Edukira joan

Mas-d'Azil (leizea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mas-d'Azilgo leizea
(Okzitanieraz) Cauna del Mas d'Asilh
Map
Kokapena
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Okzitania
Departamendua Ariège
Frantziako udalerriLe Mas-d'Azil
Koordenatuak43°4′10″N 1°21′17″E
Ezaugarriak
Bisitagarriabai
Margoakbai
Aztarnakbai

Mas-d'Azilgo leizea (okzitanieraz: Cauna del Mas d'Asilh, frantsesez: Grotte du Mas d’Azil) Plantaurel mendiguneko (Ariègeko Pirinioak) haitzuloa da, Arize ibaiak zeharkatua eta Le Mas-d'Azil udalerrian dagoena. Historiaurreko eta historiako zenbait garaitan gizakiak okupatu du leize hau. Historiaurreko kultura bati izena eman dio: aziliarrari.

420 m x 50 mko tunel natural bati esker, D-119 errepidea haitzuloan barrena igarotzen da (kasu bakarra Europan Asturiasko La Cuevonarekin batera).

Lehen aztarnak 1860 inguruan aurkitu ziren, kobazulotik zehar errepidea egiten hasi zirenean: sutegien arrastoak, silexa, metalezko objektuak, gizakien eta animalien hezurrak, haietako asko tresnak egiteko landuak (arpoiak, eta abar). Tamalez, garai haietan arkeologiari ez zitzaion gaurko garrantzia ematen, eta Obra Publikoetako autoritateek ez zuten inolako neurririk hartu; are, objektu hauek galtzada egiteko betegarri gisa erabili ziren. Jean-Jacques Pouech apaiz eta geologoa izan zen zerbait egin zuen bakarra: bere kontura tunelean sartu eta, hondamendiaren erdian, aztarnategiari buruzko oharrak hartu zituen, hainbat lagin geologiko, paleontologiko eta antropologiko ere jasoz. Espezialistek 1860eko bilduma hau aztertu zutenean, aztarnategiaren balioa eta han egindako triskantzaren neurria agerian geratu zen; lehen indusketak 1888an egin ziren.[1] [2]

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barruko galerietan mamut, leize-hartz eta errinozero iletsuen hezurdurak daude. Hezurrak Magdalen aldiko okupazioa baino lehenagokoak dira eta haiekin batera ez da giza aztarnik agertzen.

Aztarnategian Aurignaciar eta Solutrear mailak nahiko urriak dira. Hiru okupazio aldi nagusiak Magdaleniarra, Aziliarra eta Neolitikoa dira. Oso aberatsa da Magdalen aldiko (duela 13.000-14.000 urteko) arte higikorrean. Pieza ezagunenetako batzuk ditugu elur-orein adar batean landutako zaldiaren aurrealdea, irrintzika dagoen zaldi baten burua eta Faon aux oiseaux ("Txorien oreinkumea"), 1936an Saint-Just Péquartek aurkitutako bultzagailu ederra. Arte higikorraz gain, zenbait galeriatan Labar artea ere dago. Breuil galerian, esate baterako, animalien irudikapen (bisonteak, zaldiak) eta ikur geometriko ugari dago[3].

Haitzulo honek izena ematen dio Aziliarrari, Magdaleniarraren eta Mesolitikoaren artean (duela 12.000-9.500 urte) garatu zen Epipaleolitoko kulturari. Mikrolitoak, arpoi zapalak eta errekarri margotuak dira Édouard Piettek definitu zuen kultura honen bereizgarriak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Felix, Garrigou. (1906). Quelques resources industrielles de l’Ariège. C. Lacour ISBN 9782841491827..
  2. Martel, Edouard-Alfred. (1909). «Rapport sur la seconde mission pour l’exploration des Pyrénées souterraines (juillet-août 1909)» Ministère de l’Agriculture. Annales. Direction de l’Hydraulique et des Améliorations Agricoles. Comité d’Études Scientifiques. (Paris) 40.
  3. Grotte du Mas d’Azil et Musée de la Préhistoire

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]