Metaliteratura
Metaliteratura literatura literaturaz mintzo denean erabiltzen den hitza da. Poema baten barnean poesiari buruzko gogoetak nahiz kritikak sartzen direnean, edo narrazio batean kontatzeko moduari buruz idazten denean, edo antzerki batean antzezlana bera gai bihurtzen denean (mundua antzoki handi batekin parekatuz edo).[1]
Literatura modernoan, ugari hedatu da joera metaliterarioa: Borges izan da, besteak beste, metaliteratura gehien baliatu dutenetakoa; Borgesentzat, errealita tea liburutegi handi bat besterik ez da, eta liburutegi handi hori irakurtzea da Borgesen ibilbidea, non maila berean biltzen diren aipu zehatzak eta aipu aizunak, irudimena nagusi den mundu hitzezkoan.[1]
Euskal literaturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal literaturan, Joseba Sarrionandiak jokabide hori arras landu du (Ni ez naiz hemengoa liburuan adibidez): autore horrek poesian zein narrazioan literaturari buruzko gogoeta anitz sartzen du, eta literatura unibertsaleko adibide ugariz hornitzen ditu gogoeta horiek. Bernardo Atxagaren lanetan ere baliabide nabaria da; Etiopia, azken batean, poesiari eta, orokorki, literaturari buruzko gogoeta bat da.[1]
Ramon Saizarbitoriarengan beste modu batean agertzen da jokabide hori, baina hor dago: izan ere, zer kontatuarekin bezainbat nola kontatuarekin esperimentatzen du bere nobeletan; gertakizunei buruzko nobelak baino gehiago gertakizunek duten errainu literarioari buruzko esperimentazioak direla esan liteke. Anjel Lertxundirengan ere badago horrelakorik; Otto Pette eleberria, eta “Ifrentzuak” sailean atera dituen Azkenaz beste (1994) eta gainerako liburuek tradizio literario baten irakurketa dira, non errealitatea literaturaren galbahetik iragazirik agertzen baita, eta, beraz, errealitateari buruzko gogoeta literaturari buruzko gogoetarekin batasun ezin hautsian ematen. Atxagaren Obabakoak (1988) liburuan ere metaliteratura eten gabe agertzen da, eta idazteari berari buruzko gogoetak darama liburuaren haria, azken aldera areagotuz, gainera. Joxe Austin Arrietaren Manu militari ere metaliteratura saio baten emaitza da.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d «metaliteratura - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-11-01).