Meiosi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Meiosia

Meiosia zelula diploide bakar batetik lau gameto sortzen dituen zelularen zatiketa mekanismoa da. Gametoek parte hartzen duten ugalketa motari deritzo ere, bertako zelula sexualak meiosi bidez lortzen direlarik, ausaz kromosoma homologoek crossing over eginez eta kromosoma ezberdinak lortuz.

Meiosiaren helburua kromosomen erdiak dituzten zelulak sortaraztea da eta bi zatitan bana daiteke prozesua: lehen zatiketa meiotikoa (I. Meiosia) eta bigarren zatiketa meiotikoa (II. Meiosia). Prozesu meiotikoan zelula diploide batetik (2n) bi zatiketen bidez lau zelula haploide (n) sortzen dira. Lehen zatiketan bi zelula diploide lortzen dira (2n) eta bigarrenean bi zelula diploidetik (2n) lau gameto haploideak (n) agertzen dira..

Meiosirik egongo ez balitz gametoek zelula diploideak izango lirateke eta bat egiterakoan informazio bikoitza luketen zelulak (4n) sortuko lituzkete. Era honetan kromosoma kopuru handitzen joango litzateke belaunaldiz belaunaldi zelula ez egonkor eginez.

Meiosian, beraz, bi zatiketa zelular gertatzen dira jarraian, baina kromosomak behin besterik ez dira bikoizten (lehenengo zatiketaren aurretik, mitosian gertatzen den bezala). Horrek azaltzen du kromosomen kopurua, guztira, erdira jaistea

Gizakiarengan eta animalia gehienengan meiosia sexu organoetan besterik ez da gertatzen (obarioetan eta testikuluetan), hots, gametoak sortzen dituzten organoetan. Gorputzeko gainontzeko zeluletan ez dago meiosirik.


Lehen zatiketa meiotika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau fase ditu: profase I, metafase I, anafase I eta telofase I; luzeena eta konplexuena lehenengoa delarik eta hobeto ulertzeko beste bost azpifasetan banatzen delarik: leptoteno, zigoteno, pakiteno, diploteno eta diazinesis.

Profase I[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde handiak ditu mitosiaren profasearekin. Fase honetan kromosomak eratzen dira DNA molekulak kiribiltzen eta trinkatzen hasten direnean. Profasearen aurretik kromosomak bikoiztu egiten dira, eta beraz bi kromatida dituzte. Mitosian ez bezala bi kromosoma homologoak elkartu egiten dira bikoteak osatuz eta beraien artean DNA trukatuz. Beste desberdintasun nagusi bat profasearen iraupena da, honek hilabete edo urteak iraun ditzakeelarik.

A) Leptoteno: DNA harizpiak trinkotu eta kromosomak agertzen hasten dira; hauek bikoizturik daudenez bi kromatida zuntz dituzte eta beraz lau beso.

B) Zigoteno: Kromosoma homologoak (bi kromatida dituztenak) elkartzen hasten dira, paraleloan jarriz. Elkartze prozesu honi sinapsi deritzo. Sinapsi konplexu sinaptonemikoa izenekoaren bitartez gertatzen da, hau da, bi kromosomen artean eratzen den harizpi proteiko baten bitartez.

C) Pakiteno: Sinapsia amaitzerakoan hasten da eta banaketa edo desinapsiarekin amaitzen da. Fase honetan nabarmena da bi kromosoma homologoek lotura estua dutela (bi kromosoma daudenez, lau kromatida daude lotuak, tetrada izeneko egitura agertuz). Garrantzi handiko fenomenoa gertatzen da pakitenoan: kromatida homologoen arteko elkargurutzaketa edo crossing-over, zeinean geneak trukatzen dira. Era honetan hasieran zeuden kromosomak eduki beharrean gametoek bien arteko nahasketa genetikoa izango dute. Elkargurutzamenduak, beraz, berebiziko garrantzia du, aldakortasun genetikoa handitu egiten baitu.

D) Diploteno: Kromosoma homologoak banatzen hasten dira (desinapsia) eta kiasmak agerian gelditzen dira, hau da, kromosomen arteko loturak

E) Diazinesia: Fase honetan kromosomak asko trinkotzen dira. Mintz nuklearra desagertu egiten da eta baita nukleoloa ere. Ardatz akromatikoa agertzen hasten da.

Metafase I[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meiosiaren metafaseak antza handia du mitosiaren metafasearekin: kromosomak mugitu egiten dira eta ardatz akromatikoaren erdialdean kokatzen dira. Baina mitosiaren metafasearen aldean, meiosiaren metafasean ardatz akromatikoan jartzen direnak ez dira kromosoma banakoak, tetradak baizik (bi kromosoma homologoak)

Anafase I[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anafasean ez dira kromatidak banatzen (mitosian bezala), kromosoma homologoak baizik: homologoen bikotearen bat zelularen polo baterantz abiatzen da, eta bestea zelularen beste polora. Beraz, kromosoma-bikoteak banatzen dira, ez kromatidak.

Telofase I[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telofasea mitosiaren telofasearen antzekoa da: nukleoa eta nukleoloa denbora labur batentzat berragertzen dira, eta zitoplasmaren banaketa ere gertatzen da.

Meiosiaren lehenengo zatiketaren ondorioz bi zelula agertzen dira, bakoitzak bere nukleoan ama zelularen kromosomen erdiak dituena, baina kromosoma horiek bina kromatida dituzte (ikusi goiko irudia).

Bigarren zatiketa meiotikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meiosiaren bigarren zatiketak antza handia du mitosi arrunt batekin. Baina kontuan hartu behar da kasu honetan DNA ez dela aurretik bikoiztu.

Profase II[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nukleoloa eta mintz nuklearra desagertzen dira. Kromatina (kromosomen osagai nagusia) kondensatzen hasten da eta kondentsazio edo trinkotze horren ondorioz kromosomak ikusgai bihurtzen dira. Zentrioloak zelularen polo banatara joaten dira eta ardatz akromatikoa agertzen da.

Metafase II[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kromosomak ardatz akromatikoaren erdialdean kokatzen dira, mitosian gertatzen denaren antzera.

Anafase II[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kromosoma bakoitzaren bi kromatidak banatzen dira eta kromatida bakoitza zelularen polo batera abiatzen da

Telofase II[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kromosomaren kromatidak zelularen kontrako poloetara iristen direnean hasten da. Zelularen polo bakoitzean mintz nuklearra eta nukleoloa agertu eta kromosomak deskondensatzen dira. Telofaseak zitozinesi edo zitoplasmaren banaketarekin bukatzen du, bi zelula agertuz.


Laburbilduz, esan liteke lehenengo zatiketa meiotikoak kromosoma homologoak banatzen dituela, bigarren zatiketa meiotikoak kromatidak banatzen dituen bitartean


Meiosiaren garrantzia genetikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa sexuala egoteko kromosomen kopuruak erdira jaitsi behar du, honetan baitatza gametoen ugalketa. Zelula somatikoen kromosoma kopuru bera balute, kromosoma kopura bikoiztuz joango litzateke belaunaldiz belaunaldi bestela. Aipatu beharra dago meiosiak ere banakoen eta espezieen aldakortasun genetikoa handitzen duela, elkargurutzaketaren ondorioz sor daitezkeen aldaketa kopurua oso zabala baita; bereziki kromosoma kopurua handia bada. Era honetan eboluzioari bultzada handi bat ematen baita.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Meiosi Aldatu lotura Wikidatan