Martin Loinazkoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau apaiz katolikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Martin».
Martin Loinazkoa
Loinazko San Martin estatua.jpg
Bizitza
Izen osoa Martín de Loinaz y Amunabarro, Martín de Aguirre
Jaiotza Gipuzkoa1566
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Nagasaki1597ko otsailaren  5a (30/31 urte)
Heriotza modua heriotza zigorra
Hezkuntza
Heziketa Alcalako Unibertsitatea
Alcaláko Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerak presbiteroa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordena Q2512282 Itzuli

San Martin Loinazkoa edo San Martin Igokundekoa (Beasain, Gipuzkoa, 1566ko uztailaren 16a - Nagasaki, 1597ko otsailaren 5a ) misiolari, martiri eta santu katolikoa izan zen.

Pio IX.ak santu egin zuen 1862ko ekainaren 8an.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beasaingo Amunabarro baserrian jaio zen 1566ko uztailaren 16an, eta egun berean bataiatu zuten Jasokundeko Andre Mariaren elizan. Garai hartan, Beasain Villafrancako (gaur egungo Ordizia) auzoa zen.

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ikasketak herrian egin zituen eta 1583-1585 urteen artean ikasi zuen Madrilgo Alcalako Unibertsitatean ikasi zuen.

1583ko urriaren 19an Fuentes Maisuaren katedran matrikulatu zen Sumulak ikasteko, eta 1584ko urriaren 23an Julian Garcia Maisuaren logika-katedran.

Apaizgoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1585eko maiatzaren 11n, Guadalajarako Auñonen frantziskotarrek zuten San Sebastianen komentuan sartu zen, fraide-jantziak hartu, eta nobizialdiari hasiera eman.

1586ko maiatzaren 17an frantziskotar fraide bilakatu zen Auñonen, eta hiru boto erlijiosoak egin zituen. Auñongo komentu horretan bertan, eta Madrilgo San Bernardinorenean, Filosofia, Teologia, Morala eta apaiz-ikasketetan erakusten ziren ikasgai guztiak ikasi zituen.

1591n, 25 urte zituela, apaiz egin zen San Bernardinon, eta geroago doktore eta irakasle tituluak erdietsi zituen han. Komentu horretan bertan, Teologiako irakasle izendatu zuten.

Misiolari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin Loinazkoak misiolari izan nahi zuen, Japonian gainera.

1593ko urtarrilaren 15ean, Sevillan ontziratu zen Mexikora misiotara joateko, garai hartan hori baitzen Japoniara iristeko modu bakarra, Manilatik igaroz. Bidaian nozitu zituen sukar handiek oso ahulduta utzi zuten, eta suspertu arte Santa Barbarako komentuan egon zen, Atoyac haranean, 2172 metroko garaieran. Sendatu zenean Chirubuscoko Andre Mariaren komentura bidali zuten Filosofia eta Teologia irakastera, baina han denbora gutxi egin zuen, 1594ko maiatzean Manilarantz joateko ontziratu baitzen, eta maiatzean bertan iritsi.

Bi urte egin zituen Manilan, bere komentuan Filosofia eta Teologia irakatsiz, baina betiere Japoniarantz begira. Azkenean, 1596ko maiatzean lortu zuen berak nahi zuen lekura joateko baimena, eta Nagasakiko portura iritsi zen. Meako —gaur egun Tokio— hiriko komentu-eritetxean denboraldi bat igaro zuen. Han japoniera azkar ikasteagatik eta legendunei eskainitako arretagatik nabarmendu zen. Osakako komentuburu izendatu zuten, bere ardurapean hiru fraide zituela. Komentua etxe txiki batek eta elizatxo batek osatzen zuten.

Behartsu eta gaixoei lagunduz egindako lanari esker, kristautuen kopurua hainbeste ugaldu zen, [[bontzo]ak behin eta berriro protesta egitera joaten zitzaizkion Taikosama enperadoreari. Azkenean, enperadoreak amore eman eta komentutik ez irteteko agindua eman zien anaia Martini eta haren lagunei.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

26 martirien monumentua, Nagasaki.

1596ko abenduaren 30ean, soldadu talde bat azaldu zen komentu-espetxe hartan, fraideei eskuak lotu eta handik Meakora eramateko. 1597ko urtarrilaren 3an iritsi ziren Meakora. Hiriko kartzelara eraman zituzten, ordurako han atxilotuta baitzeuden hiri hartarako frantziskotarrak.

Gero, Meakotik Nagasakira oinez joanarazi zituzten kondenatu guztiak. Sononkira heldu ziren otsailaren 4ean, eta han igaro zuten azken gaua. Hurrengo egunean Nagasakiko mendi tontorrera eraman, eta han, fraide, akolito eta kristauen artean, guztira 26 martiri gurutziltzatu eta gorputzean lantzak sartuta hil zituzten.

Dohatsu eta santua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1627ko irailaren 14an, Urbano VIII.a aita santuak dohatsu egin zituen Nagasakiko mendi tontorrean eraildako 26 martiriak.

Pio IX.ak santu egin zituen dohatsuak 1862ko ekainaren 8an.