Edukira joan

Martxel Ensunza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martxel Ensunza

Bizitza
JaiotzaLoiu1952ko uztailaren 1a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza2025eko abuztuaren 23a (73 urte)
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakikertzailea, unibertsitateko irakaslea eta ingeniaria
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Lan nabarmenak
KidetzaEuskaltzaindia
Udako Euskal Unibertsitatea
Ekaia (aldizkaria)

Inguma: martxel-ensunza-lekunberri

Martxel Ensunza Lekunberri (Loiu, Bizkaia, 1952ko uztailaren 1a - Bilbo, 2025eko abuztuaren 23a) ingeniaria eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean izan zen, baita kide oso aktiboa Udako Euskal Unibertsitatean ere. Zientzia eta teknologiazko euskarazko testuak idazteko baliabideak zabaltzeagatik nabarmendu zen; aitzindaria izan da euskarazko alfabetatze zientifikoan, hau da, zientziako unitateak, eragiketak, formulak eta esamoldeak nola idatzi eta irakurri behar ziren finkatzen.[1][2][3][4] Gainera, Ekaia aldizkariaren zuzendaria izan zen eta euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 1991n.[5][6]

Martxelek Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin zituen ikasketak, eta bertan zela garatu zuen euskaltzaletasuna, halako moldez non, karrera-amaierako proiektua euskaraz aurkeztu zuen. Urte berean Iñaki Goirizelaiak ere aurkeztu zuen euskaraz, Jose Ramon Etxebarriak lagundu zien biei horretan.[7]

Irakasle aritu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako Zientzia Fakultatean eta Euskara teknikoa irakasgaian, Fisika, Kimika, Matematika, Biologia eta Geologiako ikasleei zientzia eta teknikarako euskara lantzeko aukera emanez.[8] Gai horretaz ikertu zuen, eta 2001ean doktore-tesia aurkeztu zuen Jazinto Iturberen zuzendaritzapean eta Jose Ramon Etxebarriarekin lankidetzarekin izenburu honekin: "Ikur eta zeinu bidezko adierazpen matematiko-fisikoen irakurbidea. Bilakaera historikoaren azterketa eta zenbait proposamen berri".[9][10]

Zientzia eta teknologiazko euskararako baliabide-sortzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara batuaren oinarriak 1966an sortu eta gero, euskara batu horrekin unibertsitate mailako hizkuntza ulergarri, zehatz eta komunikatibo bat sortu behar izan zenean, erronka hori gainditzeko sortu zen belaunaldi aitzindari arrakastatsu bat (Jose Ramon Etxebarria, Andoni Sagarna, Mikel Zalbide, Xabier Mendiguren Bereziartu, Xabier Kintana, Luis Bandres, Joseba Intxausti, Klaudio Harluxet, Joan Mari Torrealdai, Jose Antonio Aduriz, Martxel Aizpurua, Lore Azkarate, Andres Urrutia...).[11]

« Zientzia euskaraz lantzeko euskarri bi baino ez dira behar: zientzia egitea eta euskara erabiltzea. Posiblea da, borondatea badago; eta batzuek badakigu hizkuntza guztiak gai direla edozein jakintza-arlo lantzeko, pertsonengan bizirik badaude; hau da, benetan erabiltzen badira. »

—Joserra Etxebarria (aikor.eus)

Ildo horretan Martxel Ensunzak lan ugari egin zituen Jose Ramon Etxebarriarekin, Jazinto Iturberekin, Udako Euskal Unibertsitatearekin eta EHUren barruan. Esaterako, formula matematikoak euskaraz zelan irakurri behar ziren jakiteko irizpide argirik ez zegoenean, Ensunza izan zen hori aztertzen lehena 1984an, irakurbiderako arau nagusiak ezartzen hasi zenean.[2][12] Definitu zituen hiru arauak zeharo onartuak izan ziren, unibertsitateko euskal lerro berri guztietan erabili ziren. Ensunzaren 2001eko doktore tesian modu formalean definitu zituen hiru arau nagusi horiek. Geroago, 2002 eta 2008 liburu moduan argitaratu zuten lan hori. 2011n, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eta Jose Ramon Etxebarriak koordinatuta, aditu talde batek hiru arau haiek finkatu zituen Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuan. Belaunaldi berriek normaltasunez erabiltzen dituzte gomendio horiek, arazorik gabe.

Batukariak, biderkariak, deribatuak, integralak nola irakurri euskaraz.[13]

Sinboloen irakurbide teknikorako hiru arau orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zientzia Fakultateko euskal lerroko eragile batzuk.[8]

1983an Martxel Ensunzak irekitako bidea aditu talde batek finkatu zuen 2011n, jose Ramon Etxebarriak koordinatuta. Hona hemen gainerako taldekideen izenak: Juanjo Agirrezabalaga, Andres Alberdi, Xabier Artola, Antton Gurrutxaga (Elhuyar), Juankar Hernandez, Jacinto Iturbe, Andres Odriozola, Jesus Mari Olaizola Txiliku (Elkar argitaletxea), Iñaki Ugarteburu eta Igone Zabala.[14] Lehen bertsio bat egin zuten, eta bukaeran beste aditu hauen ekarpenak ere jaso zituzten: Alfontso Mujika (Elhuyar), Arturo Apraiz (EHU), Arturo Elosegi (EHU), Asier Larrinaga (ETB), Garbiñe Alkiza (Elhuyar), Javier Duandikoetxea (EHU), Jesus Mari Txurruka (EHU), Josu Pikabea (institutuko katedraduna), Joxemiel Odriozola Pana (EIMAko administrazioa), Juan Mari Agirregabiria (EHU), Julio Garcia Garcia de los Salmones (EHU), Kepa Altonaga (EHU) eta Patxi Angulo (EHU).[14]

Eta hauek dira Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuan sinboloen irakurbide teknikorako finkatu zituzten hiru arau orokorrak:[14]

I. Lehenengo araua, sinbolo bakunen izendapenari buruzkoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinbolo bakunen izendapenean, ahal dela, erlazio biunibokoa ezarriko da sinbolo bakoitzaren eta sinboloari hizkuntza bakoitzean esleitzen zaion irakurbidearen artean, eta sinbolo hori adostu eta ezagutzera emango da erabiltzaileen artean.

Sinbolo bakuna Sinboloaren irakurbide naturala
= berdin
edozein ...-etarako,

edozeintarako, guztietarako

bildura
integral
erro
sin sinu

Agerikoa denez, sinbolo bakun deritzegu inolako indizerik ez dutenei eta izen bakarrez izendatzen direnei. Bestalde, sinbolo barne-egituradun deritzegu beren idazkeran eta definizioan indizeak darabiltzatenei, dela mugak adierazteko, dela bestelako informazioak emateko.

II. Bigarren araua, sinbolo barne-egituradunen izendapen eta irakurbideari buruzkoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinbolo barne-egituradunen kasuan, sinboloekin batera, aldagaien, parametroen eta eragiketa-mugen definiziorako esamoldeak euskararen joskerara egokitu behar dira, esamolde estandarrak abiapuntu harturik.

Sinbolo barne -egituraduna Sinboloaren irakurbide teknikoa
a azpi i
integral atik bera
limite. ixa zerorantz doanean
deribatu i grekoa ixarekiko
batukari. i berdin batetik enera

III. Hirugarren araua, sinbolo-kateen irakurbideari buruzkoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinbolo-kateak deritzegu sinboloak elkarren segidan idatziz eratzen diren adierazpen matematikoei.

Sinbolo-kateak irakurtzean, hiru oinarri nagusi izango dira kontuan:

a) Idatzirako erabili den hurrenkera berean irakurriko dira sinboloak (bai sinbolo bakunak, eta bai sinbolo barne-egituradunak ere), banan-banan, bata bestearen ostean.

b) Sinbolo bakoitza bere aldetik irakurriko da; sinbolo bakunen kasuan, izena bere hutsean aipatuz, eta, sinbolo barne-egituradunen kasuan, berriz, bigarren arauan esandako moduko esamoldeak erabiliz.

c) Sinboloak beren artean inolako loturarik gabe irakurriko dira, beren horretan, idatzi bezala irakurriz, hurrenez hurren.

Sinbolo-kateak Irakurbide teknikoa
[a] [gehi] [b] [berdin] [c]
{balio absolutu [efe ixa] [ken] [efe ixa azpi ka]}

[txikiago] [bat]

[limite, ene infiniturantz doanean] {[ixa ber ene ken bat [zati] [ene gehi bat faktorial]} [berdin] [zero]

Udako Euskal Unibertsitateko kidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamahiru liburu argitaratu ditu Udako Euskal Unibertsitatearekin, baita hamaika ikastaro eta hitzaldi eman.[4]

Udako Euskal Unibertsitatearen ohiko kolaboratzaile izanik, 1980ko hamarraldian UEUko argitalpengintza-zerbitzuaren sorreran parte hartze zuzena izan zuen. Garai hartan egilearen liburuen testu originalak eskuz idatzita jasotzen ziren, idazmakinaz testua idatzi eta hutsuneak uzten zituzten sinbolo matematikoak edo formulak geroago eskuz txertatzeko, baita irudiak marrazteko ere. Idazmakinaz idatzitako orrialdeak egileari pasa, eta horrek “rotrina” hartu eta eskuz betetzen zituen hutsuneetako zeinuak eta irudiak. Funtsezko inplikazioa izan zuen Martxel Ensunzak lan horietan, Jose Ramon Etxebarria, Jesus Mari Txurruka eta Mari Karmen Meñikarekin batera.[15][7]

EHUko irakasgaiarekin buru-belarri zegoela, aukeraren berri zabaltzen lan handia egin zuen, euskara teknikoaz interesaturik zeuden UEUkideekin. Hainbat urtez, ikastaro eta hitzaldi asko eman zituen Larraonan, bide batez apunte gisako eskuizkribuak prestatuz, gerora liburu formatuan argitaratuko zituenak UEUn bertan. Unibertsitateko irakaskuntzan barra-barra erabili izan diren hamahiru liburu hauetan islatzen da, batez ere, Martxel Ensunzaren ekarpena:[16]

2025eko abuztuaren 23an hil zaigu Martxel Ensunza Lekunberri. Loiun jaioa zen 1952an eta handik Bilborako bidea hartu zuen gaztetan. Ziurrenik ere, gaur egungo UEUkide gazteentzat ezezaguna izango da, baina 1977tik aurrera UEUk Iruñerako bidea hartu zuenenean, eta bertako Larraona ikastetxean udako hamabostaldiko ikastaroak barnetegi gisa antolatzen hasi ginenetik, UEUkide bikaina bihurtu zen, boluntario militanteen kemenez parte hartu baitzuen eukarazko unibertsitate jaioberri hartako azpiegiturako lanetan. Martxelen ohorez idatzi dut artikulu hau, beraren ekarpen batzuk aipatzea merezi duelakoan, oraingo UEUkide gazteek nondik eta nola hasi ginen jakin dezaten, eta orduko aitzindarien memoria ezagutu eta gorde dezaten.

Martxel Ensunza 1983

Martxel Larraonako musikazale, gitarrajole, atabalaria eta kantaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxelen zaletasunik handienetakoa musika zen. Txukun jotzen zuen gitarra eta harekin harmonian kantatzea gustatzen zitzaion. Euskal kantak maite zituen, eta zer esanik ez, Ez dok hamahiru mugimenduaren jarraitzailea zen. UEUko Larraonako aisialdiko tarteetan, ikastaroak bukatutakoan, zenbat kantaldi ez ote zuten egin Martxelen arrimuan, gero etorriko ziren herrietako Kantu jira eta Kantari herritarren aitzindari.[7]

« Txistu-doinuen zale ere bazen; eta, bereziki, atabala jotzea gustatzen zitzaion. Hain zuzen, Larraonako barnetegian, egun osoa baliatzen zen mota askotako ekintza ludikoak prestatzeko. Afalosteko orduak ez ziren nolanahikoak. Antzerki, bertsosaio edo kantaldi antolaturik ez bazegoen, erromeria antolatzen genuen bat-batean, kafetegiko egongela handian. Klasikoa zen sistema: nahikoa genuen txistulari-talde txikiaren soinuarekin: Joxe Ramon Arbe eta Luis Mari Bandres txistulariak eta Martxel atabalaria. Zenbat kalejira, aurresku, fandango, arin-arin… ez ote genituen dantzatu, biharamunerako ikastaroetara umore onez joateko bezperan. Horretaz, Martxelen umorearen anekdota txiki bat. Luis Mari Bandres, UEUkide fina izateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailburua ere izan zen 1980ko hamarkadako amaiera-aldean. Haren lagun mina zenez, Martxeli gustatzen zitzaion esatea, “Sailburuaren atabalaria” zela; harro. »

—Jose Ramon Etxebarria[7]


Euskaltzain urgazlea (2006tik)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1991ko urtarrilaren 31n. Lexiko Ebazpenen Finkapena (LEF) batzordean parte hartu zuen 1989 eta 1995 urteen artean.[5]

Sariak eta errekonozimenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHUko irakasgaiarekin buru-belarri zegoela, aukeraren berri zabaltzen lan handia egin zuen, euskara teknikoaz interesaturik zeuden UEUkideekin. Hainbat urtez, ikastaro eta hitzaldi asko eman zituen Larraonan, bide batez apunte gisako eskuizkribuak prestatuz, gerora liburu formatuan argitaratuko zituenak UEUn bertan. Unibertsitateko irakaskuntzan barra-barra erabili izan diren hamahiru liburu hauetan islatzen da, batez ere, Martxel Ensunzaren ekarpena:[16]

Urtea Liburua Egileak Argitaletxea PDF bertsioa
1982 Fisika Orokorra (I). Mekanika Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Oskar Ezenarro Artolazabal, Patxi Ugalde Lorda UEU PDF
1983 Alfabetatze zientifikoa: zenbakiak, unitateak, irakurketa, eragiketak, esamoldeak Martxel Ensunza Lekunberri UEU PDF
1984 Fisika Orokorra (I) Mekanika (3. argitarapena) Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Oskar Ezenarro Artolazabal, Patxi Ugalde Lorda UEU PDF
1984 Alfabetatze zientifikoa: zenbakiak, unitateak, irakurketa, eragiketak, esamoldeak (2. argitalpena) Martxel Ensunza Lekunberri UEU PDF
1986 Fisika Orokorra (II) Juan Mari Agirregabiria Agirre, Joseba Andoni Duoandikoetxea Zuazo, Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Oskar Ezenarro Artolazabal, Jose Mari Pitarke de la Torre, Alberto Trancho Elorriaga, Patxi Ugalde Lorda UEU PDF
1989 Fisika Orokorra. Ariketak Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Oskar Ezenarro Artolazabal, Jose Mari Pitarke de la Torre, Patxi Ugalde Lorda, Nerea Zabala Unzalu UEU PDF
1990 Fisikaren historia laburra Jose Antonio Billalabeitia , Josu Egiguren Ganboa, Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Iñaki Lasa Iguain, Arantzazu Salazar Ruiz, Patxi Ugalde Lorda, Bittor Uraga Laurrieta, Jose Luis Urain Larrañaga UEU PDF
1991 Hitz-elkarketa/3 Kepa Altonaga Sustatxa, Miren Azkarate Villar, Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Mari Larrarte Garmendia, Juan Carlos Odriozola Pereira, Beñat Oihartzabal, Lourdes Otaegi Imaz, Txomin Peillen Karrikaburu, Andoni Sagarna Izagirre, Tomas Uribeetxebarria Maiztegi, Patri Urkizu Sarasua, Mikel Zalbide Elustondo Euskaltzaindia PDF
1992 Fisika Orokorra Juan Mari Agirregabiria Agirre, Joseba Andoni Duoandikoetxea Zuazo, Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Oskar Ezenarro Artolazabal, Jose Mari Pitarke de la Torre, Patxi Ugalde Lorda UEU PDF
2002 Zientzia eta Teknikarako euskara: zenbait hizkuntza baliabide[13] Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Jacinto Iturbe Barrenetxea UEU PDF
2008 Zientzia eta Teknikarako euskara: zenbait hizkuntza baliabide (2. argitalpena)[13] Martxel Ensunza Lekunberri, Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Jacinto Iturbe Barrenetxea UEU [18]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Martxel Ensunza euskaltzain urgazlea zendu da» Berria 2025-08-25 (kontsulta data: 2025-08-25).
  2. a b Ensunza Lekunberri, Martxel. (1984). Alfabetatze zientifikoa: zenbakiak, unitateak, irakurketa, eragiketak, esamoldeak. UEU arg ISBN 978-84-300-9508-7. (kontsulta data: 2025-08-25).
  3. «MARTXEL ENSUNZA LECUMBERRI - Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea» ekoizpen-zientifikoa.ehu.eus (kontsulta data: 2025-08-25).
  4. a b Ensunza, Martxel. «Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (kontsulta data: 2025-08-25).
  5. a b «Ensunza Lekunberri, Martxel - Euskaltzain urgazleak» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-08-25).
  6. Jose Ramon, Etxebarria. (2025-08-26). «Martxel Ensunza Lekunberri gogoan» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindia) (kontsulta data: 2025-09-14).
  7. a b c d e Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2025-09-05). «Martxel Ensunza UEUkide lasai eta alaia» www.ueu.eus (kontsulta data: 2025-09-05).
  8. a b «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (kontsulta data: 2019-06-20).
  9. Ensunza Lekunberri, Martxel. (2001). Ikur eta zeinu bidezko adierazpen matematiko-fisikoen irakurbidea. Bilakaera historikoaren azterketa eta zenbait proposamen berri. UPV/EHU ISBN 978-84-8238-271-5. (kontsulta data: 2025-08-25).
  10. Ensunza Lejunberri, Martxel. (2001). Ikur eta zeinu bidezko adierazpen matematiko-fisikoen irakurbidea. Bilakaera historikoaren azteketa eta zenbait proposamen berri. Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea (kontsulta data: 2025-08-25).
  11. UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa. (2017-11-27). #LarretikNoranahi dokumentala. (kontsulta data: 2017-12-11).
  12. Zabala, Jose Antonio Aduriz; Bengoetxea, Patxi Altuna; Arbelbide, Xipri; Villar, Miren Azkarate; Lekunberri, Martxel Ensunza; Mendizabal, Patxi Goenaga; Garmendia, Jose Mari Larrarte; Urdangarin, Luis Mari Mujika et al.. (1994). «Eratorpenaz» EUSKERA (39): 1039–1058. ISSN 0210-1564. (kontsulta data: 2024-08-01).
  13. a b c «Zientzia eta teknikarako euskara. Zenbait hizkuntza-baliabide (II. argitalpena)» www.ueu.eus (kontsulta data: 2025-08-25).
  14. a b c Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak. [EIMAren estilo-liburuaren seigarren atala. ] Eusko Jaurlaritza.
  15. Bai, jauna, bai : fisika euskaraz! : Jose Ramon Etxebarria irakaslearen omenez. ISBN 978-84-8438-650-6. PMC 1091705535. (kontsulta data: 2020-01-23).
  16. a b «Martxel Ensunza Lekunberriren liburuak - Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (kontsulta data: 2025-08-25).
  17. Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2014). «Komunikazioa euskaraz ingeniaritzan» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea-) (kontsulta data: 2025-08-31).
  18. «Zientzia eta teknikarako euskara. Zenbait hizkuntza-baliabide (II. argitalpena)» www.ueu.eus (kontsulta data: 2025-08-25).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]