Metro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau luzera unitateari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Metro (argipena)».

Metroa (ikurra: m) distantziak (edo "luzerak", zientzia fisikoen hizkeran) neurtzeko Nazioarteko Unitate Sistemako oinarrizko unitatea da. Metroaren oraingo definizioa hurrengoa da: argiak segundo baten 299.792.458renean (1/299.792.458) hutsean ibilitako bidearen luzera da.

Definizio horrek ez du unitatearen tamaina aldatzen (ikus Historia beherago), baina luzera eta denbora doitasun handiz bikoiztea ahalmentzen duten neurtzeko tekniketan izandako aurrerapen berriak kontuan hartzeko sartu zen (1013rainoko doitasuna denboraren kasuan).

Metro batek, gutxi gorabehera, 39,37 hazbete ditu (3,28 oinbete).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metroaren eredua, 36 rue de Vaugirard, Paris

Mendeak joan, mendeak etorri, metroa definitzeko moduak aldatuz joan dira:

  • 1793: Ipar polotik Ekuatorerainoko distantziaren 1/10.000.000a.
  • 1795: Letoiz egindako behin-behineko metro txantiloiaren luzera.
  • 1799: Platinoz egindako behin betiko metro prototipoaren txantiloien luzera.
  • 1889: Platinoz eta iridioz egindako nazioarteko metro prototipoaren X formako "cross-section"arekin egindako txantiloiaren luzera,.
  • 1960: Kriptonaren espektroan oinarritutako definizioa: 1.650.763,73 kripton-86 atomoaren 2p10 eta 5d5 mailen arteko iragaiteari dagokion erradiazioaren uhin luzera hutsean.
  • 1983: Argiaren lastertasunean oinarritutako definizioa: segundo baten 1/299.792.458an argiak hutsean ibilitako distantzia.

Izena bera grezierazko metron (μετρον) hitzetik dator, "neurri bat", frantsesezko mètre hitzaren bitartez. XVIII. mendean, luzera unitate estandarra definitzeko hurbiltze bi zeuden zabalduta. Bataren arabera metroa segundo bateko periodo erdia zuen pendulu baten luzera izan behar zuen. Bestearen arabera, metroa Lurreko meridiano laurdenaren luzeraren hamar miloirena izan behar zen. 1791ean, Frantziako Zientzien Akademiak meridianoan oinarritutako definizioa aukeratu zuen, Parisko meridianoa erabiliz, eta ez penduluaren periodoan oinarritutakoa, lur azalean, tokiaren arabera, grabitatearen indarra guztiz berdina ez delako eta, horren ondorioz, ezta penduluaren periodoa ere.

Metro patroia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platino-iridioz egindako Metroaren Nazioarteko Prototipoa deitutako txantiloi estandarra. hau izan zen estandarra 1960arte, orduan SI sistema berriak kriptonaren espektroko neurketa erabili zuen oinarri. 1983an oraingo metro definizioa eratu zen, argiaren abiadura hutsean oinarri hartuz. (NIST)

1793ko abuztuan, Frantziako Gobernu Errepublikarrak luzera unitate estandarra Parisetik igarotzen zen meridiano laurdenaren hamarmiloirena (a) izango zela eta bere izena mètre izango zela ebatzi zuen. Bost urte geroago aukeratutako arkuaren ikerketa amaitu zen eta hiru platinozko txantiloi eta burdinazko kopia batzuk egin ziren. Geroago egindako azterketek meridiano laurdenaren luzera txarto neurtuta zegoela (Lurraren lautasuna txarto kalkulatu zelako) eta, horren ondorioz, metroaren lehenengo prototipoa milimetro baten bosten bat laburregia zela erakutsi zuten. ratioa mantentzeko metroaren luzera aldatu beharrean, metroa barra batean egindako marra biren arteko distantzia legez definitu zen. Beraz, poloetatik igarotzen den Lurraren zirkunferentziaren luzera dagoeneko ez da zehazki berrogei miloi metrokoa.

Dena den, XIX. mendearen bukaera aldean, Frantzian gordetako txantiloiak oinarritzat harturik, nazioarteko batzorde bat antolatu zen, modu ofizialean mundu osoko zientzialariek metro patroia eta kilogramo-patroia zehazki definitzeko eta onartzeko. Horrela, garai hartako gerrak eta arrazoi politikoak tarteko, ordura arteko Frantziaren kontrolpean egondako sistema metrikoa Nazioarteko Erakunde baten eskuetara pasatu zen, nahiz bulegoak Parisen egon.

1870eko hamarkadan, lortutako zehaztasun berriaren ondorioz, neurtzeko estandar berriak garatzeko nazioarteko konferentzia batzuk izan ziren. 1875eko Metroaren Tratatuak (Convention du Mètre) Sèvresen (Frantzia) kokatua izango zen Pisu eta Neurketen Nazioarteko Bulego iraunkorra (Bureau international des poids et mesures, BIPM) sortzea agindu zuen. Erakunde berri honek gordeko zuen metroaren eta kilogramoaren prototipo berriak, eginda egon eta gero; eta egingo zituen euren eta nazioetako beste prototipoen konparaketak. Erakunde horrek 1889an beste prototipo berri bat sortu zuen, Metroaren Nazioarteko Prototipoa ehuneko laurogeita hamar platinoz eta ehuneko hamar iridioz osatutako metal nahasturaz egindako barra estandarrean zeuden marra biren arteko distantzia legez finkatuz.

Metro-patroi berriaren txantiloia ixa formako sekziodun barra bat izan zen. Forma hori eman zitzaion neurketak egitean flexioaren efektua murrizteko. Materiala platino-iridiozko aleazioa zen. Barra hartan grabaturik zeuden bi marka paralelo, eta horien arteko distantziak determinatzen zuen zehazki metroaren luzera, neurketa egiteko barra 0 °C-ko tenperaturan egonik. Kilogramo-patroia ere material bereko zilindro batez eraiki zen. 

Txantiloi horiek munduko herrialdeetara zabaltzeko, Londresko enpresa batek hogeita hamar metro-prototipo eta berrogei kilogramo-prototipo fabrikatu zituen. Azkenik, 1889ko Pisu eta Neurrien Batzar Orokorrean (CGPM siglaz ezaguna, frantseseko Conférence générale des poids et mesures izenetik), mundu guztiko zientzialariek metro-patroi  eta kilogramo-patroi nazioarteko modura onartu zituzten prototipo haietako 6 zenbakidun barra eta X letradun zilindroa, eta prototipo horiek Parisko bulegoan gorde ziren. Gainerako kopiak parte hartutako estatuen artean banatu ziren, lurralde bakoitzeko patroi modura erabiliak izateko.

Kilogramo-patroiaren txantiloia, zilindro-forman platino-iridiozko aleazioaz egina.

Metro-patroia nazioarteko araua izan da 1960. urtera arte. Izan ere, definizio zehatzagoa egiteko asmoz, urte horretan metroa birdefinitua izan zen, kripton-86 isotopoaren erradiazioaren uhin-luzeran oinarriturik. Eta azkenik, 1983an, 17. Konferentzia Nagusiak definizio hori ere baztertu zuen, azken definizioa onartuz, zeinaren arabera metroa argiak hutsean 1/299 792 458 segundoan egiten duen ibilbidearen luzera den.


Uhin-luzera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1893an, gailuaren asmatzailea eta distantzia estandarra definitzeko argiaren uhin-luzera bat erabiltzearen bultzatzailea zen Albert A. Michelsonek neurtu zuen lehenengoz metro estandarra interferometro baten bidez. 1925rako, interferometria sarritan erabiltzen zen BIPMan. Hala eta guztiz ere, 1960arte Metroaren Nazioarteko Prototipoa jarraitu zuen izaten metroaren estandarra. Metroaren nazioarteko lehenengo prototipoa oraindino mantentzen da BIPMan 1889an zehaztutako egoeran.

1960an, hamaikagarren Pisu eta Neurketen Konferentzia Orokorrak (CGPM, Conférence générale des poids et mesures) honela definitu zuen metroa SI sistema berrian: 1,650,763.73 bider kripton-86 atomoaren espektroko laranja-gorri emisio linearen uhin-luzera hutsean.

Argiaren-abiadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zehazgabetasuna areago txikitzeko, 1983ko hamazazpigarren CGPMak metroaren definizioa oraingo definizioarekin ordezkatu zuen, metroaren luzera denbora eta argiaren abiaduran oinarrituz:

Metroa argia segundo baten (1/299.792.458)ean hutsean ibilitako bidearen luzera da.

Kontuan hartu definizio horrek zehatz finkatzen duela argiaren lastertasuna hutsean 299,792,458 metro segundokotan. Argiaren propietate fisikoetan oinarritutako definizioak zehatzagoak eta bikoizteko errazagoak dira, argiaren propietateak aldaezintzat hartzen direlako.

Magnitude mailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Dezimetroa (sinboloa: dm) metroaren hamarrena da. Apur bat zaharkituta egon arren, oraindik erabiltzen da arlo batzuetan, cmetan neurtzea zehatzegia delako.
  • Zentimetroa (sinboloa: cm) metroaren ehunena da.
  • Milimetroa (sinboloa: mm) metroaren milarena da.
    • mm batek, gutxi gorabehera, 0,03937 hazbeteren luzera du.
    • Egindako euriaren kopurua ere mmetan ematen da, eurigailuan neurtu bezala.
  • Mikrometroa (sinboloa: µm) metroaren milioirena da (1×10−6 m)
    • Batzuetan "um" sinboloa erabiltzen da, µ eta μ erabiltzeko aukera ez dagoenean, adibidez, idazmakinaz idazterakoan.
    • Mikrometroa erradiazio infragorriaren uhin luzeraneurtzeko ohikoa da.
    • Batzuek (batez ere astronomian eta erdieroaleen industrian) antzinako mikra edo mikroi izenak eta/edo µ ikurra bakarrik erabiltzen dituzte izen eta ikur ofizialen ordez, nahiz eta era ofizialean ez egokitzat hartuta egon. Ofizialak izan ziren 1879tik 1967 arte.
    • Mikrometro neurriak hartzeko gailu baten izena ere bada.
  • Nanometroa (sinboloa: nm) is 1.0×10−9 metro
    • besta gauza batzuen artean argi ikusgaia (400 nmtik 700 nm arte), erradiazio ultramore eta gamma izpien uhin-luzerak neurtzeko usu erabiltzen da.
    • Testu zaharretan (e.b. 1958 baino lehenago idatzietan, alegia), nma batzuetan, lehengo "mikron" izenean oinarrituta, "mµ" edo "milimikron" legez agertzen da. SIan ez dira onartzen aurrizki bikoitzak eta gaur egun inoiz ez dira ikusten edo entzuten horrelako ikur eta izenak.
  • Pikometroa (sinboloa: pm) 10−12 metro.
    • Atomoen neurriko distantziak neurtzeko sarritan erabilia; atomoen diametroak ~30pm eta 600pm artean daude.
  • Femtometroa (sinboloa: fm) 10−15 metro.
    • Atomoen guneen diametroak neurtzeko maiz erabilia. Atomo baten gunearen diametroa 15fmak artekoa da. Neutroien eta protoien diametroak gutxi gorabehera 1fmkoak dira.
    • Enrico Fermi fisikaria dela eta, partikulak ikertzen dituzten fisikarien hizkeran femtometroa askotan fermi izena hartzen du (simboloa: femtometroarena).
  • Attometroa (sinboloa: am) 10−18 metro, hau da metro baten triloirena.
    • Elektroi baten erradioa gutxi gorabehera 1amkoa dela suposatzen da.
  • Zeptometroa (sinboloa: zm) 10-21 metro, hau da, metro baten triliarrena.
  • Yoktometroa (sinboloa: ym) 10-24 metro, edo metro baten quadriloirena.

Unicode[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unicodek "cm" (㎝), zentimetro karratu (㎠) eta zentimetro kubiko (㎤)entzako sinboloak ditu; baita "mm" (㎜), milimetro karratu (㎟) eta milimetro kubiko (㎣)entzakoak ere; baina Asiako sortaldeko zabalera tinkoko CJK fonts-ekin bakarrik erabil daitezke, ikur txinatar baten tamainakoak direlako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • A Dictionary of Scientific Units - including dimensionless numbers and scales. 5th Edition 1986. H.G. Jerrard and D.B. McNeill.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Metro Aldatu lotura Wikidatan