Martxel Tillous

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martxel Tillous

Bizitza
JaiotzaEskiula1934ko irailaren 23a
Herrialdea Zuberoa, Euskal Herria
HeriotzaKanbo2009ko martxoaren 13a (74 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakapaiza
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Martxel Tillous (Eskiula, Zuberoa,[1][2][3][4][5][6][7] 1934ko irailaren 23a - Kanbo, Lapurdi, 2009ko martxoaren 13a) apaiza izan zen, Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko euskotarren kapilaua. Martxel Tillousek eskiulatartzat, zuberotartzat eta euskal herritartzat zuen bere burua, eta «kexu zen Euskal Herriko karta eta mapetan Eskiula Zubero barnean ikusten ez zuenean».[8]

Estatu Batuetan euskal kultura sustatzen egindako lanagatik nabarmendu zen:

« Herrigintzan eta euskalgintzan apalik ibili zara, eta pozik egoteko moduan zaude atzera begirakoa egiten duzunean. Horregatik, erein duzun hazia fruituak ematen ikusten dugunean konturatzen gara egindako lan mardulaz. Ameriketan bada euskaltasunik pixka baterako! »
Juan Jose Ibarretxek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela, Martxel Tillousi idatzitako gutunetik.[3]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxel Tillous, apaiz jantzita

Tillousia etxean jaio zen, Eskiulan. Haren gurasoak ere Eskiulakoak ziren: Pierre Tillous (Tillousia etxea) eta Lucie Castillon (Maysounaba etxea). Martxel hamahiru senideetatik hirugarrena zen. Gazte zelarik euskal dantzak jokatzen eta txistua nahiz hiru zuloko txirula jotzen ikasi zuen, eta herrietako jaietan aritzen zen Jeiki dantza taldearekin.

Tarnoseko (Baionatik iparraldera, Landetan) Baudonne-en-Tarnos eskola apostolikoan eta Lyongo apaizgaitegian ikasi eta gero, hiru urtez soldadutza egin zuen, Frantziako Armadarekin, Marokon eta Algerian. Ondoren, apaiz ordenatu zuten Martxel Tillous, Baionako Santa Maria katedralean, 1963ko ekainaren 29an.

Afrikan misiolari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikar Misioen Elkartean (Société des missions africaines) sartuta, aita Martxel Boli Kostan eta Burkina Fason barrena ibili zen hurrengo hogeita sei urtean, hango jendeak kristautzen. Hango hiru hizkuntza ikasi zituen (akye, allagia eta ebaie), eta Euskal Herrira itzultzen zen lau urtetik behin.

1990ean, Martxel atsekabetuta zegoen, Afrikako misioaldia bukatu zitzaiolako. Parisko euskal etxeko apaiz izan zen lau urtez; hango Gernika eta Anaiki abesbatzetan eta Lokarria eusko elkarte humanitarioan parte hartu zuen.

AEBetako mendebaldean zehar, Pottokarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxel Tillousen Pottoka furgonetaren matrikula

1994an, Mitxel Tillousi Ameriketako Estatu Batuetako euskotarren komunitatea zerbitzatzeko eginkizuna eman zion Eliza Katolikoak. Estatu Batuetako mendebaldeko 11 estatuetan barrena ibili zen, urtean batez beste 100.000 kilometro eginez, Pottoka izena ezarri zion furgonetan. Furgoneta horretantxe lo egiten zuen urtean 200 bat gautan.

Estatu Batuetako euskotarren behar espiritualei erantzuteaz gainera, aita Tillousek buru-belarri parte hartu zuen euskal kultura eta nortasuna sustatzen. San Franciscoko Elgarrekin abesbatza zuzendu zuen, Lokarria eusko agerkari katolikoa sortu zuen (5.000 laguni baino gehiagori banatzen zitzaien, urtean bitan), North American Basque Organizations (NABO) erakundeko udalekuen programan txistu eta abesti irakaslea zen, eta San Franciscoko Basque Cultural Center zentroari urteroko jaialdiak antolatzen laguntzen zion.

Minbizia eta azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an, erdi-erretiroranzko bidean zela, minbizia aurkitu zioten aita Tillousi, eta Euskal Herrira itzuli zen. 2008an, bizitza osoan izandako adore eta kemenaren erakusgarri, hiru bidaia egin zituen Estatu Batuetara, hitzemanak zituen lanak egitera. Estatu Batuetan bere azken meza 2008ko irailaren 14an eman zuen, San Franciscoko Basque Cultural Centerrean, eta Kanbon (Lapurdi) hil zen, 2009ko martxoaren 31n.

Sariak eta ezagutzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Tillousek Estatu Batuetako euskotarren komunitateari eginiko ekarpena itzela izan zen, eta horrek ezagutzak ekarri zizkion hainbat erakundetatik. Bizitza osoko ekarpenagatik, sariak eman zizkioten San Franciscoko Basque Clubek, San Franciscoko Basque Cultural Centerrek eta NABOk, eta Ameriketako Estatu Batuetako euskotar ospetsuen artekotzat izendatu zuen Society of Basque Studies in America erakundeak.

Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin zion, 2003ko uztailean, Euskal Gizataldeen III. Mundu Biltzarrean.[9] 2008ko udazkenean, Gazteei Laguntzeko NABOren Aita Martxel Tillous Funtsa eratu zuen NABOk, aita Tillousek bizitza osoan gazteen alde egindako lanaren ezagutza gisa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Xan Aire: «Aita Martxel Tillous, apaiza: "Apaizak elizan ikusten dira gehien; jendeekin izan beharko lukete"»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2008-04-09.
  2. Johnny Kurutxet: «Euskaldunen apeza. Aita Martxel Tillous - 1934-2009», Basque Club San Francisco.
  3. a b «Martxel Tillous: 1934-2009», San Francisco Basque Cultural Center.
  4. «Munduko muslariak Bizkaian, pastorala San Frantziskon», Herria, 3022. zenbakia, 2009ko irailaren 10a.
  5. «Aita Martxel Tillous: Goian Bego-R.I.P.», North American Basque Organizations (NABO).
  6. «Apezak: Basque chaplains in America», North American Basque Organizations (NABO).
  7. «Aita Martxel Tillous hil da», Euskalcultura.com euskal diaspora eta kultura, 2009-03-31.
  8. Joseba Etxarri: «Martxel Tillous laguna oroituz», Euskalcultura.com euskal diaspora eta kultura, 2009-03-31.
  9. Iñaki Aguirre Arizmendi (Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia): «Sarrera», Eusko Jaurlaritza.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Martxel Tillous Aldatu lotura Wikidatan