Edukira joan

Matsuo Bashō

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Matsuo Bashō

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturak金作
JaiotzaBashō's birth house (en) Itzuli, 1644
Herrialdea Japonia
BizilekuaSekiguchi Bashōan (en) Itzuli
Genjū-an (en) Itzuli
Bashō's birth house (en) Itzuli
Lehen hizkuntzajaponiera
HeriotzaMidōsuji (en) Itzuli1694ko azaroaren 28a (49/50 urte)
Hobiratze lekuaGichū-ji (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza
Hezkuntza
Hizkuntzakjaponiera
Irakaslea(k)Kitamura Kigin (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta idazlea
Lantokia(k)Edo
Enplegatzailea(k)Sengin (en) Itzuli
Lan nabarmenak
MugimenduaShōfū haikai (en) Itzuli
Izengoitia(k)甚七郎, 甚四郎 eta 俳聖
Genero artistikoahaikai (en) Itzuli

Musicbrainz: 97894d11-10c1-41b4-9026-1b49f5dc17c5 IMSLP: Category:Matsuo,_Bashō Find a Grave: 201274929 Edit the value on Wikidata
Matsuo Bashō Ōgakira iritsi zela oroitarazten duen estatua.
Bere etxolaren ondoan bananondo arrunt bat zegoen, eta handik hartu zuen Bashō izena

Matsuo Bashōjaponieraz 松尾 芭蕉—, jaiotza izen Matsuo Kinsaku —松尾 金作— (Tsuge, Honshu, Japonia, 1644- Osaka, Honshu, Japonia, 1694ko azaroaren 28a) japoniar idazlea, Edo garaiko poetarik ospetsuena izan zen.

Haikai no renga (俳諧の連歌), egungo Haiku[1] olerki estiloaren sortzailea, poema-molde horren lau maisu handienetako bat da, Yosa Buson, Kobayashi Issa eta Masaoka Shikirekin batera. Bashōk haikua landu eta sendotu zuen estilo sinple eta osagai espiritual batez. Bertso bikainak idatzi zituen, izadian aurkitzen zuen lasaitasuna eta bakardadea goraipatuz.[2] Bere poesiak nazioarteko ospea lortu zuen, eta, Japonian, bere olerki asko monumentu eta leku tradizionaletan azaltzen dira.

Bashō gaztetan hasi zen poesiaren artea praktikatzen, eta, geroago, Edoko (gaur egun Tokio) agertoki intelektualean sartu zen, ondoren Japonia osoan ospetsu bilakatzeko. Poeten maisu izan arren, une jakin batzuetan, literatur zirkuluen bizitza sozialari uko egin zion. Nahiago izan zuen herrialde osoa oinez zeharkatu, uhartearen iparraldera ere bidaiatuz nahiz eta oso populazio gutxiko lurralde izan. Ibilbide horiekin, bere idazkietarako inspirazio-iturriak aurkitu nahi zituen.

Bashōk ez du tradizioarekin hausten, baizik eta ustekabeko moduan jarraitzen du. Berak zioen moduan: «Ez dut antzinakoen bidea jarraitzen, baizik eta haiek bilatutakoaren bila nabil». Bashōk, poesia klasiko handiaren sentimendu kontzentratua, bitarteko berriekin adierazi nahi du.[3]

Matsuo Bashōren poemak hitz lauzko testuen artean ageri dira, egunkari edo bidaia kontakizunetan bereziki, eta une hautatuak, hunkipenak eta gogoetak islatzen dituzte. Bere poemek inguruan duen lehen eskuko esperientzia batek du eragina, eta, sarritan, bere bizipenak sinpletasun handiz adieraztea lortzen du. Haikuari buruz, Bashōk esan zuen: «leku eta une jakin batean gertatzen dena baino ez da».

Lanik ospetsuena, Oku no Hosomichi (Okurako bide estua) du, 1689an argitaratua. Bashō hil ondoren, haren dizipulu askok maisuaren poema ugari bildu zuten: Bashōren eskolako zazpi bilduma (1774).[4]

Ustez, Bashō sortu zen lekua

1644 urtean jaio zen Ueno inguruan, Iga probintzian (gaur egungo Mie prefektura)[5] Matsuo Kinsaku izena ezarri ziotelarik. Ondoren, hainbat aldiz aldatu zuen izena japoniar artisten ohiturari jarraiki, behin betikoa aurkitu arte. Todo familia[6] boteretsuaren zerbitzura zegoen eta baliabide gutxi zuen behe mailako samurai baten semea zen. Bere aitak Bashōk armadan karrera egin zezan nahi izan zuen. Anaia zaharrago bat eta lau arreba izan zituen.

Biografo batzuek diotenez, sukaldaria izan zen lanbidez[7]. Umetan, ordea, Todo familiaren Yoshitada (藤堂良忠) zerbitzurako morroi bihurtu zen[6]. Yoshitada Todo familiaren oinordekoa zen, eta Matsuo baino bi urte zaharragoa[6]. Yoshitadaren babesarekin, Bashōk haikai konposizioak egiten ikasi zuen Kitamura Kigin (1624-1705) irakaslearekin[8]. Kitamura, izan ere, Teitoku eskolaren kritikari eta poeta zen. Yoshitada eta Bashō gazteek, gizarte-klasean alde handia izan arren, «haikai no renga»renganako maitasuna partekatuko dute, zenbait poetaren arteko lankidetzaren emaitza den literatura-konposizioaren forma. Sekuentziak 5-7-5 mora formatuko bertso batekin hasten dira; bertso hau hokku izendatu zuten, eta, geroago, haiku, eta pieza independente txiki gisa lantzen zen. Hokkua beste poeta batek egindako 7-7 morako batuketa batekin jarraitzen zuen. Biak, Yoshitada eta Bashō, zegozkien tengoak eman zizkieten elkarri. (俳号), haikai idazle izenak ziren: Bashōrena Sobo (宗房) –bere samurai izenaren, Matsuo Munefusa (松尾宗房), on'yomi transkripziotik abiatuta eraikitzen dena–, eta Yoshitadarena Sogin[6]. 1662an argitaratu zen Bashōren lehen poema; 1664an, berriz, bere bi hokkuren konpilazio bat inprimatu zen, eta, 1665ean, Bashō eta Yoshitadak ehun bat bertso renku konposatu zituzten.

1666an, Yoshitadaren bat-bateko heriotzak gizarte feudal tradizional baten giroan, Bashōren morroi bizitza lasaiaren amaiera ekarri zuen. Ez dago garai horretako erregistro dokumentalik, baina uste da Bashōk samurai bihurtzea pentsatu eta etxetik alde egin zuela[9]. ​Biografoek balizko motibazioak eta helmugak proposatu dituzte, Bashō eta Yute (寿贞) izeneko emakume sintoista miko baten arteko erromantze baten aukera barne, baina ez dirudi erlazio hori egiazkoa izatea[10].​ Bashōk berak garai honi buruz egindako erreferentziak urriak dira; aurrerago gogoratu zuen: «aspaldi gutiziatu nuen funtzionario izatea eta lur bazter bat edukitzea», baita «maitasun homosexualaren formekin liluratuta nengoen garai bat izan zen» ere, baina ez dago inolako seinalerik egiazko obsesio faltsu batez edo beste zerbaitez ari zenik[11]. Ez zegoen ziur denbora osoko poeta bihur ote zitekeen, eta esan zuen: «Alternatibak borrokan ari ziren nire buruan, eta nire bizitza ezinegonez beteta zegoen»[12].​ Zalantza egon zitekeen rengaren eta haikai no rengaren estatus artistiko eta sozial oraindik erlatiboaren eraginarengatik[13]. Nolanahi ere, 1667, 1669 eta 1671. urteetan, antologietan argitaratuko ziren olerkiak sortzen jarraitu zuen. 1672an, berak eta Teitoku eskolako beste autore batzuek egindako lanen bilduma argitaratu zuen, Kai ōi (貝おほひ)[5].​ Urte hartako udaberrian Edon kokatu zen poesiaren azterketan sakontzen jarraitzeko[14].

Nihonbashiko zirkulu literarioek berehala ezagutu zuten Bashoren poesiaren balioa estilo sinple eta naturalagatik. 1674an, haikaiko profesionalen barne-zirkuluan sartu zen, eta, ezkutuan, Kitamura Kiginen irakaspenak jaso zituen (1624-1705)[15].​ Garai hartan hokku hau idatzi zuen Tokugawa shogunaren omenez:

« kabitan mo / tsukubawasekeri / kimi ga haru(1678)
Holandarrak, baita ere, / belaunikaturik beren jaunaren aurrean / udaberria bere erregealdiari.
»


Bananondo bat, japonieraz, Bashō, bere azken tengoa (poetaren izen artistikoa) maite eta inspiratu zuen landarea.

Beste tengo bat hartu zuen, Tosei, eta, 1680an, olerkari-lanetan hasi zen lanaldi osoan, hogei ikasleren maisu gisa. Urte berean, Tosei-Montei Dokugin-Nijukasen (桃青门弟独吟二十歌仙) argitaratu zen, Tosei eta bere hogei dizipuluen poemarik onenak biltzen dituen lana eta artistaren talentua erakusten duena. 1680ko neguan, Ibaiaren beste aldera pasatzeko erabaki harrigarria hartu zuen, Fukagawan, jendearengandik urrun eta bizimodu bakartiagoa aukeratuz[16]. Ikasleek basetxe bat eraiki, eta bananondo (芭蕉, bashō edo Musa basjoo) bat landatu zioten patioan, harrezkero, Bashō izena hartuko zuen, poetari tengo berri bat emanez, eta lehen bizileku iraunkorra. Asko maite zuen landarea, eta asko gogaitzen zuen Miscanthus generoko landareak hazten ikusteak (Fukagawan ohikoa den Poaceae bat) bere bananondoaren inguruan, eta idatzi zuen:

«

Bashō UETE / Mazuria nikumu ogi no / Futaba kana(1680)

Nire bananondo landare berriagatik / gorrotatzen dudan gauza baten lehen seinalea / miscanthusen kimu bat!
»


Erretiroko garai horretan, Bashōren obrak estilo aldaketa berri bat hartu zuen. Alde batera utzirik hiriko zarata eta, horrekin batera, hirurogeita hamarreko hamarkadan nagusi izan zen Danrin eskolaren estilo parodiko eta urratzailea, begirada Txinako klasikoetara zuzentzen du orain, batez ere Zhuangziren testuetara eta Du Fu eta Su Dongpo-ren (Su Shi) poesiara, zeinekin erretiroaren esperientzia partekatzen baitzuen. Bashōren ekoizpenak bide berri bat ireki zuen haikaiaren historian: poetaren esperientzia pertsonalarekin estuki lotutako poesia zen, nahiz bideratuta egon Txinako poesia klasikoarekin eta erretiroko beste poeta japoniar batzuen obrarekin (Saigyo eta Sogi, adibidez) izandako etengabeko elkarrizketarekin. Horren ondorioz, utzikeria eta pobreziaren bizi-esperientziak bat egiten du wabi-sabi estetikarekin. Eguneroko bizitzako objektuak egoteak (izokin zati lehor bat, euriaren tantaka ontzi batean…) protagonismoa hartzen dute poesia-motibo gisa miatuz: «goia behean, espirituala egunerokoan, aberastasuna txirotasunean»[17].

«

Bashoo nowaki shite / tarai ni ame wo / kiku yo kana(1680)

Denboraleak astindu egin du / nire bananondoa / gau osoan entzuten dut / itoginak ontzi batean.
»


Hala ere, ez zen gustura bizi. Zen meditazioa egiten hasi zen, baina ez dirudi espirituaren lasaitasuna lortu zuenik[18]. 1682ko neguan, bere txabolak su hartu zuen, eta, handik gutxira, 1683. urtearen hasieran, bere ama hil egin zen. Gertaera horiekin guztiekin, Yamurara bidaiatu zuen lagun baten etxean geratzeko; 1683ko neguan, bere ikasleek bigarren txabola bat oparitu zioten Edon, baina bere aldartea ez zen hobetu. 1684an, Takarai Kikaku bere ikasleak haren olerkien eta beste olerkari batzuen bilduma argitaratu zuen, Minashiguri (虚栗) (Gaztaina zimurrak)[19]. Gero, urte bereko irailaren amaieran, Edo utzi zuen bere lau bidaia handietako lehena egiteko[20].

Poeta bidaiaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko Japonian zehar bidaiatzea oso arriskutsua zen, eta Bashōren itxaropenak ezkorrak ziren; uste zuen ezerezaren erdian hil zitekeela edo bidelapurrek hil zezaketela. Bidaiak aurrera egin ahala, bere aldartea hobetuz joan zen, eta eroso sentitu zen egiten zuena egiten; lagun askorekin elkartu eta paisaiaren eta urtaroen bilakaeraz gozatzen hasi zen[21]. Bere poemak ez ziren hain introspektiboak izan, eta inguruan zuen munduaren behaketak islatzen zituzten:

« uma wo sae / nagamuru yuki no / ashita kana(1684)
Baita zaldi bat ere / nire begiak horretan gelditzen dira / elurra goizean.
»


Bizi-esperientziarekin batera, bidaiak ere esperientzia estetiko bat dira Bashorentzat; poesia klasikoaren tradizioak, waka (utamakura) (Yoshino mendixketako gereziondoak, Taimako tenplua, Tokiwa andrearen hilobia, Musashiko lautadak…), jada zigortutako lekuekin topo egiteko, lehen bidaia-egunerokoz geroztik ageri dira bere poemetan.

Mendebaldeko lurretaranzko lehen bidaiak Edotik urruneko Omi probintziara eraman zuen. Tokaidoko ibilbide famatua jarraituz, Ozeano Bareko kostaldetik, Fuji mendia ikusi zuen, Iseko badiara iritsi arte, non Shinto tenplu ospetsua bisitatu zuen. Yamadan hamar egunez atseden hartu ondoren, Uedo bere jaioterria eta, Naran, Yoshino mendiko gereziondo ospetsuak bisitatu zituen. Kyoton, bere aspaldiko lagun Tani Bokuin-ekin eta bere burua bere jarraitzailetzat jotzen zuten hainbat poetekin bildu zen, eta aholkuak eskatzen zizkioten. Bashōk, hala, Edon zegoen estilo garaikidearekiko mespretxua erakutsi zien, eta bere Gaztaina zimurtuak lana ere kritikatu zuen: «Bertso asko ditu, eta horietako askotaz ez du merezi hitz egitea ere»[22].​Nagoiatik igarotzean, bertako poeta eta ikasleekin bildu zen, eta bost kasen konposatu zituen, gero, Fuyu no hi (neguko eguzkia) lanaren zati izango zirenak. Lan horrek Minashiguri estilo berriari sarrera emango lioke, non Txinako poesia klasikoa erreferente estetiko bihurtu zen[9].​ 1685eko udan itzuli zen Edora, eta denbora eman zuen hokku gehiago idazten eta bere bizitzari buruzko iruzkinak egiten:

« Toshi kurenu / kasa kite waraji / hakinagara(1685)
urtebete joan da / bidaiariaren itzal bat nire buruan / lastozko sandaliak nire oinetan.
»
Bashō Yokoi Kinkokuren arabera (1761-1832). Poetei eta haien haikuei eskainitako bilduma baten erretratua, 1828 ingurukoa. Kasu honetan, igelaren poemaren kaligrafia agertzen da.

Garai horretan, lehen bidaiaren esperientzia jasoko zuen Nozarashi Kiko, 野ざらし紀行 (Burezur baten egunkaria aire zabalean) liburuan. 1687ra arte amaituko ez zuena. Edora itzuli zenean, bere txabolara, berriro ekin zion zorioneko poesia-maisu lanari; hala ere, beste bidaia baterako planak egiten hasi zen[23].​ 1686. urtearen hasieran, bere haiku onenetako bat konposatu zuen, gehien gogoratzen denetako bat:

« furu ike ya / kawazu tobikomu / mizu no oto(1686)
Urmael zahar bat / igel jauzkari bat: / uraren soinua[24].
»

Historialariek uste dute poema hori oso azkar egin zela ezagun. Apirilean bertan, Edoko poetak Bashōren txabolan bildu ziren, igelen gaian oinarritutako haikai no renga konposatzeko; badirudi Bashō eta bere poemen omenaldi gisa, bildumaren goialdean jarri zutela[25].

Bashō Edon geratu zen, bere irakaskintzekin jarraitu, eta literatur lehiaketetan parte hartzen zuen. Bidaia pare bat egin zituen. Lehenengoa, 1687ko udazkenean egin zuen tsukimian parte hartzeko, udazkeneko ilargia ospatzeko jaia, Kawai Sora bere dizipuluarekin eta Sōha zen monjearekin batera eta Kashima Kiko (Kashimarako Bidaia) liburuan jaso zuena (1687). Azaroan, bidaia luzeago bati ekingo zion, zeinean Japoniako urte berria ospatzeko Ueno bere jaioterrira itzuli zen Nagoyan egonaldi labur bat egin ondoren, eta, horren ondorioz, Oi no Kobumi, (Koadernoa motxilan, 1687) sortu zuen. Edora itzulita, Naganon, Sarashina bisitatu zuen uztaren ilargia ikusteko. Bidaiaren esperientzia Sarashina Kikon, (Sarashinarako bidaiaren egunerokoa 1688) kontatu zuen

Etxera itzultzean, etxolan, bakardadea eta lagunartea tartekatzen zituen, bisitariak gaitzestetik haien lagunartea estimatzera pasatuz[26].​ Aldi berean, bizitzaz gozatzen zuen, eta umore sena ere bazuen, ondoko hokkuan islatzen den bezala:

« iza Sarabia / yukimi ni korobu / tokoromade(1688)
Orain, aterako gara / elurraz gozatzeko ... harik eta / irristatu eta erori!
»


Oku no Hosomichi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bashōren monumentua, Ōgakin (Gifu). Poetaren azken helburua izan zen. Azaroro Bashō jaialdia ospatzen da bere oroimenari eskainia.

Bashōren beste bidaia pribatu luze baten plangintza 1689ko maiatzaren 16an amaitu zen (Yayoi 27, Genroku 2), Kawai Sora (河合曾良) dizipuluarekin Edotik atera zenean; Honshu iparraldeko probintzietara egindako bidaia izan zen, Japoniako uhartediko uharte nagusia.

Lau bidaia luzetan toki berriak ikusi; miresleak topatu, eta urtaroen joan-etorria behatu zituen garai hartan, eta, halaber, idazten jarraitu zuen. 1689-91 artean, 2.400 km inguruko bidaia egin zuen Japoniako ipar-mendebalderantz. Bidaia liburu horietako bat, Oku no hosomitxi (奥の細道), japonierazko literaturako lan nagusienetako bat da. Lanaren izenburua bi eratara uler daiteke: Oku-ra, hots, barnealdera (hau da, ipar-mendebaldera daraman bidezidorra) edo barnealdera (hau da, norberarengana daraman bidezidorra). Lanak prosan eta bertsotan idatzitako zatiak jasotzen ditu. Bidaien garai hori amaitu zuenean, Edon geratu zen etxola berri batean. Lekua artisten bilgune bihurtu zen berehala. Egoera hori, ordea, nekagarri zitzaion, hau da, etxean zuen joan-etorri hura; ondorioz, etxean giltzapetzen zen, edo bidaiatxoak egiten zituen. Horietako batean hil zen, 1694 urtean, bere jarraitzailez inguratuta.[27]

Liburuaren lehen lerroetatik Bashō poeta anakoreta eta erdi monje bezala agertzen da; bai bera eta bai bere bidelaguna ere bideetan barrena ibiltzen dira erromes budisten abituak eramanez; bere bidaia ia iniziazio bat da, eta Sorak, bidearen hasieran, kaskezurreko ilea erabat mozten du. Bidaian zehar, poemez lagundutako egunerokoa idazten joan ziren, eta, bisitatzen zituzten leku askotan, tokiko poetek hartzen dituzte, eta haiekin osatzen dituzte dagozkien haikai ez renga kolektiboak[28].

Bashō Ōgakira iritsi zenean, Gifu prefekturan, bere bidaiaren egunerokoa egina zuen. Hiru bat urte behar izan zituen berrikusteko, eta 1694an idatzi zuen azken bertsioa, Oku no hosomichi, 奥の細道 (Okurako bidea) izenburupean[29][30].​ Lehen edizioa hil ostean argitaratu zen, 1702an. Berehala, arrakasta komertziala izan zen, eta beste poeta ibiltari askok bidaiaren ibilbidea jarraitu zuten[5]. Egunerokoa hitz hauekin hasten da: «Hilabeteak eta egunak betierekotasunaren bidaiariak dira. Joan den urtea eta heldu den urtea ere, bidaiariak dira». Askotan bere obrarik onena dela uste da, eta hau bezalako hokku batzuekin:

« araumi ya / Sado ni yokotau / Amanogawa(1689)
Itsaso asaldatua / Sadoraino zabaltzen du / Esne Bidea
»


Bidaiaren eta liburuaren amaieran, Bashō Ohgaki herrira iristen da, eta handik ontziratzen da etxera itzultzeagatik. Azken haiku-arekin amaitzen da lana, itzulpen zailekoa. Lau proposamen gehitu ditugu:[31]

« hamaguri no / futami ni wakare / yuku aki zo(1689)
Txirla bezala / bi kuskutan, zatitzen naiz / zugandik udazkenarekin. ( Cabezas García )
Txirlatik / kuskuak bereizi egiten dira / Futami aldera noa udazkenarekin batera. ( Octavio Paz )
Nola txirlazko kuskuen banantzea; Futamirantz / doa udazkenean. ( Rodríguez-Izquierdo )
Futamirantz abiatuta / zatikatuz txirla eta kuskuak bezala / goaz udazkenarekin. ( Donald Keene )
»


Bashoren hilobia Otsun

Jaioterrian pare bat hilabetez atseden hartu ostean, Bashō, bere ikasle Rotsu lagun zuela, Nara bisitatu zuen 1690eko urtarrilean Kasugako jaialdi famatura joateko[32].​ Otsailean, Uenora itzuli zen, eta Tangango jaunaren gazteluan hartu zuen ostatu. Apirilean dokumentatzen da Karumiren (arintasuna) printzipio poetikoaren lehen aipamena, bere bizitzako azken fase honetan bere ekoizpen poetikoa bideratuko zuena[32].​ Berriro ere bidean, Biwa aintziraren ertzean dagoen Zeze herrira joan zen, Uda bertan pasako du bere ikasleek eraikitako txabola batean. Garai hartan hasi zitzaizkion osasun arazoak. Handik bidaia laburrak egingo zituen inguruan.

Edora itzuli zenean, 1691ko neguan, Bashō Saga izeneko hiriaren ipar-mendebaldeko auzo batean kokatutako txabola berri batean bizi izan zen bere ikasleez inguratuta. Bertan, Saga nikki (Sagaren egunerokoa) idatzi zuen. Oraingoan ez zegoen bakarrik, berekin zituen iloba bat eta haren laguna, Yute, gaixotasun batetik sendatzen ari zena. Bisitari ugari jaso zituen Kyorai eta Bonchō bere ikasleei Sarumino prestatzen laguntzen zien bitartean (1691), Bashōren eskolako antologiarik onena kontsideratzen da. Bere osasun egoerak hobera egin zuela sumatuz, Edo utzi eta Gishu tenplutik, bere lekurik maiteenetako bat, gertu dagoen txabola berri batera joan zen, Tōri ilobarekin bidaia luze bat egin ondoren, 1691ko abenduan itzuli zen Edora[33].

Hiriburura itzultzean, Bashō nekatzen hasia zen haikai konposaketa hutsaldu zuten zirkulu literarioez eta ospeaz. Pixkanaka, bere jarduera publikoa murrizten joan zen jarraitzaile leial talde txiki batekin jarraituz, horien artean Sanpu eta Sora zeudelarik. Horiek eraiki zioten txabola berria jatorrizko bizilekutik ez oso urrun, Fukugawan, eta bananondo ospetsua bertara eraman zuten.

Bashō ez zen ongi sentitzen, eta urduri sentitzen zen. Lagun bati idatzi eta komentatu zion: «besteengatik kezkatuta, ez daukat bakerik buruan»[34].​ Toin bere iloba maitearen heriotzak, azken bidaian berarekin eraman zuena, tristura sakon batean murgildu zuen. Garai hartan, Jutei izeneko neska gazte bat eta haren hiru seme-alabak zaintzen hasi zen. Biografo batzuek Jutei lotzen dute poetak gaztetan izandako maitasun harreman batekin. Udazkenaren etorrerarekin, bere bizitza sozialari berrekin zion pixkanaka, fisikoki errekuperatu gabe zegoen arren.

Urte berriaren hasieran, Bashō bidaia berri bat planifikatzen hasi zen. Bere osasun egoeraz jabetuta, Uenoko senideei agur esan nahi zien. Lagun bati idatziko zionez, «bere amaieratik gertu zegoela sentitzen zuen». Gainera, Nagoiako eta Osakako ikasleen arteko liskarrek kezkaturik zeukaten. Urte horretako olerkietan, estilo poetiko berri bat nabarmentzen da, karumi (arintasuna, arintasuna) deituko zuenaz ezaugarritua. Bere txabolan Jutei bere bi alabekin utzi ondoren, Bashō, 1694ko udan, azken aldiz joan zen Edotik, Jirobeirekin, Juteiren semearekin. Nagoiatik pasata, ekainaren 20an iritsi zen Uenora. Nekatuta eta bere osasun egoera eskasa izan arren, Kyotora iritsi, eta Villa Rakushin finkatu zen. Han, Juteiren heriotzaren albistea jaso zuen. Bashōren eskolak gero eta ospe handiagoa zuen. Horren erakusle izan ziren bi antologia agertu izana Betsuzashiki eta Sumidawara.

Berriz ere Kyoto bisitatu ondoren, Edora itzuli zen abuztuaren amaieran. Karumiak markatutako estilo berria zabaltzeko nahiak Osakarantz abiarazten du berriro, nora ahituta eta oso gaixorik iritsi baitzen. Hobekuntza txiki baten ondoren, bakean hil zen urdaileko arazoek jota bere ikasleez inguratuta, azaroaren 28an[35]. Bashō Otsun dago lurperatuta (Shigako prefektura) Gichu-ji (義仲寺) tenplu txikian, Minamoto Yoshinaka gudariaren ondoan. Hil-ohean poemarik konposatu ez bazuen ere[36], azken gaixoaldian idatzitako azken poema iritsi zaigu, bere agur-poematzat hartzen dena:

« tabi ni yande / yume wa karen wo / kake meguru(1694)
Bidaian gaixotzea / nire ametsa noraezean alderrai / soropil lehor baten gainean.
»


Lehen mendetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japonian gaur egun ere ezagunak diren kigoaren (季語) formuletara mugatu beharrean, Bashok bere ingurua eta benetako emozioak bere hokkuan islatu nahi zituen.[37] Bere bizitzan zehar ere, bere poesiaren ahalegina eta estiloa oso preziatuak izan ziren; hil ondoren ere, bere balorazioak gora egin zuen. Bere ikasle batzuek bere poesiari buruzko aipamenak bildu zituzten, batez ere Mukai Kyorai eta Hattori Dohō.[38] XVIII. mendean, Bashōren olerkiekiko estimuak gora egin zuen, eta Ishiko Sekisui eta Moro Nanimaru kritikariek ahalegin handiak egin zituzten bere hokkuan gertakari historikoei, Erdi Aroko liburuei eta beste poema batzuei buruzko erreferentziak aurkitzeko. Komentarista horiek sarritan goraipatzen zituzten Bashōren erreferentzia ilunak. 1793an, Bashō, burokrazia sintoistak jainkotua izan zen, eta, denbora batez, bere poesia kritikatzea, literalki, birao bat izan zen.[38]

XIX. mendearen amaieran amaitu zen Bashōren olerkiekiko aho bateko pasio garai hori. Masaoka Shikik (1867-1902), beharbada Bashōko kritikorik ospetsuenak, ortodoxia eraitsi zuen Bashōren estiloari objekzio ausartak jarriz.[38] Dena dela, Shikik Bashōren poesia ingelesez zabaltzeko aukera ireki zuen, horrela mundu intelektualaren esku jarriz;[39] halaber, baita japoniar publikoarentzat ere. Shikik Haiku terminoa asmatu zuen Hokku hitza ordezkatzeko definizio honekin: 5, 7 eta 5 silabako hiru lerroz osatua den olerki mota. Shikik ere esaldi gogor hau idatzi zuen: «haren ekoizpenaren ehuneko laurogei erdipurdikoa da».[40]

Lanen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bashō poetari monumentua, Yokkaichin, Mie prefekturan.
  • "Kaio" (1672)
  • "Minashiguri" (1683)
  • "Nozarashi Kiko" (1684)
  • "Fuyu no Hi" (1684)
  • "Haru no Hi" (1686)
  • "Kashima Kiko" (1687)
  • "Oi no Kobumi", edo"Utatsu Kiko" (1687)
  • "Kiko Sarashina" (1688)
  • "Arano" (1689)
  • "Hisago" (1689)
  • "Sarumino" (1691)
  • "Saga Nikki" (1691)
  • "Basho no Utsusu kotoba" (1691)
  • "Heiko no Setsu" (1692)
  • "Sumidawara" (1694)
  • "Betsuzashiki" (1694)
  • "Oku no Hosomichi"
  • "Zoku Sarumino" (1698)

Bashō euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jatorriz Japoniakoa den olerki mota, 5, 7 eta 5 silabako hiru lerroz osatua dena.
  2. https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/articulo/c1702/eu_d1702015/1702015.html
  3. Octavio Paz. "Vida de Matsuo Basho". A Matsuo Basho: "Sendas de oku", Bartzelona: Seix Barral, 1981, 36.or.. ISBN 84-322-3845-7
  4. https://www.nippon.com/es/japan-topics/b07224/
  5. a b c hatsunemiku 1948, p. 246
  6. a b c d Octavio Paz. "Vida de Matsuo Basho". A Matsuo Basho: "Sendas de oku", Barcelona: Seix Barral, 1981, p. 33. ISBN 84-322-3845-7
  7. Carter 1997, p. 62
  8. Keene, Donald. (1999). Columbia University Press ed. World within Walls.. Nueva York: Columbia University Press ISBN 978-0-231-11467-7..
  9. a b Ueda 1982, p. 95.
  10. Okamura, 1956
  11. Ueda 1982, p. 22.
  12. Ueda 1982, p. 23.
  13. Ueda 1982, p. 9.
  14. Ueda 1992, p. 29
  15. Carter 1997, p. 62.
  16. Carter 1997, p. 57
  17. Haruo Shirane. (1998). Traces of Dreams. Landscape, Cultural Memory and the Poetry of Basho. Stanford University Press ISBN 0-8047-3098-9..
  18. Ueda 1982, p. 25.
  19. Kokusai 1948, p. 247
  20. Ueda 1992, p. 95.
  21. Ueda 1982, p. 26.
  22. Ueda 1992, p. 122
  23. Ueda 1982, p. 29
  24. Pagès y Santaeulàlia, p. 7
  25. Ueda 1992, p. 138
  26. Ueda 1992, p. 145
  27. «Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxô. Buson, Issa eta Xiki» Senez 2007-03-21 (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  28. O. Paz, pp.Txantiloi:Esd8-9. </ Ref>. Bashō eta Sora iparralderantz abiatu ziren, Hiraizumira, eta ekainaren 29an iritsi ziren. Gero, irlaren mendebaldeko kostalderaino joan ziren, Uztailaren 30ean iritsi ziren Kisakatara, eta itsasertzari jarraituz itzulerako bidea hartu zuten. 150 eguneko bidaia horretan Bashōk guztira 600 ri (2400 km) egin zituen Honshu ipar-ekialdeko zonaldeetan zehar, 1691. urtearen amaieran Edora itzultzeko< ref> Kokusai 1948, p. 241
  29. "Bashō" en laGran Enciclopedia Catalana. Consultado el 17-04-2009.
  30. Beste itzulpen batzuk aztertuz, Octavio Pazek (Introducción, p. 30) Sendas de oku proposatu eta beste aukera batzuk aztertu ditu. Katalanez agertzen den GECekoa ingelesari leialagoa da The narrow road to the deep North de Nobuyuki Yuasa, de 1966.
  31. A. Cabezas Garciaren arabera (p. 36), Rodriguez-Izquierdok eta Octavio Pazek deklaratu zuten poema hori itzulezina zela. Futami, bi kusku, toponimikoa ere bada, eta Bashō hara zihoan bere lagunarengandik banandu ondoren, hala ere, ideograma ez da gauza bera. Cabezas Garciak hiru bertsio posible gehitu ditu, berea eta beste hiru itzultzailerena: Rodríguez-Izquierdo, Octavio Paz eta Donald Keene.
  32. a b Ueda 1992, p. 279
  33. Ueda 1992, p. 304
  34. Ueda 1992, p. 348
  35. Ueda 1992, p. 34
  36. Kikaku, 2006, pp.20-23,
  37. Ueda, Makoto (1970). Matsuo Bashō. Tokio: Twayne Publishers.
  38. a b c (Ingelesez) Ueda, Makoto. (1992). Bashō and His Interpreters: Selected Hokku with Commentary. Stanford University Press.
  39. Burleigh, David (Summer 2004). "Book Review: Now, to Be! Shiki's Haiku Moments for Us Today". Modern Haiku. 35 (2): 127. ISSN 0026-7821.
  40. Cabezas García, Antonio. Jaikus inmortales. Madril: Hiperión, 1983. ISBN 84-7517-109-5.
  41. https://eizie.eus/eu/argitalpenak/senez/20080201/haiku
  42. http://www.igela.com/?product=lau-bidaia

Aipatutako bibliografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ramos Fuentes, Carlos. BASHO. Maestro del haiku. Biografía ilustrada y antología poética. Madrid: Quaterni, 2024. ISBN 9788412821611.
  • Pagès, J.; Santaeulàlia, J.N.. Marea baja. Haikús de primavera y de verano. Barcelona: Edicions de la Magrana, 1986. ISBN 84-7517-176-1.
  • Cabezas García, Antonio. Senda hacia tierras hondas (Senda de Oku), Matsuo Basho. Madrid: Hiperión, 1993. ISBN 978-84-7517-390-0.
  • De la Fuente, Ricardo. «Introducción», Cincuenta haikus. Madrid: Hiperión, 1997. ISBN 84-8264-011-9.
  • Cabezas García, Antonio. Jaikus inmortales. Madrid: Hiperión, 1983. ISBN 84-7517-109-5.
  • Cartero, Steven. «On a Bare Branch: Bashō and the Haikai Profession». Journal of the American Oriental Society, Vol. 117, 1, pág. 57-69.
  • Lawlor, William. Beat Culture: Lifestyles, Icons, and Impact. Santa Barbara: ABC-CLIO, 2005. ISBN 978-1-85109-405-9.
  • Lorente, Jaime. Bashō y el metro 5-7-5. Toledo: sabi-shiori, 2023 (2ªedición). ISBN 979-8602733846
  • 冈村健三 (Kenzō Okamura). 芭蕉と寿貞尼 (Bashō to Yute-ni). Ōsaka:芭蕉俳句会 (Basho Haiku Kai), 1956.
  • Shirane, Haruo. Traces of Dreams: Landscape, Cultural Memory, and the Poetry of Basho. Stanford, CA: Stanford University Press, 1998. ISBN 0-8047-3099-7.
  • Ueda, Makoto. The Master Haiku Poet, Matsuo Bashō. Tokyo: Kodansha International, 1982. ISBN 0-87011-553-7.
  • Ueda, Makoto. Matsuo Basho. Tokyo: Twayne Publishers, 1970.
  • Ueda, Makoto. Bashō and His Interpreters: Selected Hokku with Commentary. Stanford, CA: Stanford University Press, 1992. ISBN 0-8047-1916-0.
  • Takarai, Kikaku (2006). An Account of Our Master Basho's Last Days, Translated by Nobuyuki Yuasa in Springtime in Edo. Hiroshima, Keisuisha. ISBN 4-87440-920-2
  • Kokusai Bunka Shinkōkai (国际文化振兴会). Introduction to Classic Japanese Literature. Tokyo: Kokusai Bunka Shinkōkai, 1948.
  • Matsuo, Bashō (1966). "The narrow road to the Deep North", translated by Nobuyuki Yuasa. Harmondsworth, Penguin. ISBN 0-14-044185-9
  • Matsuo, Bashō (2014). Por sendas de montañas. Selección, traducción y notas de Fernando Rodríguez-Izquierdo y Gavala. Gijón, Satori. ISBN 978-84-940164-7-9
  • Matsuo, Bashō (2015). Diarios de viaje. Versión castellana de Alberto Silva y Masateru Ito. México, FCE. ISBN 978-987-719-089-2
  • Matsuo, Bashō (2016). Leve presencia. Selección, traducción y notas de Fernando Rodríguez-Izquierdo y Gavala. Gijón, Satori. ISBN 978-84-945781-2-0
  • Matsuo, Bashō. (2014). De camino a Oku y otros diarios de viaje. Versión de Jesús Aguado. Palma (España): El barquero. ISBN 978-84-9716-912-7
  • Matsuo Bashô "Diarios de viaje". Versión castellana de Alberto Silva y Masateru Ito, Argentina, Fondo de Cultura Económica, 2015 ISBN=978-987-719-089-2

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]