak oraindik ere botere handia izan. Egungoa Mohamed VI.a da, 1999ko uztailaren 23tik agintean. Lehen Ministroa Driss Jettou da, 2002ko urriaren 9tik. Lehen Ministroa erregeak berak izendatu zuen eta hautsa harrotu zuen, ez baita inongo alderdiren kide.

Parlamentua bi ganberakoa da: Diputatuen ganbera eta Kontseilarien ganbera (Senatua). Diputatuen ganberan 325 diputatu daude, zuzeneko boto unibertsal bidez 5 urterako hautatuak. Egungo ganbera burua Abdelouahed Radi da (USFP). Kontseilarien ganberan 270 kontseilari daude, zeharkako boto unibertsal bidez hautatuak.

Alderdi politikoak:

  • La Gauche Socialiste Unifiée (GSU)
  • Le Mouvement Populaire
  • Parti de la Justice et du Développement (PJD)
  • Parti de l'Istiqlal
  • Parti RNI
  • Alliance des Libertés (ADL)
  • Union Socialiste donis Forces Populaires (USFP)

Marokoar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maroko Aldatu lotura Wikidatan