Edukira joan

Martuteneko ihesa

Martuteneko ihesa
Irudi
Martuteneko espetxea, Txominenetik ikusia.
Mapa
Motakartzelatik ihes egitea
Data1985eko uztailaren 7a
KokalekuMartuteneko espetxea
Koordenatuak43°18′12″N 1°57′27″W / 43.30331°N 1.9575°W / 43.30331; -1.9575
Partehartzaile kopuru2
Parte-hartzaile

Martuteneko ihesa 1985eko uztailaren 7an- San Fermin egunean- gertatu zen, Martuteneko kartzelan preso zeuden 2 etakidek- Iñaki Pikabea «Piti» eta Joseba Sarrionandia «Sarri»- espetxe hartatik ihes egin zutenean.

«Piti» Errenterian atxilotu zuten, 1979ko otsailaren 19an, ETArekin lotuta zegoelakoan.[1] Soriako eta Herrerako kartzeletara izan ostean, Martutenera eraman zuten, 1985ean. 1980an, ETAko kidea zela eta, poliziak «Sarri» atxilotu eta 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.[2] Ihesaldia gertatu zenean, Martutenen 11 euskal preso politiko zeuden. Ihesaldia Sarrirentzat eta beste preso batentzat prestatu zuten kanpotik –Pikabeak ez du zehaztu nork baina aditu batzuen ustetan Mikel Antza izan zen[3]–, baina, hura Martutenetik beste espetxe batera eraman zutenez, bigarrena nor izango zen erabaki behar zuten. Zigor gogorrenak zituztenen artean zozketa bat egin zuten. Mahai gainean papertxo zuri batzuk utzi zituzten, eta batean gurutze bat zegoen. Gurutzea zuena «Piti»ri egokitu zitzaion.[4]

Kanpoan prestatu zuten ihesaldia. Egoera moldatu zuten kontzertu bat egon zedin Martutenen. Furgoneta bat, bozgorailuak eta musika ekipoa alokatu zuten. Imanol kantaria Martuteneko kartzelan kontzertua emateko prest agertu zen, eta hura kantatzera joan zen. Sartu zuten material guztia espetxean, eta haien artean bi bafle barnetik hustuta zeuden. Presoak jardun ziren laguntzen kontzerturako soinua jartzen eta kentzen. Kontzertua bukatu zenean, «Piti» eta «Sarri» bafleen barnean ezkutatu ziren, eta igo zituzten furgonetara. Furgoneta martxan jarri orduko, giltza hotsak, ate batzuk itxi eta besteak nola irekitzen zituzten entzuten zuten. Eta, gero, furgonetaren abiada sumatu zuten. Kanpoan ziren. Jabetu ziren lortu zutela.[4]

Ez zen bidaia luzea izan. Minutu gutxiren buruan furgoneta geratu eta etxe batera sartu ziren. Donostiako Egia auzoan zeuden. Familia bat bizi zen han, eta eguneroko martxan segitu zuten haiek. Ezinbestekoak zirenek baino ez zekiten non zeuden. Etxe horretan igaro zituzten bizpahiru hilabeteetan txintik atera gabe egon ziren. Handik Ipar Euskal Herrira eraman zituzten bizpahiru hilabeteren buruan. Ipar Euskal Herrian bolada bat egin ostean, itsasoaz bestaldera, Kubaraino joatea erabaki zuen «Sarri»k, baina «Piti»k geratzea erabaki zuen. ETAn segitu zuen. 1987an berriz ere espetxeratu zuten, eta 2000. urtean utzi zuen atzean kartzela.[4]

Gertaera haren omenez Kortatu taldeak «Sarri, Sarri» kanta ospetsua egin zuen. «Sarri» iheslari bizi izan zen (Espainiako legeen arabera, haren delituek preskribatu bazuten ere[5]). 2016ko azaroaren hasieran, Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean euskal irakurle izendatu zuen Sarrionandia, hautaketa prozesu zorrotz baten ostean, eta orduantxe jakin zen Habanan urte batzuk zeramatzala.[6] 2021eko apirilaren 19an, Joseba Sarrionaindia Euskal Herriara itzuli zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ «San Sebastian: Detencion de otros dos comandos de ETA militar» La Vanguardia 1979-02-20.[Betiko hautsitako esteka]
  2. ↑ Sarrionaindia, Joseba. (2019). Airea ez da debalde. Pamiela, 61-62 or. ISBN 978-84-9172-135-2..
  3. ↑ Chalvidant, Jean. ETA: l'enquête. Éditions Cheminements, 306 or. ISBN 2-84478-229-9..
  4. 1 2 3 «Bafleetako ihesaldi epikoa» Berria 2025-07-05 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  5. ↑ cadenaser.com. (2011-10-03). Los delitos de Joseba Sarrionandia han prescrito. .
  6. ↑ Perez. (2016-11-03). «Habanan jardungo du Sarrionandiak, euskal irakurle lanetan unibertsitatean» Berria.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]