Edukira joan

Meum athamanticum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Meum athamanticum
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaApiales
FamiliaApiaceae
GeneroaMeum
Espeziea Meum athamanticum
Jacquin, 1776

Meum athamanticum Apiaceae familiako landare biurterokoa da. Europa mendebaldeko eta erdialdeko mendilerrotan aurkitzen da. Euskal Herrian ere badago, baina oso urria da eta galtzeko arriskuan dago.

Landareak usain berezia igortzen du. Euskaraz hainbat izen ematen zaizkio; mendiko perrexila, hartz-ezamihilua eta hartz-mihilua, besteak beste.[1]

Nikolaus Joseph von Jacquin botanikari herbeheretar-austriarrak deskribatu zuen Zientziarako 1776an, hark idatzitako Florae Austriaceae liburuan.[2]

Meum generoaren espezie monotipikoa da.

Sinonimoak:[3]

  • Athamanta meum L. Sp. Pl. 245 (1753)
  • Meum labranum Gand. in Bull. Soc. Bot. France 45: 601 (1898)
  • Meum nevadense Boiss. Voy. Bot. Espagne 2: 732 (1845)

Sustrai lodi haragitsua du, 13 cm luze eta 2-4 cm-ko lodiera duena. 1-3 zurtoin ateratzen ditu, 10-40 cm arteko altuera hartzen dutenak eta 0,6 cm-ko diametrodunak. Oinarrian zuntz arre ugarik babesten dituzte zurtoinak.[3]

Oinarritik 5-10 hosto ateratzen dira 15-23 cm-ko luzera hartzen dutenak, linbo pinatisektatua dutenak eta hari itxurako egituretan amaitzen direnak.[3]

Apiazeoetan ohikoak diren aterkin itxurako umbelatan multzokatzen dira loreak. Umbela horiek 7-10 erradio izaten dituzte, eta erradio bakoitzaren puntan berriz adarkatzen da[4]. Alboetako loreak arrak izaten dira eta erdigunekoak emeak. Loreak txikiak dira, 2x1,5 mm-ko bost petalo dituzte, batzuetan kanpoaldeko loreen petaloak arroxak izaten dira.[3] Kalizik ez dute.

7-10 x 3 mm neurtzen dituzten fruituak sortzen ditu, hasieran berdeak eta heltzen direnean marroiak.[3]

Meum athamanticum saila

Lurzoru sakona duten mendialdeko larretan aurkitzen da, 900 metrotatik gora[1]. Karezko lurzoruetan inoiz aurkitzen da, beti ere azidotasuna badu, azidofiloa baita.[5]

Ugalketa eta bizi-zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare bizikorra da, hemikriptofitoa. Ekaina eta abuztua artean loratzen da[3] eta iraila arte ateratzen ditu fruituak.[5]

Euskal Autonomia Erkidegoan hiru populazio aurkitu dira, guztira 250 ale inguru, Ordunten[6], Gorbeian eta Aizkorri-Aratzen. Azken honetan Zaraia mendilerroan aurkitu zen, Araotz aldean, baina azken urteetan ez da berriz ikusi. Ordunte eta Gorbeiako larreak gaiera mendiko ganaduaren larre gisa erabiltzen dira[1]. Nafarroan Artikutza aldean bada populazio bat eta pentsatzekoa da Aiako Harriaren inguruan ere egongo dela.[7]

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Meum athamanticum-aren siropea.

Meum athamanticum landarearen sendabelar erabilera antzinakoa da. Karlomagnoren Capitulare de villis vel curtis imperii akta legegilean hainbat belar mota landatzeko agintzen da, tartean "ameun" izeneko bat, gaur egun Meum athamanticum gisa identifikatzen dena.[8]

Oraindik ere hostoak sendabelar gisa erabiltzen dira etxean egindako erremedio diuretikoak sortzeko, hilerokoaren eta umetokiko minak arintzeko, katarroa, histeria eta urdaileko minak tratatzeko.[9]

Sukaldaritzan ere erabili izan den landarea da. Eskozian landatu egin zen haren sustraiak jateko eta hosto usaintsuak janariaren zaporeak apaintzeko erabiltzen ziren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-01-08).
  2. «Tropicos» www.tropicos.org (kontsulta data: 2025-01-08).
  3. 1 2 3 4 5 6 (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Meum athamanticum Jacq.» Naturaleza y turismo (kontsulta data: 2025-01-08).
  4. (Gaztelaniaz) «Meum athamanticum Jacq.» Herbari Virtual del Mediterrani Occidental (kontsulta data: 2025-01-08).
  5. 1 2 Herbario de Jaca - Meum athamanticum. Gobierno de Aragón.
  6. Karrantza Harana / Valle de Carranza-ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (Bizkaia). Bizkaia.eus.
  7. Iñaki Aizpuru, Ibon Tamaio, Pedro Mª Uribe-Echebarría, Joseba Garmendia, Leire Oreja, Javier Balentzia, Santiago Patino, Amador Prieto, Idoia Biurrun, Juan Antonio Campos, Itziar Garcia, Mercedes Herrera. (2010). Lista roja de la flora vascular de la CAPV. Eusko Jaurlaritza - Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila, 210 or..
  8. (Gaztelaniaz) Emisora Habana Radio » Hierbas, frutos, verduras, fibras textiles: “Capitulare de villis vel curtis imperii”. (kontsulta data: 2025-01-08).
  9. Usher, George. (1974). A Dictionary of Plants Used by Man. Pub.Constable,London.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]