Mexiko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mexikoko Estatu Batuak
Estados Unidos Mexicanos
Mexikoko bandera
Bandera

Mexikoko armarria
Armarria

Goiburua: Ez du
Nazio ereserkia:
Mexikoko ereserki nazionala
Mexiko: kokalekua
Hiriburua Mexiko Hiria
19°03′N 99°22′W / 19.050°N 99.367°W / 19.050; -99.367Koordenatuak: 19°03′N 99°22′W / 19.050°N 99.367°W / 19.050; -99.367
Hiri handiena Mexiko Hiria
Hizkuntza ofiziala(k) Gaztelania1 de facto
Gobernua
Presidentea
Errepublika federala
Enrique Peña Nieto
Independentzia
- Aldarrikatua
- Onartua
Espainiatik
1810 irailaren 16
1821 irailaren 27
Eremua
• Guztira
• Ura

1.964.375 km² (13.)
% 2,5%
Biztanleria
• Zenbatespena(2010)
• Errolda (2000)
• Dentsitatea

Herritarra

112.000.000 (11.)
97.483.412
54,3 biztanle/km² (117.)

mexikar[1]
Dirua Mexikar pesoa (MXN)
Ordu eremua UTC (UTC -8 > -6)
Interneteko domeinua .mx
Telefono aurrezenbakia +52
1ez dago gaztelaniaren ofizialtasuna aldarrikatzen duen legerik, baina dokumentu ofizial guztietan hizkuntza hori soilik erabiltzen da. Beste 60 hizkuntza ere badira, biztanleen % 8k mintzatuak.

Mexiko[1] (gaztelaniaz: México, ˈme.xi.ko ahoskatua) Ipar Amerikako hegoaldeko estatua da. Ozeano Barearen eta Ozeano Atlantikoko Mexikoko Golkoaren artean dago. Iparraldean Ameriketako Estatu Batuak daude eta hegoaldean Guatemala eta Belize. Estatu hispanofono populatuena da. Hiriburua Mexiko Hiria da, munduko handiena eta bigarren populatuena.

Herrialdearen izena nahuatl hizkuntzako Mexihko hitzetik datorkio, hots, Ilargiaren zilborraren lekua.

1.964.375 km2 ditu eta 112.000.000 biztanle (2010eko zenbatespena, mexikarrak). Dirua peso mexikarra da.

Latinoamerikako herrialde handienetakoa da Mexiko: hedaduraz hirugarrena, eta bigarrena, biztanle kopuruaren arabera.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Mexikoko geografia
Mexiko satelite irudian.

Mexiko Ipar Amerikako hegoaldean dago. Geologiaz, Yucatan penintsula (estatuaren % 12) Erdialdeko Amerikan dago, bien arteko banaketa Tehuantepec istmoa baita. Hala ere, geopolitikaz, Mexiko ez da Erdialdeko Amerikako herrialdetzat jotzen, Belize eta Guatemala ez bezala.

Mexiko 1.964.375 km² luze-zabal da, 6.000 km² inguru uharteak barne. Uharteok Ozeano Barean (Guadalupe eta Revillagigedo uharte urrunak gehituta), Mexikoko Golkoan eta Karibe itsasoan daude. Iparraldeko muga Estatu Batuekin 3.141 km luze da eta hegoaldean, 871 km Guatemalarekin eta 251 km Belizerekin.

Orografia eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pico de Orizaba elurtua, Mexikoko mendirik garaiena.

Bi mendilerrok zeharkatzen dute herrialdea ipar-hego, Ekialdeko Sierra Madre eta Mendebaldeko Sierra Madre, Estatu Batuetako Mendi Harritsuen jarraipena. Ekialdetik mendebaldera, erdialdean, Ardatz Neobolkaniko mendilerroa dago, jatorri bolkanikoa duena. Laugarren mendilerro bat, Hegoaldeko Sierra Madre, Michoacán estatutik Oaxacara doa. Hori guztia dela-eta, Mexikoko erdi eta iparraldeko lur gehienak garaiera handian daude. Gailur nagusiak Ardatz Neobolkanikoan daude: Pico de Orizaba (5.700 m), Popocatepetl (5.462 m), Iztaccihuatl (5.286 m) eta Nevado de Toluca (4.577 m).

Mexikoko lurraldea, hortaz, menditsua da, baina alde handiak ditu toki batetik bestera. Esandako bi mendikate horien artean goi-ordoki zabal bat dago, Mexikoko lurraldearen hiru laurdenak hartzen dituena. Goi-ordoki horretara iristen diren ibai batzuen ura ez da itsasora iristen, hango sakonuneetan geratzen baita. 900-1.200 m-ko garaiera du iparraldean, eta 2.000-2.700 m-koa hegoaldean. Beste mendikate batek, Zeharkako Sumendi-kateak, alderik alde zeharkatzen du Mexikoko hegoaldea, eta goi-ordokia mugatzen du hegoaldetik; mendikate horretan daude Mexikoko mendi garaienak: Citlaltepetl edo Orizaba (5.700 m), Popocatepetl (5.452 m) eta Izatccihuatl (5.286 m) sumendiak. Inguru horietan lurrikarak izateko eta sumendiak pizteko arrisku handia dago. Ekialdeko itsasbazterra zabala eta zuzena da, zelaia eta hareatsua; mendebalekoa, berriz, estutuz doa iparraldetik hegoaldera, zelaia da eta, tarteka, zimurragoa. Bi penintsula daude Mexikon, Kalifornia Behereko penintsula ipar-mendebalean eta Yucatango penintsula hego-ekialdean. Kalifornia Behereko penintsula luze meharra da, eta bere luzera osoan mendiek alderik alde zeharkatzen dute (Encantada, 3.069 m); mendebaleko itsasbazterreko erdialdean zabalgune bat du, ia osorik Vizcaino basamortuak hartzen duena. Penintsularen eta kontinentearen artean Kaliforniako golkoa edo Cortés-en itsasoa dago. Yucatango penintsula ia itsasoaren mailan dagoen kare-harrizko ordoki zabal bat da, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa bereizten dituena. Tehuantepec-eko istmoa muino txikiez osatua dago, eta adituen ustez, Ipar Amerikaren eta Erdialdeko Amerikaren arteko muga naturala da. Istmotik ekialdera Chiapas-eko Sierra Madre mendikatea eta Guatemalan barrena sartzen diren Soconusco-ko mendiak (Tacana sumendia, 4.093 m) daude. Hegoaldeko itsasaldearen norabide berean Hegoaldeko Sierra Madre eta Oaxacako Sierra Madre mendikateak daude, Zeharkako Sumendi-katetik Balsas ibaiak bereizten dituena. Ozeano Barean, itsasaldetik 725 bat km mendebalera, sumendi jatorriko Revillagigedoko uharte txikiak daude.

Ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ura Mexikoko golkora isurtzen duten ibaien artean hauek dira nagusiak: Bravo edo Grande del Norte (3.540 km), 1.455 km-tan Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga dena eta Conchos eta Salado ibaien ura jasotzen duena, Panuco (600 km), Papaloapan (450 km), eta Guatemalan jaiotzen diren Grijalva (650 km) eta Usumacinta (1.000 km) ibaiak. Ozeano Barean, ura Kaliforniako golkora isurtzen dute Colorado, Sonora, Yaqui eta Fuerte ibaiek; Lerma ibaiak Chapala aintzirara lehendabizi eta gero, Grande de Santiago ibaiaren bidez, ozeanora isurtzen du; Balsas ibaiak (771 km) Zeharreko Sumendi-kateko hegoaldeko urak bideratzen ditu. Nazal (580 km) eta Aguanaval (500 km) ibaiak goi-ordokian, Torreon hiriaren inguruan, barneratzen dira.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharteen badia (Chamela, Jalisko).

Klimari dagokionez alde handiak daude lurraldean toki batetik bestera, Mexikoko klima eragile askoren mendean baitago. Kantzerko tropikoak bitan banatzen du lurraldea ia erdi-erditik, eta beraz, klima epela dagokio iparraldeari eta tropikala hegoaldeari. Oro har, iparraldean eta erdialdean alde handiak izaten dira urte sasoi batetik bestera; hegoalde tropikalean, berriz, ez dago ia aldaketarik; ipar-mendebala idorra da, oso negu hotzak eta oso uda beroak ditu; Erdialdeko goi-ordokian bai neguak bai udak samurrak izaten dira. Bestalde, garaiera alde handiak daude Mexikon, eta klima ere aldatuz doa garaieraren arabera; mendi garaien arteko bailaratan mikroklimak sortzen dira. Ozeano Barearen eta Altantikoaren eragina ere handia da zenbait tokitan. Ozeano Bareko eta Mexikoko golkoko uren beroak udan zehar haize hezea eta, ondorioz, euria dakar; lurralde beroetan euri sasoiak luze iraun dezake baina toki gehienetan ekainetik urria arte izaten da euria; hala ere alde handiak daude toki batetik bestera: Chiapas-ko goi-ordokietan euria 5.000 mm-tik gora izan daiteke urtean, ekialdeko itsasaldean 2.500 m, eta 200 mm baino gutxiago Mapimi-ko sakonunean, Sonorako basamortuan eta Kalifornia Beherean; gehienetan euri erauntsiak izaten dira, laburrak eta indar handikoak, kazkabarrarekin batera askotan. Zortzi klima mota bereizten dira Mexikon, klima tropikal euritsuaren eta mendi gailurretako klima polarraren artean, baina, laburbildurik, klima ezaugarri nagusi arabera, era honetara sailka daiteke lurraldea: lurralde beroa 700 m-tatik behera (25 °C), lurralde epela 700-1.700 m bitartean (19 °C), lurralde hotza 1.700-2.100 m bitartean (17 °C) eta lurralde izoztua mendi gailurretan (10 °C-tik behera).

Landaredia klima motaren eta garaieraren araberakoa da, eta oro har, urriagoa da iparraldera ahala. Iparraldeko, ipar-mendebaleko eta erdialdeko lurralde idorretan kaktusa, henekena eta mandioka hazten dira batez ere. Hegoaldean eta ekialdean, Yucatango penintsulan eta mendebaleko itsasaldean oihan tropikala eta sabana tartekatzen dira. Hego-erdialdeko eta Sierra Madre mendietan pinu, izai, zedro, arte eta haritz zuhaiztiak daude. Mexikoko hegoaldeko itsasaldean mangle zuhaiztiak daude batez ere.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean, Estatu Batuak; ekialdean, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa; hego-ekialdean, Belize eta Guatemala; hegoaldean eta mendebaldean, Ozeano Barea.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirigune handienak aipatutako lau gailurren arteko haranetan daude: Toluca, Mexiko Hiria eta Puebla.

Horiez gain, hiri handienak Guadalajara, Ciudad Netzahualcoyotl, Monterrey, Leon, Juarez, Tijuana, Merida eta Chihuahua dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Mexikoko historia

Konolaurreko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chichen Itza

Mexikon gizakia bizi izan zela frogatzen duten aztarnak antzinakoak dira. K. a. 5000. urte inguruan nekazaritzan oinarritutako kulturak bizi ziren, eta haien ondoren beste jasoago batzuk sortu ziren, gizarte eta politika egituratua zutenak eta monumentu ikusgarriak eraiki zituztenak: olmekak, maiak, Teotihuacango zibilizazioa, zapotekak, huastekak, toltekak, mexikak edo aztekak, taraskoak, totonakak, mixtekak.

Espainiar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izamal herriko eliza.

1519an, Espainia orain Mexiko den lurraldea konkistatzen hasi zen, Ameriketako konkista kanpaina nagusietakoa. Bi urte geroago, 1521ean, azteken hiriburu zen Tenochtitlan hartu zuten espainiarren eta tlaxkalteken arteko koalizioak (tlaxkaltekak azteken etsai nagusiak ziren). Horrela, 300 urteko aginte espainiarra ezarri zen. Mexiko Hiria Espainia Berriko erregeordetzako hiriburua izan zen, Espainiar Inperioko lehen hornitzailea, herrialde populatuena eta Ipar Amerika, Karibe eta Filipinetako aginte gunea. Hala bada, Mexikoko gizartearen oinarria garatuz joan zen eta bertakoen eta europar kulturen nahasketa berezia sortuz.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1810eko irailaren 16an, berriz, Miguel Hidalgo apaizak Mexikoren independentzia aldarrikatu zuen Dolores herrixkan (Guanajuato). Independentista errepublikazaleen eta Espainiari leial zirenen arteko gerra luzea hasi zen. 1824an herrialdeko lehen konstituzioa indarrean jarri zen, Mexikoko Estatu Batuak izenpean, sistema federala ezarriz. Hala ere, federalisten eta zentralisten arteko liskarrak sortu ziren, Texas eta Yukatan estatu burujabeak zirela aldarrikatzeraino, 1836an. 1845ean Ameriketako Estatu Batu sortu berriak Texas beregenatzen saiatu ziren, eta hori zela kausa, Mexikori gerra egin zioten. AEBak izan ziren garaile eta Kalifornia, Arizona, Mexiko Berria, Colorado eta Nevada estatuez eta Utaheko eta Wyomingeko zenbait zatiz jabetu ziren.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1910eko azaroaren 20an Mexikoko Iraultza hasi zen, Porifiro Diaz jeneralaren aurka burututakoa, tartean Francisco Madero, Pancho Villa eta Emiliano Zapata matxino zeudela. Urte batzuen ondoren, iraultzaren botere guztiak bateratu nahian Alderdi Nazional Iraultzailea sortu zen (Partido Nacional Revolucionario) Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren antzindaria (Partido Revolucionario Institucional, PRI). Alderdi honek Mexikon eragin nagusia izan zuen, 70 urtez botereko ia maila guztiak betez.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Mexikoren banaketa administratiboa

Mexikoren izena Mexikoko Estatu Batuak da, 31 estatuk eta Barruti Federal batek (Mexiko DF)k osatzen dutelako. Estatu bakoitza 3 kidek ordezkatzen dute senatuan dago. Haietako bi zuzenean aukeratzen dira eta bestea, ordezkaritza politikoaren arabera.

Mexikoko estatuak

Estatu bakoitza librea da bere barne politika zehazteko.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikoko talde indigena nagusiak
Taldea Biztanleria
Nahuatlak 2.445.969
Maiak 1.475.575
Zapotekoak 777.253
Mixtekoak 726.601
Otomiak 646.875
Totonakak 411.266
Tzotzilak 406.962
Tzeltalak 384.074
Mazahuak 326.660
Mazatekoak 305.836
Iturria: CDI (2000) [1]

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala: gaztelania.

Gizatalde nagusiak: mestizoak % 65; amerindiarrak % 18; zuriak % 16; bestelakoak % 1.[2]

Erlijioa: katolikoa % 89; protestantea % 6; batere ez % 2,8.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikoko hizkuntza ofiziala gaztelania bada ere, indiar asko, goi-ordokiko uto-aztekak, Oaxacako mixteak, Tehuantepec istmoko zapotekak, Yucatango eta Chiapas-eko maiak adibidez, beren jatorrizko hizkuntzetan ere mintzatzen dira. Nekazaritzaguneetan bizibidea nekez atera daitekeenez, eta nahiz eta hirietan ere irabazpiderik ez izan, jende asko hirietara joan da, (biztanleen % 75 hirietan bizi da), batez ere, Mexiko hirira, Monterreyra eta Guadalajarara, eta azken urteetan iparraldeko industria hirietara (Tijuana) eta turismoguneetara (Cancún). Mexikoko hiriburua munduko hiririk jendetsuena da, eta aldirietan txabola auzo handiak daude, oinarrizko azpiegiturarik ere ez dutenak. Biztanleriaren hazkunde tasa oso handia zela ikusirik, jaiotza tasa kontrolatzeko neurriak hartu behar izan zituen gobernuak, eta horrela lortu du hazkundea geldiaraztea (% 0,99koa izan zen 2005ean). Bestalde, mexikar asko Estatu Batuetara joan izan da lan eta bizi baldintza hobeen bila; gaur egungo kalkuluen arabera, 38 milioi mexikar edo mexikarren ondorengo bizi dira Estatu Batuetan. Munduko herrialderik handiena da, eta biztanle dentsitate handienetakoa duena, eta desberdintasun nabarmenak daude eremu batzuen eta besteen artean, giza garapena adierazten duten adierazleei dagokienez; badira Alemaniaren mailako eremuak, eta baita Burundiren mailaz gorago iristen ez direnak ere. Gizarte arazo nagusietako bat narkotrafikoa da eta horri loturiko delinkuentzia da.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikoko hizkuntza nagusiak1
Mapa de lenguas de México + 100 000.png
Hizkuntza Hiztunak
Nahuatla 1.659.029
Maia 892.723
Mixtekoa (Tu'un sávi) 510.801
Zapotekoa (Binizaa) 505.992
Tzotzila (Batsil k'op) 356.349
Tzeltala (K'op o winik atel) 336.448
Otomia (Hñä hñü) 327.319
Totonaka (Tachihuiin) 271.847
Mazatekoa (Ha shuta enima) 246.198
Huastekoa (Téenek) 173.233

1 Ez da gaztelania azaltzen, biztanleriaren %97ak mintzatua

Iturria: CDI (2000) [2]
Sakontzeko, irakurri: Hispanofonia

Mexikon gaztelania da de facto ofiziala. Hala ere, Herri Indigenen Hizkuntza Eskubideen Lege Nagusiaren arabera, gaztelania eta 65 hizkuntza indigena "nazional" izendatzen eta aitortzen dira.

Biztanleriaren % 7 hizkuntza indigenaren batean mintzatzen da. Hedatuenak maia iukatekoa eta nahuatla dira: batera, 2 milioi hiztun dituzte. Beste aldean, maia lakandona dago, ehun hiztun baino gutxiago dituena. Indigena asko elebidunak dira.

Talde etnikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuak ez ditu talde etnikoak inongo era zehatzetan zenbatzen. Herri Indigenen Garapenerako Komisioak (CDI) 65 talde etniko hartzen ditu aintzat, hizkuntzaren arabera sailkatuak. Nagusiak nahuatlak eta maiak dira.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikoko ekonomiak pribatizazio prozesu lasterra izan zuen 1980ko hamarraldiaz geroztik. Industria da sektore nagusia Mexikoko ekonomian, eta sektore horrek biltzen ditu, hain zuzen, esportazioen hiru laurdenak. Mexikon eraiki zen Latinoamerikako lehen labe garai modernoa (Monterrey, 1900). Bi aldi nagusi izan dira Mexikoko ekonomiaren garapenean: lehenengoa, 1940-1973 urteen bitartean izan zen eta estatu sozialismoan eta sektore pribatuan oinarritu zen, eta bigarrenak, aldiz, 1973-1976 bitartekoa, hidrokarburo hobi garrantzitsuen aurkikuntza izan zuen oinarri. Hobi horien aurkikuntzak goitik behera aldatu zuten Mexikoko ekonomia, eta aldi berean, nazioarteko bankuekin zorretan gelditzeko erraztasunak ekarri zizkion herrialdeari. Diru laguntzen bidez, enpresa publiko eta pribatuetarako ekipo ondasunak inportatzen zituen Mexikok, eta bere politika soziala ordaintzen zuen. Baina petrolioaren prezioa jaitsi zenean, inflazio izugarriari eta gehiegizko zorrari aurre egin behar izan zion Mexikok (1982). Susperraldia ere izugarria izan zen ordea: bere zorra hiru alditan hitzartzea lortu zuen, Morgan planaren barruan lehenbizi (1988), eta Brady planaren barruan ondoren (1990). 1994. urtearen amaieran eta 1995. urtearen hasieran banku krisi larria izan zen Mexikon. Inflazio altuak batetik, eta bestetik, 30.000 milioi dolar inguruko defizitak eragin zuten krisi hori. Krisi horrek ondorio larriak izan zituen gizarte mailan, nekazari inguruetan batez ere, eta langileen % 20 arautu gabeko ekonomian aritzea ekarri zuen ondorioz. Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariak, beste hainbat herrialde eta erakunderekin batera, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankuarekin besteak beste, nazioarteko laguntza ahalegina jarri zuen abian; 50.000 milioi dolarreko mailegua egin zioten erakunde horiek Mexikori. Horrez gainera, Ernesto Zedillo presidenteak enpresa publiko nagusiak pribatizatu zituen: burdinbideak, petrokimika eta elektrizitate lantegiak eta aireportuak. Mexikok merkataritza harremanak ditu Estatu Batuekin, Japoniarekin, Alemaniarekin, Brasilekin, Kanadarekin, Frantziarekin eta Espainiarekin. Turismoa, mugako merkataritza, atzerriko inbertsioak eta Estatu Batuetan lanean diharduten mexikarren diru igorpenak garrantzizko diru sarrerak dira Mexikon.

Langileen % 20k nekazaritzan dihardu (BPGren % 6). 1917-1980 urte bitartean egin zen erreformak nabarmen indartu zuen nekazaritza. Hala ere, nekazaritza ekoizpena eurialdien araberakoa da, eta horrez gainera, herrialdea, oro har, oso lehorra da. Hala ere, bere oinarrizko beharrak asetzeaz gainera, zenbait gai esportatu ere egiten ditu Mexikok: artoa, garia, garagarra, arroza, kafea, kotoia, azukre kanabera, fruituak eta barazkiak. Mexikoko lurraldearen % 23 basoek osatua da. Urte askoan, zuhaitz mozketa ez da arautu, baina azkenean, arau oso zorrotzak onartu behar izan ditu Mexikoko gobernuak gai horren inguruan. Mexikok basoko gai ugari lantzen ditu, besteak beste, zura, txiklea, erretxinak, kina. Meatzaritzari dagokionez, antzina Mexikoko meatzari konpainia gehienak atzerritarrak ziren. Hala ere, 1960ko hamarraldian konpainia horiek eta gobernuak ahalegin handiak egin zituzten industria sektore hori nazionalizatzeko, eta konpainia horietako kapital gehiena mexikarra da gaur egun. Petrolioa da ustiatzen den mea nagusia; Veracruz, Tabasco, Campeche eta Chiapas estatuetan ustiatzen da batez ere. Zilarra ere garrantzizko gaia da, eta Mexikoko estatu guztietan dago gainera. Urrea, kobrea, burdina, fluorita, beruna, zinka, sufrea, manganesoa eta tungstenoa ere ugariak dira. Mexikoko industria Latinoamerikako aurreratuenetako bat da. 1980ko hamarraldiaren bukaeratik aurrera lantegi berri gehienak errepublikaren iparraldean osatu ziren, muntatze lantegiak gehienbat (maquiladoras). Lantegi horietan inportatutako piezak muntatzen dira eta ondoren, esportatzeko gaiak sortzen. Horrez gainera, Estatu Batuetako zenbait enpresak diru asko inbertitu du azken urteetan ibilgailu motordunak eta kontsumorako bestelako gaiak ekoizten dituzten lantegietan. Industria nagusiak hauek dira: makinak eta elektronika, petrolio findegiak, galdak, elikagaiak biltzeko lantegiak, paper eta kotoi ekoizleak, ehungintza, beira, zeramika eta larrua.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizateriaren ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikok 29 leku izendatu ditu gizateriaren ondare, Amerikako lehen postuan dago arlo horretan, AEBen eta Brasilen aurretik (20 eta 17, hurrenez hurren). Mundu mailan seigarren postuan dago, Italia (44), Espainia (41), Txina (38), Frantzia (33) eta Alemaniaren (33) atzetik.


Mexikar muralismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Mexikar muralismoa

Muralismoa mexikar margolaritzan eman zen mugimendua da. Mugimenduak 1920 eta 1960 bitartean izan zuen garai garrantzitsuena, ondorengo artista mexikarrengan ere eragina izan zuen arren. Bere oinarri politikoengatik da ezaguna, batez ere Marxismoaren eragina jaso zuen eta Mexikoko iraultzaren ondorengo egoera politiko eta sozialarekin zerikusia izan zuen. Irakastea zuen helburu. Edozein arraza edo klase sozialeko pertsonak ikusi zezakeen toki publikoetan margotzen zuten. Momentuko egoera sozial eta politikoa eta herriaren historia deskribatzen zuten. Ezagunak dira, batez ere, Diego Rivera, David Alfaro Siqueiros eta José Clemente Orozco.

Mexikoar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anthony Quinn 1988an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mexiko Aldatu lotura Wikidatan

Euskal diaspora[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)