Mary Mallon

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mary Mallon

Bizitza
JaiotzaCookstown1869ko irailaren 23a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
 Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNorth Brother Island (en) Itzuli1938ko azaroaren 11 (69 urte)
Hobiratze lekuaSaint Raymonds Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: pneumonia
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jardueraksukaldaria

Find a Grave: 2166 Edit the value on Wikidata

Mary Mallon (Cookstown, Ipar Irlanda, 1869ko irailaren 23a- New York, AEBak, 1938ko azaroaren 11a) Mary tifoidea goitizenez ezagutua, Salmonella bakterioaren eramaile osasuntsu bat zen, AEBetan XX. mendearen hasieran ospe handia jaso zuena bere bizitzan zehar Salmonella bakterioarekin -nahi gabe- pertsona asko kutsatu zituelako.[1]

Gutxienez 51 pertsona kutsatu zituen (zenbaki zehatza askoz handiagoa izan liteke), sukar tifoidea harrapatuz. Horietako 3 hil ziren.

Ipar Irlandatik emigratu zuen AEBetara, 1883an. Bertan, sukaldari moduan lan egin zuen urte luzeetan. Horregatik, eta Salmonella bakterioaren eramaile zenez, bakterio horrekin janari asko kutsatu zituen, sukar tifoidearen agerraldi batzuk eraginez.

Sortutako lehenengo kasuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1900 eta 1907ren artean New Yorkeko estatuan lan egin zuen hainbat familia aberatsentzat [2]. Mamaroneck herrian (1900ean) sortu zituen lehenengo kutsapenak: bertan lanean hasi eta bi asteetara familiako kide guztiek sukar tifoidea harrapatu zuten. 1901ean Manhattanera joan zen, hiru familientzat lan eginez eta familiako kideak ere kutsatuz (pertsona bat hilik suertatuz). Abokatu baten etxean jardun zuen gero, emaitza berarekin: etxe horretako 8 biztanleetatik 7k sukar tifoidea harrapatu zuten [3].

1906an Long Islanden zegoen, sukaldeko lanak eginez ere beste sendi batean; bi aste geroago familia horren 11 kideetatik 10 larri gaixotu ziren. Berriz etxez aldatu eta bankari batenera mugitu zen, antzeko emaitzekin. Egoten zen etxe guztietan sukar tifoidea agertzen zen.

Ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1907an osasun-agintariek ikerketa bat enkargatu zuten. George Soper epidemiologoa konturatu zen gaixotutako kide guztiek zerbait amankomuna zutela: sukaldari bera. Soper-ek Mary aurkitu zuen eta, Salmonella bakterio patogenoaren eramaile osasuntsu zela susmatuz, analisi bat egiteko eskatu zion. Baina sukaldariak uko egin zion analizatuta izateari, eta ihes egin zuen.

Poliziak atxilotuta, Maryk onartu zuen higiene gutxi zeukala eta ez zuela eskuak garbitzen sukaldean lanean ari zenean. Bere gorozkien analisi mikrobiologikoak agerian jarri zuen Maryk Salmonellaren eramaile osasuntsua zela. Hots, nahiz eta sukar tifoiderik ez eduki, gaitz horren bakterioak zituela. Salmonella behazun-xixkuan dagoenez, osasun-agintariek organo hori kentzeko gomendatu zioten, baina Maryk ez zuen onartu. Poliziak ospitale batean sartu zuen eta berrogeialdian mantendu zuten 3 urteetan, harik eta baldintza batekin askatu arte: ezin zuen inoiz sukaldari moduan lan egin berriz.

Behin askatuta, baina, Maryk ez zuen bere hitza bete eta berriro itzuli zen sukaldeetara. 1915ean New Yorkeko ospitale batean lanean zegoen, eta sukar tifoidearen 25 kasu sortu zituen, 2 hildakoekin [4]. Poliziak berriz atxilotu zuen eta bere bizitzaren gainontzeko urteak ospitale batean pasatu zituen, berrogeialdian.

AEBetako prentsa sentsazionalistak bere kasua lau haizetara zabaldu zuen. Hil ondoren, egindako autopsiak garbi frogatu zuen Maryk Salmonella bakterioaren gordailua zela, bere behazun-xixkuan sukar tifoidearen mikrobio horiek zituelako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. SA, Baigorri Argitaletxea. (2020-05-29). «Mary Mallon: mende laurden bat berrogeialdian eman zuen sukaldaria» GARA (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
  2. Job Readiness for Health Professionals: Soft Skills Strategies for Success. Elsevier Health Sciences, 2012, 56 orr.
  3. Dex and McCaff Who was Typhoid Mary? The Straight Dope. Aug 14, 2000
  4. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introdución a la microbiología, Ed. Reverté, 1998, 560 orr. IBSN: 84-291-1871-3

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]