Mendiko eskia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arollako irteera, 2006ko Patrouille des Glaciers proba

Mendiko eskia mendizaletasuna eta eskia konbinatzen dituen kirol-diziplina da. Mendia elurtuta dagoenean eta normalean eski-estazio edo ekipatutako pistetatik kanpo, zapaldu gabeko elurraren gainean, igoerak eta jaitsierak egitean datzan eski-modalitatea da. Bereziki modalitate honetarako diren eskiak eta foka-larruak erabiltzen dira jarduera bera gauzatzeko, edota neguan, goi-mendiko beste jarduera batzuk burutzeko hurbilketarako.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaila da kirol honen jatorria zehaztasunez definitzea, gizakiak eskiak erabili izanaren lehen erreferentzia Norvegian aurkitutako K.a. 2500. urteko grabatu batekoa baita. Garraiobide gisara erabiltzen zen hasiera batean eskia ingurune polarretan. Alpeetara XIX. mendean iritsi zen funtzio berarekin, baina mendearen amaieran Ingalaterrako burgesiako esploratzaileak teknika hori baliatzen hasi ziren beraien mendi-esplorazioetan, eta beraz, garraiobiderako ez ezik, aisialdirako tresna ere bihurtu zen.

Eski-oholen azpian foka-larruak (lehenbiziko haiek naturalak izan ohi ziren, gerora material sintetikoek ordezkatu dituzte) ezartzeak aurrera egitea eta igoeretan eustea ahalbidetzen du. Ezagutzen den lehen eski-zeharkaldia Wilhelm Paulcke-k eta bere lau lagunek burutu zuten, bi eramaileren laguntzarekin, 1897ko urtarrilaren 19tik 23ra. Bernako Oberland (Suitza) zeharkatu zuten. Chamonix-Zermatt (Frantzia eta Suitza) zeharkaldi ezaguna berriz, 1903an burutu zen lehen aldiz. Gaur egun biak ala biak ibilbide klasiko bihurtuak. Teknikak, nahiz eta primitiboak izan, jada ongi bideratuta zeuden XX. mendearen hasieran eta Lehen Mundu Gerran ere erabili zituzten mendiko tropek gudu-zelaian. Gerra ondorengo lehen urteetan teknikak eta materialak asko garatu ziren. 1927an lehen eski-igoera italiarra egin zuten Monte Bianco-ra Ottorino Mezzalamak eta Ettore Santik.

Lasterketa bateko irteera 1932

1930eko hamarkadan, mendiko eskia eta eski alpetarraren bereizketa egin zen. 1933an, diziplina profesional gisara, gerora mendi-eskiko lehiarik garrantzitsuenetakoa bihurtuko zenaren lehen edizioa jokatu zen.

Bigarren mundu-gerraren ondorenean zabalkunde handia izan zuen neguko jarduera honek zale askoren artean.

Mendiko eskia gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora-tarte luzean, eski alpetarraren gorakadaren ondorioz mendiko eskiak interes falta handia izan duen arren, azkenaldian, bitarteko mekanikoetatik ihes egin eta ingurune naturalagoetan gozatzeko gogoz dagoen geroz eta jende gehiago erakartzen du. Materialean izan den garapenak ere (arintasunak bereziki) lagundu du horretan. Horretaz gain, mendiko eskiaren praktika dibertsifikatu egin da, inguruneaz gozatzea helburu duten egun bat baino gehiagoko zeharkaldietatik hasi eta egun bakarreko eta zailtasun handiko irteerak egiteraino. Mendiko eskiko lehiaketek ere geroz eta jende gehiago erakartzen dute.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Praktika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igoera eta jaitsieretako ahalegin fisikoari eta plazerari, ibilbide polit bat trazatzeak ematen duen gogobetetzea gehitu behar zaio. Mendiko eskiak teknika ona eskatzen du, ezinbestekoa da lurzoruaren araberako esfortzuaren kudeaketa egiten jakitea, elurra eta neguan mendia zer den ongi ezagutzea eta horrekin zerikusia duten arriskuak (haize-plakak, pitzadurak...) kudeatzen jakitea. Finean, ezaugarri fisiko eta intelektualak eskatzen dituen kirol osoa da.

Eski-teknikez gain, mendiko eskiak ezagutza tekniko eta trebakuntza erregularra eskatzen ditu segurtasuna bermatzeko: elur-jausien biktimak bilatzeko metodoa ezagutzea, lehen sorospena kudeatzea, goi-mendian ibiltzen eta bizirauten jakitea, aterpe edo babeslekuak egiten jakitea (iglua, lubakia...), ingurune isolatu eta basatian sorospen teknikak gauzatu edo irtenbideak bilatzen jakitea, etab.

Eskiatzaileak bata bestearen atzetik joan ohi dira eta tarteka txandatu egingo da bidea trazatuko duena, taldearen burura pasatuz. Horrela fisikoki gogorrak diren elur-baldintzetan (elur hautsa, zarakarduna...) egin beharreko esfortzua banatu egiten da. Trazatzailea, malda pikoa denean, sigi-sagak eginez erregularki igotzen saiatuko da. Eskiatzaileei elur-jausi guneak edo gertatzeko aukera duten guneak zeharkatu beharra egokitu dakieke. Hori dela eta, eskiatzaileen artean distantzia-tarte bat errespetatu behar da arriskua gutxitzeko. Jaitsieran ere gauza berberak hartu behar dira kontuan eta jaisteko ibilbidea uneko baldintzen arabera trazatu beharko da, nahiz eta horrek batzuetan barne-gogoari muzin egin beharra esan nahi duen.

Mendiko eskia arriskua berekin duen diziplina da eta oso garrantzitsua da esperientzia izan eta oinarrizko arauak errespetatzea praktika behar bezala gauzatu eta gozatzeko.

Materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alpetar eskia edo mendiko eskia praktikatu behar duenaren ekipamendua ezberdina da, gehienbat igoerarako baina baita segurtasunerako ere. Jantziei dagokienez, neguko baldintza meteorologikoak eta egin behar den ahalegin fisikoa uztartu beharrak, hiru geruzen teknika aplikatzea eta aldaketak aurreikusten jakitea eskatzen du.

Ibilbidearen orientazioak, gogortasunak, iraupenak eta lurzoruaren nolakotasunak zehaztuko dute eraman beharreko materiala eta ekipamendua. Hargatik, lehiako praktikak material arinagoa eta sarritan garestiagoa lehenestea dakar.

Eskiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendi-eskiko eskiak finkagailuekin: Alpetar eskiko eskien antzeko tamainakoak baina arinagoak izan ohi dira eta orpoa aske uzteko aukera eskaintzen duten finkagailuak izaten dituzte. Igoerak egiteko askatuta eramaten dira eta jaitsieretarako blokatu. Azken urteetan materialek izugarrizko garapen teknologikoa izan dute pisua arindu, igoeretarako maneiukortasuna handitu eta segurtasuna bermatzeko, bereziki jaitsieretarako. Karbonoa da nagusi eskien egituren konposizioan eta aluminiozko edo titaniozko aleazioak aldiz finkagailuenean. Era askotako finkagailuak daude:

  • Xafla gaineko finkagailuak: alpetar eskiko finkagailuen antzekoak direnak.
  • Mentu bidezko finkagailuak: low tech izenez ezagutzen diren finkagailu arinak dira. Oinetakoaren aurrealdean albo banatan ziritxo bana sartuz eusten dute. Alpetar eskiko orpoetako euskailuaren segurtasuna eta low tech teknologiak eskaintzen duen arintasunaren konbinaketa da. Horrela, eredu hibridoek, pistako eskirako, freeride edo pistaz kanpokorako edo mendiko eskirako erraz egokitzeko aukera eskaintzen dute.
  • Lehiarako erabiltzen diren mendi eskiko finkagailuak
    Lehiarako low tech finkagailuek, merkatuko arinenek, minimalistenek, ez dute eragiteko sistemarik izaten aurrean, eta oso gutxitan atzealdean. Materialei dagokienez, kolore beltzeko zatiak aluminio anodizatuzkoak izaten dira eta kolore gris ilunekoak, berriz, titaniozkoak. Bi aleazio hauen erabilerak produktu benetan arina, hauskaitza eta segurua lortzea ahalbidetzen du.
  • Falkak: Finkagailuek falkak izaten dituzte maldarik pikoenetan orpoak altxatzeko. Horrela, angelu horrek bizkarra arindu eta aurrera egitea errazten du.

Mendi-eskiko botak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiko eskiko bota

Alpetar eskikoen antzekoak dira baina normalean arinagoak eta malguagoak. Gomazko zola izaten dute oinez egin beharreko ibilietan erosoago moldatzeko. Hauek ere normalean karbonozkoak izaten dira eta horrek igoeretarako arintasuna eta jaitsieretarako zurruntasuna bermatzen du.

Makilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alpetar eskikoen oso antzekoak hauek ere, igoeran laguntzen dute baina jaitsieran ere erabiltzen dira.

Foka-larruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Egun material sintetikoekin (poliesterra) edo mohair artilearekin egiten dira. Alde bat itsasgarria izaten dute eta eski-oholen azpialdean itsasten dira maldak igo nahi direnerako. Jaisteko kendu eta gorde egiten dira.

Hortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mendiko eskiko hortzak, izoztutako elurretan ez irristatzeko.
    Elurraren (elur oso gogorra) edo lurzoruaren egoera gogorra denean, hortzak jarri daitezke eskietan. Hortz hauek irrist ez egiteko eskietara egokitutako kranpoi moduko batzuk dira.

Segurtasuneko materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiko eskia mendi ertainetan edo goi-mendian gauzatzen denez, ezinbestekoa da lurzorua, nibologia, glaziarretako balizko arriskuak, mendiko meteorologia eta ibilbideak (orientazioa, topografia) ongi ezagutzea. Jarduera burutzera abiatu aurretik eguraldiari eta elurrari buruzko informazioa begiratuta joatea gomendatzen da, baina horretaz gainera, eskiatzaileak motxilan pisua gehituko dioten hainbat tresna eta aparailu hartu behar ditu. Mendi-eskian Arva edo Recco-a, elur-jausietarako zunda eta pala erabiltzen jakitea baliagarria bezain ezinbestekoa da, elur-jausi batek norbait harrapatuz gero, kokapen zehatza aurkitu eta ahalik eta azkarren erreskatatzeko. Hainbat eredutakoak daude, arinagoak, desmuntagarriak…

Estatistikek, ezbehar baten kasuan, hiru tresna hauen erabilerarekin istripua izan dutenen bizirauteko probabilitatea handiagoa dela egiaztatzen dute. Berehalako esku-hartze batek heriotza ekidin dezake (gehienetan aire faltak eragindako itolarriagatik gertatzen da). Hipotermia arazoak itolarriak eta kolpeek eragindako arazoak baino geroago iristen dira.

Elur-jausiak harrapatutako pertsona bat inguruan gutxienez beste pertsona bat baldin badago eta biek ere ARVA baldin badaukate bakarrik erreskatatu daiteke horrela. Eta ez hori bakarrik, erreskatatzaileak pala eta zunda ere berekin izan ezean ezinezkoa da. Bilaketan eta indusketan pasatako denborak ikaragarrizko garrantzia dauka biktima bizirik erreskatatu ahal izateko eta horretarako behin eta berriz erreskateko praktikak egin behar dira (gutxienez urtean behin). Azken urteetan segurtasuneko sistema hauei teknologia berri gehiago gehitu zaizkie.

Laurogeigarren hamarkadatik aurrera elur-jausietarako airbag sistema bat ere garatu zen. Mekanismo hau motxila baten modukoa da, eduki txikiagoa edo handiagoa izan dezake (20, 40, 60 litro etab.) eta soka bat izan ohi du aurrean. Elur-jausi bat egokituz gero sokatik tira egitea nahikoa da automatikoki puxika puzteko (autoetan bezalaxe) eta elur gainean iraun edo flotatu ahal izateko. Sistema hau, hirurogeita hamargarren hamarkadan, basozain alemaniar batek elurraren gainean hainbat elementuk nola flotatzen zuten aztertu zuelako garatu zen. Geroago patentea Peter Aschauer-ek erosi zuen.

Segurtasuneko beste sistema batzuk snorkel-aren itxurako tutu soilak erabiltzen dituzte, elurpean gelditutakoan arnasketa errazten dutenak. AvaLung izenez dira ezagunak. Lehenbizikoak Tom Crawley estatubatuarrak asmatu zituen. Botatzen dugun arnas-fluxua hartzen dugunetik bereizten dute, eta ingurune itogarrian egoteko fenomeno arriskutsu hori ekiditen dute, hatsaren beroak urtuta eta berrizoztuta sortzen den izotzezko horma fin batek isolatuta.

Zailtasunen eskalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Blachère-en eskala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendi-eskiko ibilaldien zailtasunak neurtzeko lehen eskala berrogeigarren hamarkadan sortu zuen Gérard Blachère frantziarrak. Eskala honek hiru maila bakarrik bereizten zituen:

  • SM – eskiatzaile ertaina: malda errazak, 30 gradurainokoak.
  • BS – eskiatzaile ona: 40 gradurainoko maldak, esposizio gutxiko tarte motzean
  • TBS – eskiatzaile bikaina: 40 gradu baino gehiagoko maldak, ezinbesteko pasarteak eta esposiziodunak. 

Gerora gehitutako A laburdurak (MSA, BSA, OSA) goi-mendiko edo zailtasun alpinoko pasarteak daudela adierazten du, esaterako, haitzezko pasarteak edota glaziarrak. Mendiko eskiaren aurrerapen teknikekin eta garapenarekin berehala bihurtu zen Blachère-en eskala orokorregi, ibilbidearen esposizioa edo maldak parametro objektiboekin neurtu ordez, parametro ia subjektiboekin (ibilbidea burutzen duen eskiatzailearen gaitasunaren araberakoak) neurtzeak dituen berezko mugen ondorioz.

Traynard-en eskala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

70. hamarkadaren erdialdean beraz, zailtasuna neurtzeko sistemaren definizio berri bat hasi zen zabaltzen. Sistema berri honek jaitsierako zailtasuna neurtzen zuen eta Philippe Traynard-ek, Grenobleko Unibertsitateko irakaslea eta FFME[1]-ko (Frantziako Mendiko eta Eskaladako Federazioa) lehendakari ohia, sortutako eskalaren arabera adierazten zen.

Monte Bianco / Mont Blanc: urdinez ipar aurpegiko jaitsieraren ibilbidea. Zailtasuna 4.2/E2 edo D/S4

Eskala honek 6 gradutan bereizten zuen jaitsieraren zailtasuna:

  • S1: teknika jakinik eskatzen ez duen ibilbide erraza
  • S2: Malda eta bailara zabalak, 25ºra artekoak.
  • S3: 35ºra arteko maldak; elur mota ezberdinetan teknika ona.
  • S4: 45ºra arteko maldak esposizio handiegirik gabe; 30º eta 40º bitarteko maldak esposizio handiarekin edo pasarte estuekin; teknika oso ona behar da.
  • S5: 45ºtik 60ºra bitarteko maldak esposizio handiegirik gabe; 40 gradutik gorakoak esposizio handiarekin.
  • S6: 55º baino gehiagoko maldak esposizio handiegirik gabe; 50 gradutik gorakoak esposizio handiarekin

Handik gutxira, François Labande-ek, mendi-eskiko ibilbide ugari egin eta geroago gida ugaritan deskribatuko zituen eskiatzaile handiak, Traynard-en eskala osatu eta hobetu zuen. Batetik, jaitsierei zegokien zailtasunen eskalan zazpigarren gradu bat gehitu zuen:

  • S7: 60º edo gehiagokoetan dauden pasarteak, haitzen gaineko jauziak esposizio handiko lurzoru oso malkartsuan.

Bestetik, berriz, igoerei zailtasun alpinoaren ezaugarriak gehitu zizkien (UIAA izenez ezagutzen den eskala, Union internationale des associations d'alpinisme[2] erakundearena, hain zuzen). Honek kontuan hartzen ditu besteak beste, ibilbidearen luzera, aldapen jarraikortasuna eta maldak, esposizioa, arrisku objektiboak, kota eta isolamendua. Hona hemen ezaugarri horiek guztiak kontuan hartzen dituen sailkapena edo eskala:

  • F: erraza
  • PD: zailtasun txikikoa
  • AD: zail samarra
  • D: zaila
  • TD: oso zaila
  • ED: erabat zaila

Shahshahani edo Volo-ren eskala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordura arteko eskalak edo sailkapenak ez zuen artean zailtasuna behar adina deskribatzen, batik bat, 90. hamarkadatik aurrera, mendiko eskian freeride ("eski askea" edo pistaz kanpoko eskiari ematen zaion izena) eta "malkarretako eskia" (steep skiing -en-, sci ripido -it- edo ski de pentes raides -fr- bezala ezagutua) agertzen hasi zirenean. Materialen garapen teknologikoak eta ibilbideak aukeratzeko askatasunak gero eta eskiatzaile zailduagoak sortu zituen. Horren harira, Volopress[3] argitaletxe frantziarraren (Volodia Shanhshahani, muturreko eskiatzailearen izenetik sortua) elurretako gida topografikoetan zailtasunaren eskala berri bat sartzen hasi ziren, Volo-ren eskala izango zena.

Lorusako Kanala Itsas Alpeetan - 5.1/E3 gradukoa, edo TD-/S5. Lehen jaitsiera Heini Holzer-ek 1973ko uztailaren 7an.

Mendiko eskiko eskalarik berriena, osoena eta konplexuena da, izan ere, hiru ezaugarri hartzen ditu kontuan: igoerako zailtasuna, eskiatzeko zailtasuna eta ibilbidearen esposizioa. 3.2/F/E2 formularekin definitzen da baina batzuetan 3.2/E2 modura ere laburtu izan da, eskiatzeko zailtasuna kontuan hartu gabe, oinezko mendigoizaleentzako elurretarako gida topografikoetan.

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiko eskiko txapelketarik ezagunenak bi urtez behin jokatzen diren Mendiko eskiko Munduko txapelketa, Mendiko eskiko Europako txapelketa eta urtero jokatzen den mendiko eskiko munduko kopa dira. 2020an sartu zen lehenbiziko aldiz mendiko eskia gazteen neguko olinpiar jokoetan. Lausanan (Suitza) jokatu ziren 2020ko urtarrilean, YOG2020.

Honako kategoriak daude txapelketan:

  • Banakakoa: izenak dion bezala, bakarka jokatzen da. 1600m-tik 1900m-ra bitarteko desnibel positiboa eta negatiboa izaten dituzte gizonezkoen kategorian eta 1300m-tik 1500m-ra bitartekoa emakumezkoenean (foka-larruekin edo oinez).
  • Taldekakoa: bikoteka jokatzen da eta 1600m-tik 2100m-ra bitarteko desnibel positiboa eta negatiboa izaten dituzte.
  • Esprinta: kategoria hau berezia eta ikusgarria izan ohi da. Eskiatzaileek intentsitate fisiko handiko 100 eta 150m bitarteko desnibeleko ibilbidea egin ohi dute eta 3-4 minutuko iraupena izan ohi du. Lasterketa lau zatitan banatuta dago: irteera eskian hanketan dituztela, zati bat eskiak bizkarrean hartuta, berriz ere eskiak hanketan, eta azkenik, helmugarako jaitsiera.
  • Lasterketa bertikala: 500etik 700 metrora bitarteko desnibeleko igoera bakarra duten lasterketa motzak dira. Irteera guztiek batera egiten dute eta gailurrera iristen den lehenak irabazten du proba.
  • Errelebokako lasterketa: 3 edo 4 eskiatzailez osatutako taldeak izaten dira eta txandaka ematen dio taldekide batek besteari erreleboa. Proba azkarra izan ohi da, 10-15 minutu inguruko iraupena izaten duena. Bi igoera, bi jaitsiera eta eskiak bizkarrean eraman beharreko zati bat izan ohi ditu.

Euskal Herriko txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, lehiaketatik kanpoko proben egutegi bat eta lehiaketan sartzen diren proben egutegi bat daude. Lehian sartzen dena bitan banatuta dago: Mendiko Eskiko Euskal Herriko Kopa eta Txapelketa. Euskal Herriko Kopak gutxienez hiru eta gehienez sei proba puntuagarri ditu; bi lagunez osatutako taldeetan egin badaiteke ere, sailkapena banakakoa da beti. Euskal Herriko Txapelketei dagokienez, txapelketa bat egiten da lehiaketako modalitate bakoitzeko: banaka, bi lasterkariz osatutako taldeetan, eta erlojupeko igoera.

Lehiaketa bakoitzeko parte-hartzaileak 6 kategoria eta 4 azpikategoria hauetan banatzen dira, adinaren eta sexuaren arabera:

  • Kategoriak (gizonezkoak eta emakumezkoak):
    • Kadeteak.
    • Gazteak.
    • Seniorrak.
  • Azpikategoriak (gizonezkoak eta emakumezkoak):
    • Promesak.
    • Beteranoak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) «Site officiel de la Fédération Française de la Montagne et de l’Escalade (FFME)» FFME (Noiz kontsultatua: 2021-06-29).
  2. (Ingelesez) UIAA – International Climbing and Mountaineering Federation. (Noiz kontsultatua: 2021-06-29).
  3. «cotation toponeige - Volopress» www.volopress.net (Noiz kontsultatua: 2021-06-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]