Mathieu de Costa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Mathieu de Costa
Mathieu da costa.jpg
Bizitza
Jaiotza Txina (eskualdea), ?
Herrialdea  Nigeria
Heriotza Quebec Hiria, ?
Jarduerak
Jarduerak esploratzailea, hizkuntzalaria eta itzultzailea

Mathieu de Costa, batzuetan d'Acosta ere deitua, Kanadako lehen pertsona beltz askea izan zen, Kanadako Ondarearen Institutuaren arabera[1].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendean, lehen urtean, Ipar Amerikan, Mathieu da Costa egungo Kanadako ekialdeko kostaldera. Ez da jakin non eta noiz jaio eta hil zen Da Costa. Argi dago afrikar jatorrikoa zela, interpretea zela, eta Pierre Dugua de Bots eta Samuel de Champlain kolonizatzaile frantziarrentzat lanean aritu zela. Frantsesa, portugesa, nederlandera eta euskara –zehazki, algonkin-euskara pidgina– menderatzen omen zituen eta, jakina, zena zelako ama-hizkuntza, horren berri inon jaso ez arren[1].

Historialarien arabera, afrikarrak XV. mendearen amaieran hasi ziren portugaldarrentzat interprete lanean, eta handik mende batera, europarrak Afrika geroz eta hegoalderago esploratu ahala, herbeheretarrentzat, frantsesentzat eta ingelesentzat. Beharbada, horregatik hitz egiten zuen Da Costak frantsesez, nederlanderaz eta portugesez[1].

Baina ez da jakin nolatan menderatu zuen algonkin-euskara pidgina, San Laurendi ibaitik gorakoekin interprete lanak egiteko. Huraxe baitzen lurralde haietan europarren eta bertakoen arteko komunikazio-tresna nagusia. Euskal baleazaleak 1520ko hamarkada inguruan iritsi ziren Ternua eta Labrador inguruetara eta hango biztanleekiko harremanetan mikmakerako, innerako eta euskarazko hitzez osatutako pidgina sortu zen –gaskoierazko ukitu batzuk ere ba omen zituen–, gerora kolonizatzaile frantziarrek ere erabiliko zutena. Da Costak, beharbada, Europan ikasi zuen euskara edo, zuzenean, pidgina. Edo, agian, Amerika iparraldean bertan ikasiko zuen, jardunean zela[1].

1607ko otsailean edo martxoan Europan zen berriro interprete afrikarra, dokumentu batek jaso baitzuen Pierre Dugua de Monsen idazkaria haren bila joan zela Amsterdamera. Itxuraz, herbeheretarrek frantziarren zenbait itsasontzi atzeman eta Da Costa bahitu zuten. Hortik ondorioztatu daiteke, ordurako Kanadako kosta atlantikoan lanean ibilia zela. 1608an Da Costak kontratu bat sinatu zuen Nicolas de Bauquemare normandiar merkatariarekin, hiru urtez “Kanadako, Akadiako eta beste edonorako bidaietan” itzultzaile lanak egiteko. Ez da jakin berriro ontziratu zen, baina kontratu osoa behintzat ez zuen bete. 1609ko abenduan Mathieu Da Costa Le Havren preso zegoen “lotsagabekeria ekintza” bat medio. Eta handik aurrera ez dago haren arrastorik[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Nagore Irazustabarrena, Kanadako lehen beltz euskaraduna, Argia, 2017ko urriaren 01a