Edukira joan

Martha Llwyd

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martha Llwyd
Bizitza
JaiotzaCynwyl Elfed, 1766
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaLlanpumsaint1845eko urriaren 16a (78/79 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgalesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, musikagilea eta idazlea

Martha Llwyd, jaiotzez Williams, (Cynwyl Elfed, 1766Llanpumsaint, 1845eko urriaren 16a) galestar poeta eta musikagilea izan zen, erlijio ereserki metodistak idatzi zituena.

Martha Williams Carmarthenshire konderriko Cynwyl Elfedeko Nantbendigaid landetxean jaio zen. Haurra zela, Llanpumsainteko Y Felin landetxera joan zen familiarekin bizitzera[1].

Hezkuntza mugatua jaso bazuen ere, ereserki eta poema asko idatzi zituen eta besteei irakatsi zizkien. Haren ereserkiak oso ezagunak bihurtu ziren[2]. William Williams Pantycelyn artzain metodista eta erlijio ereserkien egileak aldizka bisitatu zuen, eta Llwyden idazlan batzuk Pantycelynen izenpean argitaratuak izan omen ziren[1].

1785ean Dafydd Llwyd errementariarekin ezkondu zen. Llwyd herriko komunitate metodistako kide nabarmena zen. Senar-emazteak herriaren erdialdean bizi izan ziren eta bederatzi seme-alaba izan zituzten, sei mutil eta hiru neska, 1787 eta 1807 artean jaioak. Hain familia handia zaintzeko beharrak Martharen osasunean eragin zuen, eta ibiltzeko gaitasuna galdu zuen. Hala ere, oso metodista elizkoia izaten jarraitu zuen, eta seme-alabek edo bizilagunek Llanpumsainteko Bethel kaperara eramaten zuten aulki batean[3].

Llwyd 1845ean hil zen, 79 urte zituela, senarra hil eta urtebetera. Biak Llanpumsainten lurperatu zituzten hagin baten azpian[4]. Haien izenak ingelesez idatzi zituzten hilarrian: David and Martha Lloyd. 2011n, Carmarthen konderriko kontseiluak Martha Llwyden oroimenezko plaka bat jarri zuen Llampusainten[1][5].

Gaur egun, Martha Llwyden ereserki gehienak galduta daude[6], baina batzuk 1925ean argitaratu ziren[2]. Fflur Dafydd galestar eleberrigile eta kantautorea Llwyden ondorengoa da eta Martha Llwyd izeneko abesti bat eskaini zion[7]. Llwyden beste ondorengo ezagun bat Menna Elfyn poeta da, Dafydden ama[5].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) «Martha Llwyd» Llanpumsaint Heritage Walking Tour (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).
  2. a b (Ingelesez) Aaron, Jane. Nineteenth-Century Women's Writing in Wales: Nation, Gender and Identity. University of Wales Press (argitaratze data: 2010-02-01), 22 or. ISBN 978-0-7083-2287-1. (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).
  3. (Ingelesez) Thomas, Arwyn. (2004). Hanes Llanpumsaint: A History. Carmarthenshire County Council Libraries and Community Learning Section.
  4. (Ingelesez)(Galesez) Davies, Damian Walford. (2014). The poets graves = Beddau'r beirdd. Llandysul ISBN 978-1-84851-739-4. OCLC .874119544.
  5. a b (Ingelesez) «Cofeb Martha/Honoured at Last» Llais y Pentref/Village Voice (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).
  6. (Galesez) James, E. Wyn. (1996). «Merched a'r Emyn yn Sir Gâr» Barn 402/3: 29..
  7. (Galesez) «Merched y gân» BBC Cymru Fyw 2017-05-30 (Noiz kontsultatua: 2024-12-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]