Mercedes Lorenzo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mercedes Lorenzo

Bizitza
JaiotzaLugo1915eko abenduaren 15a
HeriotzaArrasate1996ko urtarrilaren 23a (80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakbulegaria

Mercedes Lorenzo Souto edo Sauto idatzizko testu batzuen arabera (Lugo, 1915eko abenduaren 15a - Arrasate, Gipuzkoa, 1996ko urtarrilaren 23a), egunero Bilboko Arrikibar plazako jarleku berean jezartzen zen emakumea, amorantearen esperoan ziotenez, eta "La loca de Arrikibar, Arrikibarreko zoroa eta "La eterna enamorada", Betiereko maitemindua bezala ezagutzen zutena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose eta Salvadoraren alaba, Lugon jaio zen eta gerora Bilbora joan zen bizi izatera. Bulego baten lan egiten zuen, Martini&Rossi vermut-aren ekoizleek Urkixo Zumardian zuten hartan. Kale bereko dendari bat ezagutu eta elkar maitemindu ziren. Baina ezkontzeko bidean zeudela, senargaiak harremana eten eta beste emakume batekin ezkondu zen. Mercedesek ezin izan zuen egoera berria gainditu.[1]

Arrikibar parkeko jarleku bat bere egin zuen eta egunero-egunero hantxe jartzeko ohitura hartu zuen, senargai ohiaren denda ikusteko moduko lekuan eta bide batez, zeinek esan, gizonak berak ikusi eta ahaztu ez dezan tokian. Eguna joan eguna etorri, urtea joan urtea etorri, leku berean topatzen zuten bertatik pasatzen zirenek, kale egin barik jarleku berean, buruan kapela estranbotikoak jantzita eta eskuetan beti artilezko zeozer egiten, Penelope modernoa bihurtuta, zain. Txoriek lagun egiten zioten eta jaten ematen zien berak.[2]

Bilbon bere entzutea zabalduaz joan zen eta jendeak maitasunez zoratu zela adieraziz, Arrikibarko zoroa deitzen zion. Buruko apaingarri koloretsu eta deigarrioi erreparatuta, Kapeladun zoroa deitzen zionik ere bazen. Aurpegi gozo eta irribarretsuko emakume ezohikoa, denboraren poderioz gero eta narrasago, gero eta desorekatuago ikusten zuten egunero bere atalaia ondotik pasatzen zirenek. Ospitale psikiatriko batera eraman zuten, eta gero beste batera eta hirugarren batera ere, 80 urte bete berritan 1996ko urtarrilean hil zen arte. Arrasaten zendu zen arren, bere heriotza-agiriak jasotzen duen arabera Derioko kanposantuan izan zen hilobiratua [3]

Abestia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uste denez, Mocedades musika taldeak 1981 urtean plazaratu zuen Le llamaban loca abestia Mercedesen maitasun maiteminean inspiratu zen. Jose Luis Perales musikariak idatzi zuen eta honek benetako istorio baten oinarrituta zegoela aditzera eman zuen, alargundutako emakume batena hain zuzen, baina Arrikibarrekoa ez zela guztiz argitu barik. Haren baten Mocedadesen ahotsean ezagutzera eman zelako eta hauek ere bilbotarrak zirelako, herriaren imajinarioak beti lotu zuen bilbotarturiko andratxu bitxi honekin. Izan kantuaren hedapenagatik, izan istorioaren erromantizismoagatik, Mercedes betiko lotuta geratu da Mocedadesen abestiarekin eta baita goiz zein arratsaldeetako bizileku bihurtu zuen Arrikibar plazarekin. [4]

Aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2019 urte amaieran, Arrikibar plazara zabaltzen den Azkuna Zentro kulturaleko fatxada apaintzeko, Ane Pikaza ilustratzaile bilbotarrak "Atentamente mía" izenburupean Mercedes Lorenzoren omenez egindako hiru mural jarri zituzten[4][5]
  • Bilboko pertsonai ospetsu eta bitxien zerrendetan dator, hainbat artikulu eta liburutan emanez bere berri[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Cora, José de. (2019-04-09). «Mercedes Lorenzo Souto» El Progreso de Lugo (Noiz kontsultatua: 2022-08-13).
  2. «BilbaoIzan, La loca de Arriquibar» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-13).
  3. (Gaztelaniaz) «LA LOCA DE ARRIQUÍBAR» Y entonces sucedió que................ 2022-01-21 (Noiz kontsultatua: 2022-08-13).
  4. a b «Ane Pikazak Arrikibarko zoroa zintzilikatu du Azkunan» EITB 2019-12-16 (Noiz kontsultatua: 2022-08-13).
  5. (Gaztelaniaz) Ferreira, Maialen. (2019-11-18). «"La loca de Arriquibar" vuelve a su plaza» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-13).
  6. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2021-01-05). «'De Bilbao ¡¡Ahivalahostia!!'» www.kulturklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-13).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]