Mendebaldeko zozo-txinbo
Mendebaldeko zozo-txinbo | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Sylviidae |
Generoa | Curruca |
Espeziea | Curruca hortensis Gmelin, 1789
|
Kumaldiaren tamaina | 4,2 |
Errute denbora | 13 egun |

Mendebaldeko zozo-txinboa[1] (Curruca hortensis), Zozo-txinboa (Sylvia hortensis) sylviidae familiako hegazti paseriformea da, Mediterraneo inguruan eta erdialdeko Asian bizi dena[2].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badu Txinbo kaskabeltz ar baten nolabaiteko antza, baina berehala ikusten da txano beltza handiagoa dela, sendoagoa eta bere txano beltza begiaren azpiraino jaisten dela. Batez beste 15 cm-ko tamainara iristen da, iberiar txinboen artean handiena bihurtuz.
Hegaldian ikusita, tamaina oneko txori ilun baten inpresioa ematen du, buru beltzarekin eta buztan luze samarrarekin, ertz zuriekin. Begirada hurbilago batek begien kontrastea agerian uzten du. iris zuriekin, eta aurpegiaren hondo beltzarekin, eta lerde-zapi zuri hutsa eztarrian, bularrean eta alboetan arrosaz zikinduaz joaten dena. Buruko kaputxa beltz matea leporantz, argitzen joaten da gris-arbel kolorea hartu arte, bizkar osoa eta gainontzeko atalak ere kolore honetakoak dira. Moko beltzaxka eta gris-arbel kolorekoak hankak.
Emea ez da hain grisa, arreagoa gainetik eta txanoa gris iluna du beltzaren ordez. Gazteak, emearen antzekoak dira, erraz bereizten dira iris arreagatik.[3]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zozo-txinboa migratzailea da. Haren kantua, zozoarenaren antzeko samarra, ahapaldien aberastasun eta askotarikogatik baino gehiago intonazioagatik, normalean udaberriko etorrera agerian uzten duena izan ohi da, ikustea ez baita erraza. Izaera geldiezina du, asko mugitzen da, baina beti saien, arteen eta karrasken hosto iraunkorren artean ondo ezkutatuta egoten da. Normalean apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran iristen da hona. Orduan, arrak aukeratutako lurraldearen inguruan abesten hasten da eta, handik gutxira, arra eta emea habia egiten hasten dira, lastozko saski bat, belar hondarrekin eta landareen zuntzekin, armiarma sarez, zaldi-ilez eta biloz estaltzen dutena. Normalean zuhaitz edo zuhaixka garaietan altuera jakin batean jartzen dute.
5 arrautza jartzen ditu, gutxiagotan 4 edo 6, zuri-berdexkak orban arre kolorekoekin, hori edo grisekin, eta emeak inkubatzen ditu batez ere. Txitak 12-13 egunen buruan jaiotzen dira, eta beste 13 egunen buruan habia uzteko prest egoten dira.
Funtsean, espezie intsektujalea da, beldarrak, tximeletak, matxinsaltoak eta abar ugari kontsumitzen dituena, baina bere dietan fruta, gerezi, piku eta era guztietako fruitu ugari ere jaten ditu.
Uztailaren hasieran arrek abesteari uzten diote, nahiz eta normala den oraindik bigarren txitaldi bat hazten lanpetuta egotea. Izaera iheskorra eta jokabide zuhurra dutelako, kantatzeari utzi ondoren zaila da haien presentzia antzematea, baina badirudi hemen jarraitzen dutela abuztura arte behintzat.
Hilabete honetan hasten da migrazioa, irailean zehar jarraitzen duena urrian amaitzeko. Afrikan negua pasatzeko mugitzen da, Sahararen hegoaldeko ertzaren eta eremu tropikalaren artean.
Banaketa, habitata eta egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zozo-txinboa Mediterraneoko espeziea da, Europa hegoaldean, Afrikako iparraldean eta Asiako mendebaldean banatuta, Iberiar Mediterraneoko eskualde osoan ohikoa baina iparraldeko zerrenda hezean ez dago.
Gure lurraldean ez da detektatu bere presentzia Ebro haranean izan ezik. Baliteke, isolatuta, Arabako erdialdeko artederreta batzuk okupatzea.
Mediterraneoko zuhaitz esklerofiloei oso lotuta dagoen espeziea da, batez ere gure inguruko artadi eta karraskei. Arabako Errioxako baso-soiltze handiak, klima aldetik ondo legokiokeen eremua, baliteke hori izatea ugariagoa ez izateko arrazoia.
Mediterraneoko beste txinbo batzuek ez bezala, ez da sastraka baxu samarrekin asetzen. Zuhaitz-estaldura edo zuhaixka altu eta trinkoak eta zuhaitz sakabanatuak dituztenak eskatzen ditu, hemen artadietan, artederretan eta almendrondo edo olibondo batzuetan agertu ohi da. Euskal Herrian ez da batere ugaria. Txinbo honek Mediterraneoko izaera argi eta garbiak dituenak, oso egokiak ez diren baldintzak aurkituko ditu hemen.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zozo-txinboak azpiespezie bi ditu[4], baina egungo aditu batzuek espezie ezberdinentzat jotzen dituzte[5]:
- Sylvia (hortensis) hortensis, mendebaldekoa.
- Sylvia (hortensis) crassirostris, ekialdekoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Mendebaldeko zozo-txinbo» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
- ↑ Shirihai, H.; Gargallo, G.; Helbig, J. A.. (2001). Sylvia Warblers: Identification, Taxonomy and Phylogeny of the Genus Sylvia. in: The Sylvia Warblers Monograph. Londres: A & C Black.
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 263 or. ISBN 84-7542-639-5..
- ↑ Snow, David W.; Perrins, Christopher M.; Doherty, Paul & Cramp, Stanley (1998): The complete birds of the western Palaearctic on CD-ROM. Oxford University Press. ISBN 0-19-268579-1
- ↑ Helbig, A. J. (2001): Phylogeny and biogeography of the genus Sylvia, in: Shirihai, Hadoram: Sylvia warblers: 24-29. Princeton University Press, Princeton, N.J. ISBN 0-691-08833-0
![]() |
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |