Mexikoko geografia

Koordenatuak: 22°00′N 102°00′W / 22.000°N 102.000°W / 22.000; -102.000
Wikipedia, Entziklopedia askea
22°00′N 102°00′W / 22.000°N 102.000°W / 22.000; -102.000
Mexikoko geografia
Osoa 1.972.550 km²
Lehorra 1.923.040 km²
Ura 49.510 km²
Latitudea 23°0' N
Longitudea 102°0' W
Mugak
Ameriketako Estatu Batuak 3.141 km
Guatemala 871 km
Belize 251 km
Itsas erreklamazioak
Ondoko eremua 24 itsas milia
Jurisdikziopeko urak 12 itsas milia
Muturreko garaierak
Puntu beherena -10 m (Laguna Salada)
Puntu gorena 5.636 m (Citlaltépetl)[1]

Mexiko Ipar Amerikako hegoaldeko estatua da. Geologiaz, Yucatán penintsula (estatuaren %12) Erdialdeko Amerikan dago, Ipar eta Erdialdeko Ameriken arteko banaketa Tehuantepec istmoa baita. Hala ere, geopolitikaz, Mexiko ez da Erdialdeko Amerikako herrialdetzat jotzen, Belize eta Guatemala ez bezala. Kultura geografiaren aldetik, Mesoamerikako zati da. 1.972.550 kilometro koadroko eremua du, hots, munduko 15.a.[2]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexiko 1.964.375 kilometro koadro luze-zabal da, 6.000 kilometroko koadro inguruko uharteak barne. Uharteok Ozeano Barean (Guadalupe eta Revillagigedo), Mexikoko golkoan eta Karibe itsasoan daude. Iparraldean 3.141 kilometro muga du Estatu Batuekin, eta hego-ekialdean 871 kilometro Guatemalarekin eta 251 kilometro Belizerekin. Ekialdean, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa ditu, eta hegoalde eta mendebaldean Ozeano Barea.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Citlaltépetl elurtua, Mexikoko mendirik garaiena

Mexikoko lurraldea menditsua da, baina alde handiak ditu toki batetik bestera. Bi mendilerrok zeharkatzen dute herrialdea ipar-hego, Ekialdeko Sierra Madre eta Mendebaldeko Sierra Madre, Estatu Batuetako Mendi Harritsuen jarraipena. Bi mendilerro horien artean goi-ordoki zabal bat dago, Mexikoko goi-lautada, lurraldearen hiru laurden hartzen dituena. Goi-ordoki horretara iristen diren ibai batzuen ura ez da itsasora iristen, hango sakonuneetan geratzen baita. 900-1.200 metroko garaiera du iparraldean, eta 2.000-2.700 metrokoa hegoaldean.

Beste mendikate batek, Zeharkako Sumendi-ardatzak, alderik alde zeharkatzen du Mexikoko hegoaldea, eta goi-ordokia mugatzen du hegoaldetik. Jatorri bolkanikoko mendikate horretan daude Mexikoko mendi garaienak: Pico de Orizaba (5.636 m)[1], Popocatepetl (5.462 m), Iztaccihuatl (5.286 m) eta Nevado de Toluca (4.577 m). Inguru horietan lurrikarak izateko eta sumendiak pizteko arrisku handia dago. Hori guztia dela-eta, Mexikoko erdi eta iparraldeko lur gehienak garaiera handian daude.

Ekialdeko itsasbazterra zabala eta zuzena da, zelaia eta hareatsua; mendebaldekoa, berriz, estutuz doa iparraldetik hegoaldera, zelaia da eta, tarteka, zimurragoa. Bi penintsula daude Mexikon, Kalifornia Behereko penintsula ipar-mendebaldean eta Yucatán penintsula hego-ekialdean. Kalifornia Behereko penintsula luze meharra da, eta bere luzera osoan mendiek alderik alde zeharkatzen dute (Cerro de La Encantada, 3.069 metro); mendebaldeko itsasbazterreko erdialdean zabalgune bat du, ia osorik El Vizcaíno basamortuak hartzen duena. Penintsularen eta kontinentearen artean Kaliforniako golkoa edo Cortésen itsasoa dago. Yucatan penintsula ia itsasoaren mailan dagoen kare-harrizko ordoki zabal bat da, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa bereizten dituena.

Tehuantepec istmoa muino txikiez osatua dago, eta adituen ustez, Ipar Amerikaren eta Erdialdeko Amerikaren arteko muga naturala da. Istmotik ekialdera Sierra Madre de Chiapas mendilerroa eta Guatemalan barrena sartzen diren Soconuscoko mendiak (Tacaná sumendia, 4.093 metro) daude. Hegoaldeko itsasaldearen norabide berean Hegoaldeko Sierra Madre eta Sierra Madre de Oaxaca daude, Zeharkako Sumendi-ardatzetik Balsas ibaiak bereizten dituena. Ozeano Barean, itsasaldetik 725 bat kilometro mendebaldera, sumendi jatorriko Revillagigedo uhartedia dago.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Mexikoko ibaiak»

Bi isurialde nagusi daude Mexikon: Ozeano Barekoa eta Ozeano Atlantikokoa (Mexikoko golkokoa).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikoko klimak Köppen sailkapenaren arabera

Klimari dagokionez alde handiak daude lurraldean toki batetik bestera, Mexikoko klima eragile askoren mendean baitago. Kantzer tropikoak bitan banatzen du lurraldea ia erdi-erditik eta, beraz, klima epela dagokio iparraldeari eta tropikala hegoaldeari. Oro har, iparraldean eta erdialdean alde handiak izaten dira urte sasoi batetik bestera; hegoalde tropikalean, berriz, ez dago ia aldaketarik; ipar-mendebaldea idorra da, oso negu hotzak eta oso uda beroak ditu; Mexikoko goi-lautadan, bai neguak, bai udak, samurrak izaten dira. Bestalde, garaiera alde handiak daude herrialdean, eta klima ere aldatuz doa garaieraren arabera; mendi garaien arteko bailaratan mikroklimak sortzen dira.

Ozeano Barearen eta Ozeano Atlantikoaren eragina ere handia da zenbait tokitan. Ozeano Bareko eta Mexikoko golkoko uren beroak haize hezea eta, ondorioz, euria dakar udan zehar; lurralde beroetan euri sasoiak luze iraun dezake baina toki gehienetan ekainetik urria arte izaten da euria; hala ere alde handiak daude toki batetik bestera: Chiapasko goi-ordokietan euria 5.000 milimetrotik gora izan daiteke urtean, ekialdeko itsasaldean 2.500 milimetro, eta 200 milimetro baino gutxiago Bolsón de Mapimí sakonunean, Sonorako basamortuan eta Kalifornia Beherean; gehienetan euri erauntsiak izaten dira, laburrak eta indar handikoak, kazkabarrarekin batera askotan.

Klima mota ugari bereizten dira Mexikon, klima tropikal euritsuaren eta mendi gailurretako klima polarraren artean; baina, laburbildurik, klima ezaugarri nagusien arabera, era honetara sailka daiteke herrialdea:

  • lurralde beroa, 1.000 metroko garaieratik behera; urteko batez besteko tenperatura 25 °C-tik gora,
  • lurralde epela, 1.000-2.000 metro bitartean; urteko batez besteko tenperatura 18 °C eta 24 °C artean,
  • lurralde hotza, 2.000-3.500 m bitartean; urteko batez besteko tenperatura 11 °C eta 17 °C artean
  • lurralde izoztua, mendi gailurretan; urteko batez besteko tenperatura 10 °C-tik behera

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landaredia klima motaren eta garaieraren araberakoa da eta, oro har, urriagoa da iparraldera ahala. Iparraldeko, ipar-mendebaldeko eta erdialdeko lurralde idorretan kaktusa, henekena eta mandioka hazten dira batez ere. Hegoaldean eta ekialdean, Yucatán penintsulan eta mendebaldeko itsasaldean oihan tropikala eta sabana tartekatzen dira. Hego-erdialdeko eta Sierra Madre mendietan pinu, izei, zedro, arte eta haritz zuhaiztiak daude. Mexikoko hegoaldeko itsasaldean mangladiak daude.

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cañón del Sumidero, Grijalva ibaia, Chiapas

Kokapena: Ipar Amerikan, Karibe itsasoaren eta Mexikoko golkoaren ertzean, Belize eta Estatu Batuen artean, eta Ozeano Barearen ertzean, Guatemala eta Estatu Batuen artean.

Koordenatu geografikoak: 23°0' N 102°0' W

Azalera:

  • osoa: 1.964.375  km²
  • lehorra: 1.943.945 km²
  • ura: 20.430 km²

Herrialdearen mugak:

denetara: 4.389 km

Erresuma mugakideak:

Itsasbazterra: 9.330 km

Lurraldea: mendigune garai eta malkartsuak; itsasertzeko zabaldiak; goi-lautadak; basamortuak

Muturreko garaierak:

Baliabide naturalak: petrolioa, zilarra, kobrea, urrea, beruna, zinka, gas naturala, egurra

Lurren erabilera:

  • nekazaritza lurrak: %54,9
  • oihanak: %33,3
  • beste: %11,8 (2011)

Lur ureztatua: 65.000 km² (2012)

Arrisku naturalak: tsunamiak Ozeano Bareko kostaldean, sumendiak eta lurrikara suntsitzaileak erdialde eta hegoaldean, eta hurakanak Ozeano Bareko, Mexikoko golkoko eta Karibeko itsasaldean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Orizaba. Sombrilla. University of Texas at San Antonio. p. 23, utsa.edu (Noiz kontsultatua: 2017-10-16).
  2. CIA-The World Factbook: Mexico cia.gov. 2017ko urriaren 12an kontsultatua

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]