Melodifestivalen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Melodifestivalen (mɛlʊˈdiːfɛstɪˌvɑːlɛn ahoskatua, literalki, melodiaren jaialdia) Suedian Sveriges Television (SVT) eta Sveriges Radio (SR) komunikazio enpresa publikoek antolatzen duten kantu jaialdi bat da. Lehiaketa honetan Eurovision kantu jaialdian Suedia ordezkatuko duen kantua erabakitzen da, eta 1959tik urtero ospatu da, 1964, 1970 eta 1976an izan ezik. 2000tik, Suediako telebista saiorik ikusiena da, eta irrati eta Internet bidez ere ematen da. 2007an, finalerdien emankizunak 3,1 milioi pertsonako audientzia izan zuen, eta finalak 4 milioi baino gehiagokoa.

Hasieratik, Melodifestivalen jaialdiaren irabazlea epaile taldeek aukeratu dute. 1999tik aurrera epaimahaiak publikoaren telebozkarekin uztartu ziren, eta orain, biek eragin bera dute azken emaitzan. Lehiaketak eragin nabarmena du Suediako musika industrian eta salmenta zerrendetan. Melodifestivalen jaialdiaren berrogeita hamazazpi garaileetatik seik Eurovision irabaztea lortu zuten Suedia ordezkatuz.

2002an finalerdiak gehitu zirenean, ordura arteko hamabi parte-hartzaileak hogeita hamabira igo ziren. Lehiaketaren haurrentzako bertsio bat, Lilla Melodifestivalen izenekoa, urte horretan hasi zen. Lehiaketan, pop generoko kantu orkestratuak aurkezten ziren tradizionalki, schlager musika bezala ezagutzen direnak; horren ondorioz, suediar prentsak jaialdiari Schlagerfestivalen (Schlager jaialdia) izenarekin erreferentzia egiten dio askotan. Alabaina, ekitaldia hedatu denetik beste musika genero ugari agertu dira, reggaea, glam rocka eta rapa kasu, eta partaide gehienak, dance-pop musikara pasa dira. Final handia Estokolmon ospatzeak hiriko turismoa handitu du.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zazpi herrialdek lehiatuz, Eurovision jaialdiaren lehen edizioa Suitzako Lugano hirian ospatu zen 1956ko maiatzean. Suediak jaialdi honen hirugarren edizioan debutatu zuen, 1958an. Aukeraketarik eman gabe, Sveriges Radiok Herbehereetako Hilversum hirian ospatu zen jaialdira Alice Babs bidaltzea erabaki zuen. Hautatutako kantua "Samma stjärna lyser för oss två" izan zen, ondoren "Lilla stjärna" bezala berrizendatua. Laugarren postuan amaitu zuen 1958ko edizioan.

Melodifestivalenaren lehen edizioa, Säg det med musik irratsaiora gehitua, 1959ko urtarrilak 29an ospatu zen Stockholmgo Cirkusen, zortzi kantuk parte hartuz. Stockholmen, Göteborgen, Malmön eta Luleån zeuden lau epaimahai adituk aukeratu zuten garailea. Lehiaketaren garailea Siw Malmkvist izan zen "Augustin" kantuarekin, baina SRk kantu irabazlea Eurovision jaialdian Brita Borgek kantatu behar zuela erabaki zuen, jatorrizko interpretea ez zen arren. Melodifestivalen jaialdian kantu bera kantatzen beste batzuk izanda, barnean Eurovision jaialdirako kantaria aukeratzeko politika hau 1961ean geldiarazi zen. Lehiaketa telebista saio bakar bihurtu zen 1960an, Eurovision schlagern, svensk final (Eurovisionschlagern, suediar finala) bezala ezagutua. Jaialdi honen lehen edizioetan, Norvegian eta Danimarkan ere eman zen Nordvision telebista katearen bidez. Jaialdiak, gaur egun duen Melodifestivalen izena 1967an hartu zuen.

Hasieratik, Melodifestivalen urtero ospatu da, hiru urtetan izan ezik: 1964an lehiaketa bertan behera utzia izan zen artisten greba baten ondorioz. Suediak ez zuen Eurovision jaialdira kanturik bidali urte horretan. Suedia, bigarren aldiz Eurovision jaialdian 1970ean falta izan zen bozketa sistemaren alde eskandinaviar boikot bat egon zenean, 1969an bozketa sistema horren bidez lau herrialde lehen postuan berdinduta egon baitziren. SRk 1975eko edizioa Stockholmen antolatu ondoren, ezkerreko taldeek Suediak berriz Eurovision irabazterik, eta, beraz, berriz jaialdi honen egoitza izaterik ez zuela lortuko argudiatu zuten. Honek, musika komertzialaren aurkako manifestazio handietara eta Alternativfestivalen izeneko lehiaketa antikomertzial baten antolakuntzara eraman zuen. Honen ondorioz, 1976an Suediak ezin izan zuen kanturik bidali 1976ko Eurovision Jaialdira.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Melodifestivalen Aldatu lotura Wikidatan