Mendi
Mendia lurrazaleko jausune handia da, inguruneari buruz aski nabaria. Lekuaren arabera, altuera ezberdinetatik gora hartzen da goragune bat menditzat. Britainia Handia eta Irlandan, adibidez, goragune batek 2.000 oinbeteko (610 metro) altuera izan behar du gutxienez, menditzat hartua izateko[1]. Munduko lurren % 24 dira menditsu, eta gizakien %10 bizi dira gune menditsuetan. Munduko ibai guztien sorburua mendietan dago, eta gizakien erdiek baino gehiagok mendiak behar dituzte ura lortzeko. Mendi tontorretara igotzearen zale denari mendigoizale deritzo.
Eduki-taula
Mendien sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Funtsean hiru prozesuren ondorioz sortzen eta eratzen dira mendiak: higidura orogenikoen ondorioz, sumendien eta lurpeko indarren eraginaren ondorioz eta higadura prozesuen ondorioz.
Higidura orogenikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Higidura orogenikoek lurrazalean dute eragina, eta lurreko parte batzuk altxarazi edo hondoratzen dituzte. Lurrazalak harrizko plaka zurrun batzuk ditu, puzzle bateko piezen antzera egokituta, azpiko geruzaren, astenosfera edo mantuaren, gainean; mantua biguna da, eta plakak higitu egiten dira haren gainean. Plakak elkarretara hurbiltzen direnean, plaka bat bestearen azpian hondoratzen da, eta lurrazala tolesten hasten da; hala sortzen dira mendiak.
Lurrazalaren higiduraren ondorioz sortzen diren mendiek edo mendikateek arku handiak eratzen dituzte kontinenteetan zehar; halaxe eratuak dira, adibidez, Ameriketan Ande mendiek eratzen duten arkua, edo Himalaiak Eurasian eratzen duena.
Geologia aldietan zehar ziklo orogenikoak izan dira bata bestearen ondoren. Aurrekanbriarrean sortu ziren mendiak, ordea, higaduraren ondorioz desagertu ziren. Paleozoikoan sortuak dira, besteak beste, Apalatxeak eta Uralak. Mesozoikoan ez zen orogenia mugimendu handirik izan, eta higadurak berebiziko eragina izan zuen. Zenozoikoan higidura orogeniko berri bat sortu zen; aldi hartan Afrikako plakak eta Eurasiakoak elkarren kontra jo zuten, eta Andeak, Pirinioak eta Atlas mendiak sortu ziren. Era berean sortu ziren Kaukaso mendiak, Himalaia eta Japoniako eta Zeelanda Berriko mendiak. Himalaiako mendikatea Indiako plaka Eurasiakoaren azpian sartzean eratu zen, gaineko plaka tolestu eta gora egin baitzuen; gaur egun ere, Indiako plaka indarra egiten ari da barrenetik eta Himalaia goratzen ari da oraindik ere. Garai hartan sortu eta eratu ziren mendi horiek guztiak gazteak eta garaiak dira.
Sumendiak eta lurpeko indarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bi plakaren artean jarduera handia izaten da, eta batzuetan lurpeko magmak kanpora irteten da, kono itxurako sumendiak eratuz. Andeetako gailur asko halakoak dira. Halaber, bi plaka elkarretatik urruntzean, bien tartean eratzen diren rift haranetan ere sumendiak sortzen dira.
Higadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Geologia eragileek (urak, izotzak, haizeak…) egiten duten higalanaren ondorioz mendiek forma jakinak hartzen dituzte, eta erliebea eratzen da. Denborarekin, ordea, higadurak mendiak desagerrarazten ditu.
Mendiak eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Garaierak moldatzen du, latitudearekin batera, lurralde bateko klima. Gora igo ahala presioa gutxitu egiten da, tenperatura hoztu, aireak ur gutxiago du… Klimarekin batera, landare motak eta landare ugaritasuna ere aldatuz joaten da garaieraren arabera. Bestetik, mendikateak hesien antzekoak dira, eta ez diote uzten haizeari igarotzen. Hala, haize hezea datorrenean, mendi hegalean gora joaten da, gora igotzean hoztu, lurruna kondentsatzen da eta euria edo elurra egiten du. Haize babesean dauden hegaletan, airea azkar jaisten eta berotzen da, eta lehor geratzen da berehalaxe. Foehn efektua deitzen zaio horri. Basamortu handi eta eremu idor askok mendikate handiak dituzte inguruan. Eskualde epeletan, 1.500 metrotik gora mendiko klimak izaten dira; halakoetan tenperatura hotzak izaten dira urte guztian.
Mendirik garaienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herriko mendirik garaiena Hiru Erregeen Mahaia (2.428 m) da, tontorraren zati bat Nafarroa Garaian duena. Gailurrak egiten du Nafarroaren, Bearnoren eta Aragoiren arteko muga. Herrialdez herrialde begiratuta, Orhi (2.017 m) da Zuberoako garaiena; Aitxuri (1.551 m), Gipuzkoakoa; Gorbeia (1.481 m), Araba eta Bizkaikoa; Okabe (1.466 m), Nafarroa Beherekoa; eta Artzamendi (931 m) Lapurdikoa.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/11/13 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Survey turns hill into a mountain, news.bbc.co.uk
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
| Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mendi |
- Euskal Herriko mendien kokapena, argazkiak eta ibilbideak, luberri.net
- (Ingelesez) The Seven Summits, 7summits.com