Matalas apaizaren matxinada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Matalas apaizaren matxinada Louis XVI.a Frantziakoaren erreinaldian Zuberoan eginiko matxinada izan zen.

Arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Louis XIV.a Frantziakoaren (Nafarroako Luis III.a zena) erregealdian Zuberoako Foru eta eskubideak indargabetzeko neurriak hartu ziren, estatu zentralista bat osatze aldera.

Esate baterako, Zuberoako ordezkariak herri bozkariaz hautatzeko aukera deuseztatu egin zen eta hango laborariei zergak handitu zitzaizkien. Gainera, Frantziako Erresuma osoan bezala, herri-lurrak nobleziari eman zitzaizkion.

Mobilizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuberoako Gorteetan Hirugarren Estatuko ordezkariak ez ziren ados jarri neurri berriei erantzuteko. Egoera horretan agertu zen Bernard Gohienetxe Matalas apaiza. Honek Biltzarretako ordezkari gehienen bermea lortu zuen, baina ez zuen elizarena lortu.

Altxamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altxamendua 1661eko ekainean hasi zen. Noblezia, Iruriko konde eta Maule-Lextarreko burgesiak ordezkatua, 4000 eta 5000 arteko matxinoek erasoa izan zen.

Altxatutakoek Sohütako zenbait etxe erre eta Maule hiria eta gaztelua setiatu zituzten. Setioan 7.000 lagunek hartu zuten parte eta nobleziak Bordeleko armadaren laguntza eskatu behar izan zuen.

Bitartean, laborariek kontrolpean zeuzkaten herrietan auzolana antolatzen saiatu zen Matalas.

Armadaren aurkako enfrentamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarkiera Sohütan 1661eko urriaren 12an jazo zen. Laborari matxinoak, ia armarik gabe, 100 zaldunez eta infanteriako 400 soldaduz osatutako armadaren aurka borrokatu ziren.

Zuberoako nobleziak eta Bordeleko gudataldeak, Calvo izeneko kapitain mertzenarioak zuzenduta, laborariei irabazi egin zieten. Matalasek ihes egitea lortu zuen, baina Urdiñarbetik gertu harrapatu zuten haren lagunekin batera, Jentañe dorretxean.

Matalasen heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matalas Mauleko gaztelura eraman ondoren, epaitu eta heriotza zigorra jaso zuen. Azaroaren 8an Lextarreko enparantzan burua moztu zioten. Ondoren, burua gazteluko kanoi batetik eskegi zuten, eta geroago hiriko ate batetik, herritarren eskarmentutzat. Beste zortzi lagunek ere heriotza zigorra jaso zuten, baina Erronkari eta Zaraitzuko ibarretara ihes egitea lortu zuten.

Kondairak dio hauexek izan zirela bere azken hitzak[1]:

« Dolü gabe hiltzen niz,

bizia Xiberuarentako emaiten baitüt.
Agian, agian, egün batez
jeikiko dira egiazko xiberutarrak,
egiazko eskualdünak, tirano arrotzen ohiltzeko.

»

Matxinadaren ondorioz, nobleziaren boterea areagotu eta Zuberoako Foru eta eskubide historikoak murriztuak izan ziren.

Geroago, Matalas Zuberoako ikur bihurtu eta 1966 arte iraun zuen gurutze bat jarri zen hil zuten lekuan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]